Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Etxebizitza zerga

Etxebizitzarena zerga bat gehiago da eta hiri bakoitzak zerbitzu mota eta bizitza kalitate maila desberdina eskaintzen du, baina interesgarria da Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ) norbera bizi den hirian eta besteetan zenbatekoa den konparatzea.

  Autoak eta etxebizitzak, erosterakoan egin beharreko gastu handiaz gain, badute beste antzekotasun berezi bat ere: faktura osagarri bat sortzen dute urtero, familientzat oso garesti ateratzen dena. Ibilgailuan asegurua baldin bada, etxebizitzan OHZ edo etxebizitza zerga da horren baliokidea. Eta tamaina ertaineko auto batean asegurua (hirugarrenak babesteko eta hobariduna) urtean gutxienez 80.000 pezeta baldin bada, OHZ maila ertaineko familia batentzat (100 metro karratuko etxebizitza) 25.000 eta 65.000 pezeta artean egon daiteke estatuan. Baina autoaren aseguruarekin ez bezala (erabiltzaileak aukera dauka konpainia aldatzeko, ezbeharrik izan ez badu hobariak pilatzeko, poliza formatu desberdinen artean aukeratzeko) OHZren aurrean biztanleak ez du ia inolako maniobra aukerarik.

CONSUMERek konparaketa egin du, 2001. urtean goi-erdi mailako familia batek, maila ertaineko beste batek eta behe mailako batek beren mailari dagokion batez besteko etxebizitza batean bizi izanda (azalera, eraikuntzaren kalitatea, hiriko zona...) etxebizitza zergatan zenbat ordaindu behar duten, estatuko 14 hiritan. Hona lehen ondorioa: hiri batetik bestera alde handiak daudela etxebizitzagatik ordaindu beharreko kopuruan.

Orokorrean, etxebizitza zerga garestiena Bartzelona, Santander, Donostia eta Malagan ordaintzen da (garestienetik merkeenera); zergarik merkeena etxebizitza Burgos, Logroño, Gasteiz, Castelló eta Murtzian dutenek ordaintzen dute. Eta Iruñea, Madril, Valentzia, Alacant eta Bilbok OHZ ertaina kobratzen dutela esan daiteke, merkeenetik garestienerako ordenan.

Goi-ertain mailako familia baten etxebizitzaren metro karratuko kuota 863 pezetakoa da Bartzelonan eta 822 pezetakoa Donostian; Madril, Burgos, Murtzia eta Logroñon, berriz, ez da iristen 400 pezetara ere. Maila ertain edo behe mailako etxebizitzetan ere desberdintasun fenomeno horixe bera gertatzen da hiri batetik bestera. Behe mailako familia batek gutxi gorabehera 175 pezetatik beherako OHZ ordaintzen du metro karratuko Gasteiz, Burgos, Iruñea eta Logroñon eta Bartzelona, Donostia, Malaga eta Santanderren 325 pezetara iristen da zerga.

Kuota horiek OHZren azken zenbatekotan jartzen badira, maila ertain-goiko batez besteko (azalera: 155 metro karratu) etxebizitza batengatik Bartzelonan (hiriko gunea, eraikuntzaren kalitatea...) aurten ia 134.000 pezeta ordaindu behar da etxebizitza zerga kontzeptuan; Madril, Murtzia, Logroño eta Burgosen, berriz, 56.000 pezetatik behera da. Donostia, Malaga eta Santander ere garestiak dira: etxebizitza horrengatik 100.000 pezetatik gora kobratuko lukete. Bilbo, Alacant eta Valentzia (95.000 eta 85.000 pezeta kasu horretan) garesti samarrak dira familia dirudunentzat ere eta Castelló, Iruñea eta Gasteizek (77.000 eta 68.000 pezeta artean) oso garestia ez den zerga politika egiten dute etxebizitza arloan, maila horretako etxebizitzentzat.

Maila ertaineko familien etxebizitzetan (100 metro karratu), oso garesti bezala nabarmentzen dira berriro ere Bartzelona (65.000 pezetako OHZ) eta Santander (56.000 pezeta); eta beheraxeago, Malaga (44.600 pezeta). Beste muturrean daude berriro Logroño, Burgos, Iruñea eta Gasteiz, 30.000 pezetatik behera bilduko bailukete etxebizitza horrengatik. Zerga hori garestitzat jo daiteke Donostia, Bilbo, Madril eta Alacanten ere (40.000 eta 34.000 pezeta artean) eta Castelló, Murtzia eta Valentzia erdibidean daudela.

Azkenik, behe mailako familiek 28.000 pezetatik gora ordaintzen dute beren etxebizitzagatik (83 metro karratuko etxebizitza hartu da eredutzat) Bartzelona, Donostia eta Santanderren; Gasteizen 8.500 pezeta inguru ordaintzen dute eta Castelló, Burgos, Logroño, Bilbo eta Iruñean ez dira 15.000 pezetara iristen.

Ondorio gehiago

Udal guztietan, metro karratuko kuota garestitu egiten da etxebizitzaren tamaina eta kalitateak gora egin ahala eta hiriko gunea hobea baldin bada. Eta, orokorrean, etxebizitza arloan zerga politikan ildo bakarra dute. Asko kobratzen dutenek etxebizitza mota guztietan kobratzen dute asko, hau da, gizarte maila guztiei, eta alderantziz.

Hiritarrak azkenean OHZ kontzeptuan ordaintzen duen kuota bi aldagairen arabera dago: balio katastrala (lurzoruaren balio gehi eraikuntza balioa: pisuak merkatuan duen balioaren erdira hurbildu nahi du) eta zerga tasa edo koefizientea. Jabeak ordaindu behar duen kuotara iristeko, balio katastrala bider zerga tasa egiten da. 1990etik, etxebizitzen batez besteko balio katastrala %78 gehitu da estatuan, inflazioaren (%38) bi halako baino gehiago. Gertatzen dena da zenbait hiritan etxebizitzen (guztien edo horietako batzuen) balio katastrala oso baxua dela, behar adina berrikusi ez delako eta beste hiri batzuetan berriz merkatuko baliotik ez dela hainbeste aldentzen. Gertakizun horri aurre egiteko Udalek zerga tasak ezartzen dituzte (Hazienda Lokalak arautzen dituen Legeak, 1998ak, behingo eta gutxiengo bat ezartzen ditu), CONSUMERen ikerketa honen arabera Iruñeko %0,25etik hasi eta Bartzelonako %0,89ra artekoak. Baina ñabardura bat egin beharra dago: Kataluniako hiriburuan, OHZ kontzeptuan zerga gehien biltzen duen hiria izanik, maila ertaineko etxebizitza tipiko baten metro karratuko balio katastrala 73.000 pezeta ingurukoa da eta Iruñean, berriz, (hiri hori ez da nabarmentzen OHZ garestia izateagatik) 110.000 pezetara iristen da. Laburbilduz, udal batek etxebizitza arloan duen politika garestia den ala ez jakiteko, bere etxebizitzaren balio katastralari eta ezartzen zaion zerga tasari begiratu behar dio erabiltzaileak.

Nola egin zen: gutxi gorabeherako datuak, baina fidagarriak

Bibliografia eta zergen arloko legeria zehatz aztertu ondoren, eta Hazienda, katastro eta etxebizitza zergaren arloko adituekin hainbat elkarrizketa egin ondoren, CONSUMEReko teknikariak 14 hirietako udaletako katastroetara eta Katastroko Zuzendaritza Orokorrera (Hazienda Ministeriora) joan ziren eta hiru etxebizitzaren datu katastralak eskatu zituzten, hiriko etxebizitzak ezagutzen zituztenez eta CONSUMERek finkatutako parametroetan oinarrituta, maila ekonomiko on, ertain eta baxuko familia baten kategorietara egokituko zirenak. Horrenbeste, datu guztiak hiri bakoitzeko katastroetako teknikari edo arduradunek emanak dira (arduradun nagusiekin jarri zen harremanetan CONSUMER. Etxebizitza mota bakoitzaren kasu orokor bakoitzera estrapolatzeko garaian, gutxi gorabeherako datuak dira ezinbestean, baina informazio fidagarria ematen dute azterturiko 14 hirietan etxebizitza arloan egiten den zerga politikari buruz.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto