Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

PAPEREZKO BERTSIOA.
2001eko uztaila / abuztua

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Eguzkitako betaurrekoen 20 lagin

Babestu, denak babesten dute, baina bakarren batek beharreko informazioa ez du ematen eta beste batzuek, berriz, argitasun gutxi dagoenean bakarrik balio dute

  Araudiak xedaturiko baldintzak denek betetzen dituzten arren, eguzki-argitasun gutxi dagoenean bakarrik dira egokiak lagin zenbait.

Eguraldi ederrak iritsitakoan, eguzkitako betaurrekoak ia ezinbesteko tresna bihurtzen zaizkigu. Horrelako betaurrekoen erabilera geroz eta gehiago zabaltzen ari da eta, horrekin batera, modaren gorabeherei hertsiki loturiko osagarritzat ere, egunetik egunera garrantzi handiagoa hartuz doaz. Izan ere, egun optika enpresek lehia bizian dihardute arropa diseinatzaile itzaltsuek, modako markek, boutique askok eta osagarriak bakarrik saltzen dituzte denda ugarik eginiko proposamenekin, nor bere estiloari jarraiki, denek aurkezten dituztelako eguzkitako betaurrekoak.

Panorama horretan, erabiltzaile batzuek eguzkitako betaurrekoek funtsezkoa duten zeregin praktikoaren gainetik betekizun estetiko eta sinbolikoa lehenesten dituzte, argi erradiazioaren aurrean gure begiak babestea bigarren mailan utzirik.

Europako legeriak eguzkitako betaurrekoak babes hornigailu indibidual (BHI) gisa hartzen ditu eta, halakotzat, modeloek CE marka agertu ahal izan dezaten, hainbat kalitate-baldintza xedatzen dituen araudia betearazten die. EEE-ko legeria horrek daukan ardatz nagusia hau da: eguzkitako betaurrekoak eguzkitik datozen erradiazio kaltegarrietatik eraginkortasunez babestu behar du erabiltzailea, koloreak eta irudiaren kontrastea atzemateko ahalmenean murrizketarik eragin gabe erabiltzailearengan.

Bistan den legez, eguzkitako betaurrekoak hautatzeko unean bete-betean asmatzeko funtsezko irizpidea betaurreko horiek nola erabiliko ditugun zehaztea da. Parametro hori baldintzatzen duten oinarrizko faktoreak babes-filtroa eta kristalaren kolorea dira, eta erabiltzailearen begietara iritsiko den argi-intentsitatearekin eta erradiazio-motarekin daude hertsiki lotuak. Erabakia nolabait hertsatzen duten beste elementu batzuk (estetiko hutsak bazterrean utzirik, erabat subjektiboak direlako) hauek dira: armazoiaren diseinua ¿ez du izan behar txikiegi, tamaina txikiko lenteak bakarrik har ditzakeelako, eta ez du egon behar aurpegitik urrutiegi, alboetako erradiazioa gehitzean, izpi ultramoreen absortzioa areagotu egingo litzateke eta¿. Nolanahi ere, eguzkitako (eta, oro har, beste ezelako) betaurrekoen kalitatearen berri beste hainbat kontuk adierazten digute, hala nola, armazoiaren erresistentzia, diseinua edota produktuan erabilitako gaiak.

Argiaren intentsitatea hein batez moteltzea, begiak erradiazio ultramorearen aurka babestea eta itsutze-efektua arintzea dira, batez ere, honelako betaurrekoen oinarrizko eginkizunak. Horiexek dira, izan, bai optika dendetan, baita arropa eta osagarriak saltzen dituzten boutique zenbaitetan ere erosi eta CONSUMERek aukeratutako 20 eguzkitako betaurrekoen azterketatik atera diren ondorioetako batzuk. Azterturiko laginen prezioen arteko aldeak ikaragarriak izan ziren. Denetan merkeenak Base (1.500 pezeta), Springfield (2.490 pezeta), Jota (2.780 pezeta), Fosco eta ZA Accesories (3.995 pezeta) marketakoak izan ziren, bostak ere arropa eta osagarrien dendetan erosiak; garestienak, berriz, Oakley (27.700 pezeta), Gucci (24.500 pezeta) eta Giorgio Armani (20.020 pezeta). Batez beste, eguzkitako betaurrekoak 11.000 pezeta inguru kostatu ziren. Neklot, MS F Basic, West, SunGeart Sport, Massimo Dutti, Dirty Dog eta Police laginen prezioak batez besteko horretara ez dira iristen eta azterketan ikerturiko Persol, Carrera, Ray Ban, Diesel eta Eassun marketako laginen kostuak, aldiz, 11.000 pezeta horien gainetik ibili ziren.

Betaurrekoen etiketak erabiltzaileari ematen dion informazioa, eskaintzen duten ikusmenaren kalitatea, eguzki erradiazioaren aurrean erdiesten duten babesa, lenteen egoera eta suharberatasunaren, erradiazioaren, balizko eroriko, kolpe eta igurtzien aurreko erresistentzia ere alderatu ziren azterketa honetan.

Goian genioen bezala, kontuan hartu beharreko goieneko eta behereneko mugak xedatuak ditu araudiak: baldintza horiek nahitaez bete beharko ditu betaurrekoak CE marka eraman ahal izateko. Aipa dezagun, bide batez, marka hori lagin guztiek agertzen dutela.

Ondorioak

Aztertu diren eguzkitako betaurreko guztietatik %15ek bakarrik daukate berme-agiria (horrelakorik ez da nahitaezkoa produktu honetan); araudiak eman beharrekotzat xedatua duen informazioa betaurreko hauen %55ek ez daukate. Ray Ban, Persol, Dirty Dog, Oakley eta Giorgio Armani marketako laginak (10.000 pezetatik gora kostatzen dira horiek denak) bakarrik zeuden egoera zuzenean kontsumitzaileari eman beharreko informazioaren atalean; azkenik, Oakley eta Giorgio Armani marketako laginek adierazten duten filtro-kategoria eta CONSUMERek laborategian egiaztatutakoa ez datoz bat.

Araudiak bost filtro-kategoria onartzen ditu, lenteak transmititzen duen argitasun-portzentajeren arabera sailkaturik. Hogei laginetatik hamaikak 3. kategoriako filtroa daukate, hau da, babes handikoa. Babes hori egokia da argitasun handia dagoenean, adibidez hondartzako eguarteko eguzkitan. Bestetik, 1. kategoriako filtroak (babes ahulenekoak, erdi-lainotsu dauden egunetarako aproposak) ere baziren, 2.ekoak (eguzki zuria edo ez oso bizia dagoenean) eta 4.ekoak (babes handienekoa, elurretan, mendian, itsasoan eta horrelakoetan erabiltzeko egokia), baina 0 kategoriako (barrualdeetan edo zerua hodeitsu dagoenean baliatzekoa) betaurrekorik ez zen. Ultramorearen transmisioa ¿bai atal osoan, baita UVA eta UVB izpietan ere¿ oso apal agertu zen baina legezko baldintzen arabera, nolanahi ere. Erradiazio ikusgarriaren transmisioa hobekien moteltzeari dagokionez, Oakley (%6) izan zen denetan hoberena eta Fosco (%71) zerrenda horretako beste muturrean nabarmendu zen. Beste aldetik, infragorriaren %80ko transmisioa hamar laginek gainditu zuten (gure ikusmenaz ari garela, alderdi honek ez du ultramorearenak bezainbesteko garrantzia, eguzkitiko erradiazioa den heinean). Base eta Fosco laginek agertu zuten, azkenik, argi urdinak eragiten dituen itsualdien aurkako babesik ahulena (transmisioa %70 ingurukoa izan baitzen).

Kasu guztietan ere, lentearen babesa arauaren araberakoa denez, atal honetan prestazio zuzenak nahi dituenak azterketa honetako betaurreko merkeenak aukera ditzake: Base UV 400 Protection lagina, eguzki-argitasun ez oso bizia dagoenean egokia da eta 1.500 pezeta baizik ez da kostatzen. Dena den, betaurrekoak kolpe edo igurtzietatik babestuko lituzkeen kutxatila edo zorroa ez dago prezio horretan sartua.

Araudiak xedaturiko informazio teknikoa eskaintzen duten betaurrekoak nahi dituenarentzat, nahitaezko baldintza garrantzitsu hori betetzen duen laginik merkeena MS F Basic da: 5.400 pezeta kostatzen delarik, eguzki-argitasun ertaina dagoenean aproposa da. Argitasun biziaren aurka begiak babesteko betaurrekoak eskuratu eta, aldi berean, produktuari buruzko asebetetzeko moduko informazioa jaso nahi duenak, berriz, aukerarik politena Massimo Dutti 7000 690 500 lagina du, 7.985 pezeta kostatzen dena.

Eguzkitako betaurrekoen ikusmen-kalitatea, bere aldetik, fideltasun kromatikoak (edo, bestela esatearren, koloreen pertzepzioan distortsiorik ez izateak) baldintzaturik dago, neurri handi batean. Fideltasun hori zuzena da azterturiko lagin guztietan; Springfield markako modeloa bakarrik gerturatu da (baina muga gainditzeke) berde koloreari dagokion ikuste-moteltze erlatiboaren koefizientearen ertzera: indize matematiko horrek distortsioaren berri zehatza ematen digunez, garrantzi handiko faktorea da, esate baterako, semaforoetako berdea bereizteko unean.

Azpimarra dezagun, ikusmenean arazorik ez duten erabiltzaileentzako eguzkitako betaurrekoek ikuspegi optikotik neutro izan behar dutela, hau da, graduatu gabeak. Jota laginak potentzia optiko txikia (+0,12) agertu zuen arren, legez onartutakoaren mugen barnean dago. Beste aldetik, kontuan hartu behar da lentearen masan edo azaleran dauden burbuilek, ildaskek, marrek eta bestelako akatsek ikuspenaren kalitatea hondatzen dutela. Azterketa honetan, azaleko marrak bost betaurrekoetako bi lenteetatik batean bakarrik hauteman ziren.

Argitasunaren aurkako babesa eta...

Aipatutakoez gainera, lenteen erresistentzia mekanikoa, suharberatasunaren, erradiazioaren, balizko eroriko, kolpe eta igurtzien eta antzekoen kontrako erresistentzia zehazten dituzten parametroak ere finkatuak ditu arautegiak: horiek guztiek, betaurrekoen iraunkortasuna eta zaharkitze-prozesua adieraziko digute. Alor interesgarri honetan ere, behar bezalako jokaera agertu zuten laginek, salbuespenik gabe.

Berde kolorekoak dira lente gehienak: horixe jotzen dute hobezineko koloretzat, daukan fideltasun kromatikoagatik eta argitasun handi-handiko baldintzetan agertzen duen jokaera kontuan harturik.

Atera beharreko ondorioak, horrenbestez, hauek dira: oraingoan aztertu diren eguzkitako hogei betaurrekoek eginkizuna eta legeriak xedaturiko kalitate-baldintzak ederki betetzen dituzte; bestetik, betaurrekoen erabilera (armazoiaren gaiak, diseinuaren kalitatea, etab.) eta ikertu ez diren bestelako irizpide subjektiboago batzuek (estetika eta moda alderdiekin lotuak) adieraziko diote kontsumitzaileari nolako aukera duen egokiena.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto