Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

DVD erreproduzitzaileak

Irudi eta soinu aldetik, denak ongi. Irteera kopurua, formatu irakurgarriak, zoom egiteko aukera eta beste hainbat prestazio dira batetik besterako aldea nabarmentzen dutenak.

  Oraingoan aztertu diren zortzi DVD erreproduzitzaileen prezioak 46.900 pezetatik (LG DVD 4710) 119.899 pezetara (Sony DVP S725 DW2) doazelarik, ohiko CD-en antzekoak izaki, audio eta bideoa kalitate digitalez gordetzeko gauza diren DVD (hau da, Digital Versatile Disc) diskoak irakurtzen dituzte aparatuek. Filmeko zeinahi unetara bat-batean irits gaitezkeenez (CD-an zeinahi abesti atzemangarri den bezala), DVD hauekin birbobinatzea iraganeko kontua da. Aparatu hauek duten beste abantailetako bat: formatu horretan filma zortzi hizkuntzataraino bikoizturik gorde eta 32 hizkuntzatako azpitituluak ager ditzake. Ezaugarri hau bereziki interesgarria dute hizkuntzak ikasten ari direnek edo, besterik gabe, pelikulak jatorrizko bertsioan ikustea nahiago dutenek. Dena ez da abantaila, ordea: DVD hauek grabatu ezinezkoak direnez, ez dira bereizgarri guztietan bideo tradizionalaren ordezko izango, oraingoz.

Kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Philips DVD-722 (59.899 pezeta) dugu. Aukera polita da Pionner DV-340 ere: 54.900 pezeta kostatzen delarik, osoko kalifikazio on-ona lortu du.

Sony denetan garestiena izaki, bera da hoberena ere, ia-ia profesionaltzat jo daitezkeen prestazioak ematen baititu; nolanahi ere, erdia baizik kostatzen ez diren beste DVD batzuekiko prezioen aldea ez dute ezaugarri horiek justifikatzen.

Garrantzia daukan kontua da irudiaren kalitatea, irudi finkoaren geldiketa eta abiadura azkarreko erreprodukzioa -honelako aparatuetan funtsezkoak dira ezaugarriok- asebetetzeko modukoak izan zirela azterturiko zortzi laginetan. Dena den, mugimendudun irudien geldiketan lorturiko kalifikazioak apalagoak izan ziren Pioneer, LG, Grundig eta Sanyo laginetan bereziki, hauetan irudia desitxuratu samarrik ikusten baita. Kamera geldoan eta urratsez urratsean, Pioneer eta Panasonic laginen prestazioak besteenak baino txarragoak izan ziren, irudiaren bereizmenean distortsioak agertzen zirelako. Beste horrenbeste gertatu zen, zoom eragitean, Samsung eta LG laginekin.

Soinuaren kalitatea, oro har, on-ona da. Entzuten ari den CD-ko abestien kopuru eta denborei buruzko informazioa denek ematen dute.

Lotuneak, funtsezko atala

DVD-aren irteerako lotuneak zenbat eta ugariago izan, orduan eta aukera handiagoak izango ditu erabiltzaileak aparatua bestelakoekin (telebista, soinu-katea edo Dolby Surround dekodifikatzailea) konektatzeko. Lagin guztiek daukaten eurokonektore motako bideorako irteerak DVD telebista gehientsuenekin konektatzen du, irudi kalitate ona lortuz. Zortzi laginek daukate audiorako irteera, anplifikadoreari eransteko.

Samsung eta Sony laginek 5.1 audiorako irteera dute: horri esker, soinua sei kanaletan banatzen da, haren ahalmen inguratzailea areagotuz. Philips eta Panasonic-ek subwoofer edo frekuentzia apaleko bozgorailurako irteera daukate. Bideoa osagaika antolatzeko aukera duen lagin bakarra Sony da: proiektorea baldin badugu egoki-egokia da hori. Samsung, Sony eta Sanyo laginek, berriz, entzungailuak eransteko lotunea dute. Aparatu gehienek interkonexioa egiteko bi hari dituzten arren, Panasonic eta Sanyo-k bakarra daukate eta Grundig, aldiz, bat ere ez.

Laburbilduz, konexioak egiteko aukerei dagokienez, Sony da denetan osotuena eta Grundig eta LG, aitzitik, soilenak.

Formatuak

DVD bat aukeratzeko unean, aparatuak irakur dezakeen disko-mota funtsezko faktore bihurtzen da. Gurean, zortziek irakurtzen dituzte audio CD eta DVD, baina Philips eta Grundig laginek bakarrik erreproduzitzen dituzte abestiak dauzkaten CD-ak MP3 formatuan, hau da, musika trinkotzeaz gainera, ohiko CD arrunt batean hamabi orduko edukia gordetzeko aukera ematen duena. Sony eta LG laginek grabaturiko CD-ak berak ere ezin dituzte irakurri. Zortzi erreproduzitzaileen menu interaktiboan, soinu-ekualizazioen mailak zehazteko aukera agertzen bada ere, Pioneer eta Sony laginetan baizik ez da azaltzen bideoaren ekualizazioa, irudiaren distira eta kontrastea zehazteko aukerekin. DVD-ko pelikulak aukera ematen duenean, aztertu diren erreproduzitzaileek ikus-angeluak hautatu edota adin txikikoentzako egokiak ez diren irudiak ez agertzeko aukera ematen dute.

Bost laginek zoom digitala daukate: Philips-ek irudia hiru aldiz handiagotzeko aukera ematen du, Samsung eta LG laginek bi, eta Grundig eta Sanyo, bakarra. Aurrealdean denek dauzkate gelditzeko, pausatzeko eta erreproduzitzeko funtzioetako teklak baina Samsung, Sony eta Panasonic bakarrik ematen dute aurrera zein atzerako kamera geldoko eta azkarreko aukera.

Abiadura kopuru handieneko lagina Panasonic izan zen: 10 abiadura mantso, 10 azkar eta bat, tartekatua.

Teleagintea, ongi

Infragorrien bidezko teleagintea daukate zortzi laginek baina Samsung eta Sony-renek soilik balio dute telebistarako ere. Ergonomiaz, Philips, Pioneer, LG eta Panasonic nabarmentzen dira eta Sony-ren pila-kutxa da egokiena.

Balorazio kaskarreko teleaginte bakarra Grundig-ena da: ez da erabiltzeko oso erosoa, atzerako kamera geldoa egiteko ez du balio eta diskoa kanpora ateratzeko aukerarik ez du ematen. Sony laginarena da funtzio-tekla gehien dauzkana eta, era berean, funtzio nagusienak iluntasunean ikusteko moduan dauzkana. Ekiporik handiena Philips (43,5 x 9 x 30 cm) lagina da, eta txikiena, Grundig (36 x 7 x 24,5 cm). Denetan arinena Grundig (2,2 kilo) eta astunena, aldiz, Sony (4 kilo).

Kanpoaldeari dagokiola, kalifikazio hoberena jaso zuten laginak Samsung eta Sony izan ziren, aurrean daukaten funtzio anitzeko erruletagatik, irteera gehiago eta entzungailuen lotunea izatearren eta atzealdean topea daukatelako, aireztapena ez galarazteko (Samsung), eta irteerako urre koloreko konektoreak edukitzeagatik (Sony). Grundig izan zen balorazio kaskarrenekoa: irteerako konektore gutxiago dauzkan arren, mantentzeko eta garbitzeko garaian hoberenetako bat da bera. Denak dira erabiltzeko errazak eta funtzioak gaztelaniaz agertzen dituzte. Sanyo da ikono batzuen legenda erdaratu ez duen bakarra.

Kolpe eta mugimendu txikiak gehientsuenek detektatzen dituzte, irudi eta soinua arinki bada ere distortsionatzen dituztelako, Philips eta Sony sendoenak izaki. Lagin guztien kontsumoa txikia da, antzeko elektragailuena baino apalagoa, nolanahi ere.

Informazioa, hobetzeko modukoa

Kontsumitzaileari emaniko informazioa oraingoan ere hobetzeko modukoa bada ere, DVD gehienek ez dute akatsik alderdi behinenetan agertzen.

Samsung eta LG laginek bakarrik dute ezaugarrien plaka gaztelaniaz; Philips eta Sanyo markakoen mantendu eta garbitzeko argibideetan, aldiz, gaztelerazkorik ez dago. Sony laginean izan ezik, ezaugarrien plaka edo etiketa erraz ezabatzen da. Samsung eta Philips laginen berme-agiriak ez daude zuzen, saltzaile zein eroslearen datuak ezartzeko tokirik ez baitute utzi.

Beste aldetik, zortzi DVD erreproduzitzaileak seguruak dira eta igorpen elektromagnetikoen arauak betetzen dituzte.

Etorkizuneko formatuaren aldeko eta kontrakoak

DVD erreproduzitzaileak oraindik horixe baizik ez dira, erreproduzitzaile hutsak. Etxeko bideoaren alternatiba gisa sortu ziren, kalitate handiagoa (irudian, VHS-aren bi halako eta soinuan CD-aren pareko) eta aukera ugariagoak (8 hizkuntzatarako bikoizketa eta 32 hizkuntzatako azpitituluak) agertzeko eta, batez ere, kopiatzea ezinezko bihurtzeko. DVD-aren balizko merkatua pelikulen erosketa eta alogera zen.

Halaz ere, grabatzeko gauza izan litekeen aparatua garatzeko ahaleginak eta bi egin dituzte enpresa askok. DVD-aren grabazio formatuak mahai gainean daude jada, daudenak ez dira elkargarriak eta (2000, BETA eta VHS sistemekin laurogeigarrenen hasieran gertatu zen bezala) konpainiak bata bestearen aurka ezarri dituzte oraingoan ere. Klabea da sistema hauek merkeago bihurtu eta eragozpen larria (hau da, telebistatik zuzenean, DVD bat prozesatu, trinkotu eta grabatzeko beharrezkoa den gaitasun edo ahalmenaz jabetzea) gainditzea.

Soinuaren euskailu den heinean, DVD-ak CD-ak baino gaitasun handiagoa duenez, abesti gehiago gordetzeko edo audioaren kalitatea areagotzeko baliagarri izan liteke. Industriak hautaturiko formatuaren bidez bigarren aukera hori hobetsi zen, baina belarri zaildu-zailduak bakarrik bereizten du CD eta audioko DVD-aren arteko aldea. Horrenbestez, musika euskailu den aldetik, CD-ak bizitza luzea omen du oraingoz.

DVD-en fabrikatzaileek mundua zortzi eskualdetan banatu dute: eskualde bakoitzeko pelikulak toki horretantxe saltokako erreproduzitzailean bakarrik ikus daitezke. Erabiltzailea DVD bat Europatik (kontinente zaharra, Japonia, Hegoafrika eta Ekialde Hurbilarekin batera, 2. eskualdean egokitu dute) at erosteko asmotan baldin badabil, bere erreproduzitzailearekin elkargarri dela egiaztatu beharko du.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto