Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Herritarren %80k sorbaldako bazter batean minik nozitu du inoiz. Portzentaje hori handitu egiten da pertsonen adina aurrera joan ahala: 65 urtez gorakoen %90ek gaitz hori pairatzen omen dute, ikerketen arabera.
Kaltea bereziki jasaten duen kolektiboa, osteoporosiak jotako emakume menopausikoak dira. Bizkarreko mina, herritar gehientsuenen gaitza izateaz gainera, osasun-arazo larria da eta laneko bajen %16 inguru eragiten du, lunbalgia, dorsalgia eta zerbikalgiak direla medio. Sorbalda izenaz ezagutzen dugun puska horren barnean bizkarrezurraren hiru tarte aurkitzen ditugu, zeinek bere "nortasun" berezi-berezia duena: lepoaldekoa, dortsala eta gerrialdekoa.
Aurrehominidoetatik abiatuta, filogenesian (giza arrazaren bilakaeran) barrena beste ugaztunen antzera, lau hankaren gaineko posiziotik bi hankaren gainekora igaro gara gizakiok. Zutunik jartze horrek, lehendabizi, bizkarrezurra zuzentzea eragin zuen eta, geroago, hainbat bihurgune agertzea (alde lunbarreko bihurduraren alderanzketa, bereziki). Prozesu hori bera gertatzen da gizakiaren garapenean, ontogenesian, alegia. Umetokian dagoen bitartean, antzinako aurrehominidoek bezalako bihurdura du gizakiak. Hamahirugarren hilean rakis lunbarra zuzen agertuko da; hirugarren urtetik aurrera helduaren bihurdura lunbarra itxuratzen hasi, zortzigarren urtean finkatu eta hamar urterekin gizakiaren bizkarrezurrak behin betirako itxura eta bihurdura izango du. Gizakiaren eta espeziearen bilakaerak, horrenbestez, antzekoak dira. Garapen-urrats horretako postura-hezkuntza zaintzea funtsezkoa da, bizkarrezurra behar bezala garatuko bada.
Enborraren euskailu nagusia den aldetik, ikusi batera elkarren kontrakoak diruditen bi baldintza uztartu behar ditu bizkarrezurrak: zurruntasuna eta malgutasuna. Pelbisean oin harturik, bururaino iristen da eta bi gurutzeren zama dauka: bata, sorbalda mailan, gerriko eskapular izenekoa; bestea, pelbiseko gerrikoa. Tarte guztietan daude tenkagailu gisa diharduten muskulu eta lotailuak, bizkarrezurra oinarriari loturik eta orekan manten dadin. Beste aldetik eta nolabaiteko malgutasuna izan dezan, elkarren gainean antolaturik dauden hamaikatxo pieza txikik osatuta dago bizkarrezurra: ornoak, izan ere, bata besteari muskulu eta lotailuen bitartez daude elkarri atxikita, eta horri esker artikulatzen dira osotasun gisa. Orno-gorputzean dauden diskoek kuxin-eginkizuna dute eta, premien arabera, zamaren presioa moteltzearren, bere burua zabaldu eta bildu egin dezakete. Egitura konplexu horri esker bizkarrezurra desitxuratu eta egokitzeko gauza da eta, batera, zurrun manten daiteke kontrakzio muskularren aurrean. Harmoniaz jardunez, bizkarrezurraren bihurdura fisiologikoak iraunarazten dituzte muskuluek eta, gorputzaren grabitate-zentroa mantentzeko, orekan edukitzen dute. Xehetasun hauek ezagutzea funtsezko kontua da, sorbaldako minen %60-70 inguru muskularra baita jatorriz eta, hortaz, bizkarrezurraren inongo gaitzekin ez dute zerikusirik.
Lepoko min edo zerbikalgia ugariren sorburua artrosi-prozesua, traumatismoa edo -trafiko istripuetan gertatu ohi den bezala- espero ez dugun atze-aurrerako mugimendu bortitza ere izan daiteke baina, dena den, kasu askotxotan patologia zehatzik ez da atzematen. Izan ere, alderdi zerbikal edo lepoa bizitza modernoak hertsaturiko postura oker eta tentsioen isla da: ordu askotan etengabe burua aurrerantz luzaturik edukitzea behartzen gaituen eginkizuna, etxeko lanak, ordenagailuaren aurreko administrazio edo bulego teknikoetako beharra, zama handiak eskuz maneiatzea, etab. Horren guztiaren ondorioz, muskulua tenkatu, ornoetako intsertzioetatik trakzionatu egiten da, bizkarrezurrean tentsio latzak sortzen dira eta, azkenean, mina dator, mugikortasuna bera ere eragotzi edo galaraziz. Gaitz horiek garaiz konpontzen ez badira, oso litekeena da epe luzera junturetako endekapen-prozesuak agertu eta garatzea.
Postura-bizioen isla lepoaldea baldin bada, gerri alderdia egoera fisiko kaskarraren ispilua da, entrenamendu muskularrik ezarena, alegia. Kasuren batean lunbalgia artrosi edo desbideraketen sintoma den arren, pertsona askok ez dute behin ere nozitu gerrialdean minik eta, halaz ere, bizkarrezurraren desbideraketa daukate edo artrosiak jota daude. Azken hauek, eskuarki, entrenamendurik ezaren eta, hortaz, gerrialdeko (hau da, giltzurrunetan zein sabelean) muskuluetan indarrik ez izatearen ondorio ohi dira. Bi muskulu-masa horien arteko desoreka, esfortzu txiki-txikiak edo eguneroko bizitzako posturetan aritzean, lunbalgia prozesuaren sorburua izan daiteke. Bizitza sedentario eta mekanizatuaren eraginez malgutasuna eta muskuluen indarra galtzea izaten da minaren zergati nagusia. Min-episodioen eragile dira, era berean, etxeko lanen ondoriozko postura-bizioak eta zama astunak eskuz maneiatzea, postura behartuegiak, hamaika aldiz errepikatzen diren bizkarrezurraren mugimenduak, lan jardunaldi osoan zutik edo eserita egotea eta horrelako lanak. Esan gabe doa gehiegizko pisua episodio horiek agertu eta larritzearen erruduna dela beti.
Prozesu horiek guztiek sekulako osasun-gastua eginarazten diote gizarteari, lehen mailako asistentziari eta espezializatuari dagokienez, kontsulta egiteko zergati nagusietako bat delako gaitz-mota hori: maiz antzean nekez zuritzeko modukoak diren baina kostu handia duten hamaikatxo miaketa egin behar izaten dira (erresonantzia magnetikoak, tomografiak, elektromioneurografiak, etab); dena den, miaketa fisikoan eta ohiko erradiologian oinarritutako anamnesi kliniko on batek eman lezakeen datu-mordoa baino askoz gehiago ez dute eskaintzen. Baina, nahiz jatorri muskularrekoa izan, horrelako miaketetan azaltzen ez den gaitzaren zergatien azalpena aurkitzean setatzen da gehienetan pazientea. Kontsulta onak eta arretaz eginiko miaketa fisikoak aski izan beharko lukete, beraz, azterketa sofistikatuagoak zein pazienteri egin behar zaizkion hautatzeko.
Muskuluen kontrakturen eta, horrenbestez, bizkarreko minen agerpena eraginkortasunez prebenitzeko:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa