Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Haur Hezkuntzako milioi bat ikasle baino gehiago (hiru eta sei urte bitarteko haurrak) lehen aldiz joango da eskolara datorren ikasturtean. Horietatik, gutxi gorabehera %65 ikastetxe publiko edo kontzertatuetara joango dira eta gainerakoa ikastetxe pribatuetara.
Garrantzitsua da eskola aukeratzerakoan, baina ez erabakigarria. Ez ditugu seme-alabak geuri komeni zaigun eskolara bidali behar, eurentzat egokiena denera baizik, gure posibilitateen arabera. Guraso asko ezin izaten da seme-alabak eskolara eramatera joan, baina eskola-garraioak edo ikastetxea hurbil izateak konpon lezake arazo hori. Etxetik hurbil ez badago, kontuan izan beharko da seme-alaba eta gurasoen ordutegiak bateragarriak diren eta ikastetxeak bi zerbitzu hauek eskaintzen dituen: jangela eta eskola garraioa. Guraso askok, gainera, nahiago izaten du ikastetxea etxetik hurbil egotea haurrak eskolaz kanpo ere eskolako lagunekin ibili daitezen eta eguneroko ingurunearekin zuzeneko harreman izan dezaten.
Ikastetxeek informazioa ematen diete gurasoei eskola garraio zerbitzuaren ibilbide, geltoki eta ordutegiaz. Publiko ez diren ikastetxeetan bakarrik ordaintzen da garraioa, Administrazioak bere gain hartzen baitu gastu hori DBH amaiera arte. Ikastetxe kontzertatu eta pribatuek gehiago jotzen dute garraiora, publikoetan hurbiltasuna kontuan hartzen baita ikasleak onartzeko unean. Segurtasuna dela eta, haurrek zaintzailea izan behar dute autobusean. Eskola garraioan ari diren ibilgailuak behartuta daude segurtasun neurri bereziak betetzera: garraio mota adierazten duen seinalea, larrialdi kasuetarako kristalak hausteko mailua, eta haurrak autobusean sartzen edo irteten ari direnean argien bidez seinaleztatzea. Gainera, gidariaren jarlekuak pantaila garden baten bidez babesturik egon behar du eta ateek ireki eta ixteko sistema automatikoa izan behar dute, haurren eskueratik urruti.
Ikastetxeak mediku zerbitzua eskaintzea ez da elementu erabakigarria izan behar ikastetxea aukeratzerakoan. Agian kontuan hartzekoa izango da hirietatik oso urruti dauden guneetan, hurbileneko ospitalea distantzia handira baldin badago. Edonola ere, zerbitzu osagarri bat da, ikastetxe pribatuen balio erantsia edo bereizketa faktorea.
Ikastetxe horietarako sarrera eskaera apiril eta maiatzean zehar egin behar izaten da. Ikastetxeak sarrera eskaera guztiei erantzuteko adina plaza ez baldin badu, Administrazio publikoak ezarritako irizpideen arabera egin behar izaten da hautaketa. Familiak irizpide horietako bakoitza betetzen badu, puntu kopuru jakin bat batuko zaio eskaerari eta zenbat eta puntu gehiago lortu, orduan eta aukera handiagoa ikastetxean sartzeko. Garrantzitsua da jakitea egokitu zaigun ikastetxearekin gustura egon ezean hiru egun baizik ez ditugula izango erreklamazioa aurkezteko.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa