Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Elikagaien kontsumoak ondoriozta dezakeen arriskua ahalik eta txikienera ekartzeko informazio egoki-egokia
Horrelaxe, zorrotz, hasten da Carnes con DNI erreportajea, hau da, elikadurari dagokion segurantzian bere burua Estatu osoko erreferente bilakatu nahi duen consumaseguridad.com. Interneteko egunkariak bere orrialdeetan hilero-hilero jasotzen dituen ehun elementu berrietako bat.
Nahiz eta txiki-txikia izan, jateko garaian arriskua beti gainean dugulako, hain zuzen ere, elikagaien bidezko toxiinfekzioa harrapatzeko aukera ahalik eta ñimiñoena izan dadin lagungarri izango dituen estrategiei (hala nola sukaldean baliatu behar dituen lanabes eta tresnak behar bezain garbi egon behar direla edo elikagaien kontserbazioan hotz-katea inola ere eteterik ez dagoela, adibidez) eta irensten dituen elikagaiei buruzko informazio egiati eta argia eduki behar du kontsumitzaileak eskura. Elikadura-alorrean gertatu diren azkeneko bi krisialdiek (behi eroak eta sukar aftosoa), kontsumitzailearengan neurriz gaineko kezka eta urduritasuna sortu dute, zalantzarik gabe.
Informazio argi eta zorrotza ematea lanabesik ahaltsuen eta baliagarriena da, consumaseguridad.com eko arduradunen iritziz, elikagaien kontsumoari buruzko mesfidantzazko pertzepzio hori eguneroko bizitzan aurretiaz hartu beharreko neurri burutsu eta praktikoa bihur dezagun. Horixe da bidea kontsumitzaileak erosten duenarekin konfiantza har dezan eta elikagaiak ahalik eta segurantzia handienaz maneia ditzan. Hispacoop ("Confederación Española de Cooperativas de Consumidores") elkarteak, Espainiako Osasun eta Kontsumoko babesa duen consumaseguridad.com Interneteko ataria jarri du martxan eta egunero gaurkotzen du bertako edukia.
Webgune horretan lanean dabilen profesionalen talde ugariaren eginkizuna itzela da, beraz: elikagaiei dagokien segurantzia, hau da, berariazko jarduera berezi horren gaineko dokumentazio eta informazioaren premia duten ikertzaile, albaitari, irakasle, abeltzain, nekazari, harakin, kazetari, kontsumo-tekniko eta ikasleen topagune izan nahi du. Horrekin batera, ordea, informazio argi eta zehatza eskuratu nahi duen kontsumitzaile xehea ere kontuan harturik, elikagaien kontsumo eta maneiuan ohiturak hobetu ahal izateko, gerora praktikan jartzeko moduko gertatuko diren azalpen soil eta ulergarriak ematen dizkio. Kontua da oinarri-oinarrizko gaiak bakarrik eskainiz adituak ez aspertzea eta, aldi berean, informaturik bizi nahi duten kontsumitzaileei funtsezko datu horiek ere ematea.
Hori egiteko, zientzia- eta kontsumo-gaietan espezializaturiko kazetari mordoska bat, elikagaien kontrol mikrobiologikoa eta egoera aztertzea berezitasuna duten ikertzaileak, produktuaren zuzenbidean adituak diren juristak, kontsumitzaileen elkarteetako zuzendaritza batzordeetako pertsonala, irakasle unibertsitarioak eta Interneteko tekniko diren profesional ugari jarri ditu lanean Hispacoop elkarteak. Denen artean, Interneten berariaz agertzeko informazio-produktua sortu eta moldatzen dute egunero, eguneko albisteen gaurkotasuna eta erreportaje, analisi eta artikulu berezietako informazio sakon eta lasaiagoaren arteko oreka mantenduz.
Webgune horrek diseinu soil eta bizia dauka. Azaletik bertatik, interesgarrien gertatzen zaizkion informazioetara jo dezake internautak, begiratu huts batez. Web horren barnean, lau gai-multzoetako bakoitzak (iritzi eta iruzkin gehien harrotzen dituzten bi krisiak, produktuaren segurtasuna legezko arauteriaren arabera, elikagaien ikuspegitiko arriskuak eta eragile patogenoen ikuspegitiko arriskuak, alegia) bere azala dauka: horrela, erabiltzaileak bilatu nahi duen kontuari buruzko informazio askoz ere espezializatuagoa aztertu ahal izango du, zuzenean bertaraino sarturik.
Nabigazioa zeharkakoa da beti: informazio bat irakurtzen ari zaren bitartean, bertan aztertzen den gai horri buruzko bestelako informazioen berri ere izan dezazun erraztasunak ematen zaizkizu: azterketa edo analisiak, albisteak, erreportajeak, artikulu bereziak, internautari interesgarri gerta dakizkiokeen gaiak jorratzen dituzten consumaseguridad.com-az bestelako orrietarako lotuneak, etab. Helburua begi-bistakoa da: nabigatzaileak behar edo nahi duen informazio guzti-guztia aurkitzea, muga bakarra ikusmina izanik.
Aldizkari edo egunkarien edizioetan ezinezkoak liratekeen aukerak eskaintzen ditu Sareak. Elikagaien segurtasunean eta etengabe aldatzen ari diren alorretan, web orria osatzen duten elementu guzti-guztiak gaurkotzeko aukeraz gozatzeak esan nahi du kontsumitzailearen premiei noiznahi erantzungo dien produktua eskura edukitzea, horrelako bereizgarriak dituen obra baten arrisku larrienari saihets eginik: zaharkiturik geratu eta, horrenbestez, baliagarritasuna galtzea.
Interneti berez dagozkion elkarregintza-ezaugarriak web gune honetan ere agertzen dira. Hainbat foro eta inkesta azaltzeari esker, consumaseguridad.com osatzen duten orrialdeak ikusteaz beste aukerarik erabiltzaileari eskaintzen ez dieten web gune horiek baino askozaz ere gehiago da: egiazko topagunea dute hauxe elikagaien segurantziaren kezka daukaten profesional, ikasle eta kontsumitzaile guztiek. "Aspaldian baino arrisku handiagoa ote du gaur egun jateak?" eta antzeko galderek bisitarien arteko polemika suspertzen dute eta beraien artean elkarrizketan jarduteko gonbitea da.
Elikagaien segurtasunak espainiar estatuan eta mundu zabalean sortarazten dituen albiste guztien berri berehala izateko modurik soilena, consumaseguridad.comdoaneko aldizkari elektronikoaren harpidedun egitea da, hala eskatzen duen internautaren posta elektronikora astero-astero bidaltzen baitzaio. Horrez gainera, bide horretatik jaso duen informazioa osatu nahi izanez gero, aldizkari horretatik beretik web gunean sartu eta berak kezka-iturri duen gaiarekin loturiko informazioak jorratu ahal izango ditu.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa