Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Higienea, hobetzeko moduko alderdia: Entsalada ontziratuak

Atmosfera eraldatuan ontziratutako lau marka desberdinetako 8 entsalada-lagin aztertu dira oraingoan.

  "Gutxien prozesaturiko produktu hoztuak" da hauen izen komertziala eta kontsumitzaileak hozkailuan kontserbatu behar dituen barazki fresko ikuzi, ebaki eta ontziratuak dira osagaiak. Honelako ontziak produktuaren freskotasuna babesten du, landarezkoen arnasketa zein hezetasun-galera galarazi egiten baititu: beraz, elikagaiaren iraunaldi baliagarria luzatu eta bitamina eta mineralen galerak gutxitu egiten dira horrela. Lagin batek 7 barazki desberdin ditu eta beste zenbaitek bi besterik ez daukate.

Prezioetan alde nabarmenak daude: kiloko 858 pezeta kostatzen da Vega Mayor markako "Lau urtaro" plegukoa (bi barazki-mota baino ez) eta, goitik, 2.920 pezeta kiloko Kerne markako "California" (bost barietate). Freskoak bezain osasuntsu eta nutrigarriak badira ere, nozitu behar dituzten ikuzketak eta ebaketak bitamina-galera ondorioztatzen dute. Baina, beste izendapen batez, "laugarren gamakoak" diren entsalada hauen kalitate sanitarioa ez da asetzeko modukoa, inondik ere. Laginetako bi "Vega" (Vega Mayor) eta Luminos markako "Cesar" bakarrik zeuden egoera egokian.

Gainerakoek, arautegiak onartzen duen mikroorganismo aerobioen kopurua baino handiagoa agertu zuten; horrek, kontsumitzaileari arazoak ekartzen ez dizkion arren, ekoizpen- edo banakuntza-prozesuan hotz-katea hautsi egin dela adierazten omen du. Horrez gainera, Kernel markako "California" eta Luminosa-ko "Italiana" laginetan, listeria (agente patogenoak) hauteman zen, arauak produktu gordinei dagokienez onarturiko mugen barruan bada ere. Lau laginek, gainera, izurrilkarien hondakinak ere agertu zituzten, legeak baimenduriko mugetan, dena den. Dastaketan gehien gustatu zena denetan merkeena izan zen: Vega Mayor markako "Lau urtaro", nahiz bi barazki-mota bakarrik dauzkan; garestien eta barazki gehien dauzkaten laginek, aldiz, emaitza okerragoak jaso zituzten kalifikazioan.

Beharbada, nota apal horren arrazoia izan daiteke lagin ugarietan kontsumitzaile gehienek oraindik ezagutzen ez dituzten barazkiak (ruckola, adibidez: berez oso mikatza da eta) sartu izana. Kalifikazio onak irabazi zituzten California markako "Tallo Verde" eta Luminosa markako "Cesar" laginek ere. Nolanahi ere, lagin guztiak desberdinak dira, bakoitzak daukan bere osagai-nahasketa berariazkoa eta, horrenbestez, kontsumitzailearen zaletasunak erabakiko ditu entsalada bakoitzaren merituak eta bestelako alderdi subjektiboak. Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Luminosa markako "César" laginak eskaini zuen: bera da denetan bigarren merkeena, eta dastaketan "ongi" kalifikazioa jaso zuen. Vega Mayor markako Vega-rekin batera (hau ere oso aukera polita da), egoera sanitario zuzenean egon eta izurrilkarien hondakinik agertzen ez duten lagin bakanetako bat da hau.

Egoera sanitarioa, arras hobetzeko modukoa

Laugarren gamako entsaladak kontsumitzailearen osasunarentzat arriskutsu gerta daitezke behar bezala maneiatzen ez badira, behintzat, landarezkoek behar bezain pH azidoa ez dutelako, ur asko daukatelako eta, gainera, elikagaien bidezko toxiinfekzioak eragiten dituzten mikroorganismoak jarduerarik gabe uzteko bezain eraginkorra litzatekeen tratamendu termikorik ez zaielako ematen. Gauzak horrela izatea mikroorganismo patogenoen ugalkuntzaren mesedetan da. Horrenbestez, produktuaren higienea eta hotz-katea eten gabe mantentzea funtsezkoa ez ezik, ezinbestekoa ere bada.

Azterketa mikrobiologikoan, honelako entsaladen egoera higienikoaren adierazle diren aerobio mesofiloen eta Echerichia colien zenbaketa egin zen. Fabrikazio-egunerako mikroorganismo-kopuru zehatz bat eta iraungitze-datarako beste bat xedatuak ditu arauak. Gure azterketan, ordea, erreferentziatzat iraungitze-egunean gehienekotzat jotzen den kopurua hartu dugu.

Zenbaketa eginik, Vega Mayor markako "Vega" eta Luminosa markako "Cesar" laginak bakarrik zeuden egoera zuzenean. Gainerako sei entsaladek, arauak onartzen duen gehieneko aerobio mesofiloen kopurua baino handiagoa zuten. Mikroorganismo nabarmenenez -patogenoez, alegia- ari garela, lagin bakar batean ez zen Salmonellarik hauteman baina Kernel markako "California" eta Luminosa markako "Italiana" laginetan listeriaren arrastorik agertu zen; dena den, baimendutakoa (hau da, 100 unitate kolonia-sortzaile) baino kopuru txikiagoa zen laginetan zetzana. Logikoena da legeak elikagai batean mikroorganismo patogenoren agerpenik ez onartzea, baina ez du galdatzen produktu gordinetan listeriaren agerpenik ez izatea, patogeno honen germenak naturan zehar biziki sakabanaturik daudelako eta hagitz zaila delako horrelakoak erabat suntsitzea; izan ere, bero bitartez trataturiko produktuetan bakarrik galdatzen da hori.

Listeriak defentsa apalak dituzten pertsonei bakarrik erasotzen die: gaixoak, haurrak, pertsona zaharrak eta emakume haurdunak. Gizatalde horietako batekoa ez den gizaki osasuntsu batek ez du listeria bidezko toxiinfekziorik nozituko, patogeno hori ugaria duten elikagaiak kontsumitu ezean. Listeriak landarezkoen jatorrian egon daitezke baina baliteke lantze-prozesuan zehar sartu izana ere.

Oxigeno gutxi edo, areago, oxigenorik ez den eguratsetan bizirik irauten dute (hala nola honelako entsaladen ontzietako eguratsean) eta baliteke haztea, mantso-mantso bada ere, hozkailuan bertan. Lehengaiaren egoera higieniko egokia eta hotz-katea ez etetea funtsezkoa da, beraz. Produktuan inolako listeria-agerpenik ez izateko ahalegin guztiak egin behar dira baina, azken finean, funtsezkoena patogeno hori ez ugaltzea da: horretarako, beraz, hotz-katea mantentzea dugu bitarteko bakarra.

Nitrato aldetik, ongi

  Entsalada hauek dauzkaten nitrato-kopuruak ere aztertu dira: landarezko produktuak direnez, baliteke konposatu hori ugari agertzea. Gizakiaren kasuan, nitratoen ingestio-bideak ura, kontserbakari batzuk eta landarezkoak dira, ongarri nitrogenatuak erabili diren heinean. Nitratoen arazo larriena, nitrito (beraz, gizakiarentzat, toxiko) bihurtu ahal izatea da. Lagin guztiek, legeak onarturiko mugen azpitiko kopuruak agertu dituzte, hau da, 2.500 eta 4.500 zati milioiko, landare-barietateen arabera. Arau hori 2002ko apirilaren 5ean aldatu egingo da: gehieneko kopuru horiek jaitsi egingo ditu eta, modu horretan, nitratoen balizko toxikotasunari buruzko polemika islatuko du. Entsalada hauek, nolanahi ere, arau berriaren mugak ere errespetatu egiten dituzte.

Zortzietatik lauk izurrilkariak dituzte, mugen barnean dena den

Landarezkoak erasotzen dituzten izurriteak (onddoak, intsektuak, etab.) kontrolatzeko baliatzen diren produktu fitosanitarioak ureztatze soilak suntsitu egiten dituen arren, horietako batzuk iraun egiten dute barazkietan.

CONSUMERek egiten dituen analisiak 89 izurrilkari hautemateko gauza dira; oraingoan, horietatik sei atzeman dira (Metalaxil, Iprodiona, Oxadixil, Procimidona, Propozamida eta Propizamida) entsalada hauetan. Edonola ere, zortzi laginetatik lauk bakarrik zituzten agerian izurrilkarien hondakinak: Tallo Verde markako "Brotes Tiernos" laginak (hiru produktu), Luminosa markako "Italiana" laginak (bi produktu) eta Kernel markako "California" eta Vega Mayor markako "Vega" laginak (produktu bakarra).

Alderdi garrantzizkoena, legeak onarturiko gehieneko muga lagin bakar batek gainditu ez izana da.

Nutrizioaren ikuspegitik, gomendatzeko modukoak

Zeinahi barazkiren osagai nagusia ura denez, elikagai hauen balio energetikoa apal-apala da; gure kasuan, letxuak 14 kaloria ditu 100 gramoko eta azak, zerrendaren beste muturrean, 29 kaloria. Balore horrek gora egiten du, noski, sukaldaritzak bidezkoa ohi duen olioa edo saltsa (kaloria ugarikoak) eransten zaionean. Proteina gutxi aportatzen dute, landarezko gehientsuenek bezala: azenarioa da urriena (%1) eta aza ugariena (%3), honetan. Gantz-edukia ere %1etik behera dabil barietate guztietan. Eta gantz horren osakera osasuntsua da, gainera, gantz-azido saturaturik ez daukalako. Karbohidratoak produktu osoaren %2tik %7ra bitartean dabiltza.

Zuntza barazki guztiek ematen digutenez, dietan duten ekarpena oso interesgarria da. Barazkietan ia-ia bitamina guztiak aurki ditzakegu D eta B12 bitaminak izan ezik, hauek animaliazkoetan bakarrik daudelako). Azenarioak beta-karoteno (A bitaminaren sortzaile) ugari ditu. Azak eta letxuak, beren aldetik, azido folikoaz hornitzen gaituzte. Entsalada hauetan, dena den, bitaminen edukia murrizturik suerta daiteke, barazkiak uretan ikuzi eta ebakitzean.

Mineralei goazkiela, letxuak, azak eta azenarioak 40 miligramo kaltzio aportatzen dute ehun gramoko eta azak, berriz, 300 miligramo potasio, 100 gramoko, halaber. Burdina gutxi aportatzen dute, oro har.

Etiketak, ongi

Azterturiko entsaladak plastikozko ontzi zurrunetan edo zorroetan datoz ontziraturik, produktuaren freskotasuna babestuz. Etiketa guztietan adierazten da elikagaia hotzetan kontserbatu behar dela. Kasuren batean, atmosfera eraldatu edo berezian ontziratua izan dela ere esaten da. Kernel markako biek adierazten dute "kalitatea hobetzearren, atmosfera berezian" ontziratuak izan direla, baina esakune hori guztiz okerra da, ontzi horrek ez baitu inondik ere produktuaren kalitatea hobetzen. Kernel markako bietan eta Tallo Verde markako "Kimu Berriak" laginean, osagaien zerrendarekin batera, hauen proportzioak urtaro batetik bestera aldatu egin daitezkeela jakinarazten zaio kontsumitzaileari: horrek adierazten du produktua ez dela homogeneoa izango urte osoan zehar.

Nola ekoizten diren

Fabrikatzaileak zehazturiko heldutasun-mailara iritsitakoan jasotzen dira barazkiak. Tallo Verde-ko bi entsaladetako batek kimu berriak ditu osagai eta, hortaz, bertako barazkiak ateratzean bildu direla adierazten du. Eskuarki, barazkiak jaso ondoren hoztu egiten dira, kalitaterik gal ez dezaten. Garbiketa-fasea bete ondoren (ikuzteko ur kloratua baliatzen dute batzuek, mikroorganismoen agerpena murrizteko), barazkiak ebaki eta plastikozko ontzi edo zorroetan gordetzen dira, atmosfera eraldatuan (gas-nahastea da hori: aireko oxigenoaren proportzioa urritu eta beste gas batena areagotu egiten da).

Ontzi horren zeregina, barazkien zimeldura eta bitamina zein mineralen endekapena sortarazten duten hezetasun-galerak eragoztea eta arnasketa-prozesuak mantsotzea da. Ontzia hozketa-tenperaturan mantendu behar da, barazkietan leudekeen mikroorganismoen balizko ugalpena hotzak bakarrik eragozten duelako; hau da, hoztea da elikagai hori kontserbatzeko metodo bakarra.

Orrialde-zenbaketa


Eduki honen erlazioak

Artikulu honetan

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto