Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Inbidia: Erreferentzia norbera da, ez besteak

Gaixorik gaudenean, inbidia sentiarazten digute osasuntsu daudenek; bikotean arazoak ditugunean, lehen egunean bezala funtzionatzen dutenei begiratzen diegu eta diru arazoak ditugunean, berriz, dirua erruz dutenen inbidia sentitzen dugu. Eta zahartzean gazteena eta triste gaudenean nortasun agirian ere irribarre egiten dutenen inbidia izan ohi dugu.

  Kontuak kontu, norberak falta duena baloratzen da besteengan, baina ia sekula ez dugu pentsatzen geuk ditugun gauzetan. Errealista izan eta norbere egoera errealari buruzko koadro-diagnostiko zehatz bat buruan egitea lagungarri izan dakiguke katastrofismoaren edo euforiaren biktima ez bihurtzeko. Hona oreka emozionalaren gakoa: zer garen (eta daukagun) eta zer izan (eta eduki) nahi dugun jakin eta hori guztia lasaitasunez eta umore onez hartzeak ematen duen oreka. Inbidiarik kaltegarriena anai-arreba, adiskide, ikasketa-kide edo lankide eta bizilagunek sentiarazten digutena izaten da eta ez modelo edo zinemako artista, arkitekto, futbolari edo intelektualaren arrakastak, bizimoduak edo errekonozimendu sozialak eragiten diguna. Izan ere, badakigu aldamenean duguna ez dela ezinbestean gu baino argiagoa edo profesionalki hobea; aukerak hobeto aprobetxatu besterik ez ditu egin. Kontua ez da konformista izatea eta hobetzeko edozein planteamendu albora uztea, kontsekuente izan eta garenaz eta izan nahi dugunaz balorazio orokor bat egitea baizik. Eta hori guztia, ez konparazioetan oinarrituta, norbere pertzepzio, sentimendu eta etorkizunera begira ditugun perspektibetan oinarrituta baizik.

Inbidiaren alderdirik txarrena horixe da, eta bizitzak bizi izan gabe ihes egiten digula, monotonian murgildurik gaudela edo bizitza erronka erakargarririk gabeko joana dela sinestarazten digun inpresio frustrantea izaten du berekin. Beste pertsona batzuk zoriontsu ikusten ditugu eta horrek areagotu baino ez du egiten geure bizitzaz eta geure buruaz dugun uste negatiboa. Aldarte horrek harreman sozialak saihestera eramaten gaitu sarritan, porrotera hurbildu eta apatia, konformismo eta negatibotasunez mozorrotzen dugun segurtasun falta berezi hori sentiarazten digu.

Inteligentzia emozionala funtsezkoa da bizitzako gure egoeraz egiten dugun diagnostikoan asmatzeko eta inbidia egoera gainditzen eta aurreikusitako helmugetara hurbilduko gaituzten estrategiak sortzen lagunduko diguten neurri-sorta aurkitzeko. Kanpora begiratu eta miresten ditugun edo inbidia sentiarazten diguten pertsonekin geure burua konparatzea estimulu ona izan daiteke ("zergatik ezin dut nik beste hainbeste egin?"), baldin eta era positiboan egiten badugu (ez imitatzeko asmo hutsez) eta inoren arrakastatik geure izateko modura, gaitasunetara eta egoera pertsonalera egokitu daitezkeen ondorioak ateratzen baditugu.

Harry Stack Sullivanek honela definitu zuen inbidia: "deserosotasun handiko sentimendu bat da, guk ere izan behar genukeela iruditzen zaigun zerbait beste norbaitek baduela deskubritzeak sortzen duena". Pertsona bekaiztiaren diskurtsoa errepikakorra, kolore bakarrekoa eta konpultsiboa izaten da, bekaitza sentiarazten dion gauza edo pertsonarekiko.

Beti besteek dutenari begira, pertsona bekaiztiak saihestu egiten du berak duena ikustea eta ezer gutxi egiten du bereari probetxua ateratzeko. Bere bizitzaren ardatza ez da bere errealitatea, lortu nahi duen eta, azken batean, faltan sumatzen duen hura baizik. Nahigabeak, frustrazioak eta amorruak mendean harturik bizi da eta bizitza desatsegin bihurtzen dio horrek.

Inbidiak badu efektu sekundariorik?

Inbidia handiak antsietatea, jateko gogoaren eta loaren gorabeherak eta bestelako hainbat ondoez eragin dezake. Eragina dauka bizitzaren aurrean pertsonak duen jarreran ere eta besteekiko harremanetarako forma batzuk sortzen ditu, beti biktima jarrera hartzea edo beti defentsako jarrera izatea, eta horren ondorioz, modu ironikoak, harroak, hotzak, distantziazkoak edo besteenganako mespretxuzkoak hartzen dira. Bekaitza sentitzen dutenek gorago jartzen dute beti "ikusi ezin dutena", iritsi ezindako distantzia batean eta inpotentzia, adorerik eza eta gutxiagotasun sentimendua izaten dituzte, amorru eta sumindura sentimenduekin batera; eta horrek pertsona horren menpe edukiko ditu beti. Kasu batzuetan, inbidia ez da izaten inguruko pertsonen aurka edo hedabideen bitartez ezagutzen ditugun pertsonaien aurka ere, publizitateak, modak, zineak, telebistako serieek eta abarren sortutako estereotipoen aurka baizik. Fikzioko heroi horiek gizartean izaten duten estimazioak inbidia sentiarazten diete beren burua gutxi baloratzen duten pertsonei, analisirako gaitasuna galtzen baitute eta ez dira ohartzen inbidia ez duela sortzen pertsona eredu horren bertute edo gaitasunek, jasotzen dituzten errekonozimendu sozialak eta ohoreek baizik.

Norbere burua ongi ezagutzea, gaitasunak indartu eta lantzea eta norbere mugez ohartzea da abiapunturik onena aurrera egiteko. Jokaera konpetitibo hutsak norabide bakarreko dependentzia sortzen du inbidia eragiten digun pertsonarengana. Bekaiztiak nekez aitortuko du -bere buruari ere ez- bekaitza sentitzen duenik. Ez dago gauza mingarri eta kaltegarriagorik pertsona bati "inbidia besterik ez duzu" esatea baino; baina inbidiatsuak zergatik ukatzen du beti sentimendu hori? Onartzen ez duen gutxiagotasun sentimendu bat agerian uzten duelako, ahulezia zeinu gisa interpretatzen dituen muga batzuk agerian uzten dituelako; ezin duelako onartu bere zorigaitza ez diola sortzen falta duenak, daukana baloratzen ez jakiteak baizik, eta besteren bizitzari begira, ez duelako zirrikiturik ere uzten berea onartzeko, ez baitu bere bizitzarekin konprometitu nahi, erantzukizunik ez hartze arren. Baina ez dezagun salatu inbidiatsu "peto-petoa" bakarrik. Azken batean, ia guztiok sentitu ohi dugu noizbait zerbaiten edo norbaiten inbidia. Inoren arrakastak sortzen digun sufrimendu (normalean isilpeko) hori da inbidia edo bekaitza. Giza sentimendu gisa onartu behar dugu inbidia eta patologia bihurtu eta gure oreka emozionalari kalte egiten dionean bakarrik da kezkatzekoa. Sufrimendu edo zelo patologikoko muturreko kasuetan, psikologoarenera joatea komeni da.

Inbidia arinari aurre egiteko

Inbidiari aurre egiteko modurik onena ez daukagunari begira ez bizi izatea da. Praktika dezagun kontenplazioa, bere zentzurik sakonenean eta daukaguna gozatzen jakin eta inguruan duguna berriro pozez deskubritu: maite ditugun pertsonak, animaliak eta landareak, paisaiak, eguneroko objektu kuttunak edo bizitza erosoago egiten digutenak. Besteei gauzak ongi ateratzen zaizkienean normalean ez dugula ezer galtzen ere sinis dezakegu. Edo besteekin konparatzea ia beti ahalegin antzua gertatzen dela jabetu. Norbere burua da pertsona bakoitzarentzako erreferentzia puntu onena. Helburuak jartzerakoan ere, jar ditzagun geure aukeren araberakoak, ez beste batzuek lortu dituztenak. Besteen arrakasta edo zorte onaz pozten garenean esan dezakegu gainditu dugula inbidia.

Inbidia prebenitzeko, ona da:

  • Enpatia edo besteren lekua jartzeko gaitasuna estimulatzea.
  • Norbere buruaren baitan eta bestearengan dugun konfiantza bultzatzea, gizarte harremanei buruzko espektatiba eta eredu positiboak garatuz.
  • Haurtzaroan beste haurrekiko harreman zuzen eta orekatuak finkatzea.
  • Desberdintasun sozialak erlatibizatu eta norekin, nola eta noiz konparatu aukeratzen jakiteko trebetasuna eskuratzea.
  • Norbere gaitasunak egoki baloratzen jakitea, errealitatearen azpitik edo gainetik baloratu gabe.
  • Lankidetzan aritzea (laguntza eman eta hartzea), bide ona da inbidiak eragindako gatazkak konpontzeko behar den trebezia eskuratzeko.
  • Arreta errealitatearen alderdirik positiboetan jartzen saiatzea, beti alde negatiboetan erreparatu gabe.
  • Norbere arrakasta erlatibizatzea. Eta, ahal bada, txantxetan hartzen jakitea.
  • Norbere aurrerapen pertsonalak geure gaitasun eta trebeziekin konparatuta interpretatzea, eta ez besterenekin alderatuta.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto