Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Legazkidun jaki ultraizoztu prestatuak: Soltean saltzen direnak ontziratuak bezain onak eta, gainera, merkeago

  Legatza osagai dutelarik, aurretiaz prestaturiko zortzi jaki ultraizoztu aztertu dira oraingoan. Horietako hiru "legatzezko makilatxoak" (palitos) dira; bata Eurofrits markakoa eta beste biak soltean saltzen direnak. Lau lagin dira "legatzezko ziriak" (varitas), Frudesa eta Pescanova markako bana eta beste bi soltean erositakoak. Azkenekoa, Pescanova firmako "legatzezko gutiziak" (delicias).

Denak ere, irin, ogirin eta osagai berdintsuetan bilduriko legatzaz osaturik daudela, aurrez prestatutako jakiak dira; aldeak, jakiaren estaldurak eta tamainak adierazten dituzte: "makilatxoak" tamaina txikienekoak dira, ondotik "gutiziak" datozela; denetan handiena, noski, "ziriak" ditugu. Produkturik merkeena ("1 zk.ko makilatxoak soltean" bataiatu ditugu) kiloko 500 pezetatik behera kostatzen zen bitartean, garestienaren (Pescanova markako gutiziak) kostua ia 1.500 pezetaraino iristen zen, kiloko. Frudesa eta Pescanova marketako zirien prezioa 1.000 pezetatik gora zebilen. Soltean salgai daudenak, oro har, merkeago izaten diren arren, bada salbuespen bat: Eurofrits makilatxo ontziratuak kiloko 500 pezeta baino gehixeago baizik kostatzen ez direlarik, "1 zk.ko ziri" bataiatu ditugun horien kiloko prezioa ia 800 pezetara iristen da.

Funtsezko hiru galderak

Haurrek horren gustukoa eta gurasoek zein ikastetxeetako profesionalek horren erosoa duten aurretiaz prestaturiko jaki honen aurrean hainbat galdera ditugu, egin beharrekoak: legatza ote da benetan lehengaia?, zenbat legazki daukate produktuok?, soltean saltzen direnek eta ontziratuek kalitate berdina eskaintzen al dute? CONSUMER-ek, azterketa konparatiboa egin ondoren, erantzun batzuk ekarri ditu hona. Arrainaren ADN-aren azterketa egin ondotik hauxe egiaztatu da: zortzi laginetan ere, onarturik dauden legatz-barietateetakoren bat bakar-bakarrik erabili da. Bigarren galderari dagokionez, zortzi laginetatik zazpitan, produktu osoaren erdia baino gehixeago baizik ez da legazkia (zortzigarrenean, %34a baino ez). Legatz gehien daukatenak (%61) Frudesa markako ziriak (ontziratuak) eta 1 zk.koak (soltean) dira. Nolanahi ere, etxean prestatzen den horrelako jakian baino arrain gutxiago daukate lagin hauek. Horrek esan nahi du aldez aurretik prestaturiko jaki hauek etxean prestatutakoek baino proteina gutxiago eta gantz eta kaloria gehiago aportatzen dituztela eta, horrenbestez, nutrizioaren ikuspegitik, maiz antzean jateko etxekoak bezain interesgarriak ez direla hauek. Azkeneko galderari dagokionez, soltean saltzen diren prekozinatuek ontziratuen paretsuko kalitatea agertu zuten: ez daukate legatz gutxiagorik, egoera sanitario egokian daude eta ontziratuak bezain goxoak gertatzen zaizkie dastatzailei. Kontsumitzaileari eman behar zaion informazioa dute hutsunea, ostera: soltean salgai dauden lau laginek etiketari buruzko araua urratzen dute, eskaini beharreko datuak ematen ez dituztelako.

Bestelako ondorioak

Azterketatik beste ondorioren bat ere atera da, hala nola: ziriek makilatxoek baino legazki gehiago daukate, lagin guztiek ekilore-olioa baliatu dute eta denen egoera higieniko-sanitarioa egokia bada ere, zortzi laginetatik zazpik (salbuetsirik daudenak Frudesa markako ziriak dira) listeria izeneko eragile patogenoa zuten, ofizialki onartutako kopurua baino dezente gutxiago, edonola ere. Beste aldetik, gehiago ordaintzeak legazki ugariagoko jakia eskuratzearen edo kalitate gastronomiko hobea bermatzearen pareko ez dela ere egiaztatu zen. Dastaketan denek lortu zituzten emaitza politak eta bi lagin hoberenak Frudesa ziriak eta "1 zk.ko ziriak" izan ziren. Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena (etiketaren okerra kontuan hartzen ez badugu) "1 zk.ko makilatxoak" laginak eskaini zuen, bera baita denetan merkeena (465 pezeta kiloko), dastaketan maila polita erakutsi zuen eta guztirako produktuaren %53a legazkia daukalako. Ontziratuak nahiago dituenarentzat, aukerarik hoberena Frudesa markako ziriak dira: 1.008 pezeta kiloko, guztiaren %61a legazkia daukate eta dastaketan puntuazio onena eraman zuten.

Daukatena

Osagai nagusia legazkia dute produktuok: arrain zuria izateak, gantz gutxi edukitzeak eta, hortaz, ekarpen kaloriko urriak bereizten du legatza. Halaz ere, aurrez prestaturiko jakiok biziki kalorikoak dira, estaldurak aportatzen duen karbohidratoen ugariagatik eta, gainera, jangarri izateko oliotan frijitu behar baitira. Arrain gehien duten laginak hauek ditugu: Frudesako ziriak eta 1 zk. ziriak soltean, biek ere %61a legazki dutelarik. Arrain gutxien agertu zuen lagina, aitzitik, Eurofrits markako makilatxoak, legatzaren agerpena %34ra ozta-ozta iristen baitzen. Gainontzekoen legazki edukia %51 eta %55 bitartean dabil. Hortik aurrerakoa estaldura da, bildukia.

Lau lagin ontziratuen etiketan agertzen da nolako osagaiak dauzkaten eta legazkia zein proportziotan dagoen. Zortzi laginetatik bitan, azterketak egiaztatu zuen bezala, arrainaren agerpena fabrikatzaileak adierazitakoa baino txikiagoa da: Eurofrits markak bere produktuak legatzaren %40a daukala esaten duen bitartean, laboratorioan %34a bakarrik agertu zen. Frudesa laginaren edukia, era beretsuan, %61ekoa delarik, %65 duela iragartzen du etiketak. Nolanahi ere, onartzeko moduko datuak dira horiek, lantze prozesuan galerak jazotzen dira eta.

Frudesa zirien estaldura ogi birrindua, galirina eta patata-fekulaz osaturik dagoen bitartean, Pescanova markako ziriek eta Eurofrits markako makilatxoek ogi birrindua eta galirina daukate bilduki gisa. Pescanova gutizien estaldura zekale, arto eta gari irinak osaturik dago. Soltean saltzen direnetan, alderdi horri buruzko informaziorik ez da azaltzen. Datu batean datoz bat lagin guztiak: erabilitako koipea ekilore-olioa da, olio-motak hautematen dituen azterketak agerian utzi bezala.

Egoera sanitario egokian

Legazkia osagai nagusi duten produktu hauek prestatu ondoren ultraizoztu edo azkar izoztutakoak dira. 180ºC-ko tenperaturan irakiten duen oliotan frijituta kontsumitzen direnez, mikroorganismoen arriskua hein handi batean bazterturik gertatzen da. Beraz, saihets horretatik, gordinik kontsumitzen direnak baino seguruagoa da produktu hau. Laginen egoera higienikoa aztertzeko, mikroorganismo aerobio mesofiloen zenbaketa egin zuten laboratorioan. Arauak xedaturiko muga zorrozki bete zuten lagin guzti-guztiek. Beste alde batetik, laginetan salmonellaren (eragile patogenoa) arrastorik ez zegoela ere frogatu zen. Frudesa markako ziriek izan ezik, ordea, denek zuten listeria eragile patogenoaren arrastorik; mikroorganismo hori desagertzea ez da kontu erraza, naturan berez agertzen baita, noiznahi. Araudiak onarturiko kopuruetara, dena den, laginak ez ziren hurreratu ere egin, parametro honi dagokionez denak oso azpitik zebiltzala. Zortzi produktuen egoera higieniko-sanitarioa, beraz, zuzena da. Frudesa markako ziriak izan ziren listeriarik erakutsi ez zuten bakarrak eta aerobio mesofilo gutxien zeukatenak: horrenbestez, bera da egoera sanitario hobereneko lagina, dudarik gabe.

Soltean saltzen direnek informazio eskasa

Ontziraturik merkaturatzen diren lau laginen etiketa zuzen dago: produktuak ultraizozturik daudela iragarrita, hozkailu edo izozkailu-motaren arabera iraun dezaketen denbora agertzen dute, berariazko taulan. Aipamen hori nahitaez egin beharra dago. Pescanova markako laginek adierazten dute produktua -18ºC-ko tenperaturan mantendu behar dela eta, halaber, hiru edo lau izarretako hozkailuetan kontsumitzeko data hobetsira arte bakarrik gorde daitezkeela diote. Eurofrits eta Frudesa laginekoek, bere aldetik, produktuok hozkailuetan "hainbat hilabetez" manten daitezkeela adierazten dute. Frudesa markakoetan kontsumitzeko data hobetsia adierazten den arren, hotz-katea ¿18ºC-tan mantendu izana ezinbestekoa dela azpimarratzen du. Hona aipatu beharreko beste datu bat, lagin ontziratuetan agertzen dena: produktua desizoztu baldin bada ez dela ostera jelatu behar. Horiez gainera, ontzi guztietan jakinarazten da produktua prestatzeko egoskera, eta osagaien zerrenda (legazkiaren kopurua zehazturik) eta produktuaren nutrizio-balioa agertzen da.

Soltean erositako lauretan, ordea, kontsumitzaileari informazio askorik ez zaio ematen. Produktuaren izena eta prezioa adierazten dute bakarrik eta beste hainbat datu ere eman behar zuten: produktu ultraizoztua edo azkar izoztua dela jakinarazi, produktu-lotearen zenbakia eman eta kontsumitzeko data hobetsia zein den gaztigatzea, besteak beste. Soltean salgai dauden elikagai horien etiketa, beraz, ez dago zuzen.

Lagin guzti-guztiek legatza daukate

"Legatza" izena, merluccidae familiako arrain gadiforme askok dute, denak ere gadido eta moridoen ahaide izaki. Indarrean dagoen legeriak ez dio derrigortzen fabrikatzaileari arrain jelatua zein espezietakoa den zehaztea baina, dena den, oraintxe lantzen ari den arautegi berriaren arabera, ekoizleak arrainaren espeziea, izen zientifikoa eta komertziala adierazi beharko ditu etiketan. Araudi berriak legatz izeneko arraina bi sail komertzialetan banatuko du: batetik, merluccius izen zientifikoko legatza (honen barruan europar legatza edo merluccius merluccius, Lurmutur Hiriko legatza, australa edo Txilekoa, Argentinakoa, legatz beltz eta zilarreztatua eta Bostongoa daudela) eta, bestetik, macruronus izen zientifikoko isats legatza (sail honetan Zeelanda Berriko eta Patagoniako isats legatzak daudela).

Lagin bakoitzean nolako legatz espeziea baliatu zen zehazteko, PCR teknikaren araberako azterketa egin zen, hau da, kontua zen produktuaren ADNa isolatzea, anplifikatzea eta, arrain bakoitzak berariazkoa duen ADN horren zati zehatzak identifikatzen dituen sekuentziazio genetikoa egitea. Eurofrits, Frudesa, Pescanova ziriak, Pescanova gutiziak eta 1 zk.ko solteko ziriek macruronus generoko "isats legatza" baliatzen duten bitartean, 2 zk.ko solteko ziriek eta 1 zk.ko solteko makilatxoek darabilten legatz-espeziea zehaztu ez den arren, merluccidae familiako kide bat dela egiaztatu dute; beraz, legatza da hori ere. Bestetik, soltean saltzen diren 2 zk.ko makilatxoek Lurmutur Hiriko sakontasun handiko legatza ezarri du produktuan, hau da, Merluccius paradoxus. Horrenbestez, berriro diogu, lagin guzti-guztiek darabilte legatza.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto