Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Erakargarritasun fisikoa: Guztiok onartzen dugun morrontza

Iritsi da eguraldi ona eta horrekin batera, gure alde onak nabarmendu eta harrotzeko modukoak ez direnak ezkutatuko dituen itxura fisikoa berreskuratzeko kezka

  Gure itxura fisikoarekiko morrontza hori iraunkorra da egia esan, baina udan areagotu egiten da, arropa gutxiagoarekin agertzen garelako eta hondartzak eta igerilekuak agerian uzten dituztelako soberan ditugun kiloak eta gure gorputzean hain ederrak ez diren alderdiak.

Guztiok ohartzen gara ingurukoekin ditugun harremanetan eta geure buruarekiko harremenean kanpoko itxurak duen garrantziaz. Publizitate, zine, telebista, moda eta abarretatik hain erasokor jasotzen dugun mezuari entzungor egin diezaiokegu, diktadura estetiko horretatik aparte bizi eta gure itxurarekin gustura sentitu, eskasa izan arren. Baina, zer gertatzen da atsegin izatea eta irudi ona ematea gustatzen bazaigu, baina aldi berean, lortu ezin ditugun helburu horiek iristeko obsesio etsigarri horretan parte hartzerik onartzen ez badugu? Gutaz ongi hitz egingo duen itxura izan nahi genuke guztiok, besterik gabe, geure baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatu eta, azken batean, besteen gustuko izan; baina horregatik inolako tiraniatan sartu edo gure osasunari kalte egin gabe.

Sormenezko joko atsegin gisa hartzea litzateke aukera on bat: bakoitzak bere gorputza ahalik eta bilgarri atseginen bihurtzea eta aldi berean, bere buruaz duen irudiarekin koherente izatea.

Alternatiba guztiak dira posible, baina gure oreka emozionalarekiko errukiorrenak geure gorputzean gustura sentiaraziko gaituztenak dira, beti ere askatasunez jokatuz eta gure balore-sistema errespetatuz. Eta inolako obsesio eta traumarik gabe bizi izanda. Ez dezagun ahaztu kanpora azaldun dugun xarmaren zati handi bat geure buruaz dugun irudiaren araberakoa izango dela.

Pertsona ederrentzat errazagoa da bizitza

Fisikoki erakargarri diren pertsonak limurtzaileago kontsideratzen dira eta aukera handiagoa dute bikotekidea aurkitzeko. Gizartean babes handiagoa izaten dute eta normalean hobeto funtzionatu ohi dute ahozkoa ez den lengoaiarekin. Gainera, gehienetan hobeto egokiturik egoten dira ingurunera, erakargarriago izaten dira besteentzat, hasierako inpresio hobea sortzen dute eta eraginkorrago, osasuntsuago eta buruko gaixotasunak izateko joera gutxiago dutela uste izaten da. Eta, hori gutxi balitz, harreman sentimentalen arlorako gaitasun handiagoa dutela uste izaten du jendeak.

Aurreko guztia (errealitatea gordin-gordina) Dion, Berscheid eta Walter-ek 1972an deskribatu zuten "Ederra den guztia ona da" premisan oinarritzen da. Printzipio horren arabera, batez ere hedabideek eta zineak transmititu dituzten pauten arabera pertsonak ontzat katalogatzen ikasi dugu, horietan aurrez ezarrita izaten baitira filmeko pertsonaia onaren eta txarraren aurpegiak. Funtsezko kontzeptu bat da nork bere gorputzaz, gaitasunez eta ezaugarri fisikoez duen irudia. Gustura ez egoteak, pertsonak bere buruaz duen irudia eta barneratu dituen estandar sozialak bat ez datozela adierazten du.

Xarma fisikoa eragin sozialen iturri da, eragin horiek edertasun kanonak betetzen dituen pertsonaren aldekoak izaten baitira ia beti. P. Popovich-ek frogatu bezala, Estatu Batuetako epaiketetako zinpekoek bigunago jokatzen duten sexu jazarpenagatik errudun direnekin, gizonezko erakargarriak direnean eta biktima hain ederra ez denean. Erakargarri izateak erraztu egiten du gizarteko eta lan arloko hainbat gunetarako sarbidea: politikan, telebistan, zinean, moda eta publizitatean, harreman publikoetan... Lidergoari dagokionez, pertsona ederrak arrakasta handiagokotzat jotzen dira normalean eta gizarte-trebezia handiagoa duela eta gaitasun handiagokoa dela uste izaten da.

Zer dira, benetan, tratu txarrak

Xarma fisikoa eta norbere buruaren irudia Norbere burua ideal handiekin konparatzea oso kaltegarria izan liteke, gutxi balio dela sentitu eta elikadura arloko arazoak gertatzen baitira.

Eta nork bere buruaz duen irudia moden eta gorabehera sozialen menpe egoten da. Ez dira berdinak 40ko hamarkadako edertasun kanonak eta gaurkoak. Eragin handiagoa izango dute segurtasun gutxiko pertsonengan, edo barregarri geratzen beldurra dutenengan eta presio kulturalaren aurrean sentibera direnengan. Ezarritako edertasun ereduetara gehien hurbiltzen diren emakumeak gusturako sentitzen dira beren buruarekin eta beren buruaz sentimendu positiboagoak adierazten dituzte.

Irudi osasuntsua erakargarritasun fisikoarekin lotzen den faktorea da, baina ez du beti osasun egoera ona adierazten. Larruazal beltzaranaz dagoen ideian ikusten da hori, osasun adierazletzat hartzen baita, garaiz aurretik zahartzearekin eta larruazaleko minbizirako joerarekin erlazionaturik dagoen arren.

Laburbilduz...

Journal of Applied Social Psychology aldizkariak argitaraturiko artikuluetatik ondoriozta daitekeenez, xarma fisikoa kulturalki erabakitzen den muntaia soziala da, estetika ereduen eta modak agintzen duen joeraren arabera aldatzen dena; eta aldi berean, horiek eragina dute gizarte harremanetan eta norbere gorputz irudiari buruzko iritzian. Bestalde, barregarri geratzeko beldurrik gehien eta irizpiderik gutxien duten pertsonak ahulago dira konparaketa sozialaren eta estereotipo estetikoen eraginaren aurrean.

Guztiok edertasunaren ideal errealista eta lorgarria izatea komeni da. Beltzaran kolorea, hartzen ditugun postura fisikoak, besteekin erlazionatzeko modua, begirada, edo pisu egokiari eustea erabakigarriak dira pertsonen edertasun maila erabakitzean. Erakarpen fisikoak eragina du pertsonen arteko harremanetan eta norbere irudia osatzerakoan. Horrenbestez, pertsonen autoestimaren oinarrian dago eta hain du eragin handia ze, bizitzaren aurrean dugun jarrera baldintzatu eta pertsonaren bizitza kalitatea arriskuan jar dezake.

  • Indarrean dauden edertasun ereduak irizpide merkantilisten araberakoak dira, osasun eta ongizate ikuspegikoak baino gehiago.
  • Ez dezagun onartu gure sexuarentzako eredu bakar bat: pertsonen aniztasuna eta berezitasuna eta bizitzako etapak ukatzea litzateke hori.
  • Eraiki dezagun geure eredua, nork bere gorputza ezagutzetik abiatuta, nolakoa den, nola espresatzen den, nola sentitzen duen eta zer gustatzen zaion kontuan izanda.
  • Onar dezagun geure burua den bezalakoa eta gure itxuran, saia gaitezen atsegin ez duguna bakarrik aldatzen. Izan gaitezen geure buruaren lagunik onenak, nolakoak garen baloratuz eta pertsona berdingabeak garelako harro sentituz.
  • Garenaz harro egoteak sendotu egiten ditu jarrera baikorra eta bitalista izatea eragiten duen segurtasuna eta horrelakoxe harremanak erakartzen ditu, imanak bezala. Pertsona baten xarma ez da konparaketa bidez neurtzen.
  • Kanpotik barrura begiratuta, proposatzen diguten irudiak baldintzatu egingo gaitu eta geure burua gutxiestea eta sekula iritsiko ez dugun eredu baten atzetik joatea besterik ez dugu lortuko; horrek frustrazioa eta norbere burua ukatzea dakartza.
  • Irizpide pertsonalak hartuta, azter ditzagun modak gure sexu eta adinerako proposatzen dizkigun prototipoak. Eta prototipo horretatik, gure bizitza kalitatea hobetu eta osasungarriago egiteko baliagarri zaiguna bakarrik hartzea izango dugu onena.
  • Jar ditzagun helmuga errazak. Erabil ditzagun gure baliabideak itxura atsegina eta erakargarria lortzeko; baina ez dezagun ahaztu besteen gustuko izatea bezain garrantzitsua, edo garrantzitsuagoa, dela geure buruarekin gustura sentitzea.

Xarma fisikoa eta genero desberdintasuna

Emakume gehienek argalago egon nahi izaten dute. Norbere irudiarekin konforme ez sentitze hori egoten da anorexia eta bulimia bezalako arazoen atzean. Eta gizonezko asko ez dago gustura bere pisuarekin: batzuk beren giharrekin izaten dute arazoa eta gorpuzkera atletikoagoa nahi lukete; beste zenbaitek argaltzea dute amets. Gizonezkoek pisua irabazi nahi dutenean, giharren pisua gehitzea izaten dute helburu. Emakumezkoen bularrari dagokionez, gizonezkoek emakumeek baino handiagoa izaten dute gogoko, baina erdibidekoa erakargarri izaten da guztientzat. Begietako kolore gogokoena nahiko bat etorri ohi da norberak duenarekin; hala ere, gizonezkoek emakumeak begi urdinak izatea nahiago duela uste dute estatuko emakume gehienek.

Emakumeen artean alde handiagoa izaten da itxura idealaren eta errealaren artean, muskulatura, larruazala, pisua eta antzeko alderdiei buruz. Hala ere, gustura ez daudenean, gizon zein emakumeak antzera arduratzen dira itxura fisikoa hobetzeaz. Norbere gorputzaz gustura ez egotea gehitu egin ohi da hogei urtetik aurrera emakumeen artean eta gizonezkoen artean, berriz, oraindik ez da zehaztu sentimendu hori zein adinetan hasten den.

Emakume lodiak ez dira hain erakargarri eta desiragarri jotzen bikotekide gisa eta trebezia sexual gutxiago dutela uste izaten da. Horregatik, emakume lodiek sexu harremanetan kide iraunkorra edukitzeko eta sexu desioa sentitzeko aukera gutxiago dutela uste izaten du jendeak. Halaber, gizonezko lodiak ere ez dira sexualitatearen ikuspegitik hain erakargarri jotzen eta ez dira hain erakargarri bikotekide gisa.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto