Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Alkoholik gabeko roll-on desodoranteak: Kalitatean, alde handiak

Oraingo honetan, 50 mililitroko ontzian merkaturatzen diren alkoholik gabeko 8 desodorante aztertu dira; hauen prezioak 297 pezetatik (Hydro Genesse) 400 pezeta (Heno de Pravia eta Rexona) ingurura doaz

 Aplikatzeko moduaren arabera sailkatzen dira desodoranteak: aerosol, stick, roll-on eta kremak. Roll-on motakoak dira bigarren formatu salduena, aerosola baita oraindik ere merkatuan arrakasta handienekoa.

Aerosoleko produktuak zuen eragozpen larriena, edukia kanporatzeko ozono-geruza kaltetzen duten CFC gasak (kloro-fluokarbonatuak) baliatzea zen. Gaur egun, spray horiek ozonozko geruzari kalte egin ez baina negutegi eragina areagotzen laguntzen duten hidrokarburoak daramatzate eta, beste alde batetik, lainoztaturiko produktuak sua ukitzen badu, eztanda egin dezake ontziak. Horrenbestez, ingurugiro eta segurantziaren ikuspegietatik, desodorantearen ontzirik desegokiena da aerosola.

Azterketa hau bi probak osatu dute: batetik, analisi kimikoa eta bestetik kontsumitzaileak eginiko erabilera-proba. Laborategiko analisietan, lagin guztien pH faktorea antzekoa ez ezik, aski azidoa zela (4,1 eta 4,5 artekoa) egiaztatu zen: usain-kengarritzat erabiltzen diren aluminio-gatzen eragina biderkatu egiten baita ingurune azidoan. Estraktu lehor (hau da, lurrina edo kontserbakariak bezalako gai lurrunkorrez eta urez bestelakoak) gehien daukan desodorantea Sanex izan zen, ondotik Mum zetorkiola. Era berean, lagin batzuk krematsuak (Hidro Genesse, nabarmen) eta beste batzuk, aldiz, likidoagoak (Natural Honey eta Dove) zirela egietsi zen. Dove, Sanex eta Natural Honey laginek bakarrik gehitzen dute hidratatzaile bat (glizerina), eta Hidro Genesse eta Sanex markakoak dira eragile bakterizida sartzen dutenak. Sanex laginak alantoina (desodoranteetan batere ohikoa ez den zikatrizatzailea: gorputza tratatzeko krema edo esneei ezartzen zaie, batik bat). Erabilera-probak bi zati izan zituen: batean, aplikatzeko unean desodoranteak ematen duen freskotasun-sentsazioa egiaztatzea eta besapean produktua lehortu arteko denbora jasotzea.

Bestean, hainbat parametro neurtu eta ebaluatzea (arropan aztarnarik uzten duen, lurrinaren iraunkortasuna, gorputz-usainaren agerpena eta besapean sorturiko hezetasunaren murrizketa), desodorantea aplikatu denetik zazpi ordura.

Kontsumitzaileekin eginiko saioak agertu zuen bezala, desodorante hauen emaitzak aski desberdinak izaten dira, den-denek eginkizun nagusia (gure galtzarbeari darion usaina neutralizatzea, alegia) ongi betetzen badute ere.

Era berean, zortzi laginetako bostek arropan aztarna txikiak uzten dituztela eta bik nolabaiteko endekapena (Mum laginaren lehengaietako batzuk hondatu egiten dira eta Heno de Pravia markakoaren lurrina indargabeturik geratu zen) erakutsi zutela ere egiaztatu zen: horrek, aplikatu denetik zazpi ordura, ehunaren usainean ondorio txarrak eragin zituen. Amaitzeko, nabarmen dezagun Natural Honey, Rexona eta Heno de Pravia laginek ez zutela erabiltzailearen besapeko hezetasuna murriztu, nahiz eta etiketan kontrakoa iragarria zuten.

Prestaziorik hoberenetako desodorantea (hutsik ez baitzuen egin inongo ataletan) Dove izan zen: aplikatzean sortarazten duen freskotasun-sentsazioa, ongi; azkar samar lehortzen da; aztarnarik ez du uzten; lurrinak atsegin irauten du denboran zehar; gorputz-usaina ederki indargabetzen du (beste guzti-guztiek bezalaxe) eta besapeko hezetasuna gutxitu egiten du. Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena ere Dove laginak eskaini zuen, garestienetako bat bera den arren (374 pezeta).

Hidro Genesse eta Sanex (Dove baino merkeagoak, biak) ere gomendatzeko modukoak dira, arropan aztarnarik uzten badute ere.

Desodorante ala antitranspiratzaile?

Orain dela urte batzuk, desodoranteak betetzen duen eginkizun berbereko beste produktu bat zeukan eskura kontsumitzaileak: antitranspiratzailea. Produktu honek besapeko izerdi-guruinen ariketa -horrenbestez, kiratsik agertzea ere- eragotzi egiten duen bitartean, desodoranteak eginkizun hirukoitza bete behar izaten du: bakterioen kontrako eragileen bitartez, bakteriozko florak izerdia hondaraztea galarazi egiten du; usaina zurgatzen duten substantzien bidez, horren endekapen kimikoa eragozten du eta, azkenik, lurrinei esker (desodorante batzuek -bakanen batek- horrelakorik ez daukaten arren) erabiltzailearen gorputzari usaina ematen dio. Antitranspiratzaileak merkatutik at daude gaur egun, kasik: EEBBetan eta Erresuma Batuan bakarrik diraute indarrean.

Osagaiak

Desodorante hauen osagaien artean hamaikatxo motatako produktuak aurkituko ditugu.

Gehientsuenek bigarren mailako eginkizuna bete behar izaten dute (horietako batzuk eszipiente hutsak dira, esate baterako), ez eragile aktiboari dagokionik. Emultsifikatzaile (osagai guztiak likido berean elkarturik edukitzea erraztu edo eraginez), humektante (produktuaren izaera edo itxura likidoa bermatuz) edo emoliente gisa (gainontzeko osagaiek egokiro eragin dezaten larruazala egokitu edo samurtuz) dihardu bakarren batek, adibidez. Usain-kengarritzat diharduten gaiak gutxi batzuk baino ez dira: aluminio-klorohidratoa, aluminio-seskiklorohidratoa, triklosan eta txitosan glicolatoa. Aztertu diren lagin gehientsuek aluminio-klorohidratoa darabilte. Sanex eta Hidro Genesse laginek, horiez gainera, triklosana ere baliatzen dute.

Beste alde batetik, Heno de Pravia eta Mum dira osagai gutxien erabiltzen dituztenak, gai desodorante bakarra eta bigarren mailako hiru baizik ez: emolientea, emulsifikatzailea eta solubilizatzailea, uraz eta lurrinaz gainera.

Zerrendaren beste muturrean, Natural Honey laginak 12 osagai erabiltzen ditu, uraz eta lurrinaz gainera; dena den, horietako bakoitzaren kopurua askozaz ere txikiagoa da, Heno de Pravia eta Mum laginetan, erabilitako estraktu lehorra kalkulatzetik ondorioztatu denez: Natural Honey markakoan dezente apalagoa da Heno de Pravia eta Mum laginek baliatutakoa baino.

Laborategian

Analisiak, produktu bakoitzak daukan estraktu lehorra (hau da, ura eta gai lurrunkorrak 105ºC-tan suntsitu ondoren geratzen diren substantzia organiko eta mineralak, hala nola lurrinkia eta kontserbakariak) zehaztu zuen. Estraktu lehor gehien daukana (%26,6) Sanex da, ondotik Mum datorkiola. Beste muturrean Natural Honey lagina dugu (%11,1). Estraktu lehorra, eszipienteek eta usaina kenarazten duen eragileak osatua, ez da berez kalitatea zehazteko irizpidea, baina produktuak dauzkan substantzia organikoen kopuruaren berri ematen digu, gutxi gorabehera.

Zortzi laginen pH faktorea antzekoa zen, 4,1etik 4,5era bitartekoa, alegia. Produktu hauek pH azidoarekin moldatzen dira, usain-kengarritzat baliatzen diren aluminio-gatzak ingurune azidoan eragileago gertatzen baitira. Likatasunik handiena Hidro Genesse laginak agertu zuenez, bera da produkturik krematsuena. Ezaugarri horretaz ari garela, atzetik Mum, Sanex eta Heno de Pravia zetozen. Likidoenak, berriz, Natural Honey, Dove, Rexona eta Nivea ziren. Eragile hidratatzailea (glizerina) daukaten bakarrak Dove, Sanex eta Natural Honey ditugu: %0,3, %0,8 eta %1,4ko proportzioan.

Hidro Genessse eta Sanex laginek, bere aldetik, triklosan usain-kengarri bakterizida daukate eta Sanex-ek, berriz, alantoina (desodoranteetan batere ohikoa ez den zikatrizatzailea: gorputza tratatzeko krema eta esneei ezartzen zaiena) ere gehitu dio formulari.

Hezetasuna ez dute denek gutxitzen

Hezetasuna prebenitzea desodoranteek eginkizun behinena ez badute ere (antitranspiratzaileen zeregina litzateke hori, bereziki), Heno de Pravia -"hezetasunaren aurkakoa"-, Natural Honey -"hezetasuna neutralizatzen du"-, Rexona -"hezetasuna prebenitzen du"- eta Sanex -"mikrotalko eraginkorra, hezetasuna zurgatzen du"- laginek etiketan bertan jakinarazten dute produktuaren ahalmen hori. Pertsona batetik bestera transpirazioak sekulako aldea izan dezakeenez, proba honetan erabiltzaile bakoitzaren trataturiko besapea eta tratamendurik hartu gabekoa konparatu ziren. Sanex, Hidro Genesse, Dove eta Mum laginetan hezetasunaren dezenteko murrizketa hauteman zen; lehendabizi aipaturiko bi laginetan (osagaien artean talkoa ere badutela iragartzen dute etiketan) harik eta handiagoa izan zen. Natural Honey, Rexona eta Heno de Pravia laginekin trataturiko galtzarbeetan ez zen hauteman inolako hezetasun-murrizketarik, nahiz etiketan hirurek eginkizun hori ere betetzen dutela jakinarazten duten (goian azaldu dugu hori lortzeko nola diharduten). Horregatik jaso zuten "gaizki" kalifikazioa atal honetan. Nivea laginak (gutxienez, ez du iragartzen eragin hau lortzen duenik), apur bat baino ez zuen gutxitu hezetasuna proba honetan: "erdipurdi" kalifikatu zuten epaimahaikideek.

Erabilera-proban

Kontsumitzaileek burutu zuten erabilera-proba praktikoan jarri ziren zortzi desodoranteak. Lehen fasean, produktua aplikatzeko unean sortarazten duen freskotasun-sentsazioa eta produktuak erabiltzailearen besapean lehortzeko behar izan zuen denbora-tartea baloratu ziren.

  Aplikatu zenetik zazpi ordura, ordea, erabiltzaile bakoitzaren tratamendua emaniko besapea eta tratamendurik aplikatu gabea elkarrekin erkatuz, produktuak arropan aztarnarik uzten zuen ala ez egiaztatu zen; era berean, lurrinaren iraupena, gorputz-usainaren agerpena eta tratatutako besapeko hezetasuna baloratu ziren (tratatu gabekoaren aldean). Freskotasun-sentsazioari dagokionez, hoberenak Natural Honey, Nivea eta Heno de Pravia izan ziren . Beste aldetik, Mum lagina onartzeko modukotzat jo zen arren, lurrinik ez duen desodorante bakarra da: beraz, baliteke freskotasun-sentsazioa eta, aplikatzeko unean, lurrinaren atsegina nahastea.

Beste lau laginek "ongi" kalifikazioa erdietsi zuten freskotasun-sentsazioaren atalean. Lehortzeko denboratzat jo zen, aplikatu ondoren, besapeko larruazala erabat lehor geratzeko iragan beharreko denbora-tartea. Alde handia hauteman zen lagin batetik bestera: 71 segundotik (Nivea) 112 segundora (Sanex). Minutu eta erditik gorakoa zenez, Rexona, Heno de Pravia eta Sanex laginek lehortzeko behar izan zuten denbora-tartea luzeegitzat jo zuten erabiltzaileek.

Desodoranteek arropan utz zitzaketen aztarna edo markei goazkiela, Dove, Rexona eta Natural Honey laginek bakarrik gainditu zuten proba, trataturiko besapearen eta tratatu gabekoaren artean alderik ez baitzen atzeman. Gainontzekoek aztarna txiki bat utzi zuten arropan. Beste aldetik, aplikatu zenetik zazpi ordutara lurrinaren intentsitate handiena mantendu zutenak Hidro Genesse, Natural Honey eta Nivea izan ziren. Sanex, Dove eta Rexona laginek, beren aldetik, lurrina poliki mantendu zuten, dena dela. Proba horretan bi desodorantek merezi izan zuten suspentsoa: Heno de Pravia laginari dagokionez, epaimahaikideetako askotxok hauteman zuen lurrina endekaturik zegoela. Lurrinik ez daukan Mum laginarekin, berriz, lehengaien hondatze-kirats izpirik ere nabaritu zen.

Garrantzi handieneko alderdia, nolanahi ere, desodorantea aplikatu zenetik zazpi ordura gorputz-usainik ez zen atzeman inorengan. Zortziek, beraz, ederki betetzen dute beren eginkizun nagusia: galtzarbeari darion usaina neutralizatzea.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto