Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Aire girotua: Eraikinetako mikroklimak gaixotu egin ditzake bertako pertsonak

Gure denboraren %80 eta %90 artean lokal itxien barruan ematen dugu, giro desberdina eta neurri handiago edo txikiagoan kutsatua dutenetan

  Horietako askotan aire behartu bidez aireztatzeko/klimatizatzeko sistemak dituzte, 70eko hamarkadan ugaritzen hasi ziren horietakoak. Eraikin hermetikoak izaten dira gehienetan eta leihoak dituzten arren, ez dira aireztatzeko, argia sartzeko baizik. Airea kanpotik hartu eta barruan banatzen da. Eraikin funtzionalak dira, gehienetan bulego, zerbitzu, saltoki handi, enpresa, eskola, haurtzaindegi, zaharren egoitza, hotel eta antzekoetarako erabiltzen direnak; beste ezaugarri batzuk ere izaten dituzte: higiezin arin eta kostu gutxikoak izaten dira, ehungintzako material edo material sintetikoz estalitako barrualdeak dituztenak. Egoitza pribatu edo etxebizitza zenbait ere aire girotuaren instalazioarekin eraiki ziren, konfortaren adierazle gorena zelakoan.

Hala ere, urte batzuk geroago eraikin mota horretan sortzen den mikroklimarekin erlazioa duten koadro klinikoak eta agerpenak jasotzen hasi ziren. Horrela, ebidentzien aurrean, Eraikin Gaixoaren Sindromea (EGS) kontzeptua sortu zen, eraikin hauetan egoten direnek izaten dituzten sintomen multzoa izendatzeko. Eraikin gaixoa dela aipatu ahal izateko beharrezkoa da bertan egon ohi direnen %20 baino gehiagok EGSaren agerpenen bat izatea (begietako pikorra, larruazala lehor, sudurreko kongestioa, marranta ¿). Kasu batzuetan izan ezik, ez da patologia larria izaten, oraindik ongi ezagutzen ez den arren. Gainera, aire girotua ez da EGSaren erantzule bakarra; beste faktore edo gorabehera batzuek ere eragin ditzakete sintomak eta kexuak: eraikuntzako materialek, jarduera motak, bertako jendearen ohiturek, kanpoko airearen inguruneak...

Arrisku faktoreak

Giro-kutsagarriak, hala nola konposatu kimiko eta biologikoak izan daitezke airean eta sintometako batzuk eragin. Kutsagarririk esanguratsuenak, karbono dioxidoa, karbono monoxidoa, lurrun organikoak, zuntzak, airean dagoen hautsa...

Pertsonak ere kutsadura-iturri bihurtzen dira: erretzaileak kea sortzen du eta ke hori sistemak birziklatu eta eraikin guztian zehar zabaltzen du. Eta beste hainbeste gertatzen da garbiketa eta desinfekziorako erabiltzen diren materialekin, fotokopiagailuek botatzen duten ozonoarekin eta girora isurtzen diren beste produktu batzuekin ere. Ez dira ahaztu behar kanpotik etor daitezkeen elementu kutsagarriak ere, kanpoko airea hartzeko moduaren arabera.

Usainek, argiztapen arazoek eta zaratak ere gehitu egin dezakete konfortik eza eta sintoma zenbait agertzea. Baina batez ere tenperatura eta hezetasun maila dira arazo gehien eragiten dutenak, eraikin bereko gune batetik bestera izaten diren desberdintasunak medio, zaila baita berdin-berdin banatuta egotea.

  Eraikin horietako atmosferaren ionizazioa ere EGSaren eragile gisa aipatu izan da. Karga elektriko txikiak dituzten aireko molekulak dira ioiak. Ioi positibo eta negatiboak daude, eta atmosfera orekatu batean bost eta lauko proportzioan egoten dira. Hirietan ioi positibo larregi izaten da eta landa-eremuan eta mendietan negatiboak izaten dira ugariago. Giro itxi batean ioi negatiborik ez izatea sintoma askoren eragile izan liteke zenbait adituren arabera, baina ez dago horren ebidentzia zientifikorik eta ioien generadore edo sorgailuak erabiltzeak ere ez du mesedegarri denik erakutsi.

Behar adinako aireztapenik eza da arrazoien artean gehien aipatzen denetako bat. CO2 neurketa parametro ona da airearen kalitatea neurtzeko: behar adina berritzen ez denean, CO2 kontzentrazioak 1000 ppm (milioiko parte) gainditzen du eta aireztapen sistemak ez duela ongi funtzionatzen adierazten du. Aire "prestatua" kanpoko eta barruko airearen nahasketaren emaitza da, beharren arabera aire hori iragazi, berotu eta hoztu edo hezetu edo hezetasuna kendu ondoren. Funtzionamendu akastunak aldaketak eragiten ditu; aldaketa horiek antzeman egiten dituzte bertan daudenek eta behar diren neurketen bidez objektibatu daitezke: CO2 kontzentrazioa, tenperatura, hezetasun erlatiboa eta absolutua eta teknika sofistikatuagoak eskatzen dituzten beste parametro batzuk.

Airearen kalitatearen parametroak

Estatuko eta nazioarteko erakundeek gidak eta estandarrak garatu dituzte. Horietan airearen kalitatea baloratzeko irizpideak finkatzen dira, kutsagarri kimiko eta biologikoen, tenperaturaren, hezetasunaren eta abarren arabera.

  • Adierazleetako batzuk:
  • Aireko tenperatura operatiboa: 22ºC ±2ºC negurako eta 24,5ºC±1,5ºC udarako.
  • Lurrazaleko tenperatura: 19 eta 26ºC artean.
  • Airearen batezbesteko abiadura: 0,15 m/seg baino txikiagoa neguan eta 0,25 m/seg baino txikiagoa udan
  • CO2 kontzentrazioa: 1000 ppm baino txikiagoa
  • Hezetasun erlatiboa: %95 eta %99 bitartean
  • Aire-hornidura: superior a 30 m3/ordu/pertsonako baina handiagoa; erretzailerik baldin badago, hirukoiztu egin behar da.

Onddo, bakteria eta antzeko kutsagarri biologikoak oso erraz erreproduzitzen dira iragazki, hozte-unitate edo panel isolatzaileetan, hezetasun, tenperatura eta elikagai aldetik baldintza egokiak aurkitzen baitituzte hazteko. Horiek suntsitzeko ere tolerantzia-mugak eta lagin-estrategiak, prozedura analitikoak eta gomendioak daude ezarrita.

Aire egokitua duten eraikinetako arazo ohikoenak

  • Kanpotik datozen kutsagarriak
  • Bertan daudenek sortzen duten kutsadura: tabakoa, fotokopiagailuak, pintura, garbiketa eta konponketa lanak...
  • Gune berezietatik datozen kutsagarriak: sukaldeak, inprimategiak, laborategiak...
  • Airea behar adina ez berritzea
  • Gune batetik bestera airearen kalitatean desberdintasunak izatea
  • Kutsagarri biologikoen presentzia handia
  • Eraikina behar adina ez garbitzea
  • Halabeharrezko kutsadura: isurketak, produktu kimikoak dituzten ontziak apurtzea, gas-ihesak

EGSaren sintomak

Salbuespenezko kasuetan izan ezik, agertzen diren patologiak ez dira larriak izaten. Deskribatu diren sintoma ohikoenak bost kategoriatan sailka daitezke:

  • Begietakoak: begietako azkura, gorritzea eta negarra.
  • Larruazalekoak: larruazala lehortzea, gorputz guztiko azkura, larruazala gorritzea.
  • Arnasbideetakoak: rinorrea (muki-jarioa), sudurreko kongestioa, doministikuak, sudurreko azkura, sudurreko hemorragiak, eztarri lehorra, garrazpera, marranta.
  • Beheko arnas-bideak (bronkio eta birikak): bularraldeko estutasun sentsazioa, itolarria, bularreko ziztua, eztul lehorra.
  • Orokorrak: buruko mina, kontzentratzeko zailtasuna, suminkortasuna, logura, zorabioak.

Gaixotasun larriagoak ere antzeman dira: hipersentsibilitateagatiko neumonitisa, hezegailuen sukarra, asma, rinitis kronikoa, dermatitisa¿ Eta, salbuespen gisa, baina agertzen denean ondorio larriekin, Legionelosis beldurgarria, duela gutxi ezagutu duguna. Arazo hauentzako irtenbidea ez da erraza eta sarritan garestia izaten da; baina eraikin horietan bizi edo lan egiten dutenen osasuna bada nahikoa arrazoi neurriak hartzeko, eta airearen kalitatea neurtu, arazo-iturrien analisia egin eta arazook konpontzeko neurri zuzentzaileak hartzeko.


Eduki honen erlazioak

Interesatzen zaizu

Gainera...

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto