Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Udaberriko eguraldi aldaketarekin, iritsi da lore eta landareek zainketa gehien eskatzen duten urtaroa ere
Negu gogorraren ondoren, arreta handiagoa eskaini behar diegu etxe barrua, balkoiak, patioak eta terrazak apaintzen dituzten lore eta landareei eta lorontzia aldatu edo lurra berritu. Izan ere, etxean loreak eta landareak hazten dituenari ahaztu egiten zaio sarri landareen bizitza luzatzeko funtsezkoa dela jaten ematen dien lurra. Landareak ongi egokitzen dira etxe barruko tenperaturetara eta lorontziko espazio mugatura, eta lurrean sartuta baino lore gutxiago eta hazkunde txikiagoa izango dute. Baina lurrari arreta jarri eta behar dituen ongarriak emanez gero, landare ederrak lortu eta bizitza luzatzea lortuko dugu.
Lurra eta ongarria aldatu aurretik , lorontzia nola dagoen begiratu behar da. Sustraiz beterik baldin badago, iritsi da landarea ontzi handiagoan jartzeko unea eta aurreko lorontzikoaren antzeko lurrez bete beharko da, lur hori landarearentzat egokia baldin bada. Hala ez balitz, une egokia da akatsa zuzendu eta lorontzian behar den lur mota jartzeko.
Arau orokor gisa, lorontzi handi baten eta txikiago baten artean zalantzak bazaude, ahalik eta txikiena aukeratzea komeni da, landarearen sustraiak lasai baldin badaude behintzat. Landarea aldatu egin beharko da sustraiek lurra inguratzen dutenean. Jende askorentzat zaila izaten da lorontzi handietan lurrari osasuntsu eustea, ontzi handian dauden landareak larregi ureztatzeko joera izaten baitugu. Hezetasun larregiak erraztu egiten du landarearentzat kaltegarri diren organismoak garatzea. Lorontzia aurrez erabilia baldin bada, garbitu eta desinfektatzea komeni da berriro erabili aurretik.
Lorontzia aukeratu ondoren, landarea hartzeko prestatu behar da. Lorontziaren azpiko zuloan harri-koskor bat edo beste lorontzi baten zatia jartzen da, ura irteteko moduan eta lurrak zuloa estal ez dezan eran. Lorontzia zuzenean lurrean uzten bada (ez da komenigarria izaten), alboan egin ahal izango diogu ura botatzeko zuloa. Gainera, ontziaren beheko zatia (bostena) harea lodiz edo hartxintxarrez bete behar da, ura pilatu ez dadin.
Lur nahasketa landare bakoitzera eta bere nutrizio beharretara egokitzea komeni den arren, humusa (orbel-lurra), lorategiko lur beltza, simaur konposatua, karea eta erreka-harea dituen nahasketa, egokia izango da espezie gehienentzat. Nahasketaren proportzioak aldatu egiten dira landare bakoitzaren beharren arabera, baina humusak eta lorategiko lur beltzak osatu behar dute erdia baino gehiago, hiru laurdenak gainditu gabe. Humus kopurua gehitu egingo da landarearen nutrizio beharrak gehitu ahala eta nahasketaren gainerakoa honela osatuko da: laurdena harea eta hamarren bat simaur edo satsa. Darabilgun lurra ona dela seguru ez baldin bagaude, landare ikatzaren hautsa gehi diezaiokegu nahasketari, infekzio aukerak gutxitu egiten baititu. Turba apur bat (landare jatorriko material organikoa, oso drainatze ona duena) eransteak hobetu egiten du edozein lur motaren aroltasuna.
Lurra prestaturik dugunean, lorontzian sartuko dugu landarea. Horretarako, zuloa egingo dugu lurrean, landagailuarekin. Sustrai-lurra duen landarea baldin bada, ez da lur guztia aurrez lorontzira bota behar, sustraiak sar daitezen behar adina leku utzi behar baita. Landarea jarritakoan, ontzia lurrez beteko dugu. Lurrak sustraiak ongi bildu eta ukitzen gera dadin, aski izango da lorontziari lurrean kolpetxo batzuk ematea. Landatu ondoren, eguzki izpietatik aldendurik eduki behar da ontzia, hostoen itxurak landarea sustraitu dela adierazten duen arte.
Fondoko ongarritzea, edozein landaketatan oinarrizkoa, substratua edo lur nahasketa prestatzeko unean egiten da. Merkatuan salgai dauden ongarri konplexuak egokiak izaten dira ongarritze mota honetarako. Prestakuntzan ongarria ongi zabaltzea lortzeko, ongarri solidoak izatea komeni da, garau fina edo hautsa. Ongarri hori egiteko nitrogeno, fosforo eta potasiozko gatz soilak erabiltzen dira, mikroelementuez gain. Gatz mineralen aldeko aukera egiten badugu, hona hemen proportzio egokiak: landarearen sentiberatasunaren arabera, lur dezimetro kubiko bakoitzeko 1,5 eta 2 gramo artean. Hosto berdeko landareek nitrogeno-gai ugari behar izaten dute; loredunek, berriz, fosforoa eta potasioa behar izaten dute, batez ere hilabete hotzetan eta loraldi betean daudenean. Neguko atsedenaldian ez da urarekin ongarririk bota behar. Landarea ongarritzean ez dira hostoak ahaztu behar: ongarria hostoetan barrena erortzen utziko da, hostoen bidez ere jaten baitute landareek.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa