Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Loaren apnea: Zurrungak, ez dira beti gaitzik gabeak

Bikote bizitzan gorabeherak sortzeaz gain, beste sintoma batzuk ere baditu apneak berekin eta arriskutsu dira gaitza jasaten duenarentzat eta ingurukoentzat.

  Duela urte gutxi arte, zurrunga egitea broma eta txistetarako arrazoia zen, eta batez ere, gauza gogaikarria zurrungagilea jasan behar duenarentzat. Baina zurrungak hain gaitzik gabeak ez direla eta horien atzean osasun publikoan garrantzitsuenetakoa izan daitekeen patologia ezkuta daitekeela jakin zenean, amaitu egin ziren bromatarako arrazoiak. Aipatzen ari garen gaixotasuna Loaren Apnea da, loaldian zehar era intermitentean eta behin eta berriz goiko arnasbideak ixtea eragiten duen sindromea. Biztanleria helduaren artean nagusitzen da batez ere apnea: gizonezkoen %4-6 eta emakumezkoen %2 inguruk jasaten du. Espainiako estatuan 1,5 eta 2 milioi pertsona inguru dagoela afektatuta kalkulatzen da.

Loaldian zehar erlaxatuta egoten dira muskuluak eta hein batean, galdu egiten da arnasaren muskuluen artean izaten den mugimendu koordinazioa, batez ere diafragma eta faringeko muskuluen artekoa. Horrela, faringearen goiko aldea kolapsatu egiten da, kolapsoa eragozten duen kartilago egiturarik ez duen arnasbideetako zati bakarra horixe baita. Hori gertatzen denean, arnasa eten egiten da segundo batzuez. Pertsona guztiek izaten dituzte lotan daudela iraupen labur-laburreko apnea-aldiak, 2-3 segundokoak. Baina zurrunga bortitzak eta zarata atera eta apneak 10 segundo baino gehiago irauten duenean, seguruenik SAOS (Loaren butxadura-apnearen sindromea) izango dugu aurrean. Arnasbide estutu bateko zati bigunetan airea pasatzeak eragiten duen bibrazioaren ondorioz sortzen da zurrunga eta horixe da gaitz hau jasaten dutenen sintomarik arruntena. Hala ere, zurrunga egiten duten pertsona guztiek ez dute SAOS gaitza. Emakumeen %10-30ek eta gizonezkoen %50-60k egiten dute zurrunga, baina kasu horien %5-10 bakarrik lotzen da loaren apnearekin.

Gaitza ekartzen duten faktoreak

Gaitz hau izateko arrisku handiagoa dute pertsona lodiek eta goiko arnasbideetan aldaketa anatomiko edo funtzionalak (sudur-trenkada okerra, hezur turbinalaren hipertrofia, amigdaletako edo ahosabaiko biloaren hipertrofia, adenoideen hipertrofia etab.) dituztenek. Eritasun honek garrantzi handia du, kasu batzuetan bikoteko edo familiako bizitzan eragina izateaz gain, bestelako sintomak ere badituelako eta gaitza duenarentzat eta ingurukoentzat arriskutsu izan daitezkeelako. Zurrunga guztiak ez dira apnearen ondoriozkoak, kasu askotan ronkopatia kroniko onberak eragiten baititu. Hala ere, zurrunga asko eta bortitza egiten duten pertsonek apnea gara dezakete azkenean eta SAOSarekin loturiko beste trastorno batzuk ere izaten dituzte eta, beraz, funtsezkoa da garaiz diagnostikatzea; sintomak egoki tratatzeak kasuen ia %100 sendatzea dakar.

Apnearen ondorioak

Apnean zehar eten egiten da arnasketa. Odolak ez du oxigenorik hartzen eta oxigenoz desaturatuz joaten da eta, ondorioz, arnasketako giharrek areagotu egiten dituzte bular eta sabel aldeko mugimenduak, butxadura gainditzeko. Mugimendu eta astinduz lagunduriko zurrunga estertoretsu batekin amaitzen da apnea, eta horrek mikroesnatzea eragiten du eta berehala prozesua berriro hasten da. Esnatze horiek desegituratu egiten dute loa, irregular eta etena bihurtzen da eta gauez lo sakon eta indarberritzailea izatea eragotzi egiten dute. Denborarekin odolak galdu egiten du oxigenoa (hipoxemia) eta gehitu egiten da odoleko gas karbonikoaren kontzentrazioa (hiperkapnia). Aldaketa horien guztien ondorioz, larregizko logura agertzen da egunez: afektatuek edozein lekutan lo hartzen dute, trafiko istripuak eta lanekoak eraginez. Laneko etekin urria, galera intelektuala, memoria galera, portaerako gorabeherak, depresioa, suminkortasuna... apnearen ondorioetako batzuk besterik ez dira. Baina, gainera, ohikoak dira hipertentsio arteriala eta kardiopatia iskemikoa jasaten dutenen artean eta oso handia da arritmia gaiztoagatiko bat-bateko heriotza arriskua.

Diagnostikoa

Normalean gaixoarekin bizi den pertsona izaten da patologia antzematen lehena. Gaueko sintomak zurrungak, apnea pausa luzeak, itomen sentsazioarekin kolpetik esnatzea edo lo asaldatua dira. Egunekoak, berriz, larregiko logura, suminkortasuna, antsietatea, depresioa, galera intelektuala, libidoa gutxitzea, goizetako buruko mina... Aipatutako sintoma bat baino gehiago elkarrekin agertzen denean, gauekoak bereziki, SAOS izan daitekeela pentsatu behar da eta medikuarengana jo. Behin betiko diagnostikoa neumologia unitate batean egiten da, gaueko arnasketaren azterketa bitartez, aldagai neurofisiologikoak eta bihotz eta arnasazkoak aldi berean erregistratuta

Tratamendua

Neurri orokorrak funtsezkoak dira.

  • Obesitatea, kasu hauetan ia beti izaten dena, gogor tratatu behar da.
  • Loaren higiene egokia izaten ahalegindu behar da eta ohitura eta ordutegi erregularrak izaten saiatu.
  • Alkohola, tabakoa eta botika mioerlaxatzaile, hipnotiko eta lasaigarriak ekidin egin behar dira.

Tratamendu espezifikoa ikertzen ari dira gaur egun.

  • Gaur egun aukerarik onena aire bideko presio positibo etengabeko ekipoa (CPAP) da. Gailu hori gauez erabiltzen da eta arnasa kolapsoa eragozten duen sudurreko maskarila batek osatzen du. Ekipo horrekin desagertu egiten dira apneak, mikroesnatzeak eta desaturazioak. Lehen CPAC gailuak handi eta zaratatsuak ziren, baina aurrerapen handiak egin dira eta gaur egun funtzionalagoak dira. Horiekin lo egitera ohitzea kosta egiten den arren, lasaitze handia sumatzen da eta bizitza kalitatea nabarmen hobetzen denez, eskertu egiten da deserotasuna.
  • CPACen deserosotasunek tratamendurako formula erosoagoak bilatzea eragin dute. Espezialisten artean gero eta zale gehiago du ahoko protesi bereziak erabiltzeko joerak; ikerketa batzuen arabera, SAOSean zurrunga kasuak %75 gutxitu eta arnasbideen kolapsoa ekiditen dute. Protesi hori goiko masailezurrean ezartzen da eta tenkatu egiten du ahosabai biguna.
  • Oraingoz emaitza onik gabe, baina botikak ere ari dira ikertzen, ahosabaia eta muskulatura orofaringeoa lasaitzeko.
  • Eztabaidatsuagoa da ebaketa kirurgikoaren auzia, espezialista batzuk horren alde dauden arren. SAOSa eragiten duen anomalia antomiko edo funtzionalaren kasuan (amigdalen hipertrofia, polipoak, hezur turbinal edo adenoideen hipertrofia...), beharrezko izan daiteke kirurgia. Baina anomalia espezifikorik ez denean, tratamendu kirurgikoa ahosabaiaren eta faringeko beste gune batzuen erresekzio partziala egiten da eta emaitza ez da beti espero bezain ona izaten. Hobekuntza nabaritzen da eta zurrunga desagertu egiten da, baina apneek jarrai dezakete, horregatik. Kirurgiarekin kontu handiz jokatu behar da.

Gogoan izan

  1. Egunez zurrunga egin, logura izan edo lo hartzeak, eta gauez apnea-etenak izateak, SAOSaren aurrean egon gaitezkeela pentsarazi behar du eta diagnostikoa egin behar da.
  2. SAOSarekin batera beste sintoma eta arrisku batzuk daude: obesitatea, hipertentsio arteriala, arritmiak, trafiko edo laneko istripua izateko arriskua, galera intelektuala, bat-bateko heriotza arriskua eta istripu zerebrobaskularra izatekoa.
  3. Tratamendurik egokiena presio positiboko gailua (CPAP) da gaur egun.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto