Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Zarata: Gure osasunarentzat eraso eta kutsagarri nagusia

Kultura zaratatsua da gurea, zalantzarik gabe. Espainiako estatua bigarren dago, Japoniaren atzetik, planetako herrialde zaratatsuenen artean.

  Kultura zaratatsua da gurea, zalantzarik gabe. Espainiako estatua bigarren dago, Japoniaren atzetik, planetako herrialde zaratatsuenen artean.

Estatuko bizilagunen %70ak 65 dezibeliotik gorako zarata mailak jasaten dituela kalkulatzen da, hau da, zientzialariek eta osasun arloko adituek onartezintzat jotzen duten atalasetik gorakoa. Zibilizazio modernoak hainbat morrontza ezartzen dizkio gizakiari eta dezibelio maila handia jasan beharra da horietako bat, askotan kota asaldagarri eta osasunarentzat kaltegarri izaterainokoa. Giza jarduerak sortzen duen zarata da gure ingurunean kutsadura ohikoena eta, ezagunaren ezagunez, arreta gutxien sortzen diguna. Arazo horren aurrean sentsibilitaterik eza antzematen da, eta ez Administrazioaren aldetik bakarrik, ez baitu zarataren aurkako neurri eraginkorrak hartzeko ezer egiten; baita gizartean bertan ere. Gizarteak protesta egiten du garrantzi gutxiagoko arazo ekologikoen aurka eta, ulertezina bada ere, isilik geratzen da zarataren erasoaren aurrean. Talde edo auzo bati nabarmen eragiten dionean eta gaia hedabideetara iristen denean bakarrik gogoratzen gara zarata badela eta jasaten dutenentzat gogaikarri dela. Industrian milaka profesionalek galdu du entzumena enpresetako zarataren erruz. Baina zaratak gainditu egin ditu lantegietako mugak eta kaleak, etxeak, ikuskizunak... hartu ditu. Zaratak ez du belarrian eta entzumenean bakarrik eragiten: epe labur, ertain eta luzera ondorio okerragoak ditu eta ia organismo guztiari eragiten dio.

Soinua, intentsitate aldakorrekoa

Ingurunearen bibrazioa da soinua, aire, likido eta solidoetan zehar sortu eta hedatzen den uhin mekanikoa. Putzu batera harri bat botatzean ertzeraino iristen diren uhinak marrazten diren moduan, soinu uhinak ere airean zehar zabaltzen dira, belarrietara iritsi arte. Belarrian pabiloiak eta kanpoko entzun-bideak jasotzen du soinua. Soinu-uhinen intentsitatea dezibeliotan neurtzen da. Dezibelio kopuru jakin baten baliora hurbiltzeko, har ditzagun adibide batzuk: hitz egitean ahotsak 50 dezibelio inguru emititzen ditu, makina birrintzaile bat edo ke-erauzgailu bat 70 dezibeliotara iristen da eta isilgailu gabeko motor batek 110 dezibelio arte sor dezake.

Zarata, sentsazio subjektiboa

Ez dago zarataren definizio zehatzik, baina entzuten duenari sentsazio desatsegina eragiten dion soinua dela onartzen da. Bistan denez, definizio horrek lotura estua du subjektibotasunarekin, diskoteka batean 100-110 dezibelioko maila onargarri eta atsegin ere izan baitaiteke ongi pasatzera joan denarentzat eta, aitzitik, 40 dezibelio jasanezin egingo zaizkio pertsona berari lo egin nahi badu. Medikuntzaren ikuspegitik, entzumena galtzea eragin, osasunarentzat kaltegarri izan edo jarduera bat larriki eragotz dezakeen soinua jo daiteke zaratatzat. Soinuaren eta zarataren arteko aldea oso subjektiboa da eta pertsonen sentsibilitatearen araberakoa ez ezik, pertsonak dauden egoeraren eta soinuaren edo zarataren ezaugarrien araberakoa ere izango da: garrantzitsuak izango dira intentsitatea, tonua, iraupena, denboran dituen aldaketak, agertzeko era...

Zahartzaroko entzumen galera

Usterik hedatuenen arabera, urtetan aurrera joan ahala entzumena galdu egiten da; presbiakusia edo zahartzaroko gorreria deitzen zaio. Baina errealitateak eta hainbat ikerketak egiaztatu dutenez, bizitzan zehar larregiko zaratarik jasan ez duten pertsonek oso entzumen galera txikia izaten dute zahartzaroan eta presbiakusiak zerikusi handiagoa du inguruneko zaratarekin zahartzaroarekin baino. Gaur egun haur eta gazteek osasunarentzat kaltegarri jotzen den maila -nahiko artifizial eta adostua- gainditzen duen zarata jasan behar izaten dute ume-umetatik.

Lan mundua eta gorreria

Legearen ikuspuntutik, zarataren eragin kaltegarriak 85 dezibeliotik aurrera hasten dira. Maila horretatik aurrera, zarataren aurrean babesteko neurriak hartzera jotzen duen legeria ezartzen da lan munduan, zarata ezabatzea bilatzen dutenak ezarri beharrean. 80 dezibelioak gainditzen direnean eta enpresa batzuetan gertatzen den moduan zarata hori urtetan zehar jasaten denean, entzumenak kaltea nozitzen du ia oharkabean eta zarata hori jasaten duenak "gorraizea" izango du; baina azkenean, gero eta gorreria nabarmenagoa erakutsiko du frekuentzia akutuen aurrean eta elkarrizketa arruntetako soinuen aurrean. Erremediorik gabe entzumena galtzea eragiten duen prozesua izaten da, ez baitu tratamendurik. Pertsona horiei ozenago hitz egin behar izaten zaie, ez dute etxeko txirrina edo telefonoa entzuten, telebista edo irratiaren bolumena jaso egin behar izaten dute, ingurukoei horrek eragiten dien molestiarekin, eta belarrietan durundua izaten dute, akufeno izenekoa; gogaikarri izatera eta loa galaraztera ere irits liteke.

Gazteak, arrisku taldea

Entzumen nekatuaren lehen sintomak oso azkar antzematen dira, entzumena neurtzen duen audiometriaren bitartez. Azterketa horrek gorreriaren lehen zantzuak antzeman eta behar diren neurriak hartzeko aukera ematen du. Gaur egun soinu-traumak eragindako audiometria tipikoak ikusten dira gazteen artean, gero eta gehiago jasaten baitituzte zarata-maila onartezinak. Musika areto, taberna eta zinemetan 100 dezibeliotik gora neurtu dira; ez da ahaztu behar, gainera, walkmana larregi erabiltzen dutela gazteek eta horren bozgorailuak belarrian sartzen direla, tinpanotik hurbil, eta sarritan oso soinu-maila handian erabiltzen direla. Etxe barruan ere ez da isiltasun handirik izaten: telebistak, irratiak, musika ekipoek eta beste etxetresna batzuek 60-70 dezibeliotik gorako soinuak eragiten dituzte, aldi berean bat baino gehiago martxan baldin badaude.

Zarataren ondorioak

Baina zaratak ez du belarrian bakarrik kalte egiten. Entzumena, harremanetarako eta gure inguruarekin eta hurkoarekin komunikatzeko garrantzi handiko funtzioa izateaz gain, beste organo batzuekin erlazionaturiko alarma sistema ere bada. Horregatik, zarata larregi jasateak bestelako eragin kaltegarriak ere izan ditzake:

  • Pultsua arintzea (takikardia) eta odol-presioa igotzea.
  • Arnas-frekuentzia areagotzea.
  • Urdailaren jariakin azidoa eta giltzurruneko hormonena gehitzea (alarma eta estres akutuaren aurreko erreakzio tipikoa).
  • Arreta egoera gutxitzea, kontzentratzeko zailtasunak eta lan etekina eta ingurunearekiko komunikazioaren galera.
  • Egonezina, asaldura, loa galtzea, nekea.

Ez da frogatu zaratak eragiten duen alarma erreakzioak eta estres akutuak epe luzera gure organismoarengan eraginik duenik, baina ikerlari askoren teoriaren arabera, luzaroan jasaten bada, estresak eragina izango du inmunologi sisteman eta arrisku handiagoa izango du endekapen-prozesu kronikoak nozitzeko.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto