Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Bakardadea, gaur egungo gaitza: Bakarrik bizi izaten ikasi ala harremanak bilatzera ausartu?

Pertsona bat bakarrik dagoela esan daiteke beste inorekin komunikaziorik ez duenean edo bere harreman sozialak onak ez direla antzematen duenean.

  Hiru ezaugarri ditu bakardadeak: harreman sozial txarren emaitza da, esperientzia subjektiboa da (pertsona bat bakarrik egon daiteke, bakarrik sentitu ez arren, edo bakarrik sentitu taldean egon arren); eta, azkenik, desatsegina da eta angustia sentiaraz dezake

Bakardadea, salbuespenak salbuespen, esperientzia desatsegina da, depresioa eta angustia bezala. Bereiztu egin behar da isolamendu sozialetik eta gizakiak bere harreman sareaz duen pertzepzioaren berri ematen digu, sare hori urria delako edo harremana ona ez edo azalekoegia delako. Bi bakardade mota bereizten dira: emozionala, edo beste pertsona batekin gogobetetzen gaituen eta segurtasuna ematen digun harreman esturik ez izatea, eta soziala, gizakia interes eta kezka berak dituen talde bateko kide ez izatea. Badirudi, bestalde, bakardadeak zerikusia duela pertsonak bere sentimendu eta iritziak adierazteko duen gaitasunarekin.

Harremanetarako gaitasuna urria denean, areagotu egiten da bakarrik geratzeko arriskua, harremanak ez baitira hain gogotsu eta enpatikoak. Orokorrean, neurosi arazoak dituzten pertsonek maitagarri ez direla eta estimatuak izaterik ez dutela merezi sentitzen dute eta edozein adiskide mota izateari uko egiten diote, baztertuak ez izateko. Bakardadea oso loturik dago pertsonaren bizitzan esanguratsu den eta eguneroko bizitzan inguruan izaten den pertsona multzoarekiko harremana galtzearekin. Bakardadearen definiziorik ohikoena konpainiari eza da eta tristura, maitasunik ez eta negatibotasun egoerekin lotzeko joera dago, noizean behingo eta norberak aukeratutako bakardadeak izan ditzakeen onurak ahaztuta.

Pertsona maiterik ez izatea

Gure bizitzan maite izan dugun edo gure eguneroko bizitzan leku garrantzitsua izan duen norbait desagertzen denean (bikotea banantzeagatik, hurbileko pertsona baten heriotzagatik edo beste arrazoiren batengatik), bakardade sentsazio berezi bat nagusitzen da, hutsune, tristura eta desesperantzan murgiltzen gaituen hustasun mutua. Eta jasan egin behar izaten da zurztasun sentimendu mingarria, pertsona ordezka ezinaren ausentzia. Galdurik eta ordura arte bizitzari aurre egiteko genituen erreferentziarik gabe sentitzen gara. Gizaki sozialak gara eta besteen beharra dugu geure burua eraikitzeko. Eta ez gure maitasun eta garapen pertsonaleko beharrak asetzeko bakarrik, baita autoestima sendotu eta berresteko ere, egunero-egunero inguruko pertsonekiko harremanarekin eraikitzen baita autoestima.

Galera ordezka ezina da, baina ez du konponezina izan behar. Hutsunea, edo hobeto esanda, haren silueta hor geratuko da, baina geure buruari tristura sentitzeko baimena ematen badiogu eta geure buruaren baitan konfiantza izanez hutsunea gainditzeko asmo sendoa hartzen badugu, izango dugu indarra harreman berriak egiteko, maite genuen pertsona horren hutsuneak eragin digun maitasun gabezia hein batean behintzat betetzeko. Pertsona hori gurekin ez izateak ez gaitzala eraman beste inolako harremanik ere ez izatera. Bakardade mota hori mingarria da, baina positibo ere bihur daiteke, blokeatu gabe mina bizi izaten ikasteko aukera gisa interpretatzen badugu. Eta bizitzan aurrera gogotsu egiten jarraitzeko bitarteko eta trebetasunak sortzeko erabiltzen badugu. Mina barneratu eta kontrolatu egin behar da, bizitzaren zati bat dela jakinda eta minari beldurrik ez izaten eta ahulezia edo ezintasun bat balitz bezala sufrimendutik bereizten ikasita. Mina gainditzen dakiena prestaturik dago etorkizunean bizitza bete-betean bizi izateko ere.

Bakardade soziala

Gaur egungo munduan oso ohikoa da familiako, lankide eta bizilagunekin bakarrik hitz egiten duen jendea aurkitzea. Ez gara gai sentitzen ingurukoekin gutxieneko konfiantza maila batekin harremanetan jartzeko, egingo digutenaren edo baztertuko gaituzten beldur. Gure inguruan horma bat eraikitzen dugu, geure zelularen baitan ezkutatzen gara (zenbaitetan geu bakarrik) eta geuk sorturiko hutsunea bizi izaten dugu. Hori justifikatzeko "ez naute ulertzen", "jendeak niri min eman nahi dit", "probetxu ateratzeko beste ezertarako ez gaitu jendeak behar izaten", "norbaitengan konfiantza jartzen den bakoitzean, azpikeria besterik ez da ordainetan jasotzen" eta antzekoak erabiltzen ditugu. Bakardadea borondatezkoa baldin bada, primeran; baina egoera horrek ere badu arrisku bat: gizakia gizartekoa da berez, eta zaletasunak, kezkak eta desioak konpartitzeko adiskide sare bat edukitzea oinarri ordezkaezina da bizitza zoriontsua izateko. Helmuga zaila da eta gure zibilizazioko egitura eta ohitura sozialek moteldu egiten dute adiskideak egiteko eta zaintzeko ahalegina, baina merezi du horretan daukagunik onena jartzea.

Desio ez den bakardade hori angustia bihur daiteke, zenbait pertsona bakarrik bizi izatera ere ohitu egiten den arren. Jarrera hori sendotasun, agresibitate edo herabetasunez apainduko da. Eta hori guztia segurtasunik eza eta maita edo errespeta ez gaitzaten beldurra ezkutatzeko.

Nahi gabeko beste bakardade batzuk ere izaten dira, adibidez pertsona nagusiek, etxekoandreek edo konbentzionala ez den sexu-orientazioa agertzen dutenek edo gaixotasun jakin batzuk, ezintasun fisiko edo psikologikoak edo inperfekzio estetikoak dituztenek bizi dituztenak.

Aldi baterako egoera, besterik gabe

Bakardadea aldi baterako egoera izan dadin saiatu behar dugu eta ez da nahitaez traumatikotzat hartu behar. Gogoetarako, geure burua sakonago ezagutzeko eta egiatasunez geure benetako identitatea aurkitzeko aukera bihur dezakegu bakardadea. Denbora bat dago besteekin komunikatzeko eta beste bat (bakardadekoa) gure baitako izate sakonenarekin harremana izateko. Beldurrekin "hitz egin" egin behar da, ezikusi egin edo beldurretan trabatuta gelditu beharrean. Komenigarria da noizean behin bakardadea aukeratzea. Beraz, oreka ditzagun besteekin harremana izateko denbora eta bakardadean geure gauzez pentsatzen ematen duguna.

Desio ez den bakardadea gainditzeko: zenbait pauso baliagarri

  1. Diagnostikoa: zein bakardade mota bizi dugu eta zerk eragiten du bakardade hori?
  2. Norbere burua ongi ezagutu. Norbere baitara begiratzeko beldurra albora utzi eta nolakoak garen jakiteko beharrari aurre egin behar diogu: zeintzuk dira nire ilusio eta nahiak, mugak eta beldurrak, nor izan nahi dut, nola ikusten naute, nola ikusten dut neure burua...
  3. Kitto lotsak eta herabetasuna. Joka dezagun ekimenez harreman berriak lortzeko. Zein pertsona interesatzen zaigun erabaki eta horiekin harremanetan jartzeko estrategia landu behar dugu.
  4. Ez dago ezer galtzeko. Baztertuko gaituzten beldur izateak eten egiten du adiskidetasun edo maitasun berriak sortzeko. Helburua garrantzitsua da, ez gaitezen milikeriatan ibili.
  5. Biktimakeriarik ez. Mundua krudela, arrunta eta materialista da askotan, konforme. Baina seguru badirela beste pertsona batzuk gu bezalako norbait ezagutu nahi dutenak.
  6. Geure baitan ixtea porrota onartzea da. Gehienoi min ematen digu bakardadeak, eta hobeto sentitu ohi gara hitz egin eta lagun minak eta maitatzeko norbait izanda.
  7. Ez gara sarritan pentsatzen dugun bezain arraroak. Edozein pertsonarekin sakon eta konfiantzaz hitz egin besterik ez dago hori ikusteko. Uste baino jende gehiago "bete" dezakegu eta oso hurbil dugun pertsona asko gerta dakiguke erakargarri.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto