Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Atmosfera eraldatuan ontziratutako lau marka desberdinetako 8 entsalada-lagin aztertu dira oraingoan. "Gutxien prozesaturiko produktu hoztuak" da hauen izen komertziala eta kontsumitzaileak hozkailuan kontserbatu behar dituen barazki fresko ikuzi, ebaki eta ontziratuak dira osagaiak. Honelako ontziak produktuaren freskotasuna babesten du, landarezkoen arnasketa zein hezetasun-galera galarazi egiten baititu: beraz, elikagaiaren iraunaldi baliagarria luzatu eta bitamina eta mineralen galerak gutxitu egiten dira horrela. Lagin batek 7 barazki desberdin ditu eta beste zenbaitek bi besterik ez daukate. Prezioetan alde nabarmenak daude: kiloko 858 pezeta kostatzen da Vega Mayor markako "Lau urtaro" plegukoa (bi barazki-mota baino ez) eta, goitik, 2.920 pezeta kiloko Kerne markako "California" (bost barietate). Freskoak bezain osasuntsu eta nutrigarriak badira ere, nozitu behar dituzten ikuzketak eta ebaketak bitamina-galera ondorioztatzen dute. Baina, beste izendapen batez, "laugarren gamakoak" diren entsalada hauen kalitate sanitarioa ez da asetzeko modukoa, inondik ere. Laginetako bi "Vega" (Vega Mayor) eta Luminos markako "Cesar" bakarrik zeuden egoera egokian. Gainerakoek, arautegiak onartzen duen mikroorganismo aerobioen kopurua baino handiagoa agertu zuten; horrek, kontsumitzaileari arazoak ekartzen ez dizkion arren, ekoizpen- edo banakuntza-prozesuan hotz-katea hautsi egin dela adierazten omen du. Horrez gainera, Kernel markako "California" eta Luminosa-ko "Italiana" laginetan, listeria (agente patogenoak) hauteman zen, arauak produktu gordinei dagokienez onarturiko mugen barruan bada ere. Lau laginek, gainera, izurrilkarien hondakinak ere agertu zituzten, legeak baimenduriko mugetan, dena den.
Dastaketan gehien gustatu zena denetan merkeena izan zen: Vega Mayor markako "Lau urtaro", nahiz bi barazki-mota bakarrik dauzkan; garestien eta barazki gehien dauzkaten laginek, aldiz, emaitza okerragoak jaso zituzten kalifikazioan. Beharbada, nota apal horren arrazoia izan daiteke lagin ugarietan kontsumitzaile gehienek oraindik ezagutzen ez dituzten barazkiak (ruckola, adibidez: berez oso mikatza da eta) sartu izana. Kalifikazio onak irabazi zituzten California markako "Tallo Verde" eta Luminosa markako "Cesar" laginek ere. Nolanahi ere, lagin guztiak desberdinak dira, bakoitzak daukan bere osagai-nahasketa berariazkoa eta, horrenbestez, kontsumitzailearen zaletasunak erabakiko ditu entsalada bakoitzaren merituak eta bestelako alderdi subjektiboak. Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Luminosa markako "César" laginak eskaini zuen: bera da denetan bigarren merkeena, eta dastaketan "ongi" kalifikazioa jaso zuen. Vega Mayor markako Vega-rekin batera (hau ere oso aukera polita da), egoera sanitario zuzenean egon eta izurrilkarien hondakinik agertzen ez duten lagin bakanetako bat da hau.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa