Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Erosketak Interneten egitea ez da, berez, mundu fisikoan egitea baino intseguruago: bitarteko berri horretan nola jardun ikasi baizik ez da.
Bere kreditu-txartela eskuan daramala, barra atzetik zerbitzaria bistatik desagertzean inolako eragozpenik ez duen erabiltzaileak mesfidantza agertzen du txartel horren zenbakia Interneten tekleatzeko unean.Motiborik izateke uste dugu askotan Sarea ez dela toki segurua. Ezezagunaren aurreko beldurraren ondorioz, eskua poltsikora eramateko garaian erabiltzaile askok zerbait eskuratzeko erabakia ez hartzea hobestea eragiten du maiz. Mundu fisikoan jokatzeko arauak edonork ditu ezagunak (zuk zeuk ere ez al duzu arraina fresko dagoen egiaztatzen?); kontua da, orain, mundu berriko klabeez jabetzea, mundu digitalean sartzeko.
New York Times egunkariko artikulugile batek zioenez, merkataritza elektronikoa "estiloa zaintzen duen katalogo bidezko salmenta hutsa" baizik ez da. Kasurik gehientsuenetan mezulari edo posta bidez iritsiko zaion zerbitzua kontratatzen du erabiltzaileak. Hori bai, katalogo horiek unean-unean egokitu egin daitezke eta bezeroaren neurrira, berariazkoak izan daitezke, gainera, eroslearen zaletasun eta gutizien araberakoak.
Denda birtuala aurrean dugula, garrantzi handia du geure buruan terminoekin nahasketarik ez sortzeak. Denda askok esango dizute salerosketetan zerbitzari seguruak baliatzen dituztela: horrek zer esan nahi du baina? Erabiltzailearen eta dendaren arteko komunikazioak ia-ia araka ezinak direla, enkriptaturik doazelako ordenagailu batetik bestera. Nolanahi ere, mutur batean zein bestean zer gertatzen den inork ezin diezazuke bermatu.
Ordenagailuan eragiketa guztiak miatzen dituen "troiar" motako birus bat baldin badauka, zerbait erosten duzun guztietan eskrupulurik gabeko pertsona batek zure datuak ostu diezazkizuke. Era berean, denda konfiantza osokoa ez bada, alferrik izango da datuak ibilbidean ez usteltzea. Aurreneko arazoaren konponbidea soila da, erraza: birusen kontrako txertoa instalatu eta aldian behin eguneratzea. Bigarren kasuan, aldiz, zailagoa da erabiltzailearen konfiantza zein dendak merezi duen erabakitzea. Bada, dena den, gutxi-gutxitan porrotera eramango gaituen bidetxo bat.
Webguneak zerbitzari seguru batean instalaturik egon behar du. Hori egiaztatzeko aski da Netscape nabigatzailean giltza baten irudia eta Exploreren giltzarrapo itxi bat agertzen direla ikustea. Bestetik, denda horrek bere buruaz zenbat eta informazio gehiago eskaini, orduan eta berme handiagoa.
Harremanetarako telefonoa, helbide postala eta antzeko datuek norekin ari den ezagutzeko aukera emango diote kontsumitzaileari. Izan ere, aforismoak dioen bezala, Interneten inortxok ez daki zakurra zein den edo, bestelako hitzetan, sekulako merkataritza-zentroa dirudien hori saltoki ziztrina baizik ez dela aise baino aiseago ezkuta daiteke.
Ordaintzeko modu bat edo bestea hautatzeko unean, dudarik ez izan: dendak errenboltso bidezkoa eskaintzen badizu, aukeratu horixe, era horretan ez baituzu deus ordainduko erositakoa eskuetan eduki aurretik. Halaz ere, denda gehientsuek kreditu-txartelen bitarteko ordainketa bakar-bakarrik onartzen dizute. Gauzak horrela, merezi du on-line erosketak bakarrik ordaintzeko berariazko txartel bat eskuratzea, modu horretan eragiketa bakoitzaren gertu-gertuko jarraipena egin eta okerreko kargurik egin ez dizutela egiaztatu ahal izango duzulako.
Merkatal gune batzuek txartelaren zenbakia telefonoz ematea ere onartzen dute. Kontua ez da Sareak bestelako sistema batzuk baino askoz konfiantza gutxiago merezi duenik sinestea baina, nolanahi ere, merkataritza horrek kontsumitzaile askorengan sortzen duen segurantziarik eza biziki larria denez, merkatal gune elektronikoek era guztietako sistema eta bermeak eskaintzen dizkizute. Honi guztiari esker, erosketa tradizionala bera baino seguruago bilakatzen da on-line eragiketa, azkenean.
Akatsak egon badaude, haatik. Baquía enpresa aholkulariaren txosten batek zioenez, Espainia ez omen da inondik ere jarraitzeko moduko eredua: on-line denda gehien-gehientsuenek akatsen bat edo beste agertzen dute. Dena den, gauzak horrela izatearen errua lege-testuen sakabanaketari egozten dio aholkularitza horrek eta, gainera, hitzez hitz honela darrai: "Seguruenik, enpresa horiek beraiek ere ez dakite akatsik daukatenik, ez direlako jabetu horretaz". Txosten horretan irakur dezakegunez, akats larriak dituzten denden kopurua ez da iristen, denera, %15era.
Aurrerapausoa ematen duen kontsumitzaileak, mundu fisikoan pentsa ezinezkoak liratekeen abantaila ugari topatuko ditu. Nabarmenetako bat, prezioak konparatzeko soiltasun eta erosotasuna da. Kontua ez da bakarrik internautak, bere etxeko gelatik eta pijama jantzita, denda digital guztiak banan-banan arakatu ahal izatea, eskaintzarik hoberenak zeinek dituen atzemateko, sistema batzuek (Mysimon izenekoak, adibidez) egiespen hori dohain eta automatikoki egiten baitute dagoeneko. Emaitzak ordu gutxiko maiztasunez eguneratzen dira eta, bestelako bitartekaririk erabili gabe, produktu jakin bat non eros daitekeen ezagutzeko aukera ematen digute: Horiexek dira Sareko benetako merkatal zentroak. Horien garapenaren arabera garatuko da, hein handi batean, merkataritza elektronikoaren aurrerakuntza, alor horretan diharduten web guneen ezaugarriak eta kalitatea aztertzen dutelako eta, horrekin batera, erosteko toki bat hautatzeko orduan, biziki lagungarri gertatzen diren klasifikazioak eskaintzen dizkigutelako.
Hala eta guztiz ere erosketa ez da nahi bezain ongi gertatzen, ez ahantzi zazpi egun dituzula, posta bidezko beste zeinahi erosketatan bezalaxe, erreklamazioak egin ahal izateko. Hori bai, eduki kontuan gertuko denda batean baino dezente zailago izango dela Chicagoko beste batean zure eskubideak aintzat har daitezen erdiestea.
Nolanahi ere, arriskupean ito aurretik (arriskuak egon badaude eta) izan gogoan datu adierazgarri hau: Amazon ziberliburudendako bezeroen %70 berriro itzuli dira saltoki horretara. Zer edo zer izango du kanpoko denda horrek.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa