Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Auziek, nahiz eta antzekoak izan, epai ezberdinak izan ditzakete. Orri honek gure eremuko epaitegien epaiak jasotzen ditu, betiere, epai horiek mota guztietako produktu eta zerbitzuetako kontsumitzaile eta erabiltzaileengan eragina baitute. Antzekotasuna duten kasuen aurrean, frogak, inplikatutako aldeen egoera zehatzak eta baita auzitegiak berak ere epai ezberdinak eman ditzake.
Kontsumitzaile batek 681.039 pezetako informatika-ekipo bat erosi zuen. Erabiltzen hastera zihoala, ohartu zen ez zeudela instalatuta erositako programa guztiak, eta horiek instalatzeko beharrezkoa zuela oso-osorik ingelesez idatzita zetozen eskuliburu batzuetako aginduei jarraitzea. Egoera hori zela eta, demanda jarri zion saltzaileari, salerosketa-kontratua ezeztatzeko (deuseztatzeko) eskatuz, eta ez produktuaren akatsengatik, baizik eta hori instalatzeko eta erabiltzeko jarraibideak erosketa hori egin zen tokian ofiziala ez zen hizkuntza batean idatziak zeudelako; gainera, programak instalatzea lortu balu ere, ezin izango zituzkeen erabili, erabiltzailearentzako jarraibide guztiak ingelesez zeudelako. Epaitegiak, beraz, erabaki behar zuen jarraibideei buruzko eskuliburu batean hizkuntza ofizialeko itzulpenik ez egotea kontratua desegiteko nahikoa arrazoi zen.
Bartzelonako Entzutegi Probintzialak, 2000ko apirilaren 4ko epaian, erabaki zuen frogatua zegoela kontsumitzaileak ordenagailu bat eta informatikako beste zenbait osagai erosi zituela. Izan ere, erosketaren helburu nagusia AV master txartela izan zen, diseinurako beste programa batzuk erabiltzeko oinarrizko txartel bat. Txartel honekin loturik, ingelesez zegoen eskuliburuaren gaztelaniazko itzulpen bat zeraman diskete bat eman zitzaion erosleari. Hura irakurrita, garbi geratzen zen ingelesezkoaren hitzez hitzeko itzulpena zela, ez zela ez argia eta ez osoa ere, zeren aipamen asko pantailan ingelesez agertzen zirelako erabiltzaileari ulertezinak egiten zitzaizkion menuei buruzkoak baitziren. Bere horretan utzi ziren, esaterako, costumize, use prefered devices only, mute all, line out eta beste hainbat hitz. Gainera, gaztelaniazko itzulpenean ez zeuden eskuliburuko zenbait atal, ezta ulermena erraztu eta laguntzeko irudirik. Beraz, hura erabiltzea ezinezko gertatzen zen.
Hori guztiagatik, Entzutegiak erabaki zuen sistema hori, gure herrian ofiziala ez den hizkuntza bateko itzulpenik ez zuenez gero, alferrikakoa gertatzen zela erosi zen helbururako eta, horrenbestez, salerosketa-kontratua deseginda utzi zuen, ekipoa eta prezioa -gehi interesak- itzul zitezela aginduz eta demanda jarri zitzaion alderdia kostuak ordaintzera zigortuz.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa