Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Latako zainzuriak: Prezioak eta jatorriak ez dute eragin handiegirik kalitatean

250 gramoko pisu xukatuko latan (batek, 220 gramo zeukala adierazten zuen) zetozela, "lodi" kalibre eta "aparta" kategoriako zainzuri zurien zortzi lagin aztertu dira oraingoan

 250 gramoko pisu xukatuko latan (batek, 220 gramo zeukala adierazten zuen) zetozela, "lodi" kalibre eta "aparta" kategoriako zainzuri zurien zortzi lagin aztertu dira oraingoan. Dantza, Vela, Lodosa, Bajamar eta El Navarrico laginak "Nafarroako Zainzuria" jatorri izenekoak dira, Kumix "producto de España" da, Gigante Verde laginak aitortzen du Peru dutela bere zainzuriek jatorria eta Cidacos markak bere zainzuriak Txinatik datozela adierazten du. Garestienak El Navarrico, Bajamar eta Kumix dira: 2.000 pezeta kilo xukatuko; merkeena, berriz, Gigante Verde, kilo xukatuko 1.350 pezeta kostatzen delako.

Bi irregulartasunengatik ez bada, zainzuri hauek ongi landuriko produktuak dira eta, bere kategoria komertzialari dagokionez, arauak xedatuak dituen baldintza guztiak betetzen dituzte. Hortaz aparte, dastaketan ateratako emaitzak asetzeko modukoak izan ziren, lagin guzti-guztiek 6 puntuak gainditu zituztelako osoko kalifikazioan. Ezaugarri organoleptiko jakin batzuk (zaporea, usaina, ukitua, hari-kopurua, kolorea...) garrantzitsuak dira honelako produktu garestietan; zainzuria, ekarpen nutritibo murritza gorabehera, ez da hartzen elikagai arrunt gisa, gutizia bezala baizik, apetak asebetetzeko unean, alegia.

Goian adierazi ditugun irregulartasunak hauek dira: Navarrico laginak ez du betetzen ¿aldea hutsaren hurrengoa bada ere¿ "aparta" kategoriako zainzurien kalibreari (lodierari) buruz arauak xedatutakoa; bestetik, Cidacos laginak, arauak gehienez ere xedaturik dauzkan baino ale haritsu gehiago ditu.

Prezioaren eta kalitatearen arteko erlazio egokiena Gigante Verde da: dastaketan, denetan txarrena bada ere, hoberenetik hurbil geratu da, aitortzen duen kategoria komertzialaren araberakoak ditu parametro guztiak, zainzuri lodienak dauzka eta, gainera, denetan merkeena da, inondik ere (kilo xukatua 1.344 pezeta kostatzen da). Dantza lagina ere, dastaketan Gigante Verde baino hobea eta kalitate-alorreko akatsik gabea, aukera polita da, nahiz eta kiloko 1.956 pezeta kostatzen den.

Zainzuriez ari garela...

Zainzuri landareak eskaintzen duen kimu jangarria da zainzuri edo esparragoa. Landareak zazpi urteko produkzio-bizitza du eta Ekialdea jatorria. Bi zainzuri mota daude: zuria eta berdea. Zuriak lur azpian hazten dira, eguzki-argitara ageri gabe; lur gainean etorriko balira, kolore berde edo ubelekoak lirateke. Batzuk zein besteak, eskuz biltzen dira esparrago denak. Zainzuri berde edo gari-esparragoek prestaketa egokiagoa dute plantxan besteek baino.

Latako zainzuriak 23 kaloria baizik ez du aportatzen 100 gramoko. Beste barazkien aldean, tomatearen (18 kaloria ehun gramoko) eta azenarioaren (33 kaloria pisu bereko) bitartean dabil zainzuria. Bai produktu honek duen kalorien ekarpen apala, baita nutrienteen agerpen urria ere, zainzuriak daukan ur ugariaren ondorio dira. Proteinak, guztira, %2 inguruan dabiltza, gantzak ez dira 0,3ra iristen eta nutriente nagusia ¿karbohidratoak alegia¿ %3,4an dabil, doi-doi. Barazki guztiek bezala, esparragoak ere ez du kolesterolen arrastorik ere. Beste ikuspegi batetik, zuntz-iturri oparoa dira zainzuriak (produktuaren %1 zuntza baita) nahiz eta entsaladak prestatzeko gure artean erabili ohi diren gainerako ortuariek baino ekarpen urriagoa duen: endibiak eta eskarolak gaiaren %2 dute zuntz jangarria, letxu eta tomatea, berriz, %1,5 inguruan dabiltza.

Bitaminez ari garela, eduki urria du zainzuriak: hidrosolugarrietan C bitamina, niazina eta azido folikoa nabarmentzen diren bitartean, liposolugarri nagusia A bitamina du.

Bukatzeko, latan kontserbaturiko zainzuri hauek ugarien daukaten minerala sodioa da (236 miligramo 100 gramoko); dena den, kopuru hori prozesu teknologikoan baliatzen den kontserbakariari dagokio, zainzuri freskoek ehun gramoko 4 miligramo besterik ez baitaukate. Esparrago hauek, bestetik, potasio eta fosforoa ere aportatzen dute, baina oso tamaina txikian.

Nola lantzen diren

Zainzuriak eskuz bildu ondoren fabrikara eramaten dira berehala, eta bertan tamaina eta kalibrearen arabera sailkatuko dira. Lehendabizi hoztu egiten da, bizi-bizi, uretan edo hozkailuan. Ondoren ikuzi egiten dira, itsatsirik ekarri dituzten lur eta materia organikoa erauzteko. Ondoren, eskuz edo makinaz zurituko dira, produktuaren kategoria komertziala eraisten duten zuntz edo hariak suntsitzeko. Horren ondotik, behar den luzeran ebakiko ditu tresna batek eta ur irakinetan garraldaztatuko dira. Hoztu egiten dira berriro eta ostera sailkatuko dira denak, tamainaren arabera. Orain ontzian sartu eta esterilizazio-prozesua nozituko dute, autoklabean. Azkenik, zainzuriak latan antolatu eta, pisatuz gero, dagokien likidoa erantsiko zaie: ura eta gatza eta, kasuren batean, mugarik ez duen E-330 aditiboa (azido zitrikoa, alegia).

  Estatu espainiarrean zainzuriak bi jatorri-izenen arabera daude banaturik: "Espárrago de Huétor-Tajar" eta "Nafarroako Zainzuria". Huétor¿Tajar-ekoak Asparagus officinalis izen zientifikodun zainzuri-landareetatik jasotzen dira eta mediterraneo aldeko gari-esparrago basatiaren tankerakoak dira. Joan den mendearen hasieraz geroztik eskualde horretan hautaturiko barietate autoktonoen oinordekoak dira. Ekoizpenak, Granadako Vega eskualdeko mendebaldean du gune nagusia. "Nafarroako Zainzuria", bere aldetik, jatorrizko izendapen honek baimendurik dituen Asparagus officinalis esparrago-landareetan biltzen dira. Kolorearen arabera, zuriak edo moreak izan daitezke (kimuak eta zurtoinaren zati bat kolore arrosa-more edo purpura agertzen duenean). Ekoizpenaren kokagune geografikoa, Ebro ibaiaren arroa ertaineko Nafarroa Garaiko, Aragoi eta Errioxako 211 udalerritan hedatzen da. Ekoizpen eta ontziratze eskualdea bera da, bestetik. Zainzuria eskuz biltzen da, zurtoina kabailoitik irten aurretik, apiriletik hasita eta uztailaren amaiera arte.

Merkatuak sekulako aniztasuna eskaintzen du, kontserbako zainzuritan. Osorik agertzen direnak 12 zentimetro baino luzeagoak izaten dira, laburrek 7 zentimetrotik 12 bitarte dute eta kimuek, azkenik, 7 zentimetro baino gutxiago. Kalibrearen (lodieraren) arabera ere bereizten dira: 19 milimetroko diametrotik gorakoak "estra lodiak" dira; 14 eta 19 milimetro bitartekoak, "oso lodiak"; 11 eta 14 tartekoak, "lodiak"; 11 eta 9 mm. arteko zainzuriak, "tartekoak" eta diametroak 9 mm baino gutxiago baldin badu, "meheak".

Kategoria (aparta, lehena eta bigarrena) bestelako parametroen arabera zehazten da: kolorea, uhertasuna edo luzeraren uniformetasuna, adibidez. Kategoria bakoitzaren arabera, arauak tolerantzia jakin batzuk xedatuak ditu, zainzuri haritsuen, lodiera txikiagokoen edo akastunen portzentajeei dagokienez. Oraingoan aztertu diren zortzi laginak, gogoan izan dezagun, zainzuri zuri osoak dira, kalibrez lodiak, eta apartak, kategoriaren arabera.

Pisua, kolorea, garraztasuna eta aditiboak

Laten pisu garbia 390 gramo bada ere, Vela laginak 410 gramo dituela adierazten du eta Bajamar markakoak 350 gramo. Pisu xukatuari (zainzurien egiazko pisua, alegia) dagokionez, Bajamar izan ezik (220 gramo) denek 250 gramoko pisua dutela adierazten dute. Aitortutakoa eta benetan dutena elkarrekin alderatuz, egiazko pisua denek handiagoa dute adierazitakoa baino; Bajamar lagina salbuespena da horretan, alderantzizko aldea (txiki-txikia, izan ere) agertu baitu. Ondorioz, pisu garbi eta xukatuari dagokienez, lagin guztiek datu zehatzak erakutsi dituzte.

Zainzuria, izenak berak dioskunez, zuria da berez. Aztertu ditugun zortzi laginetakoak ere halakoxeak dira ("berezko zuritasuna") eta mutur berdexka edo morexkarik ez da agertu. Era berean, pH faktorea (5 ingurukoa: zainzuriak azidotasun pittin bat dauka berez eta pH horietara iristeko batzuetan azido zitrikoa erantsi behar izaten da) ere zuzena izan da lata guztietan. El Navarrico eta Cidacos laginek izan ezik, azido zitrikoa (E-330 aditiboa) denek erantsi dute. Aditibo honetatik nahi adina erants dakioke produktuari, arauak inongo mugarik ez baitu xedaturik, gai horri dagokiola.

Kalitatearen funtsezko bi alderdi: lodiera a hari kopurua

Lata hauetan kalibre lodia agertzen denez, barruko zainzurien diametroak 11 eta 14 milimetro bitartean ibili behar du. "Aparta" kategoriari dagokion tolerantzia %5ekoa da; beraz, adierazitako kalibrea baino txikiagoko zainzuriak ezin dira izan, inola ere, guztien %5 baino gehiago.

El Navarrico laginak bakarrik urratu du araua (oso maila arinean, gainera), zainzurien %5,3 "ertain" kalibrekoak (11 eta 19 mm bitarteko diametrokoak) dituelako. Alderdi onuragarrietatik, nabarmen dezagun Gigante Verde lagineko zainzurien %92 "oso lodia" kalibreari (14 eta 19 mm bitarteko diametrokoak) zegokiola, Bajamar lagineko esparragoen %70 "oso lodiak" zirela eta, areago, guztien %3, "aparteko lodierakoak", eta Dantza lagineko zainzurien %72 "oso lodia" kalibrekoak zirela.

Beste alde batetik, hari asko izatea du zainzuriak akats ohikoenetako bat: zenbaitetan, luzerako hari gogor batzuk izaten ditu eta, murtxikatzearen poderioz, azkenean ahoan irentsi ezinezko bola bat eratzen dute. "Aparta" kategoriako zainzuri osoetan, guztirako esparragoen %20raino izan daitezke haritsuak. Dantza eta Gigante Verde laginetan ez zen zainzuri haritsurik. Navarrico, Vela eta Lodosa laginetan haritsuak ez ziren iritsi %10era; Bajamar markakoen %16,7 haritsuak ziren eta Kumix laginean, azkenik, %18,8. Araua urratzen zuen marka bakarra Cidacos izan zen, bertako zainzurien %25 esparrago haritsuak zirelako. Lata horri "lehen" kategoria dagokio (hau da, berak adierazten duen "aparta" horren hurrengoa, goitik behera), maila horretan onartzen den zainzuri haritsuak %50 izan daitezkeelako. Produktu honetan bestelako akatsak ere hautematen dira, tarteka, hala nola zainzuri zanpatuak edo hautsiak. Honelako bakarra atzeman zen, El Navarrico laginean. Horrek esan nahi du zainzuri guztien %2,2 akastunak zirela, kategoria honetan onartzen direnak (%5) baino gutxiago, dena den.

Amaitzeko, esan dezagun guk azterturiko zainzuri kontserbak zuzen daudela. "Aparta" kategoriako araua urratzen duten lagin bakarrak dira Cidacos, onartutakoak baino zainzuri haritsu gehiago (%25) zituelako, eta El Navarrico, arauak baimentzen dituen baino kalibre txikiagoko zainzuri gehiago sartu zituelako ontzian.

Dastaketan, denak ongi

Dastatzeko ziren zainzuri latak giroko tenperaturan eduki ziren eta proba egiteko unean bertan ireki ziren. Dastatzaile guztiei marka bakoitzeko bina ale eman zitzaizkien, agindu batzuekin batera: lagin bakoitzari osoko kalifikazioa eman ziezaion eta bere kolorearen, itxuraren, zaporearen, harien eta bukaerako ahogozoaren berri eman zezan. Emaitzak, espero bezala, asetzeko modukoak izan ziren: lagin guztiek 6 puntu baino gehiago merezi izan zituzten. Denetan hoberena Kumix izan zen (7,1 puntu) eta txarrena, aitzitik, Gigante Verde; lagin horrek, hala eta guztiz ere, 6,4 puntu erdietsi zituen proba honetan. Aldea, ikusten den bezala, hutsaren hurrengo zen. Dastaketan bigarren puntuazio hoberena lortu zuena Dantza izan zen, 6¿8 puntu irabazi baitzituen; ondo-ondotik zetozkion Bajamar eta Lodosa, eta 6¿6 punturekin El Navarrico, Cidacos eta J. Vela geratu ziren (azken honen hari gutxi izatea, kolore eta itxura gertatu ziren nabarmenak). Dastatzaileek zainzuri samurrak, hari gabekoak, guriak nahiago izan zituzten, eta kalterako ezaugarritzat jo zuten zainzuriak hari asko eduki edo gogor agertzea. Cidacos eta J. Vela laginetako zainzurien lodierari ederki iritzi zioten.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto