Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Garestiak ez dira onenak: Bidaia-maleta txiki gurpildunak

"Trolley" motako zortzi bidaia-maleta aztertu dira oraingoan: tamaina txikikoak (23 eta 30 litro bitarteko edukierakoak), erabiltzaileak erosoago eraman ditzan, gurpilez eta tiragailuaz hornituak.

 "Trolley" motako zortzi bidaia-maleta aztertu dira oraingoan: tamaina txikikoak (23 eta 30 litro bitarteko edukierakoak), erabiltzaileak erosoago eraman ditzan, gurpilez eta tiragailuaz hornituak.Prezioak 7.000 pezetatatik (Kelkos eta Zanni) 4.000 pezetara arte (Valisa) doaz. Laborategiak hainbat proba egin zituen, maleten kalitatea eta iraunkortasuna egiaztatzeko: alde batetik, gurpil, helduleku eta sarrailen erresistentzia; bestetik, zulaketaren, erorikoen, tindua galtzearen eta euriaren kontrako erresistentzia. Horiez gainera, itxitura (giltzarrapoaz hornituak, bere giltza eta guzti, edo gabe), tiragailua (integratua edota erregulagarria), poltsikorik ba ote duen (izatekotan, zenbat) eta materialen bukaera nolakoak diren ere aztertu zuen.

Ondorio nagusia hau da: bi laginek bakarrik (Gabol eta Zanni) gainditu zuten azterketa oso-osorik. Gainontzekoek, erresistentzi probetan egin zuten kale. Nolanahi ere, emaitzak onargarritzat jo ditzakegu, produktu honi dagokionez, lagin guzti-guztien errodadura-sistema (John Travel laginak izan ezik), ehunaren sendotasuna, sarrailaren erresistentzia eta heldulekuena asetzeko modukoak izan direlako. Hutsunerik orokorrena -zortzi maletetatik bostek huts egin baitzuten hemen- erorikoen aurkako erresistentzia izan zen (proba horretan asko eskatzen zitzaion produktuari, aitor dezagun) bertan hausturaren bat gertatu zelako: tiragailuarena, gurpilaren euskailuarena eta alboko babesgailuarena, besteak beste.

Ixteko sistemek erabiltzaileari ia-ia segurtasunik eskaintzen ez diotela ere egiaztatu zen, erraztasun osoz irekitzen baitira maletak. Hobetu beharreko beste alderdi bat etiketa da: zortzi laginetako hiruk maleta nolako materialez egina dagoen adierazten ez dutenez, produktu hauentzat indarrean dagoen arauteria urratu egiten dute. Denetan hoberena Zanni (bi garestienetako bat da bera: 7.000 pezeta), den arren, prezioa eta kalitatearen arteko erlaziorik egokiena Gabol laginak eskaintzen du (kalitate onekoa izanik, bigarren merkeena da, halaber: 4.300 pezeta).

Pisua eta edukiera

"Trolley" motako maleta hauen pisua berdintsua da, denetan: arinenak (Gabol) 3,2 kilo pisatzen du eta 4,1 kilo baizik ez astunenak (Zanni).

Aldea hutsaren hurrena da, maleta hauek gurpilen gainetik eramatekoak direla kontuan izanik. Arinenetako beste batzuk John Travel eta Yensal diren bitartean, Valisa eta Rodelle laginek 3,8 kilo baino pisu handiagoa dute. Edukierari dagokionez, handienak Valisa eta Kelkos dira (30 litro), ondotik Zanni eta Gabol (28 litro) datozkiela. Zerrendaren erdialdean agertzen da John Travel, 26 litroko edukiera duelarik.

Tamainaz, txikienak Rodelle, CD eta Yensal dira: hirurek ere 25 litro baino edukiera txikiagoa dute.

Gurpilak eta tiraka ekartzeko sistema

Erabiltzaileak produktua erosoago izan dezan, maleta hauen tiragailua egituran integraturik egotea komeni da. Yensal, John Travel eta Rodelle laginek bakarrik ez dute tiragailua maletaren gorputzean integratua. Kelkos eta Gabol markako maleten tiragailua integratua egoteaz gainera, erregulagarria da: ezaugarri horiek guztiek erabiltzeko ergonomia areagotu egiten dute. Yensal laginean, aldiz, tiragailua erregulatu behar duen mekanismoa ez zebilen behar bezala, adierazitako posizioetan finkatzerik ez baitzegoen.

Gurpilen erresistentzia neurtzeko, maleta bakoitzaren gainean erabilera arruntean daramatena (10 kilo inguru) baino karga astunagoa ezarri zen eta, maleta horrela kargaturik, azalera gorabeheratsu batetik 250 metroko ibilbidea eginarazi zitzaien denei. Hori eginikoan gurpilak hautsi, irregulartasunez higatu edo ardatzak askatzeko joera agertzen ote zuten aztertu zen laborategian. Gurpilen sendotasuna eta errodadura bera ere zuzen eta egokiak izan ziren, John Travel izeneko laginean izan ezik: honetan haustura edo urraketarik gertatu ez bazen ere, proba amaitu ondoren gurpilen kontaktu-azalera ez zegoen hasieran bezain uniforme, zorua gurpilen azpialdeak bakarrik jotzen zuelako.

Maleta bertikal eta (horretarako heldulekua zeukaten laginen kasuan) horizontal garraiatzean, heldulekuen erresistentzia neurtzeko, eskutoki horiei sei orduz hamar kiloko zama estatikoa ezarri zitzaien. Maleta guztiek erresistentzia ona agertu zutenez, alderdi horretatik heldulekuak kalitate onekoak zirela ondorioztatu behar izan zuten probatzaileek. Beste alde batetik, makina bat aldiz neke-saiakera eraginez, sarrailek erabileraren aurrean nolako erresistentzia agertzen zuten kalkulatu zen: proba hau ere lagin guztiek aprobatu zuten.

Zulaketa eta kolpeen aurkako erresistentzia

Objektu zorrotz batek, egokituz gero, maleta nola zula zezakeen ebaluatzeko, zulaketa-saiakera bat egin zuten laborategian, dinamometro baten zehaztasunaren laguntzarekin: maletaren ehunaren ustezko hiru alderdi ahulenetan hiru erasoaldi egin ziren. Erresistentzia handieneko maleta Zanni da, ondoren Kelkos eta Valisa datozkiola.

Zulaketaren aurrean erresistentzia ahulena agertu zuten laginak, berriz, Gabol eta CD izan baziren ere, laborategiko teknikoek ontzat jo zuten emaitza, maletaren ehuna motxilarenaren berdintsua delako. Horrenbestez, objektu ziztakari edo zorrotzak eraginiko zulaketa-saiakeraren aurrean behar bezainbesteko erresistentzia zortzi maletek agertzen dutela ondorioztatu behar da.

Laginen sendotasuna ebaluatzeko garaian (hau da, bizitza baliagarrian zehar hartzen dituen kolpeen aurrean nolako joera erakusten duen), hainbat eroriko mota jasanarazi zizkieten maletei: batetik, eskailera batetik, 5 metroko erorketa librea; bestetik, metro erdiko eroriko bertikala, gurpilen erresistentzia baloratzeko; beste bat, bi metroko altueratik, maletaren aurrealde eta atzealdean erresistentzia egiaztatzeko; azkenik, albotik erortzen utzi ziren, 2 metroko altueratik. Saiakera hauek guztiak, maletek barruan 10 kiloko karga zeukatela egin ziren.

Erantzunik egokiena John Travel, Gabol, eta Zanni laginek eman zuten, erresistentzia proba zorrotz horren ostean inolako haustura edo urraketarik agertu ez zutelako. Yensal markakoan, aurrealde eta atzealdearen gaineko erorikoaren ondoren, tiragailua luzatu eta tolesten duen mekanismoa hautsirik gertatu zen baina, hala eta guztiz, mekanismoak ongi funtzionatu zuen handik aurrera ere. Alboko erorketa eragin ondoren, CD markako maletako gurpilaren plastikozko euskailua puskatu egin zen, baina horrek ez zuen eraginik agertu gurpilaren funtzionamenduan. Kelkos laginean, estetika bakarrik eraginez, ehunaren josturan urraketa txiki bat besterik ez zen jazo, alboko erorketa egiterakoan. Rodelle maletan, 5 metroko altueratik eginarazitako erorikoan, gurpil baten plastikozko euskailuan haustura txiki bat atzeman zen; alboaren gainean eraginiko erorialdian, berriz, beste gurpilaren plastikozko euskailua zeharo puskatu zen.

Dena den, ezbehar mekaniko horiek gorabehera, errodadura zuzen zegoen, saiakerak amaitutakoan. Valisa laginaren gurpiletako plastikozko babesgailuak hautsi egin ziren eroriko librean eta alboaren gainean eraginiko erorketan, azkenik, gurpil baten euskailuaren azpialdea puskatu zen. Puskatze horietako bakar batek, ordea, ez zuen eraginik izan gurpilen funtzionamenduan. Hitz gutxitan, erorikoen aurkako erresistentzi probetan hautsi zirenek ez zuten gurpilen funtzionamenduan eraginik ondorioztatu: beraz, lagin guzti-guztien sendotasuna egokia da. Areago, John Travel, Gabol, eta Zanni laginek eroraldietan agertu zuten sendotasuna asetzeko modukotzat jo dezakegu.

Etiketak: behar adinako informaziorik ez

Produktu hauen etiketa, kontsumitzaile eta erabiltzaileei zuzenean saltzen zaizkien produktu industrialen gaineko 1468/1988 Errege Dekretuak eta, era berean, bidaia artikuluen eta larruzko produktuen etiketa arautzen duen 1990eko otsailaren 15eko Aginduak xedatzen dute. Maleta hauek eskaini behar duten informazioa, fabrikazioan baliaturiko materiala eta fabrikatzailearen edo inportatzailearen nortasuna da. Era berean, Arauak xedatua duenez, produktua behar bezalako segurtasunez eta egokiro premiazkoak baldin badira, erabiltzeko eta mantentzeko argibideak agertzea nahitaezkoa da. Ez dirudi maleta berez denik Arau horren xede, horren erabilera oinarri-oinarrizkoa baita edonorentzat.

Atal honetan garrantzi handia duena bestelako kontua da: CD, Rodelle eta Zanni laginen etiketek ez dute jakinarazten maleta nolako materialez fabrikatu den. Gainontzekoenek, aldiz, informazio hori guztia ematen zuten.

Elementuak eta bukaera, kalitatearen adierazgarri

Sarrailak giltzarrapo motakoak dira, bere giltza eta guztikoak; sistema horrek irekiera erraztu edo, gutxienez, galarazten ez duela argi eta garbi geratu zen zortzietatik sei laginetan: alanbre batekin edo beste maleta batzuen giltzarekin ireki ziren, inolako zailtasunik gabe. Horren salbuespena Zanni eta Kelkos laginak izan ziren, aurrenekoaren sarraila eta bigarrenaren giltzarrapoa ireki ahal izateko konbinazio bat ezagutu behar delako. Modelo bi hauek dira maletaren erabiltzaileari gutxieneko segurtasuna bermatzen dioten bakarrak.

Beste atal batez ari garelarik, maleta guztiek dauzkate poltsiko edo zorroak kanpoaldean: gehientsuek, bat edo bi, seikoak ere badauden arren. Poltsiko ugarienekoak dira Rodelle (lau aurrealdean eta bi alboan) eta CD (alboetan lau, aurrealdean bat eta atzealdean beste bat, azken bi hauek kremaileraz ixten direnak).

Maletak horizontalki uzteko hankei goazkiela, CD, Rodelle eta Valisa dira hankarik ez daukaten bakarrak; dena den, Valisa laginak aurrealdean gomazko mutur sendo batzuk dauzka, babesgailu gisakoak. CD markakoaren diseinua, bere aldetik, ez dago taxutua maleta horizontalki eramateko, posizio horretan heldulekurik ez baitu. Rodelle laginak, aldiz, badauka maleta horizontal eramateko moduko heldulekua.

Lagin guztiek oihalez jantzirik dute barrualdea, eraman beharreko generoari eusteko zerrenda elastikoak eta poltsikoren bat, erabilgarri. Yensal, Kelkos, Rodelle eta Gabol laginek, eraman beharreko generoa tiragailuen presiotik babesteko akoltxatu edo xafla erdi-zurruna agertzen dute. Lau maleta hauen bukaera ongi baloratu zen; Valisa laginarena, ordea, erdipurdikoa (ehunezko janzkera hori hondoan bakarrik daukalako, alboetako plastikoa agerian geratzen delarik). Beste hiru maleten bukaera onartzeko modukotzat jo daiteke.

Tinduaren finkotasuna eta euriaren aurkako erresistentzia

Kanpo eta barnealdeko ehunen tinduaren finkotasuna ere probatu zen, erasoa egiteko ura, alkohol eta azetona erabiliz. Rodelle eta Valisa laginek tinduaren galera arina izan zuten barrualdeko ehunean, alkohol eta azetonaz igurtzi zituztenean. Kanpoko ehuna, berriz, lagin guztietan sendo eta oso mantendu zen, proba horiek egitean. Izan ere, gainerako sei maletek ez zuten inolako arazorik agertu proba honetan.

Beste saiakera batean, zortzi laginak 3,5 bareko presioa eragiten zuen euri-arku baten azpian eduki zituzten 30 minutuz. Maleta, berez, nahiko produktu konbentzionala izaki, proba zorrotzegia zen hau baina, nolanahi ere, oso baliagarri suertatu zen euriaren aurka maleta bakoitzak nolako erresistentzia ezartzen duen egiaztatzeko.

Rodelle eta Valisa markakoek bakarrik eman zuten 30 minutuko tartea oso-osorik barrualdean urik sartzeke. Kelkos eta Zanni markako maletetan, probaren hasieratik 15 minutu igarotzean sartu zen ura. Yensal, CD eta Gabol laginek 10 minutu iraun zuten barrualdea busti gabe eta azkenean John Travel laginak, proba honetan txarrenak, ura barrura sartu gabe 5 minutu baizik ez zuen pasa.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto