Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Bikingoen esaera batek dio saunak sumindura ere lurrundu egiten duela. Eta egia da lasaitzeko bide horrek konta ezin ahala onura eskaintzen duela: larruazala desintoxikatu, organismoa garbitu, bronkioak zabaldu, odol-presioa erregulatu eta bihotzaren eta zirkulazioaren erritmoa hobetzen ditu.
Hala ere, ahalik eta probetxurik handiena atera eta arriskuak saihesteko, oso ongi ezagutu behar da saunaren funtzionamendua eta erabiltzea komeni zaigun zalantzan egonez gero, medikuari aholkua eskatu behar zaio.
Sauna-bainu ohikoak egurrezko geletan hartzen dira (hormak zein jarlekuak egurrez eraikitzen dira), eta berogailu bat izaten du, jatorriz egurrezkoa eta gaur egun elektrikoa. Berogailuak harriak berotzen ditu eta harrietara ura botatzen da lurruna sortu, beroa areagotu eta izerdia estimulatzeko. Beroak larruazaleko kapilarrak dilatatzen ditu odol-presioari eusteko, hasieran jaistera egiten duen arren. Bihotz-erritmoa hazi egiten da, bikoiztu edo hirukoiztu arte. Horren ondorioz, areagotu egiten da larruazaleko zirkulazioa, pauso arinez ibiltzean gertatu ohi den antzera.
Saunan sartzen garen unetik, gorputzak hainbat erreakzio izaten du. Lehenak izerditzea eta hidroforesia (larruazaleko poroak irekitzea) izaten dira. Ondorioz, toxinak kanporatu eta larruazala sakonki garbitzen da. Gero, tenperatura altuak eta hezetasun mailak odol-fluxua eta zelulen birsorkuntza estimulatzen du eta, beraz, larruazaleko eta arnas-aparatuko hainbat gaitz arintzen lagun dezake. Bero-kontzentrazioa positibo gertatzen da sistema kardiobaskularrarentzat ere, basodilataziora egokitzean indartsuago ponpatzen baitu odola eta horrela zirkulazioa hobetzen baita. Era berean, tenperatura handiek eragina dute nerbio-bukaeretan, larruazaletik burmuinera doazen inpultso sentsitiboak motelduz. Emaitza: pertsona lasaitu egiten da eta horixe da saunak estresaren aurka duen eragina. Azkenik, beroa eragin terapeutikoko olioren batekin (mentol edo eukaliptoarekin) nahasteak mesede handia egiten die bronkioei eta arnasketa sistema osoari.
Sauna oso arriskutsu izan daiteke zenbait bihotzeko gaitz duten pertsonentzat, izerdi ugari botatzeak gorputzeko likidoak ere pilatzea eragiten baitu eta odola lodiago bihurtzen denez, bihotzekoa izateko arriskua izaten baita. Horregatik, hipertentsioa edo kardiopatiak dituzten pertsonen kasuan saunara joan aurretik medikuari kontsultatzea gomendatzen dute espezialistek. Halaber, ikerketa batzuen arabera sauna gehiegi hartzea kaltegarri izan daiteke sexu-bizitzarako. Ikerketaren ondorioen arabera, gizonezkoaren haziaren kalitatea eta kopurua nabarmen gutxi dezake saunako beroak eta emakumeari hilekoan hemorragia handiak eragin edo obulazioa eten diezaioke. EEBBetan egindako ikerketek beste datu garrantzitsu bat ere eman dute: saunari sarri joaten diren emakumeen haurrek bi aldiz arrisku handiagoa dute bizkarrezur bifidoa izateko, umetokia larregi berotzearen ondorioz. Horregatik, emakume haurdunak saunarik ez duela hartu behar ohartarazten da eta haurdun geratzeko asmoa dutenek ere 15 minutura mugatu behar lukete saio bakoitza.
Saunaren alternatiba da bainu turkiarra eta gero eta zale gehiago du. Gure inguruan aurki daitezkeenak gutxitan izaten dira jatorrizko formularen araberakoak; jatorrizkoan eraikin osoa izaten da hamam-a eta tenperatura desberdineko bero-gelen sistema jartzeko: lehena, 45 gradutan; bigarrena, 55°tan eta hirugarrena, 70°tan; baina errespetatzen dira oinarrizko lau elementuak: bero lehorra, bero hezea, hotza eta masajea. Elementu horiek gorputza estimulatu eta garbitzen dute, saunaren antzera osasuna hobetzeaz gain; baina, zalantzarik gabe, ez da hain txundigarria. Hemen ere, arretaz jokatu behar dute tentsio altua, bihotzeko zenbait gaitz edo zirkulazioan gorabeheraren bat duten gaixoek eta saunara sartu aurretik kontsulta egin beharko diote medikuari.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa