Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Posta elektronikozko mezuak zifratu egin daitezke, jasotzaileak bakarrik jasoko duela berma dezan igorleak
Egin dezagun kontu, adibidez, lehiakide duzun enpresari interesgarri gerta dakiokeen ideia bat zure nagusiari jakinarazi nahi diozula. Donostiako Kontxa aurrealdea duen postal batean idatzi eta horrela bidaliko al zenioke? Horixe da, izan, posta elektronikoan jarduteko modu ohikoena. Horrelako komunikazioetan "kartazala ixtea" ia inoiz gertatzen ez denez, e-mail horren ibilbidean dagoen edonork -informatikazko zertxobait baldin badaki, bederen- irakur dezake zure mezua eragozpen handiagorik izateke.
Segurtasun gabezia, berez, ez da Interneten kontua, mezuak zeharo gorderik, ezin irekizkoak bihurtzen baititu: horri mezua zifratu edo enkriptatzea deritzo. Bigarren Mundu Gerra osoan aliatuak lo egin ezinik eduki zituzten nazien "Enigma" makina haiek jostailuaren parean geratu dira dagoeneko, egungo ordenagailuen ahalmena eta orain arte garaturiko algoritmoen kalitatea kontuan izanda. Egungo metodoez zifratutako mezu bat agerian jartzeko aukera bakarra indarraren indarra da: superkonputagailurik ahaltsuenak, elkarlanean jardunez, mezu bakar bat ateratzeko gai izango lirateke, konparazio baterako.
Enkriptatzeak, halaz ere, baditu bere arazo eta oztopoak: edonor ez dago prest mezu guzti-guztiak igorri eta jasotzea egokitzen zaionean, enkriptatu edota desenkriptatzeko. Horregatik, enkriptatzeko programek erdi bidean geratzeko aukera ere eskaintzen diote bezeroari: ez erabateko segurtasuna (igorleak eta hartzaileak erabili beharreko sistemaz, gutxienez, ados jartzea agintzen du horrek) ezta egun mezu gehientsuak bidaltzean sentitzen dugun axolagabekeria osoa ere. Erdi bide horretan sinadura digitala dugu. Posta elektroniko bakoitzaren amaieran, mezu horretan berariaz baliatzeko sortu diren hainbat letra eta zenbaki erantsi behar zaizkio. Beharrezko aplikazioa emanik, jasotzaileak egiaztatu ahal izango du igorlea dioena den eta, are eta garrantzi handiagokoa, ziberespazioan zeharreko ibilbidean mezua maneiatu ote duten.
Mezuak enkriptatu edo digitalki sinatzea ez da informatikan aurrerakuntza handiak egin dituzten erabiltzaileen kontua bakarrik. Behar bezalako tutorialak dauzkan edonork instalatu ahal izango ditu horrelako programak (Kriptopolis.com lekuak oso dokumentazio praktikoa du, horretarako). Aplikatzeko unean, mezu bat enkriptatu edo sinatzeko, posta elektronikoko ohiko aplikazioak agintzen duen tekletako bat sakatu baizik ez da egin beharko.
Zuhurrenek esteganografia daukate eskura. Kriptografia klasikoan, igortzaileak seguru daki mezua baimendutako pertsonek bakarrik ulertuko dutela. Baina, beste aldetik, bidaltzaile horrek ezin ezkutatuko du komunikazioa gertatu egin dela. Esate baterako, Aitziberrek Itziarri igorritako eskutitz zifratua aurkitzen badugu, gutun hori irakurtzeko aukerarik ez dugu izango, baina seguru-seguru dakigu Aitziberrek Itziarri zerbait jakinarazi diola. Horrez gainera, komunikazio horren edukia inork jakin ez dezan, mezua enkriptatu egin du: jokaera hori, gaur-gaurkoz, susmagarria da.
Hortxe sartzen da esteganografia, komunikazioa izatea bera ere ezkutatzen duen teknika, alegia. Mendian txango bat eginez atera genuen argazki digitalizatuan zeinahi informazio txertatzeko gauza dira ordenagailu-programa batzuk; beste hainbatek, inolako susmorik harrotuko ez luketen testu soil-soilak (zenbaitetan, haurrek idatzitzakoak dirudite) antolatzen dituzte: horien azpian dautza testu egiazkoak. Izan ere, nork hartuko luke enkriptaturik ez dagoela dirudien informazio horren azpiko zerbait desenkriptatzeko lana?
Nolanahi ere, sistema horiek guztiek arrazoizko dudak pizten dituzte guregan. Epaileak posta edo telefono-haria interbenitzea agin dezakeen arren, jabearen kolaboraziorik gabe ez dago mezurik deszifratzerik. Interneten askatasun zibilen alde diharduten erakunde batzuek (Electronic Frontier Foundation, esaterako) kriptografia erabiltzea defendatzen dute, argudio argi hau erabiliz: zifratzeko teknikak debekatzea gaizkileen mesedetarako bakarrik izango da, teknikak biziki zabaldurik daudenez, horrelakoak erabiltzen segitzeko inongo arazorik ez baitute izango beraiek; baina gizaki gehientsuoi erauzi egingo zaigu pribatutasunerako oinarrizko eskubidea. Hitz gutxitan, zaharrak berri, eztabaida hau ere betikoa baita, segurtasuna eta askatasunaren arteko oreka, alegia.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa