Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Udazkena izan daiteke etxeari garbitu bat emateko sasoi aproposa. Eguraldi gorabeherak lagun ditugula "hau da, gelak egurastu egin ditzakegu, gehiegizko bero zein hotzik nozitzeke" eta giroa oraino ez da hezeegia.
Horma eta pareten kolorea aldatzeko erabakia harturik, bi aukera ditugu, funtsez: profesionalaren zerbitzuak kontratatzea edo lanean geu saiatzea. Pintatzaile bat ekarri nahi badugu, ongi eginiko lanaren bermea ia segurua izango dugu baina, hori bai, 90 metro karratuko etxebizitza arrunt bati dagokion ohiko gastua 170.000 pezetakoa izango da, paretetan konponketak egin behar ez direnean eta pintura estandarrak aukeratzekotan. Lana guk geuk egitea deliberatzen badugu, bestelako kalkuluak egin beharko: 15.000 pezetako ekipo edo tresneria eta, 20 metro karratu bakoitzeko, 3 litro pintura (1.000 pezeta inguru litroko), eman beharreko bi eskuetako bakoitzean. Hau da, premiazkoa den denboraz gainera, 42.000 pezeta inguru gastatuko ditugunez, aurrezkia 125.000 pezetakoa izango da, hor nonbait.
Lana erraz eta eraginkorrago gerta dadin, hobe dugu hurrengo tresneria eskuratzea: eskailerak, babesteko zinta (400 pezeta biribilkia), maindire edo zatarrak (pintatu ezin daitezkeen elementu finkoak estaltzeko), espatulak (500 pezeta), lixa (100 pezeta), eragilea (500 pezeta), aurreko pintura erauzteko beharrezkoak; gutxienez, hiru tamainatako pintzelak, ile sintetiko edo naturalekoak (hauek garestiago badira ere, gehiago irauten dute): 200 pezetatik hasi eta 1.300 pezetaraino kostatzen da bakoitza; arrabolak (700 pezeta) azalera handiak, sabaiak eta paretak pintatzeko eta, azkenean, ontziak. Arrabola aukeratuz gero, bandeja beharko dugu; pintzela nahiago izatekotan, gaiak nahasteko adibidez, bestelako ontziak ere izango ditugu premiazkoak. Hermetikoki ixtekoak baldin badira, hautatu horrelakoak: nahasketa bera aurrerago erabiltzeko aukera emango digute eta.
Alor honetan aditua ez bazara, lortu nahi den bukaera eta dagokion azalerarentzat pintura egokiena aukeratu aurretik, hobe dugu aholkua eskatzea. Kolorea zaletasunen arabera aldatzen den arren, zerrenda komertzial batekoa izan edo nahasi behar ditugun tonuak erosita ere, hamaika aukera ditugu eta, hortaz, erabaki aurretik ongi finkatu behar dugu iritzia. Zerrenda komertzialetako koloreak azalera txiki-txikietan agertzen dira baina, errealitatera eramanik, dezente bizi eta agresiboago dirudite. Beraz, bainila tonuko horia nahi badugu, hobe da beilegi hitsa daukan potea aukeratzea. Kontuan hartu, horrez gainera, kolorearen tonua argitasunak (artifizial zein berezkoak) aldatzen duela. Kopuruak kalkulatzeko, estali beharreko azaleren zabalera eta luzera neurtu behar ditugu, tarteak (leihoak, ateak, etab.) salbuetsi gabe. Hobe da guk hautatu dugun pintura horren litroak zenbat metro pintatzen duen eta zenbat esku eman behar diren hornitzaileari galdetzea, emaitza on-ona erdietsi nahi badugu.
Pintatze-lanetan hasi aurretik hobe da gela egurastea eta, berehala, partikula hegalariak ekar ditzakeen aire-korronterik altxa ez dadin, ate-leihoak ixtea, partikula horiek, bestela, pintura hezeari itsatsiko litzaizkioke eta. Pintatzen hasteko modurik egokiena hauxe da:
Etxea pintatzea profesional baten eskuan uztea nahiago izanez gero, hainbat kontu gogoan izan beharko ditugu. Prezioa zehazteko bi oinarriak hauek dira: pintatu beharreko metro karratuen kopurua eta pintura-mota (honek lanaren prezioa zerbait altxa dezake, baina ez askozaz ere garestiago bihurtu). Etxe arrunt batek 90 metro karratu baditu, 170.000 pezeta inguru kostatuko zaigu pintatzea, eta profesionalen jardunak hiru egun iraungo du. Gaur egun dauden pinturak erabiliz, ez da ohiko kontua etxea gauez hutsik utzi behar izatea, lanaren antolamenduak hainbat gela libre edukitzea ahalbideratzen diolako langileari. Ahal den neurrian, haien lana erraztea komeni izaten da, altzariak baztertuz edo koadroak kenduz, laneko denbora (eta, horren ondorioz, fakturako munta) murriztu egingo delako.
Etxea pintatutakoan, tresneria eta ontziak behar den edukiontzian uzteaz gainera, bestelako neurriak ere har ditzakegu. Pintatzen ari den bitartean eta lanean amaitu ondoren ere ingurugiroa zaintzea merezi du: gogoan izan dezagun gai horiek biziki toxikoak direla, sekula ez biodegradagarriak. Material horiek tratatzeko sistema egokia, beti bi ontzi erabiltzea da: lehendabizikoan brotxak, poteak eta tresneria garbituko ditugu eta, azkenean, ontziak berak. Ur (edo olio) eta disolbatzailez osaturiko pintura-mota guztietarako balio du horrek. Ez ahantzi, ontziak mugitu ohi izatearen eraginez pinturako solidoak likidotik bereizten direla eta, horrela, osagai bakoitza eskuratzea errazago izango dugula.
Urez osaturiko pinturak tratatzeko prozedura berbera aplikatuko dugu orain ere, salbuespen hauekin:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa