Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Kiotoko Protokoloa: Nazioartean komediak, negutegi-efektua eragiten duten gasak murriztea dela eta

Kiotoko Protokoloa ¿ingurugiroa babesteko hainbat estatuk harturiko akordioa, alegia¿ 36 herrialde industrializatuk izenpetu zuten 1997ko abenduan.

Sinatzea gertatu zen japoniar hiriari hartu zion agiriak izena eta helburu nagusia, 1990ean jasotako datuekiko, Negutegi Efektuko Gasen igorpena %5,2 globalki murriztea izan zen. Horrelakoen igorpenak kontrolatu eta murriztea hil ala bizikoa da, gas horiek atmosferan metatu eta, horrela, eguzki-irradiazioa eta Lurraren beroa kanpo-espaziora irtetea galarazten dutelako: horrek guztiak planetako tenperatura globala altxa egiten du.

  Kiotoko Protokoloari behin betiko onespena, 2001eko uztailaren 16tik 27ra bitartean egin zen klimari buruzko seigarren konferentziak -Bonneko Gailurra- eman dio. Estatu Batuek 1997an sinatua zuten konpromisoa hautatu berri zen Bush presidenteak aurtengo martxoan bere kabuz haustea erabaki zuenetik, Protokoloa sinatu gabe geratzeko arriskua benetan larria izan zen. Bonneko Gailurra amaitu ondoren, ordea, Bushen Gobernua bakar-bakarrik geratu da nazioarteko panoraman, ituna sinatzeari muzin egin zioten beste herrialdeek -"aterkiaren taldea": Kanada, Errusia, Ukrainia, Zeelanda Berria, Norvegia, Islandia, Australia eta Japonia- azkenean onartu egin dutelako. Nolanahi ere, erdietsitako akordioaren prezioa garesti samarra izan da, kontsensura iritsi ahal izateko egin behar izan diren kontzesioak latzak direlako; baina horixe izan zen bide bakarra igorpenen ia laurdenaren ardura duten Japoniak, Kanadak, Errusiak eta Australiak protokoloa sina zezaten. Bestela, akordioak porrot egingo zukeen behin betiko: indarrean sar zedin, negutegi efektuko gasen igorpenen %55 eragiten duten 55 herrialdeek izenpetu beharko zuten eta.

Igorpen-mugak jaitsi egin dira

Konferentziaren amaieran, Araudia garatzeko hogei erabaki teknikori onespena eman zitzaien: horiei esker, sinatu ondorengo 10. hilabetean, Kiotoko Protokoloa indarrean sartu ahal izango da. Behin betiko erabakiak hemendik urtebetera hartuko dira, Hagenen egin beharreko konferentzian. Kontzesio nagusia Japoniari egin zitzaion: Protokoloa urratu zutenei zehapen guztiak kentzea eta ingurugiroan balizko kalteak ordaintzeko isunak ere barkatzea. Dena den, Protokoloaren lehen proposamenaren aldean egin den aldaketarik handiena gasen igorpen-mugarena da, dudarik gabe: hasierako (1997) proposamenean helburua, 1990 jasotako datuei zegokienez negutegi efektuko gasen igorpena %5,2an murriztea zelarik, muga hori %1,8raino jaitsi da Bonnen.

Protokoloa

Klima-aldaketari dagokionez sinaturiko itun instituzionalik garrantzizkoenak hamar bat mila hitz baizik ez du. Asmoa, ezaguna den bezala, mundu zabaleko ekonomiak erregai fosilekin -petrolioa, gasa eta ikatza- duen morrontza arintzea da. Horiek erretzeak ingurugiroan duen eraginak klima bera eta, horrekin batera, biosfera eta bioaniztasuna ere aldatu egiten ditu. Sei gas mota aipatzen ditu Protokoloak: gas karbonikoa (CO2), metanoa, nitrogeno oxidoa, hidro-fluoro-karbonoak, per-fluoro-karbonoak eta sulfurozko hexafluoruroa. Oinak lurrean finkaturik, 1990 urtea hartu zen abiagunetzat. 1997ko hasierako proposamenaren arabera, Protokoloa sinatzen duten herrialdeek urte hartan beraiek eginiko igorpenak hartu beharko zituzten erreferentzia, 2008tik 2012rako epekoak -1990 urtean egin haiekiko- %5,2 urri daitezen lortzeko. Bonneko Gailurrean muga %1,8an finkatu da: horrela izan ezean, arriskua zen Protokoloa ez sinatzea.

Munduaren %20k gas guztien %75 igortzen du

Azken 50 urte hauetan atmosferan metatu diren negutegi efektuko gasen igorpenen %75 herrialde industrializatuetan ekoitzi dira, bertan mundu zabaleko biztanleriaren %20 baino bizi ez delarik. Igorpenen gainerako %25a, mundu osoko herritarren %80a bizi direnez, garapenean doazen herrialdeetan sortu dira.

Negutegi efektuko gas-iturri behinena Estatu Batuak dira: 1950 eta 1990 urteen artean sorturiko CO2 gasaren igorpenen %25aren arduradun eta Kiotoko Protokoloan jasotako sei gas mota horien osoko ekoizpenaren %36aren errudun dira Estatu Batuak.

Basoa, funtsezkoa

Klimaren aldaketari buruzko nazioarteko negoziazioen funtsezko osagaietako bat basoa izan da, atmosferako karbono-dioxidoa xurgatzeko gaitasuna dela medio. Hori dela eta, herrialde batzuek -Estatu Batuak, Kanada, Australia, Japonia, Zeelanda Berria eta Errusia, esate baterako- proposatu dute nekazaritza edo basogintzan oinarrituriko jardueren bitartez atzitzen den karbonoak, industri jardueraren igorpenak murriztean jalgitzen ez denak bezalako balioa duela eta, horrenbestez, halakotzat har dadila. Era horretan igorpenak ez murrizteko helburuari eutsiz, basoa truke-gai bihurtzen dute, igorpen horien parte bat xurgatu egiten dutela aitzakia jarriz. Xehetasun batez ahantzi dira, dirudienez: oso litekeena da baso horiei zeinahi unetan karbonoa isurtzea (uda partean biziki ohikoak diren suteen ondorioz, esate baterako). Beste aldetik, proposamen horrek perbertsio bat baino gehiago eragin dezake: basoen ordez hazkuntza azkarreko landareen ugalkuntzaren mesedetan jardutea, adibidez. Ingurugiroaren orekan basoak daukan garrantzia argi eta garbi ikusten da herrialde tropikaletan gertatu dena aztertzean: 1980 eta 1995 bitartean, herrialde horietan bakar-bakarrik, batez beste 13 milioi hektarea baso galdu da urteko. Deforestazio horrek atmosferara batez beste 1.400 milioi tona karbono igorri du urteko, azken 15 urte hauetan, hau da, atmosferara eginiko igorpen guztien %20aren pareko munta.

Protokoloaren pikareska

Arazoa benetan larria ez balitz, Protokoloak estatuei baimentzen dizkien estrategia batzuk komiko lirateke. "Aire beroa" eros daiteke, esate baterako. Herrialde bakoitzari gehieneko igorpen-kuota aitortu die Kiotok; Errusiak eta beste herrialderen batek, egiaz igorriko dutena baino kuota handiagoak kudeatzen dituztenez, beste herrialderen batek horien soberakinak erosteko aukera izango du.

Iruzur egiteko beste modua, baimendutako igorpen-munta orekatu bitarte arbolak landatzea da. Karbono-hobiak (atmosferako gas kutsagarriak xurgatzen dituzten baso-azalerak) sustatzen dira horrela eta, basogintza edo nekazaritzako jarduerak piztearen truk, erregai fosilen erretzeko azturak funtsez ez aldatzen ahalegintzen dira herrialdeak. Horrelako jarduerak behin baino gehiagotan salatu dituzte nazioarteko erakunde eta elkarteek eta 2002 urtean egingo den Klimaren Gailurrean behin betikoz idatziko den agirian dute itxaropen-iturri.

Proposamenak

Negutegi efektuari buru egiteko legeriak antolatu eta neurriak hartzeko premia gorriaz estatuak eta nazioarteko erakundeak jabetzen diren bitartean, energi iturri berriztagarrien erabilera susta dadin bultzatzen ari dira erakunde ekologistak: biogasa, basogintzako produktuetatik eta nekazaritzako hondakinetatik eratorritako biomasa gasifikatzea, sukalde eta sutegi eraginkorrak, beroa eta elektrizitatea sortzeko geotermika, sistema fotovoltaikoak, erregai berriztagarria duten pilak, 10 MW bitarteko mikro- eta mini-hidraulika, eguzki-energia termikoaren bidezko beroa eta elektrizitatea, eguzki-sukaldeak, itsas uhinen energia, haize errotak, haize bidezko ponpaketa... Kontsumitzaileak ingurugiroari kalte egiten ez dioten teknologien aldeko aukera egin dezan ere ahalegintzen ari dira: etxeko-tresna elektriko eta industriarako ekipo eraginkorrak, ingurugiroarentzako errespetu handiagoa agertuko dutenak.

Greenfreeze etxeko-tresna elektrikoak

Zazpigarren hamarkadaren hasieran, kloroa oinarri duten konposatu kimiko batzuek -halo-karburoak, hain zuzen- ozonozko geruzari kalterik ez ziola egiten idoro zuten zientzialariek. Greenfreeze teknologia Greenpeacek sortu zuen 1992an, aparatuek hozgarritzat darabiltzaten CFC-en ordez, hidrokarburo naturalen (propanoa, isobutanoa, ziklo-pentanoa, etab.) bidez osaturiko apar isolatzailea bultzatuz. Errealitate dira gaur. Ozonozko geruza zein klimaren baitan kalteak eragin litzakeen gasik ez dutela, Greenfreeze hozkailu eta izozkailuak aurrera doaz gure merkatuan. Estatu espainolean fabrikatzen diren marka gehientsuenek Greenfreeze teknologia darabilte eta, hortaz, "Greenfresh" izen komertziala agertzen dute, inportatzen diren gehienek bezalaxe. Hala eta guztiz, baliteke dendan dauden marka horietako aparatu guztiak Greenfreeze ez izatea, lehenago eginiko modeloak badira, bereziki. Hori egiaztatzeko konpresorea (atzealdean dagoen depositu beltza) aztertu behar da: R-600ª marka baldin badauka Greenfreeze teknologiakoa da; ez da horrelakoa izango, aldiz, R-12 edo R-134a agertzen duena.

Protokoloa ulertzeko funtsezko terminoak

  • Negutegi efektuko gasak Klimaren aldaketaren eragileak. Protokoloan aipatzen diren gasak sei dira: karbono dioxidoa (CO2), metanoa eta nitrogeno oxidoa, besteak beste. Negutegi-efektua deritzo fenomeno horri, berotasuna Lurreko azaleratik gertu atzitzen delako.
  • Hobiak: atmosferako karbono dioxidoa xurgatzen duten arbola eta basoak.
  • Malgutasun mekanismoak. Estatu bakoitzarentzat izendatu diren igorpenak murrizteko Protokoloak agindutako «lanabesak» dira.
  • «Aterkiaren taldea»: EEBBak aitzindari dela, Protokoloa onestearen aurka agertu diren herrialdeak dira: Kanada, Errusia, Ukrainia, Zeelanda Berria, Norvegia, Islandia, Australia eta Japonia.
  • AOSIS. Gas kutsatzaileen igorpenaren murrizketaren alde sutsuen jardun den herrialde-multzoaren siglak. Kiribati eta Maldivak, adibidez, klima-aldaketaren ondorioz, itsas maila altxatzeak herrialdea suntsitu egingo lukeela baieztatzen dute.
  • G-77+Txina. Protokoloan xedaturiko murrizketak burutzetik salbuetsita dauden 132 herrialdeek osatutako multzoa. Herrialde horietako batzuk dira Afrikako gehienak, hau da, klima-aldaketa bortizkien paira dezaketenak.
  • KAGP. Klima-Aldaketaren Gobernu-arteko Panela, mundu zabaleko zientzialari eta aditu askok (mila baino gehiagok) eginiko txostena Bonneko negoziazioen abiagune izan zen.
  • LULUCF. Karbono dioxidoaren xurgatze-gaitasuna areagotzen dutelarik, basogintza ugaldu eta lurraren erabilerari dagozkion jarduera, Protokoloak onartuak.
  • Hageneko Gailurra. Bonneko Gailurraren aurrekoa. Bertan, blokeak ez ziren gauza izan Protokoloaz akordio batera iristeko.

Eduki honen erlazioak

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto