Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Kirolaren, paseoaren eta bidaiaren artean erdibidean, senderismoak gero eta zale gehiago du egunotan, naturarekiko zuzeneko harremana eta norberak nahi bezain ariketa bizia eskaintzen duelako.
Printzipioz behitzat, senderismoak ez du eskatzen prestaketa fisiko handiegirik, ez eta kirola egiteko joan-etorri handirik ere: hurbileko mendi eta basoetan zehar ibilaldi bat egitea edo paraje naturalak oinez ezagutzeko asteburu bat ematea aski duzu kirol honekin lehen kontaktua izateko. Ezagupen teknikoak, eskarmentua eta erresistentzia fisikoa bildu ahala, ibilbide luze eta zailagoei ekiteko moduan izango zara.
Mendiko federazioek eta erakunde ekologistek aho batez aitortzen dute gero eta praktika herrikoiagoa dela, baina sarritan behar ez den moduan egiten dela. Senderismorako gune egokiak noizean behin bisitatzen dituztenak ez dira ohartzen paraje natural horiei eragin diezaieketen kalteaz eta ahaztu egiten dute senderismoko oinarrizko printzipioa: ingurumenarekiko errespetua.
Paisaia, kultura, turismo, historia edo gizarte aldetik intereseko diren lekuak bisitatzeko diseinaturiko ibilbideak izaten dira, bidexka edo pistetan zehar doazenak. Lau mota bereizten dira:
Oinetakoa da senderismorako oinarrizko elementua. Egoera onean dagoen bide batetik ordu pare batez ibiltzeko edozein oinetako erosok balio duen arren, egun guztian zehar ibiltzeko asmoa badugu oinetako egokiagoa aukeratu beharko dugu, bidean zehar era guztietako zorua aurkituko baitugu.
Merkatuan oso eskaintza zabala dago, baina orkatilari ongi eusten dion oinetakoa aukeratu beharko dugu beti. Senderismorako berariazko oinetakoa erosi nahi duenak, aditu batekin kontsultatzea izango du onena, azken belaunaldiko ehunei buruz eta bere beharretara ondoen egokitzen diren trekking-eko bota edo zapatilei buruzko informazioa eman diezaion.
Motxila ere garrantzitsua da, egun bakarreko irteeretarako ezer berezirik behar izaten ez den arren: janari apur bat, txanoa, sakelako telefonoa, oinarrizko botikina eta, urtaroaren arabera, berokiren bat, eguzkitarako betaurrekoak eta zira bat. Eta, jakina, ura ez da ahaztu behar. Eta bidean iturririk aurkitzen badugu (edateko ura dutenak, argi!) edateko eta kantinplorak betetzeko aprobetxatzea komeni izaten da, sekula ez baita jakiten beste iturri bat non aurkituko dugun.
Zenbait ohitura funtsezkoak dira senderismoarekiko lehen harremanak oroitzapen ona utzi eta esperientzia errepikatzera bultza gaitzan. Ibilbidea teorian ezagutu eta ongi ekipaturik egon arren, dosifikatzen ikasi behar da. Adibidez, ez da komeni Pirinioetako mendiei ekiterik hainbat orduz (maldetan zehar) ibiltzeko ohitura hartuta izan arte.
Senderismoan funtsezkoa da indarrak ez ahitu eta lasai ibiltzea eta, beraz, ez da etsi behar hasieran zangoek erantzuten ez badute edo aldapak amaigabe iruditu arren. Apurka-apurka erresistentzia eta indarra hartuz joango gara.
Beroketa ere ez da ahaztu behar: ibiltari onak badaki ibiltzen hasi aurretik eta ondoren luzatzeko ariketak egin behar direla, giharrak esfortzura egokitzeko.
Senderismoa ez da muturreko kirola, baina ibiltze hutsak baino teknika gehiago eskatzen du. Lehenik ikasi beharrekoa, arazoren bat sortzen denean patxadari eusten jakitea. Eta egoera zailetatik errazago irtengo dugu eskuko telefonoa ahazten ez badugu, familia eta lagunei nora goazen jakinarazi eta beti norbaitekin baldin bagoaz.
Erreka bat zeharkatzeko (urak arriskurik ez badu eta belaunetik gorako sakontasunik ez duenean bakarrik), harriz harri joan behar da, hanka bata bestearen atzetik botaz eta oreka dinamikoari eutsiz. Aldapak jaistean, aldapari begira joan behar da eta pauso bakoitzean orpoa ongi finkatuz, oreka galdu eta erori edo biraka ez joateko. Igoeretarako ere badago trikimailu bat: patxadaz hartu eta pauso laburrez eta sigi-sagaka igotzea. Hobe izaten da sasiarteak, zuhaixka itxiak eta sastrakadiak saihestea, horietatik irtetea neketsua izaten baita eta gainera, urratuz beterik irtengo baitugu.
Orientazioa galdu eta hurrengo marka aurkitzen ez badugu, puntu kardinalak izan beharko ditugu kontuan: eguzkiak Ekialdetik irteten du, Mendebaldetik sartzen da eta Hegoaldera egoten da. Zuhaitzetako goroldioek ere ematen dute arrastoren bat: Iparraldea adierazten dute.
Lainoa sartzen bada (horixe da mendiko zailtasunik arriskutsuenetako bat), erreka bat bilatu arte jaitsi behar da eta hari jarraitu, herrira eramango baikaitu beti. Ekaitzak eta tximistek harrapatzen bagaituzte, berriz, leku altuetatik alde egin eta metalezko gauzak kendu egin beharko ditugu eta zuhaitzetatik aldendu.
Gaua iristen bada, zuhaitz artean babesa aurkitu eta egunsentira arte geldirik egotea izaten da onena.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa