Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Garestienak ez dira onenak: Xerezko ozpinak

Zortzi lagin aztertu dira oraingoan: horietako bost, "Xerezko ozpin" hutsak dira eta beste hirurak, aldiz, "Xerezko erreserbako ozpinak". Gehienak 900 eta 1.200 pezeta bitartean dabiltza, litroko.

Ozpinak nutrizioaren ikuspegitik interesik ez duenez, ez da zertan garrantzi dietetikoko produktutzat jo. Ongarri gisa baliatzen da batik bat, jakien usain-zaporeak aldatzeko.

Xerezko ozpinari dagokionez, "Jerez-Xeres-Sherry" eta "Manzanilla de Sanlúcar" (Espainia) jatorrizko izendapena duten ardo horiekin bakar-bakarrik egina da: eraldatze azetiko kontrolatua nozitzen du lehenik eta, ondoren, haritz nahiz gaztainazko upeletan zahartzen uzten da sei hilabetez gutxienez, jatorrizko izendapen horiek onarturiko "criadera" eta "solera" izeneko sistemaren arabera. .

Arautegiak xedatzen dituen ozpin horien osaketaren zehaztapen guztiak (hondakin-alkohol, gutxieneko azidotasun, gutxieneko estraktu lehor, errautsak...) betetzen dituzten eta etiketa zuzen dagoen egiaztatu da laborategian: emaitzak onak izan dira, irregulartasunak bi laginetan soilik hauteman direlako; egiari zor, lege-urratze garrantzitsu bakarra Borges markako "Xerezko ardoaren ozpin" delakoak agertzen du, Xerezko Ozpinaren Jatorrizko Izendapenaren ikurra erakusten ez baitu. Araua ez du betetzen, beraz, J.I. baten babespeko izenaren antzeko batekin komertzializatzen duelako produktua, baina bera ez dago izendapen horretan. Hona beste akatsa: Aliño markako laginaren errautsen edukia (mineralen agerpena gutxi gora behera erakusten duela), Arauak xedatutakoa baino apalxeagoa da. .

Xerezko ozpinari galdatzen zaizkion ezaugarri organoleptiko tipikoak(usaina, kolorea, zaporea, etab.), lehengaiak (Jerez edo Manzanilla J.I. duten ardoak) berezkoak dituenak, azetifikazio eta, azkenean, zahartze-prozesuek emango dizkiotenak dira. CONSUMERek eginiko bi dastatze-probek, kontsumitzaileen ohikoa eta adituek oraingoan egin dutena, adierazi zutenez, zortzi ozpinek betetzen dute aldez edo moldez iragarritakoa. Kontsumitzaileentzat egokienak Louit (319 pezeta litroko) eta Borges (1.156 pezeta litroko) izan ziren bitartean, adituentzat markarik onena Garvey (932 pezeta litroko) izan zen. "Reserva" kategoriakoak, berriz, ez ziren arruntak baino organoleptikoki hobeak gertatu, ez proba batean, ezta bestean ere. .

Laborategian eta dastatze probetan erdietsitako emaitzak ikusirik, Louit agertzen da kalitatearen eta prezioaren arteko erlaziorik egokien gisa. Xerezko ozpinari asko eskatzen dioten kontsumitzaile zorrotzentzat, aldiz, Garvey izan liteke aukera onena.

Zer den eta zertan baliatzen den ozpina

Saltsak osatzeko ez ezik, elikagaiak prestatu eta kuzinatzeko ere ongarri bezala erabiltzen da ozpina. Osagarri nagusi duen azido azetikoaren ezaugarriak halakoak izaki, kontserbatzaile gisa ere baliatzen dugu, landarezkoak eta arrainak jangarri mantentzeko. Elikagaien nutrizio-balioa ez du aldatzen, oso-oso gutxi eransten zaiolako janari eta, berez, ozpinetan dautzan nutrienteen agerpena hutsaren hurrengoa delako. Zapore garratzeko likido honek azido azetikoa dauka, %4etik %12 bitartean. Ozpina lortu nahi badugu, hartzidura alkoholikoa eragin dezakeen zeinahi produktu (sagarrak, mahatsa, udareak, melokotoiak, laranjak, eztia, azukrea, malta, garagardoa, ardoa, etab.) balia dezakegun arren, abiatzeko lehengairik egokienak ardoa eta sagardoa dira. Lehengai horrixe berariazko lurrina azido azetikoak eta bestelako azido organiko eta esterrek ematen diote. Ozpina belar eta espeziekin (erromeroa, ezkaia, baratxuria, etab.) aberats daitezke eta, erantsi ere, hartzidura amaitutakoan eransten zaizkie landarezko horiek. .

Ardo-ozpina da gehien kontsumitzen dena eta, bera lortzeko, ardo zuri, gorri eta beltza baliatzen da. Nitrogeno (0,1%) eta azukreen (%0,1-%0,6) edukia ere txiki-txikia du, sagardo-ozpinarena bestekoa, hor nonbait. Mineralen edukia ere, urria, oso: potasioa ugariena izaki, 90 miligramora ozta-ozta iristen da 100 mililitroko. Eta bitaminarik ez duela esan dezakegu.

Nola egiten den

Xerezko ozpina, Jerez-Xéréz-Sherry eta "Manzanilla de Sanlúcar" jatorrizko izendapeneko ardoekin bakar-bakarrik egiten da: transformazio azetikoaren prozesu kontrolatua nozitu ondoren, haritz edo gaztainazko upeletan zahartzen da sei hilabetez gutxienez, jatorrizko izendapen horiek onarturiko tokietan, "criadera" eta "solera" izeneko sistemari esker. Bai hastapeneko ardoaren bai azken produktuaren osaketa kimikoak gutxieneko baldintzak bete behar ditu. .

Altzairu herdoilezinezko andeletan ardoa ozpin bihurtzen da, hartzidura azetikoaren prozedura betez; horretan zehar, Acetobacter motako bakterioek alkohola oxidatzen dute azido azetiko gehi ura bilakatu arte. Azetifikazioa laguntzeko, fosfato amonikoa, sodikoa edo potasikoa nutriente gisa erabiltzea eta malta nahiz legamia gehitzea onartzen da; era berean, aire eta oxigeno hutsaren bitartez hertsaturiko oxidazioa ere baimendua dago. Ondoren, ozpinetako hondakinak bahetu egiten dira likido garden, aratza lortzeko. .

Azkenean, haritz edo gaztainazko upeletan zahartzen da, criadera eta solera izenekoetan: bostehun litroko hainbat upelek osaturiko ilarak antolatuak daude elkarren ondoan, bakoitzean adin jakin bateko ozpina dagoela. Ozpinik zaharrena (ama) behealdeko upel-ilaran, soleran, dago. Ozpina hortik ateratzen da aldian behin, botilan sartu eta komertzializatzeko. Hurrengo ilaran, lehendabiziko criadera delakoan adin txikiagoko ozpina dago eta, pittinka-pittinka, solerako upeletara husten da. Lehen ilara horretara bigarren criaderako ozpina ekartzen da... Horrela, ozpinik berriena daukan goi-goiko ilarara iritsi arte. Ozpinak, era horretan, upeleko elementuekin elkarreraginari esker, kolorea, lurrina eta zaporea hartzen dituelarik, heldutasun eta konplexutasuna irabaziz doa. Zahartze-epearen arabera, Xerezko Ozpina (gutxienez, sei hilabetez eduki dena) eta Erreserbako Xerezko Ozpina (gutxienez, bi urtez eduki dena) bereizten dituzte. Elikagaiak lurrinaz janzteko ahalmen handia dauka azken produktuak, ez du usain zorrotzegia (honek, hazkuntza onekoa dela adierazten du) eta ahoan upel-zapore nabarmena agertzen du.

Laborategian

Azken produktuak gehienez ere %3ko hondakin-alkohola izan behar du, litroko gutxienez 70 gramoko azidotasuna, gutxieneko estraktu lehorra (1,3 gramo litroko, gradu azetiko bakoitzeko), baita errauts-edukirik ere. Beste alderditik, kutsatzaileen eta sustantzia ez desiragarrien (metanola, merkurioa, artsenikoa, beruna, etab.) edukia mugatua du. .

Laborategiko datu guztien arabera, ederki landutako produktua dugu aurrean. Irregulartasun bakarra -garrantzi handirik gabekoa- Aliño laginak erakutsi zuen: honen errautsen edukia (produktuak zenbat mineral daukan adierazten du, gutxi gorabehera) Arauak xedatutakoa baino urriagoa da. Estraktu lehorrak, ozpinak zenbat solido dauzkan esaten digu, portzentajetan. Arauak xedatutako estraktu lehorra baino askoz ere handiagoa agertu zuten laginek, batenaz beste. Inongo kutsatzailerik ez zen atzeman: horrelakorik egotekotan, erabilitako teknikaren bidez hauteman zitezkeenak baino txikiagoak izango ziren eta hauek, bere aldetik, Arauan xedatutako mugaz dezente azpitikoak lirateke. .

Beste aldetik, ozpinari (uher ez dadin) sulfurosoa eranstea onartzen den bitartean, azken produktuko sulfatoen agerpena ere mugaturik dago, litroko 3,5 gramotan. Horretan ere arazorik ez: bataz bestekoa 0,7 g/l izan zelarik, lagin bat ere ez zen iritsi 1 g/l proportziora. Hondakin-alkoholen edukiak gorabeherak agertu zituen: %0,13tik (Borges) %2,13ra bitartean (Sur de España). Indarreko legeriak parametro honi gehienez ere %3koa onartzen dio, baina hondakin-alkoholen agerpen apal batek Xerezko ozpinaren ezaugarri organoleptikoak hobetzen ditu.

Kontsumitzaileen eta adituen dastatze-probak

Ozpinei CONSUMERek bi dastatze-proba ezarri zizkien: batean adituak eta bestean kontsumitzaileak. Adituenean, dastatzaileek berariazko kopa estalietan (lurrin-xehetasunek intentsitaterik gal ez zezaten) dastatu zituzten laginak. Balioztatu ziren iritziak ikusmenekoak (gardentasuna, kolore-intentsitatea, tonua), usaimenezkoak (azetikoaren eta beste lurrinen intentsitatea, kalitatea) eta dastamenezkoak (garraztasuna, kalitatea, oreka, bukaera) izan ziren. Horiez gainera, ozpin bakoitzari guztirako puntuazioa eman zioten. Garvey lagina izan zen onena, 84 puntu (gehienekoa 100 izaki) jaso zituelarik. Ondotik Cepa Vieja (74 puntu), Borges (71), eta Ybarra (70) zetozen. Amaieran Sur de España eta Romate (67), Louit (64), eta Aliño (63) geratu ziren. .

Kontsumitzaileek, aldiz, kolorea, usaina, zaporea eta bukaera (produktua irentsitakoan, ahoan irauten duen ahogozoa) balioztatu zituzten. Hemengo emaitzak ere (eskala 1etik 9ra zihoan) antzekoak izan ziren. Louit (6,8 puntu) nabarmendu zelarik, kalifikazio txarrenekoa Cepa Vieja (5,8 puntu) izan zen. Batetik besterako alde nabarmenak agertu zituen parametro bakarra itxura izan zen, eta bertan Romate laginarena bereziki azpimarratzekoa izan zen. Usain, zapore eta bukaerari dagokienez puntuazioak berdin-berdintsuak izan ziren. Denetan laginik gutiziatsuena eta zeharo kontrakoa aukera zitzaten eskatu zitzaien dastatzaileei: Borges izan zen nahien tokian gehienetan agertu zena; Cepa Vieja, aitzitik, zerrendaz beste muturrean maizen azaldutakoa. Gainontzekoak ez ziren nabarmendu, ez onerako, ez txarrerako ere, zaletasunen atal honetan.

Etiketa: lagin bat, gaizki zegoen

Borges laginaren etiketak "Xerezko ardoaren ozpina" dela dio, baina Xerezko Ozpin J.I. horren ikurra ez daukan bakarra denez, J.I. horren babesean ez dagoela ondorioztatzen dugu. Jatorrizko ozpinez bestelakoetan Xerezko Ozpin J.I.aren babespean daudenekin nahas-mahasa sor dezaketen adierazpenak edo ikurrak erabiltzea zehazki debekatzen du indarreko legeriak. Horrenbestez, Borges laginak araua urratzen du produktu honekin. Bestetik, Louit laginak bakarrik ezarri du osagaien zerrenda: Xerezko ozpina eta E-220 antioxidatzailea (SO2 edo sulfitoak, 170 zati milioiko proportziora arte, baimendurik). Nutrizioari dagokion informazioa, azkenik, Cepa Vieja eta Ybarra laginek bakarrik ipini dute.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto