Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Javier Martínez Plumé, irakaslea eta trafikora aplikaturiko teknologia berrietan aditua: "Gidaria ere bada trafiko arazoen erantzule"

 Javier Martínez Plumé Informatika eta Elektronikan espezializaturiko fisikari gazte bat da eta Valentziako Unibertsitateko Robotika Institutuan lan egiten du ikerketan eta irakaskuntzan.

Trafikoa eta Garraio Sistema Inteligenteak (GSI) izan ditu bere karreraren ardatz eta hainbat proiektutan parte hartu du estatuan eta nazioartean, teknologia berriak aztertu eta errepide sare, kontrol sistema eta trafikoaren kudeaketa eta informazioan aplikatzeko. Martínez Plumé hizlari izango da Bilboko Euskalduna jauregian ekainaren 21etik 23ra Bilbao 2001 erakundeak antolatzen duen "Hiria atzamar puntan" Biltzarrean, Garraiorako Sistema Inteligenteak aztertu eta etorkizunean tamaina ertaineko hirietan aplikatu ahal izateko, garraio eta mugikortasun arazoei konponbidea jarri ahal izateko. Javier Martínezen ustez "gutxi falta da gizarteak garraiora eta trafikora aplikaturiko teknologia berriak hizkuntza barnera dezan".

Zer dira Garraio Sistema Inteligenteak?

Trafikoa arautzeko eta gidatzean segurtasun handiagoa lortzeko bitarteko bat dira. Elkar ulertzeko, ikono, sinbolo eta oharretan oinarritutako panelak dira, teknologia berriak baliatuz trafikoa antolatzen dutenei eta hiritarrei, gidari zein oinezkoei informazio zabalagoa emateko. Adibidez, hiri batera iristen garenean eta panel batek trafiko pilaketak non dauden aditzera eman eta ordezko ibilbide bat proposatzea, edo bihurgune batera sartzean seinale batek abiadura handian goazela antzeman eta kartel argitsu baten bidez abiadura jaitsi beharra dugula ohartaraztea.

GSIak jarri nahi ditugu behar duten errepide eta bide guztietan eta hiritarrak horiek interpretatzen jakin dezala eta baliagarri izan daitezela. Ikonoak jende guztiak uler ditzan diseinaturik dauden arren, ez litzateke txarra zirkulazio kodean sartzea, sinbolo horiek ulertzen ez badira emaitza kaskarrak lortuko ditugu eta. Gutxi falta da gizarteak teknologia berrien lengoaia barnera dezan eta etxean eta lanean gure eguneroko bizitzaren atal izan daitezen. Urte gutxi barru oso ohikoa izango da bidegurutze batera iritsi eta bide bien egoeraren berri emango digun panel bat aurkitzea.

Gaur egun oraindik ia utopia da punta-puntako ordutegian trafiko pilaketarik izango ez duen milioi erdi bizilaguneko hiri bat aurkitzea. GSIen baliabideak optimiza daitezke hiri barruko eta inguruko errepide sarea hobeto antolatzeko?

Hiritarrak garraio publikoa erabiltzera ohitzen ez badira eta "auto bat, bidaiari bat" ratioari eusten bazaio, oso zaila izango da trafiko pilaketei aurre egitea, teknologia berri guztiak aplikatu arren. GSIek, trafikoa optimiza dezakete, baina errepideak muga batzuk ditu, hodiek bezala; hodiak ere ezin du irentsi barruan sartzen dena baino ur gehiago. Hobekuntzak egin daitezke, baliabideak zabaldu eta zurrunbiloak saihestu, baina ezin izango dugu ezinezko dena lortu.

Zein onura ekartzen dio gidariari trafikoari buruzko informazioa denbora errealean jasotzeak?

Trafikoa ez dago arduradun bakarraren menpe; agente eta erakunde asko dago tartean. Horietako bat, ahaztu egiten zaigun arren, gidaria bera da, trafiko arazoen erantzule zuzena. Guztiok etxetik ordu berean irteten badugu eta joan behar dugun lekura joateko bide berberak erabiltzen baditugu, pilaketak sortzea da normalena. GSIen bidez asmoa ez da ohiturak aldatzea, baina errepidean gertatzen denari buruzko informazioa denbora errealean eman dezakete eta baita denbora tarte labur batean gertatuko dena iragarri ere; horrela, erabakiak hartu ahal izango ditu erabiltzaileak, bere eta trafikoaren mesedetan.

Zein komunikazio sistemen bidez eskaini eta jasotzen da informazio hori?

Betiko irratiaz gain, beste asko ere ezagun egiten ari dira. Mezu aldagarriak dituzten panalek alternatibak eskaintzen dizkiote gidariari, gertatzen denaz informaturik izango dira eta horrek areagotu egiten du segurtasun sentsazioa. Bidegurutze batera iritsi eta leku batera joateko bi bide baldin badaude, eta panel batek badio horietako batean kilometro gutxira erretentzioa dagoela, gidariak norabidea aldatu eta bide alternatiboa hartu ahal izango du. Horrela, kongestioa arinago desagertzea lortzen da eta istripu arriskua gutxitzea.

Wap eta GPS sistema teknologikoek informazioa eskaintzen diote gidariari, baina irakurri egin behar da eta, beraz, datu horiek lortzeak despisteak edo istripuak ere eragin ditzake...

Bai, istripuak eragiten ditu. Horregatik, erabiltzailearekiko interfazea hobetzea bilatzen dute ikerketek eta irakurtzera edo komunikazioetara adi egon beharrean, informazioa era automatikoan eta ahoz lortzea. GPS orientazio sistemek edo WAP telefonoek ibilbideak markatzeko balio dute, baina gidariari ahoz mezuak bidaltzeko gauza izan behar dute. Europako Elkartea RDSTMC sistema ari da bultzatzen irratiaren laguntzaz, trafikoko mezuak kodetzeko. Erabiltzaileak autoan duen gailuan, bere hizkuntzan deskodeturik jasoko ditu mezuok. Horri esker, Alemanian zehar autoz baldin banoa, gazteleraz jasoko dut Alemaniako errepideei buruzko informazioa.

Zenbat kostako da, denbora eta dirutan, sistema berri hori ezartzea?

Hemen proba fasean dago, baina aurreikuspenen arabera, hamarkada batean oso arrunt bihurtuko da gailu hori erabiltzea. Prezioari buruz, aurrerapen teknologiko guztiekin bezala gertatzen da. Duela urte batzuk aire-poltsa edo aire girotua gama altuko ibilgailuetan bakarrik izaten ziren eta une honetan auto txikietan ere serieko ekipamenduan sartzen dira. Deskodetzailearen prezioa autorako irrati baten prezioaren antzekoa izango da.

Nola uler daiteke errepide-zati arriskutsuetan, zorigaitzeko "puntu beltzetan" GSI jartzea, istripu ugari eragiten duten bide-zati horiek aldatu beharrean?

Ez da beti hala izaten, baina zenbait bidegurutze, bihurgune eta aldapa-gainalde gidarien erruz bihurtzen dira arriskutsu eta, beraz, agian obrak egitea ez da konponbidea izango. Eta baliteke konponketak egitea ezinezko izatea ere. Eraginkorrago izan liteke teknologia erabiltzea, informaziorako panel bat edo informazio pertsonalizatu eta ikusgarria emango duen radar bat jartzea, eta ez 40 kilometro orduko muga jartzen duen seinalea bakarrik, gidariak bere portaera aldatu eta errepide zati horretarako egokia den abiaduran joan dadin.

Beraz, teknologia berriak sartzeaz gain, bide-heziketa hobetzeko premia ere badago.

Europa iparraldeko herrialdeetara joanez gero, paradoxa badirudi ere segurtasuna oso handia dela ikusten da, errepideak orografia eta klimaren eraginez oso kalitate txarrekoak diren arren. Europako istripu-tasarik txikiena dute. Heziketak eta gidariek hartu dituzten ohiturek eragiten dute hori, izan ere, auto indartsuak izan arren errespetatu egiten dituzte zirkulazio arauak. Teknologia behar bezala erabiltzen jakitean oinarritzen da guztia.

Teknologia berriek zenbateraino lagun dezakete opor egunetako biktima kopurua gutxitzen?

Erabiltzaileari informazio gehiago eta hobea ematen lagun diezagukete. Oporrak iristen direnean bidaian joan nahi dugu, baina datu guztien berri izanda abiatzen bagara, hau da, iragarpenez gain bidean goazen bitartean gertatzen direnen berri baldin badugu, abiadura egokitu egin ahal izango dugu, bazkalordua aurreratu, gelditu eta herriren bat bisitatu... Horrela gutxitu egiten da hamar kilometro aurrerago zer aurkituko dugun ez jakiteak sortzen duen ezjakintasuna, egonezina eta nerbio sentsazioa.

Garraioaren eta, ondorioz, gaur egungo modus vivendiaren ezaugarri nagusia bidaia gehiago, urrutiago eta azkarrago egiteko aukera da. Hori al da aurrerapena?

Hiru premisa horiei laugarren bat gehitzen badiegu bakarrik: bidaia seguruagoa egitea. Orduan, zalantzarik gabe, aurrerapena da.

Ez dugu oinezkoari buruz hitz egin. Zertan lagunduko diote GSIek?

Egokiago gidatzeko elementu gehiago izateak ematen duen segurtasunaz gain, GSIek oinezkoari buruz egin dezaketen ekarpenik handiena eta onena zerbitzu publikoen kalitatea indartzea da. Oinezkoak metroa edo autobusa erabiltzen badu eta horiek erabiltzean itxaronaldi, gorabehera eta trafikoaren egoerari buruzko informazio zuzena jasotzen badu, konfiantza handiagoa izango du eta kalitatezko zerbitzua jasotzearen berme horren ondorioz oinezko eta garraio publikoaren erabiltzaile ohiko bihurtuko da.

Zein abiadura behar da hiriko gune bakoitzean?

Hiriko bide batek, lau karril izan eta hiriko saihesbide izan arren, leku bat hartzen du hirian eta, beraz, arriskua dago nolabait esatearren "etxeko istripuak" izateko: baloiarekin jolasean ari den haurra, txakurra, intermitente bidez maniobraren berri ematen ez duen gidaria...; horien aurrean, abiadura 50 kilometro orduko baino handiagoa baldin bada, nekez eragotzi ahal izango da gertaera larririk. Hirian gaudela jabetu behar dugu eta semaforoak eta seinaleak zirkulazio mota horri dagozkionak direla. Gainera, hirietan teknologia berri asko aplikatu da, batzuetan hiritarrak antzeman ez arren. Adibidez, trafikoa orokorrean arautzen duten sentsoreak jartzen dira leku klabeetan. Sarrera batean auto pilaketa txiki bat eragiten da, beste leku batzuetan handiagorik sor ez dadin. Dena kontrolaturik dago, aldaketa jakin batek aldi berean trafiko osoarengan eragina izan dezan.

Azkenik, teknologia berriek aurreikusten dute garraio jasangarriagoa eta ingurumenarekiko hain erasokorra izango ez dena?

Une honetan, garraio publikoa gehiago erabiltzea da jasangarritasunaren oinarria. Teknologiak ekinean ari dira alternatiba ekologikoak aurkitu eta aplikatzeko, batez ere erregaiei edo transmisio sistemei dagokienez; baina ez da ahaztu behar garraio publikoa bultzatzea dela neurririk errealista eta posibleena ingurumenaren mesedetan jardun nahi bada eta horrek GSIak dezente hobetu eta aplikatzea esan nahi du.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto