Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Margarinak: Aspaldikoak baino osasuntsuago eta kaloria gutxiagokoak

Oraingoan aztertutako zortzi laginei "margarina" esango diegun arren, izen hori marka bakar batekoari (Holland) eman dakioke, indarrean dagoen legeriaren arabera: margarinatzat agertu ahal izateko, edukiaren %80tik %90era gantza izan behar du.

  "Ura gantz-materiatan" motako emultsio solido hedagarria da margarina. Vita, Marget, Artua eta Flora "margarina hiru laurden" dira %60 eta %62 gantz dutelako. Natacha, Tulipán eta Ligeresa, berriz, "%...GM-ko gantz-materia igurztekoak", ondoren gantz-portzentajea adierazten delarik (%55, %63 eta %42, hurrenez hurren). Izendapen hori zuzen ezarrita dute Ligeresa (honakoak bere burua "landarezko margarina arintzat" aurkezten duen arren, errealitatean "%42 GM-ko landarezko gantz-materia igurztekoa" da) eta Tulipán laginek izan ezik (honek bere burua "margarina hiru laurdentzat" agertzen badu ere, bere gantz-edukia (%63) kontuan izanda, errealitatean ez da horrelakorik).

Zortziak ere, 500 eta 250 gramoko ontzietan merkaturatzen dira eta, batenaz beste, 428 pezeta kostatzen dira kiloko. Denetan garestienak Artua eta Flora dira (kiloko, 530 pezeta baino gehiago) eta merkeena, aldiz, Marget (212 pezeta). Margarina, gurina bezalaxe, gantz-multzoko substantziez osaturik dago eta elikagai biziki energetikoa da, ekarpen kaloriko handikoa. Holland (hertsiki arituz, azterketa honetan bere burua margarinatzat jo dezakeen bakarra) da kaloria gehien dauzkana: 717, ehun gramoko. Ligeresa dago zerrendaren beste muturrean, edukiaren %42 gantz baizik ez duela: 371 kaloria baino ez ehun gramoko. Ikuspegi nutrizionaletik, margarina A eta E bitamina-iturri zoragarriak dira; bitaminok liposolubleak (gantzetan disolbagarriak) dira. Berez dauzkatenez gainera, gantzetan disolbagarriak diren beste bitamina batzuk erantsi ere egiten zaizkie. Natacha da bitamina gehiturik ez duen marka bakarra: beraz, gantz-materiak dituenak soilik agertuko ditu produktuak.

Azterketa honek argi eta garbi erakusten du gaur egungo margarinak duela urte batzuetan merkatuan zeudenak baino osasungarriagoak direla, trans azidoak proportzio txikiagoan (herenean) dauzkatelako hauek. Trans horiek, hasierako lehengaiaren gantzen hidrogenaziotik datozen gantz intsaturatuak diren arren, gure organismoan saturatuak bailiran jokatzen dute. Hidrogenazioa industrialki egiten da margarinak erdiesteko: margarina, berez, egoera solidoan dagoen gantz plastikoa da, hedatu eta igurzteko modukoa, oxidazioaren aurrean egonkorra. Egungo margarinek duela zenbait urte zeudenek baino gantz gutxiago izateari esker, kaloria urriago aportatzen dute. Gurina baino osasuntsuagoak dira, beren gantzen osakera nutrizionala bestelakoa baita eta kolesterolik ez daukatelako.

Natacha da kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena: ikuspegi nutrizionaletik hoberenetakoa, merkeenetakoa (342 pezeta kiloko) eta dastaketan bigarren onena egokitu dena (6 puntu). Nolanahi ere, bera da bitaminez horniturik ez dagoen bakarra. Holland eta Marget ere aukera politak dira: dastaketan bosna puntu lortu dituzte, gantz intsaturatu eta saturatuen arteko proportzio egokiarekin, eta Natacha baino merkeago gertatzen dira.

Zer den margarina

Olio eta gantzek osaturiko gantz-materia du osagai nagusia margarinak. Azterturiko lagin hauetako gantzen jatorria landarezkoa da. Fabrikatzaileren batek etiketan diosku zein landarezko espezietatik datorren gantza: Artua laginak, adibidez, %100ean arto-hoziaren olioa dela aipatuko digu, Marget laginak gantz eta olioen zerrenda agertzen du (soja, palmondo, palmiste eta kokoa) eta Vita markakoak dio gantz-materiaren %60, gutxienez, arto-hoziaren olioa dela. Gainerakoek gantza landarezkoa dela bakarrik zehaztu dute. Margarina hauen bigarren osagaia ura da. Ligeresa da salbuespen bakarra, uraren portzentajea (%56) gantzena (%42) baino handiagoa duelako. Gantz-materia eta urarekin (osagaiak berak hauek izaki) emultsioa osatuko da. Ura eta olioa berez elkarrekin ezin nahasizko likidoak badira ere, emulgenteei esker elkarturik mantentzen dira eta, gainera, gantz eta kaloria gutxiagoko elikagaiak lortzen dira. Emulgenteak, lezitina eta gantz-azidoen mono eta diglizeridoak dira.

Beste alde batetik, aipa dezagun lagin guztiei gatza erantsi zaiela. Gutxien daukana Flora (%0,3) da eta, gaziena Ligeresa (%0,6). Kontserbakari bezala, sorbato potasikoa gehitu dute denek, azido sorbiko gisa. Denak daude legeak adierazitako mugen barnean: 1000 zm (zati milioiko), gantz-materia guztirako edukiaren %60 baino gehiago dutenen kasuan eta 2.000 zm portzentaje horretatik beherakoentzat. Azido sorbiko gutxien agertu zuen lagina Natacha (465 zm) izan zen eta beste muturrean, berriz, (900 zm), Ligeresa. Bi lagin horien legezko muga 2000 zm dute.

Margarina A eta E bitamina liposoluble (gantzetan disolbagarri) iturri oparoa denez, bitaminok gantz horiek irenstean kontsumitzen ditugu. Margarinek berez dauzkatenez gainera, beste bitamina liposolublerik ere gehitu ohi zaie. Flora laginak A, E eta D bitaminak dauzka; Artuak A, D, E eta B2; Marget laginak A eta E, eta Tulipán, Vita eta Ligeresa markakoek, azkenik, A, D eta E bitaminak. Holland laginak, bere aldetik, A eta E bitaminak erantsi ditu. Natacha da bitamina gaineraturik ez duen bakarra, berez gantz-materiak dauzkanak baizik ez. Bitaminarik erantsi duten guztiek -Flora laginak izan ezik- ehun gramoko nolako dosia ezarri duten adierazten dute; horrekin batera, produktuaren ehun gramo bakoitzeko aportatzen den eguneko ingestaren portzentajea ere azaltzen dute.

Esandako osagaiez (marka guztiek ezarri dituztenak, alegia) gainera, bada marka jakin batzuek gaineratutako beste osagarririk. Holland eta Marget laginek esne-gazura hautsetan sartu dute. Tulipán, Ligeresa eta Flora laginek esne gaingabetua jarri dute, hein batean bederen, uraren ordez. Ligeresa laginak gelatina (olioa eta uraren emultsioa egonkor bihurtzen duen proteina) darabilenez, gainontzeko laginek baino estraktu lehorraren portzentaje (%2,2) altuago agertzen du. Flora laginaren ontziak adierazten duen bezala, zuntz disolbagarria ezarri du produktuan (%1,7): horri esker, margarina horren estraktu lehorra bigarren handiena da (%2,1). Tulipán margarinak kaltziozko gatzak ipini ditu, bere margarina mineral horrekin hornitzeko. Lagin horrek agertzen duen kaltzio-kopurua 120 miligramo 100 gramoko da, hau da, gomendatzen den eguneko kopuruaren %15.

Gantzen afera

  Landarezko olio eta gantzak dira margarinen lehengaia. Arto, oliba, ekilore eta palma-olioek, gantz-azido intsaturatu oleiko, linoleiko eta antzekoak (osasungarrienak) ugari dituzte. Linoleikoa, esate baterako, funtsezko gantz-azidoa da: gure organismoak ezin sintetiza dezake baina, nolanahi ere, gure elikabidean sartu beharra dago. Soja-olioak azido linoleniko (hau ere, gantz intsaturatua) ugari du. Margarinek gantz saturatuak ere dituzten arren, gurinak baino gutxiago dauzkate, dena den. Margarina ekoizteko, landare-jatorria duten gantzek hidrogenazioa nozitu behar dute: prozesu horretantxe gantz-azido saturatu berriak ("trans" izenekoak) sortzen diren bitartean, intsaturatuetatik batzuek hastapenetako osakera galdu egingo dute. 1996ko maiatzeko EROSKI aldizkariko azterketa batean egiaztatu zenez, margarinek zeukaten batez besteko trans azidoen kopurua %8,6koa zen eta guztirako proportzioa %1,5etik %16ra zihoan. Handik ia bost urtera egin dugun honetan, berriz, batenaz besteko edukia %3koa da. Artua (guztirako edukinaren %15ekoa trans azidoak direla) eta Ligeresa (%4,8) laginak bakarrik dabiltza batez besteko horren gainetik. Gainerakoen trans azidoen kopurua %1etik beherakoa izan zen. Produktu-mota bera ere aldatu egin da, 1.996 urteko azterketan lagin guztiek %80 baino gantz gehiago baitzuten; oraingoan, berriz, zortzi laginen batez bestekoa %60an geratu da. Margarinak ere eboluzionatu egin direla ondoriozta dezakegu: gehiegizko kaloriak irenstea eta gantz saturatuen kontsumoa kezka bizi dituen egungo kontsumitzailearen zaletasun eta espektatibetara egokitu baitira.

Nolanahi ere, margarinek nozitzen duten hidrogenazioak lehengaiaren nutrizio-galera dakarte nahitaez, funtsezko gantz-azido batzuk (hala nola linoleiko lagungarria) suntsitu egiten diren bitartean trans motakoak (organismoarentzat nahitaezkoak inondik ere ez izaki, osasunak ere ez ditu mesedegarri) agertzen direlako. Linoleikoa funtsezko gantz-azidoa den arren, trans itxuran agertzen baldin bada gantz-azido saturatu gisa jokatzen du: beraz, gure organismoak energi iturritzat bakarrik baliatuko du. Hitz batez, margarinak ez ditu euskarri dauzkan landarezko olioak edo gantzak bezalako ezaugarriak, ez eta osakera lipidiko bera ere. Landarezko gantz horien hidrogenazioak bestelako bereizgarriak izango dituen gantza sortaraziko du.

Margarina eta gurina: zertan ez diren berdinak

Funtsezko desberdintasun bat: gurina animalia jatorri duen elikagaia gantzatsua da eta erdia gantz-azido saturatuez osatua dago; margarinan, ostera, landarezko jatorrikoa izaki, saturatuen batenaz besteko proportzioa %26koa da. Saturatuen eduki handiena Ligeresa laginak erakutsi du: %33, hain zuzen. Saturatu gutxien dituztenak Holland, Flora eta Natacha dira (%27). Artua laginak du saturatuen proportzio apalena (%17) baina trans motako gantz intsaturatuen -odoletako kolesterolean duten eragin nutrizionala saturatuen parekoa baita- eduki handia (%15) kontuan harturik, gantz-azido saturatu edo baliokideen edukia %32koa dela ikusten dugu. Margarina-lagin bakoitzaren gantz intsaturatuen kopurua kalkulatzeko, gantz monointsaturatu eta poliintsaturatuen portzentajeen batuketa egin eta munta horri trans azidoak kendu zaizkio (honelako azidoak, intsaturatuen multzokotzat hartzen badira ere, ez dute horien balio biologikorik, ez nutritiborik ere).

Gantz intsaturatuen kopurua (azido linoleikoa, batik bat) dezente handiagoa du margarinak gurinak baino. Margarina hauen intsaturatuen batez besteko edukia (trans motakoak, formalki intsaturatuak badira ere, saturatutzat jokatzen dutela kontuan izaki) %69koa da. Holland, Flora eta Natacha laginak %72tik gora doaz, Vita, Marget eta Tulipán laginek edukiaren %69, Artuak %68 eta Ligeresak %61 dute. Intsaturatu eta saturatuen arteko (GAI/GAS) proportzioa kalkulatzen da: zifra hori zenbat eta handiagoa izan, orduan eta osasungarriagoa da gantzen osakera. Azterketa honetako laginen intsaturatu eta saturatuen arteko proportzioaren batez bestekoa 2,3koa da: balio hori gurinena baino askozaz ere osasuntsuagoa da, hauen proportzioa 0,6 inguruan dabilelako.

Osasungarrienak (2,6) Holland, Flora eta Natacha dira; gantzen osakerari dagokion zerrenda honen beste muturrean Ligeresa (1,6) agertzen da. Margarinak kolesterolik aportatzen ez duen bitartean, ehun gramoko 250 miligramo ditu gurinak. Gogoan izan eguneko gomendatzen den gehieneko kopurua 300 mg dela. Elikabide orekatu batean, lipidoek guztirako energiaren %30 aportatu behar dute. Horietatik herenak gantz-azido saturatua izan behar du, beste heren bat intsaturatua eta hirugarrenak, poliintsaturatua. Gogora dezagun, horiez gainera, gantz-azido horietako %2tik %6ra bitartekoa azido linoleikoa izatea komeni dela.

Dastaketan, emaitza batetik bestera gorabehera handiak

Margarinen etiketak, oro har, zuzen daude: agertu beharreko informazioa ematen dute. Ligeresa laginak daukan "Landare-margarina arina" izena ez da bidezkoa. Denek adierazten dute hozkailuan gorde behar direla edo, gutxien-gutxienez, zein tenperaturatan mantendu behar diren. Batek ere ez du esaten sukaldean erabiltzeko koipetzat balia daitekeen ala ez. Vita eta Flora laginek bestelako informaziorik ere gehitu dute: dela erabili den lehengaiaz, dela margarinari buruzkoa. Dastaketa egin ahal izateko, derrigorrezkoa den bezala, lagin guztiak egoera berdinetan aztertu ziren. Dastatzaileek, horitik baino zuritik gertuagoko kolore hitseko produktua nahiago izan zuten, usain eta zapore suabekoa, karmin-tejoen aztarnarik gabea, ahoan erraz urtzen dena. Denetan hoberena Artua izan zen: 7 puntu eraman zituelarik, parametro gehienetan nabarmendu zen. Ondotik Natacha (6 puntu) zetorkion. Holland, Ligeresa, Marget eta Vita laginek 5na puntu bildu zituzten. Multzo honetan agertzen dira gantz gehien eta gutxien daukaten bi laginak. Holland (%80 gantz) laginaren zaporea eta usaina ia-ia ez ziren nabarmendu. Ligeresa (%42 gantz) laginak kolore horista, zapore sakon-bizia eta karminduaren arrastoak erakutsi zituenez, azkenean erdi pareko kalifikazioa baizik ez zuen irabazi. Flora eta Tulipán gertatu ziren okerrenak dastaketan: 4na puntu baizik ez. Biek ere aparteko osagaiak dauzkate: zuntz disolbagarria Flora laginak eta kaltzioa Tulipán markako margarinak.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto