Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Tomate frijitua eta ketchupa

Berdintsuak dira, baina ez gauza bera. Ketchupa tomate frijitua baino garestiagoa da, azukre gehiago du eta, horrenbestez, kaloria ugariago ere bai

  Tomate frijituaren sei lagin aztertu dira oraingoan, 332 eta 174 pezeta kiloko kostatzen direnak, eta beste sei lagin kecthupenak, hauen prezioak 688 eta 301 pezeta bitartean dabiltzala, kiloko.

Bai batekoa bai bestekoa, tomatea osagai nagusia duten saltsak dira. Kristalezko ontzian datozen bostak (hiru ketchup eta bi tomate frijitu) denetan garestienak dira; dena den, ez ontzia, ez prezio handiagoa, ez dira kalitate hobearen adierazle: dastatzaileek gutxien preziatu duten ketchupa Musa markakoa da, hau da, garestiena eta kristalezko ontzian datorrena. Era berean, dastatze-proban puntuaziorik kaskarrena lortu duen tomate frijitua Fruco da, kristalezko txarroan datorrena. Ketchupetan, kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena Prima laginak (plastikozko ontzia) eta tomate frijituan, Solis laginak (tetra brick) eskaintzen dute. Kalitaterik hobereneko kecthupa (tomate-eduki handiagoa eta dastatze-proban hobea, batik bat) Heinz da; tomate frijiturik onena, berriz, Helios; biak garesti dira eta kristalez ontziratuta datoz.

Tomate frijitua, funtsez, tomate, olio eta gatzak osaturik dagoen arren, baliteke azukrerik, barazkirik eta espeziarik ere edukitzea. Ketchup saltsa tomatez egiten da eta azukrea, ozpina eta barazki zein espeziak eransten zaizkio. Bata eta bestearen arteko alderik handienak hauek dira: tomate frijituak olioa dauka, ketchupak ez; azukrea (%2 eta %7,5 tartean) ketchuparen beste osagai bat den bitartean, tomate frijituan azidotasunaren zuzentzaile hutsa denez, %0,2 eta %2 bitarteko edukia ager dezake, hortik gora ez. Ketchupak gatz gehiago dauka tomate frijituak baino eta honek, era berean, C bitamina eta azido foliko gehiago duelarik, ketchupak potasio, kaltzio eta magnesio ugariago aportatzen du. Tomate frijituak gantz ugariago du, olioa baitarabil. Ketchupak ur eta olio gutxiago dauzka, baina karbohidrato gehiago, erantsitako azukrearen ondorioz. Ketchupak tomate frijituak baino %25 kaloria gehiago aportatzen du eta tomatearen edukia altuxeagoa du kecthupak, produktu bilduagoa delako. Kontserbatzaile ugariago ketchupak izaten ditu: Heinz laginak bakarrik ez du horrelakorik baliatzen; tomate frijituan, aldiz, Apis laginak bakarrik gehitzen du kontserbatzailea.

Aditiboak, uste baino gehiago

Sei ketchup horietatik bostek dituzte, legeak baimendutako kopuruetan, benzoato sodikoa (E-211) eta sorbato potasikoa (E-202). Heinz markakoak bakarrik egin dio uko horiek baliatzeari. Kontserbatzaile horiek tomate frijitu batean (Apis) ere hauteman ziren. Zaporearen indartzaile den glutamatoari dagokionez, tomate frijituek bakarrik adierazten dute horren agerpena etiketan, baina lagin guztietan agertzen da, tomatearen proteinak azido glutamikoa daukalako eta, hortaz, sustantzia hori analisietan glutamato gisa agertzen baita. Sei tomate frijituek erabiltzen duten glutamatoaren batez besteko kopurua 2.030 zati milioiko da; ketchupen laginetan, berriz, 1.332 zati milioiko. Legeriak xedatua duen gehieneko kopurua 10.000 zati milioiko denez, lagin guzti-guztiek errespetatzen dute muga hori. Lodikariez ari garela, Uncle Willians, Orlando eta Prima (hirurak, ketchup) laginek, eta Orlando tomate frijituak arto-almidoi eraldatua dutela adierazten dute (aurreko "almidoi hidrolizatua" da hau eta ez du zerikusirik aldakuntza genetikoekin). Ybarra laginak karboximetil zelulosa erantsi du, hau da, Musa laginak ere baliatu duena, guarrezko gomarekin batera. Tomate frijituetan, Starlux laginak patata-fekula gehitu dio produktuari, Apis eta Fruco laginek guar eta garrofinezko gomak, eta Solis eta Helios markakoek, azkenik, almidoi aldatua. Helios laginak azido zitrikoa gaineratu du.

Kecthupak, azukre gehiago

Tomate naturalaren urak edukiaren %95 betetzen duelarik, tomate frijituan kopuru erlatibo hori %82ra jaisten da eta ketchupean %72eraino. Hezetasunaren murrizketa horren zergatia, produktua lantzeko moduan datza: osagaiak gehitu eta tomatea bildu, murriztu egiten baita. Lagin batetik bestera, ordea, ez dago alde nabarmenik, ur kopuruei dagokienez.

Bi produktuek azukre soilak gehitzen dituzte. Tomate frijituan azukrearen agerpena ezin daiteke izan %5 baino handiagoa; ketchupean, aldiz, ez dago mugarik. Honek tomate frijituak baino askozaz ere azukre ugariago du, bigarren honi tomatearen azidotasuna orekatzeko helburuz bakarrik eransten zaiolako azukrea. Azukre gehien daukaten ketchup laginak (%7tik gora) Orlando, Uncle Willians eta Ybarra dira; azukrerik gutxien ezarri duena, Prima (%1,8). Heinz laginak %3,6 jarri dio eta Musa markakoak, %5,3. Azukre gehien daukan tomate frijitua Apis da (%2) eta gutxien daukana Solis (%0,2). Fabrikatzaileek sakarosa gaineratzen dute, azukre, glukosa, glukosa-xarabe edo fruktosa gisa. Apis eta Fruco laginek sagarra gehitzen dutenez, nahiz eta tomatea behin baino gehiagotan berotu, azukrea ez da karamelizatzen eta, hortaz, ez zaio tomateari tejo arrarorik eransten.

Tomate edukia

Brix graduek tomatea eta gainerako osagaiak jatorri duten solido disolbagarrien kopurua zehazteko balio dute. Tomatearen solido disolbagarrien kopurua zehazteko, guztira agertzen direnei azukrea eta gatza jatorri dutenak kentzen zaizkie. Solido disolbagarrien kopuru horrek adierazten du, gutxi gorabehera, baliaturiko tomate bilduaren kopurua. Ketchup laginek 25º Brix baino gehiago izan behar dituzte. Sei lagin gutxieneko horren gainetik dabiltza. Heinz da tomate gehien daukana, bertako solido disolbagarrien %25,2k tomatea baitute jatorri. Ondotik Prima datorkio, %23.4rekin. Tomate gutxien daukaten ketchupen laginak Orlando eta Uncle Willians dira (%17aren inguruan dabiltza biak). Tomate frijituetan (legeak ez du gutxienekorik xedatuta) gatz eta azukreen kopuruak berdintsuak dira lagin guztietan, baina ez horrela tomatearena. Helios da tomate gehien daukana, bertako solido disolbagarrien %20ak tomatea baitu jatorria. Starlux, Orlando eta Apis dira, beste muturrean, gutxien daukatenak: bertako solido disolbagarrien %14 inguru bakarrik dira tomatea jatorri dutenak. Solis (%15,5 eta Fruco (%16,6) ere Heliosetik urrun geratu dira. Bai ketchupean, baita tomate frijituan ere -salbuespenak salbuespen-, tomate eduki handienak lagin garestienek agertzen dituzte.

Azidotasuna, gantzak, proteinak eta gatza

Tomate frijituaren azidotasunak %0,2 eta %0,8 bitartean ibili behar du. Oraingoan aztertutako laginen batez bestekoa %0,5 da eta mugak denek errespetatzen dituzte. Ketchuparen azidotasunak (hau azido eta garratzagoa da, erantsitako ozpinaren eraginez) %0,9tik gorakoa izan behar du. Batez bestekoa %1,3koa da eta lagin guzti-guztiak mugen barnean daude. Beste alde batetik, ketchupak gantza gutxi dauka: %0,5 baizik ez. Tomate frijituaren batez bestekoa %3,3 da, legeak adierazten duen gutxienekoa %3 delarik. Azterturiko seiek gantz portzentaje berdintsuak (denak zuzen) agertu zituzten. Gantza, esan dezagun, landarezkoa da eta, beraz, osasuntsua. Apis eta Fruco laginek ekilore olioa darabiltela zehazten dute eta gainerakoek "landarezko olioa" baizik ez dute adierazten.

Bi produktuen proteina-edukia berdintsua da (%1 eta %2 bitartekoa). Gatzari dagokionez, ketchuparen batez bestekoa %2,8koa denez, hipertentsioa nozitzen dutenek arretaz kontsumitu behar dute. Tomate frijituak duen gatzaren batez bestekoa %1,3 inguru ibiltzen da. Mota bateko zein besteko laginen arteko aldeak hutsaren parekoak dira.

Gogora dezagun bide batez egunean 0,5 gramo sodio baino gehiago kontsumitzea ez dela osasungarria. Tomate frijituak C bitamina daukan arren, naturalak baino gutxiago du; azido folikoan, berriz, naturalaren parean dabil. Ketchupak C bitamina gutxi du eta azido foliko gutxiago oraindik, baina potasio, kaltzio eta magnesio gehiago tomate frijituak baino. Tomate naturalak (18 kaloria 100 gramoko) hipokalorikoa den bitartean, frijituak 80 bat kaloria aportatzen du eta ketchup saltsa 100 kaloriaren inguruetan dabil, tomate bildua dela medio.

Laginen egoera higieniko-sanitarioa egiaztatzeko laborategian eginiko proba guztiek (salmonella, enterobakterioak, bacillus cedreus, aerobio mesofiloak) emaitza zuzenak, arauaren araberakoak, agertu dituzte.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto