Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Landarezko elikagairik gehientsuenetan direlarik, erradikal askeen eragin kaltegarria neutralizatzen dute
Nork ez ditu A, C eta E bitamina erantsiak dauzkaten fruta-zuku, irabiatu eta antzeko elikagai prestatuak ezagutzen? Nork ez du entzun bitaminez aberastutako gozokiak salgai daudela? Nork ez daki eguneroko elikabidean landarezko elikagaiak sartzeari esker lortzen ditugun mesedeen berri? Hedabideak behin eta berriro ari zaizkigu, bitaminez aberastutako elikagaien bertuteak eta horren ondorioz gure osasunak erdiets ditzakeen mesedeekin gora eta behera, organismoaren oxidazioaren, hainbat gaitzen eta zahartzearen aurka elikagai osasuntsu horiek duten betekizunaz mintzo. Egun, dietetika eta nutrizioa ez dira arduratzen nutrizio-alorrean onurak ekartzen dizkiguten elikagaien osagaiez (proteinak, gantzak, karbohidratoak, bitaminak eta mineralak) bakarrik: ahalmen antioxidatzailea daukaten bestelako sustantzia zenbaitek ere, ondorio mesedegarriak eragiten dituzte gure organismoan.
Erradikal aske izenekoen eragin kaltegarria galarazten duten bitamina, mineral, koloratzaile natural eta landare-konposatu batzuk dira, gure organismoan ohi daudelarik, hainbat prozesu metabolikotan esku hartzen duten sustantziak. Horietako gehienak antioxidatzaileak dira eta landarezko elikagaietan dautzanez, erraz uler dezakegu geure elikaduran lekale, fruta, barazki eta laboreak kontsumitzea biziki mesedegarria gertatzen dela.
Oxigenoa denean, arnas hartzea ezinbestekoa dute gure organismoko zelulek biziko badira baina, horren ondorioz hain zuzen, ADNa, (geneak, alegia), proteinak eta lipidoak (gantzak) alteratzeko gauza diren neurrian, gure bizitzan osasunari kalte egiten dioten molekulak (erradikal askeak) osatzen dira. Gure organismoko zelula batzuk etengabe berritzen ari dira (larruazalean, hesteetan, etab.) eta beste zenbait ez dira berritzen (gibeleko zelulak, neuronak, etab). Urteak igaro ahala, erradikal askeek aurreneko horietan alterazio genetikoa eragin dezaketenez, minbizia nozitzeko arriskua ere larriagotu egiten dute eta, bide batez, berritzen ez diren zelula horien funtzionaltasuna eragotzi: hauxe da zahartze prozeduraren bereizgarrietako bat. Ariketa fisiko bizia praktikatzeak, tabakismoak, gantz ugari duten dietak kontsumitzeak eta eguzkitan luzaro egoteak -ingurumeneko poluzioarekin batera- erradikal askeen ugalkuntza areagotu egiten dute.
Patologia kardiobaskularretan, hainbat minbizi-motatan, HIESean eta, areago, zahartze-prozesuarekin zuzenean loturiko beste gaitz askotan ere (begi-lausoa edo nerbio-sistemaren alterazioak, adibidez) antioxidatzaileek nolako eginkizuna betetzen duten ikertzen ari dira zientzialariak aspaldi honetan: C eta E bitaminak, beta-karotenoak, flabonoideak, selenioa eta zinka hartu dituzte beren ikerketen ardatz, batik bat. Antioxidatzaile horiek eta gaitz kardiobaskularren (baita, seguruenik, garun-baskularren) arteko erlazioa ederki frogatua dugu dagoeneko. Badakigu, adibidez, kolesterol "gaiztoak" (LDL-c) funtsezko betekizuna duela arterioesklerosiaren (gantz-materiala metatzearen ondorioz, odol-zainen behar ez bezalako barne azalen loditze eta gogortzea, odolari bidea galaraziz) hastapen zein garapenean ere. Kolesterol gaiztoa aldarazten duten erradikal askeak blokea ditzakete antioxidatzaileek, gaitz kardiobaskularren arriskua arinduz. Bestetik, antioxidatzaile gutxi edukitzea, hainbat minbizi-motaren aurrean, arrisku-faktorea izan daiteke.
Antioxidatzaile ugari duten elikagaiak hartzeak hainbat patologia nozitzeko arriskua arintzen duen arren, elikagai horiek ez dute zahartzaroaren ondoriozko endekapena geldiarazten eta, noski, urte gehiago bizitzeko aukerarik ez digute eskaintzen. Areago, antioxidatzaileak dauzkaten elikagai prestatu ugariegi hartzeak kontrako eraginak ere izaten ditu. Antioxidatzaileek eragiten dituzten onurez gero eta informazio hobea dugun arren -sustantzia horren kontsumoa sustatu egin behar da, berez dauzkaten elikagaiak kontsumitzera bultzatuz-, eguneroko dietan gehigarriak sartzea komeni den ala ez zehazteko goizegi da oraino, ez baitakigu zein diren dosi zehatz eta egokiak. Horrenbestez, zuzenena landarezkoak ere tarteko izaki, elikagai ugari eta era orekatuan kontsumitzea da, antioxidatzaileez aberastutako elikagaiekin edota gehigarriekin abusatzeke.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa