Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Joan den urtean Estatu espainiarrean 1,28 bilioi pezeta jaso ziren automobil-aseguruen primengatik, hau da, 1999 urtean baino %16 gehiago, UNESPA ("Unión Española de Entidades Aseguradoras y Reaseguradoras") patronalaren arabera.
25 urte baino gutxiagoko gizonezkoa bazara, gidatzeko baimena duela bi urte baino gutxiago eskuratu baduzu, aukera handiak dituzu: ia-ia aseguratzailerik ez da prest azalduko zu bezalako bezero bati autoaren poliza bat izenpetzeko, biztanleriaren multzo honek ezbehar-kopuru handia sortarazten baitu.
Hala eta guztiz, konpainiaren batek gazteenei asegurua egiteko arriskua bereganatzen du baina, hori bai, ondasun gutxik ordain dezakeen prima eskergaren truke. Horrela bada, Allianz konpainiak zenbaitetan gidari gazte berriari poliza izenpetzea baimendu egiten du.
CONSUMERek aurkeztu duen balizko kasuan (gidatzeko baimena orain dela 2 urte eskuratu zuen 20 urteko mutil bati Peugeot 206 XND batentzat arrisku orotako asegurua egitea, alegia), aseguratzailearen prima 750.000 pezetaraino doa. Beste aukera bat, askoz ere merkeagoa, Mares (Mapfrek sorturiko enpresa, honelako egoerei konponbidea emateko) konpainiari aurrekontua eskatzea da. Balizko kasu horretarakoxe, 498.363 pezetako poliza eskaintzen du enpresa horrek.
Aseguru-konpainien ateak itxita ikusi dituztenek badute oraino beste irtenbide bat, azkenekoa: Aseguruen Konpentsazio-Partzuergoa. Nolanahi ere, erakunde estatal horrek derrigorrezko erantzukizun zibil mugatuaren asegurua bakarrik estaltzen du. Hirugarrengo pertsona edo gauzetan eraginiko kaltea baizik ez du babesten, norberarenak kanpo utzita. Ezbeharrik gertatzekotan, indemnizazio-bermeak ere mugatuak ditu, indarrean dagoen legeriaren arabera, 56 milioi pezetaraino (336.579 euro) biktima bakoitzeko, kalte pertsonalengatik, eta 16 milioi pezetaraino (96.165 euro), berriz, kalte materialengatik. Zifra horiek gaindituko balira, hortik aurrerako gastua kaltea eragin duenaren kontura izango litzateke.
Partzuergoaren zerbitzuak hartzearen aldeko hautua egiten duenak, gutxienez bi konpainia aseguratzailek asegurua kontratatzeari uko egiten diotela berretsi eta sinaturiko agiriak aurkeztu behar ditu.
Aseguru mundua ere berebiziko indarrez sartu da Sarean: izan ere, dagoeneko aurrekontua eskatu eta polizak kontrata daitezke aseguru-artekari birtualen bitartez. Poliza.com eta Segurauto.net izenekoek, besteak beste, proposamenik hoberenak eskainiko dizkigutela hitz eman digute: era horretan, on line kontratazioa eta ezbeharren tramitazioa jarriko dute gure esku.
Hona beste aukera bat, konpainia tradizionalek Interneten alde eginiko apustua: Direct Seguros, Allianz, Fénix Directo eta Línea Directa Aseguradora izenekoek Sarean eskaintzen dituzte beren zerbitzuak eta, galdategi bat bete ondoren, denbora errealean tarifa eta aurrekontuen kontsulta egiteko aukera eskainiko digute.
Etxetik mugitzeke aurrekontua lortzeko aukera ez ezik, aseguratzaile hauek %6rainoko deskontuak egingo dizkigute, kontratua Interneten bidez egitearren. Erne ibili, dena den: hobariak dituzten gidariei bakarrik egiten diete Interneten asegurua.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa