Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Federico Mayor Zaragoza, zientzialaria eta UNESCOko Zuzendari Orokor ohia: "XX. mendeko gertaerarik handiena Giza Eskubideen Aldarrikapena izan zen"

 Federico Mayor Zaragoza (Bartzelona, 1934) pertsonaia politiko ezaguna da eta UNESCO, planetako kultur garapenaren alde lan egiten duen Nazio Batuen Erakundeko ataleko Zuzendari Orokor gisa munduan zehar egin dituen bidaiei zor die bere ezagutzaren zatirik handiena.

Kazetariak berehala antzematen du garatu gabeko herrialdetarako hurbilketak bizi guztirako markatu duela Mayor Zaragoza eta beti Afrikaren eta bertatik bertara ezagutzen dituen beste herrialde batzuen alde jartzera eramaten duela horrek. Nazioarteko hain agintari handi eta eskarmentudunarengan harrigarri ere bada honelako baieztapen erradikal eta argiak entzutea: "Nazioarteko garapenaren azken 30 urteotako porrotik handiena, hain zuzen, mailegu ekonomikoen oinarrien gainean eraikita egotea da".

Mayor Zaragozak Madrilgo Ramón Araces Fundazioaren liburutegian hartu du CONSUMER eta, elkarrizketan zehar, proposamenak botatzen ditu bata bestearen atzetik munduan behingoz bakearen kultura ezar dadin: "Bakerako prestatu beharra dago eta horretan dirua inbertitu, gerraren prezioa ondotxo ere ordaindu dugu eta".

UNESCOko zuzendari orokor izan zen 1987tik 1999ra, eta horrez gain bere prestakuntza zientifikoa aipatu behar da (Farmazia eta Biokimikan doktorea baita). Gainera, mundu guztiko hogeita hamar bat zientzia akademia eta elkartetako kide da eta hainbat unibertsitatetako Honoris Causa doktorea.

Mayor Zaragozak hainbat liburu ere idatzi du, besteak beste "Los nudos gordianos" (Galaxia Gutemberg).

Zertarako balio du heziketak eta zertan laguntzen digu, gizaki eta gizarte gisa?

Pertsona bakoitzari bere bizitza zentzuz gidatzeko aukera ematen dion prozesua da heziketa. Bide bat da eta bide horretan etengabe ikasle gara, geure esperientziaren arabera. Niretzat, munduan gaur egun bizi ditugun erronka handi guztien konponbidea da. Gaur egungo arazo nagusia da 6.070 milioi pertsona bizi garela eta egunero beste 270.000 bidaiari gehiago iristen dela Lurrera. Heziketa da bide bakarra hobeto konpartitu eta pobrezia, bazterkeria eta giza duintasunarekin bateragarri ez diren baldintzetan bizi izatea eragiten duten asimetriak desagerraraztea, azken batean ezegonkortasun eta migrazio fluxuen sorburu besterik ez baitira. Burujabetza pertsonala lortzeko hezi behar da pertsona, inoren esanaren menpe ez egoteko eta funtsezko gaiei buruz geure erantzunak izan ditzagun. Milurtekoaren hasiera honetako albiste on bakarra azken 10 urteotan biztanleriak izan duen gainbehera da. 6.200 milioi pertsona izango ginela kalkulatu genuen eta gutxiago gara. India, Bangladesh, Mexiko eta beste herrialde askotan heziketan gehiago inbertitu dutelako gertatu da hori. Eta horren guztiaren ondorioz, jende gehiagok jokatzen du bere gogoetetatik abiatuta.

Herrialde industrializatuetako biztanleen artean jarrera pasiboa dago gai hauei buruz?

Bai, eta nire kezka agertu nahi dut herrialde aberatsetako herritar askoren (batez ere gazteen) axolagabekeria eta pasibotasunagatik, agian ez baitute gogoeta egiteko astirik eta hondamen, eskandalu eta antzeko gai urgenteei buruzko informazioaren hartzaile iraunkor bihurtzen dira. Egia esan, bizi dira, baina ez dira existitzen herritar gisa, beren ikuspuntuak adierazteko, protesta egiteko eta beren irizpideak transmititzeko gai diren pertsona gisa. Dei bat egin nahi dut, pertsona bakoitzak bere argudioak izan ditzan eta horiek adierazteko gai izan dadin. Egiazko demokrazia eraikitzen parte hartuko duten herritarrak izan daitezela, heziketa on baten emaitza gisa. Ongi hezitako hiritarrak dira, eta ez ongi informatuak bakarrik, hobeto konpartituko duen demokraziarako garantiarik onena, elkartasun handiagokoa eta gure gizarteko ingurumen, gizarte eta moral arloko erronka handiei aurre egingo dietenak.

Heziketak, beraz, bakea, garapena eta demokrazia eraikitzeko balio du?

Garapena herrialde bakoitzaren barrutik atera behar da. Azken 30 urteotako nazioarteko garapenaren porrot handia horixe izan da, hain zuzen, mailegu ekonomikoen oinarriaren gainean eraiki dela eta hori mailegua ematen duen herrialdearen aldekoa da beti, bere gaitasun zientifiko eta teknologikoak hobetzen laguntzen baitiote eta laguntzak jasotzen dituzten herrialdeetan diharduten enpresetan parte hartzea. Eta, hori gutxi balitz, herrialde pobreetan are eta menpetasun handiagoa sortzen dute. Diru-menpetasunari teknologikoa, zientifikoa, kulturala eta administratiboa eransten zaizkio. Heziketaren bitartez herrialde pobreek beren gaitasunak areagotu ditzaten lagun dezakegu, teknikari, ingeniari etab. gehiago eta buruzagi politiko eta enpresari hobeak izan ditzaten. Orain arte, neurri uniformeak ezarri ditugu oso herrialde ezberdinetan eta edozein herrialde izanda ere, funtzionario kopurua gutxitu egin behar duela esan diogu; eta hori herrialde batzuetarako ondo dago, baina beste zenbaitetan, zeuden maisu apurrak ere desagertu egin dira. Pribatizatu egin behar dutela esan diegu eta, bai, herrialderen batzuetan horrela botere ekonomikoa berriro banatzea lortzen da, baina beste zenbaiti bere baliabideak ustiatzeko zituen azken aukerak galtzea eragiten dio pribatizatzeak. Heziketaren bitartez, beren burua garatzeko gaitasuna garatzen lagundu behar zaie.

Ikerketa zientifikoan Estatu Batuak eta Japonia aldean atzera geratzeko arriskua dugu?

Ez dugu arriskurik, atzeratuta gaude dagoeneko. Neurriak hartu beharra dugu. Japoniak eta Estatu Batuek Barne Produktu Gordinaren %3 eskaintzen diote arlo horri eta Europak berriz %1,8 besterik ez. Europak argi izan behar du ikerketan gehiago inbertitzen ez baldin badu, beti izango duela Estatu Batuak eta Japoniarekiko menpekotasun hori. Badira herrialde batzuk, Finlandia edo Suedia esate batera, %4,2 ikerketan inbertitzen dutenak, baina beste batzuek askoz gutxiago inbertitzen dute, Espainiak adibidez %0,9. Espainian estatu-hitzarmen bat egitea da nire proposamena eta horren arabera, datozen 10 urteetan zehar ekitaldi bakoitzean BPGaren %0,08 gehitzea ikerketa zientifiko eta teknikorako inbertsioak. Horrela 10 urteren buruan BPGren %1,7ra iritsiko ginateke, hau da, Europako batez bestekora. Espainian ikertzaile bikainak daude eta ezin ditugu alferrik galtzen utzi, ikerketa ez baitute tresnek bakarrik osatzen. Lankide izan nuen nobel saridun batek esaten zuen bezala: "Ikertzea da beste batzuek ere ikus dezaketena ikusi eta inork pentsatu ez duena pentsatzea".

Eta zifra horien aurrean armamendutan gastatzen dena dago...

Mundu guztian egunean 2.000 milioi dolar (370.000 milioi pezeta) gastatzen dugu armatan, hori izugarria da. Ez dezagun geure burua engaina, armamendutan inbertitzen denean, azkenean erabili egiten da eta. Baina, jaunok...! horren aurretik gaixotasunak ditugu sendatzeko eta ingurumen arazoak konpontzeko! Oreka berriak bilatu beharra dago eta beste modu batera inbertitu. Ezin dugu dirutza hori inbertitu suntsipenean eta defentsa militarrean eta, zentzu horretan, izutu egiten nau Bushen nuklearren aurkako ezkutuak. Askoz ere lehentasun handiagoa da izpi ultramoreen aurreko babesa edo baldintza jasanezinetan bizi diren planetako bizilagunen %83 horrekin zer egiten dugun ikustea edo HIESarekin zer gerta daitekeen aztertzea. Orain arte zortea izan dugu, birus guztiak, bost aldagaiak, odol bidez bakarrik kutsatzen dira baina baliteke mutanteren bat agertzea eta orduan munduko gaixo guztiak tratatu beharko ditugu, ez herrialde aberatsetakoak bakarrik. Hori guztia dela eta, lotsagarria iruditzen zait orain alderdi militarra goraka hastea.

Orduan, armadak soberan daude?

Ez, ni ez naiz utopikoa, armadak beharrezko dira. Bake garaian beste eginkizun batzuetarako prestaturik egon behar dute, adibidez lurrikara, uholde eta antzeko hondamenak gertatzen diren lekuetara hegazkin handiekin arin-arin joateko. El Salvadorren, Indian eta beste leku batzuetan ikusi dugu: nola liteke Lurreko herrialde aberatsenek hegazkinik edo egoera horietarako egokia den teknologia aplikaturik, adibidez zulatzaile, detektatzaile eta hormigoi puskak edo horma eroriak mugitzeko gailurik ez edukitzea? Duela ehun urte bezala ari gara jokatzen hondamenen aurrean, erabateko inprobisazioz. Baina gauza bera gertatzen da Estatu Batuetan sute bat dagoenean ere, han ere ez dute horrelako hondamenetarako prestaturiko dispositiborik eta Kalifornia erdi erretzen da.

Zer egin munduan bakearen kultura ezartzeko?

Horixe da mende eta milurteko aldaketa honetako trantsizio handia, indarraren arrazoitik arrazoiaren indarrerakoa. Indartsuenaren legetik ulermenera, elkarrizketara, elkarri entzutera iristea, jendeak hitz eginez ulertzen duela elkar sinistera heltzea. Gure eguneroko bizitzan Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ezartzea erabakigarria da: hori sinisten dugun unean, mundua alda liteke eta beste era bateko mundua eskaini ahal izango diegu gure seme-alabei. Lehen Artikulua: "Gizaki guztiak libreak eta berdinak dira", begira zein gauza zoragarria. Niretzat XX. mendeko gertaerarik garrantzitsuena 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala izan zen. Jarraibide garrantzitsua da, guztiok askatasun, justizia, berdintasun eta antzeko kontzeptu handien inguruan bil gaitzakeena. Horixe da bakearen kultura, indarra espirituan dagoela sinestea; hau da, aski dugu Ciceronek hainbeste aldiz errepikatu zuen eta mendeetan zehar gizakiok hain itsu jarraitu dugun esaera kaltegarri honekin: "Bakea nahi baduzu, presta ezazu gerra". Horregatik esaten dut nik bakerako prestatu behar dugula eta horretan dirua inbertitu, dagoeneko nahikoa ordaindu baitugu gerraren prezioa.

"Konpartitu" aditza da mende berri honetarako gakoa?

Bai, guztiz konforme nago. Orain arte ez dugu konpartitzen jakin; ez aberastasunak bakarrik, jakintzak, esperientziak eta abar ere ez ditugu partekatu eta horregatik gertatzen dira lehen munduko herrialdeen harrokeriazko jarrerak, herrialde pobreek alfabetatzea eta gero heziketa behar dutela esaten dutenena. Bada, ez, lehenik heziketa behar dute eta gero, beren burua gehiago estimatzea. Afrikako andereño batek gomendatzen zidana egin behar da: "Zergatik ez digute entzuten?", eta aholkuak emateari utzi. Guztiok ontzi berean, munduan, gaudela ohartu behar dugu, eta norabide berean eragin behar ditugula guztiok arraunak. Leonardo da Vincik esan zuen bezala, itsasontzi batean barealdia denean aberatsak eta pobreak, emakumeak eta gizonezkoak, beltzak eta zuriak, gazteak eta zaharrak.... egoten dira, baina ekaitza hasten denean, ontzian ez da horrelako bereizketarik egiten; patu bera duten bidaiariak baino ez dira guztiak. Gaur egun Lurrean dauden mehatxu guztiekin, ontzi bereko bidaiariak gara. Horregatik, hobeto konpartitu behar dugu, barealdiak jarraitu ahal izan dezan. Herri globalean auzo bat aberats-aberatsa eta gainerakoak txabola pobreak badira, egunen batean behartsuek aberatsen auzoa hartuko dute.

Zer iritzi duzu globalizazioaz?

Ni globaltasunaren aldeko naiz, hori errealitate bat baita, baina ez nago globalizazioaren alde. Munduko bazter guztietan izan naiz eta globalizaturik ikusi dudan gauza bakarra pobrezia eta nahigabea izan da. Herrialde pobreek ez bakarrik nahi dute globalizazioaren karrera honetan parte hartu, baizik eta gainera esan diezaietela "jakintza berriro orekatu egin behar dugu eta garatzeko aukera eman behar diegu". Arrantza guneak dituzten herrialdeekin, adibidez, hitzarmen ekonomikoak lortzeaz gain, hitzarmenak sinatu behar ditugu herrialde horiek baliabideak izan ditzaten, ez baitugu ahaztu behar eurenak direla baliabide horiek.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto