Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Saski-naski

Λ

Opera: jatorriz ikuskizun herrikoia

Opera antzezlana da, baina aktoreek abestu egiten dute orkestraz jotako musikaren arabera, hitz egin beharrean, inoiz testuak errezitatu ere egiten dituzten arren.

  Opera antzezlana da, baina aktoreek abestu egiten dute orkestraz jotako musikaren arabera, hitz egin beharrean, inoiz testuak errezitatu ere egiten dituzten arren. Horixe besterik ez da. Tenore eta sopranoek kantatzen dutena herri musika komertzialeneko doinu ezagunak ez diren arren, opera ez genuke ikusi behar belarri fin edo oso landuentzako ikuskizun minoritario, zail eta aspergarri gisa. Eta are gutxiago kulturaren adierazpen elitista gisa. Izan ere, gaur ezagutzen ditugun operak herri xehearentzako ikuskizun gisa jaio ziren Italian, XVIII. mendearen hasieran, gaur egun zinea edo telebista bezala.

Opera batzuk komedia komikoak dira, beste batzuk garai edo kultura jakin bateko ohituren agerpena, edo garai heroikoen kontakizunak, odola eta sua protagonista dituzten tragedia erromantikoak, drama burgesak, maitasun istorioak, Bibliako pasarteak... denetik dago.

Aktoreek kantuz hitz egitea behartu samarra da berez, baina artifizialak izan arren, melodiaren ederragatik, argumenturen onagatik eta koruen eszenografiaren estetikagatik gustatzen zaizkigu film musikalak ere. Eta horrexek gozarazten du opera zalea ere.

Aurten operara hurbiltzeko aukera paregabea daukagu, Giuseppe Verdi "Traviata" edo "Rigoletto" obra mitikoen egilearen heriotzaren mendeurrena ospatzen baita mundu guztian. Gainera, antzoki askotan bisore batean itzulirik agertzen dira kantari eta koruek kantatzen dituzten testuak (libretoak italieraz, frantsesez eta alemanez egon ohi dira gehienetan); horrela erraz jarraitzen da argumentua, hobeto ulertzen da eszenan geratzen dena eta ikusleak mugimendua eta entretenimendua izango du, opera on guztietan izaten diren pasarte aspergarri horietan batez ere.

Operara joatea

Espainiako estatuan zaleentzat eskaintza zabala dagoen arren, operan ere antzerkian bezala gertatzen da: zaila da antzezpen bikainak hiriburu guztietara iristea eta zailagoa hiri txikietan edo herrietan horrelakorik izatea. Espainian, Bartzelonako Liceu antzokian eta Madrilgo Teatro Realen bakarrik izaten dira opera denboraldi luzeak, bederatzi hilabete artekoak. Baina Sevillako Teatro de la Maestranzak, eta Kanaria Handiko Alfredo Kraus auditorioak edo, gurean, Bilboko Euskaldunak ere eskaintzen dute opera; denboraldi laburragoak baina oso erakargarriak. Oviedoko Campoamor antzokia ere azpimarratzekoa da, duela 53 urte hasita, udazkenean Asturiaseko Operaren Adiskideen Elkarteak ospe handiko jaialdia antolatzen baitu urtero. Edozein modutan ere, bi gauza aitortu beharra dago: batetik, opera garestia dela (baina ez futbola baino garestiagoa, adibidez) eta bestetik, sarrera solteak lortzea oso zaila izaten dela urteko programa antolatzen duten antzokietan. Ziklo guztirako abonua atera behar izaten da edo (Bilboko ABAOn, adibidez), urtero programa antolatzen duen elkarteko kide izan. Urtean behin edo birritan opera eskaintzen duten antzokietan egoera hobea izaten da (normalean antzezpenen kalitatea zertxobait okerragoa izan arren), eta beraz, operaz gozatzen hasi nahi duenarentzat aukera polita.

Operaren prezioak

Madrilgo Teatro Realean, aurtengo denboraldirako abonuak 2000ko irailaren 4an jarri ziren salgai (besteak beste, Mozarten Txirula Magikoa, Wagneren Parsifal eta Verdiren Don Carlo daude programatuta), baina estreinaldi bakoitza baino hamar egun lehenago jartzen dira salgai sarrerak. Leihatilan edo telefonoz eros daitezke (902-24 48 24 zenbakian, kreditu txartel bidez). Pertsonako ez da bi sarrera baino gehiago saltzen. Antzokia sei gunetan banatzen da: A hizkitik hasi (ikusmenik onena) eta G-ra (ikusmen mugatua edo eskasa) eta horren arabera jartzen dira prezioak. Parsifal ikusteko (martxoaren 3an hasiko da) A guneko sarrerek 16.975 pezeta balio dute eta G-koek 2.000 pezeta. 14 eta 25 urte bitarteko gazteek %60ko deskontuan dute edozein ziklotako abonuetarako.

Bartzelonako Liceu antzokia zortzi gunetan dago banaturik. Prezioak: besaulki-patioan 20.600 pezeta (1 gunea) eta 1.075 pezeta 8. gunean, galerian. Programaturiko obrak: Itzalik gabeko emakumea (R. Strauss), Maskara-dantza (Verdi), Puritanoak (Bellini), Samson eta Dalila (Saint-Saens) eta Julio Zesar (Händel). Sarrerak leihatilan edo ServiCaixa bidez, telefonoz 902-332211 zenbakian edo Internet bidez eros daitezke (kreditu txartel bidez) liceubarcelona.com helbidean. Sarrerarik baldin badago, 26 urtetik beherako gazteek, ikasleek eta 65 urtetik gorakoek funtzioa baino bi ordu lehenago %30eko deskontuarekin eros ditzakete (bi gehienez ere). Sevillako Teatro de la Maestranzan Straussen Der Ronsenkavalier, Nyman-en Facing Goya, Offenbach-en Les Contes D´Hoffmann eta Britten-en Lucreciaren bahiketa daude programaturik, oraingoz. Sarrera gehienak udazkenean jartzen dira salgai abono bidez, baina edukieraren %10 leihatilan saltzeko utzi behar da. Garestienak 10.500 pezetan saltzen dira eta merkeenak 4.200 pezetan.

Milango Scalan oso programazio zabala eskaintzen da eta sarrerak Internet bidez eros daitezke www.teatroallascala.org helbidean edo leihatilan; mundu guztiko opera-kantari onenez gozatzeko 25.678 eta 7.302 pezeta artean ordaindu behar da. New Yorkeko Metropolitan antzokian (www.metopera.org) astelehen edo astearterako sarrera bat 4.200 eta 28.000 pezeta artean ordaindu behar da. Gainerako egunetan %25 inguru garestitzen dira sarrerak, baina lehen emanaldiaren egunean edo antzezpen berezietan 50.000 pezetatik gora ere ordaindu behar izaten da sarritan.

Bizkaiko hiriburuan opera tradizio luze eta emankorra dago, ABAO (Operaren Adiskideen Elkarteak) urtero suspertuta. Antzezpenak Euskalduna jauregi berrian egiten dira baina Arriaga antzokian ere urtean hainbat aldiz eskaintzen da opera (prezio merkeagoan eta antzezle talde apalagoekin). ABAOk antolatutako funtzioetarako sarrerak eskuratzea ia ezinezkoa da, bazkide izan ezik. Sarreraren bat baldin badago, kalitate eta prezio merkeenekoa izango da eta oso azkar ibili beharko duzu lortzeko. Edozein modutan ere, bazkide ez denari 121.000 pezeta kostako zaio aurtengo denboraldiko zortzi obrez gozatzeko patio edo palkoko abonua lortzea. Leku bereko sarrera bakarrak 15.200 pezeta balio du. Sarrerarik merkeenak 5.900 pezetan ateratzen dira eta urte guztirako abonua 46.700 pezetan.

Ahotsak, erakarpen nagusia Entzun daitezkeen ahots nagusiak:

  • Emakumezkoenak: sopranoa, ahotsik altuena; mezzo-sopranoa, ez hain altua; eta kontraltoa, baxuena.
  • Gizonezkoenak:: tenorea, altuena; baritonoa, ez hain altua eta baxua, guztietan baxuena.

Etiketa-jantzia behar da? Ez da beharrezkoa, funtzioa galakoa ez bada behintzat, eta hala iragarrita ez badago. Kasu horretan, emakumeek soineko luzeak jantziko dituzte eta gizonezkoek jantzi iluna eta korbata edo tximeleta-begizta. Gainerakoetan aski da ongi jantzita joatea. Lehen emanaldietan "luxuz" jantzita joateko ohitura izaten da antzoki askotan eta arropa informala eramanda deseroso sentituko zara agian. Hala ere, bakoitzak ikusiko du zer eramaten den eta nahi duena erabaki.

Noiz egin dezaket txalo? Opera munduan jakitun asko izaten da eta estualdirik ez pasatzeko, jendeak zer egiten duen ikusi eta ikastea izaten da onena. Obertura (hasieran orkestrak bakarrik jotzen duen pasartea), aria, bikoa edo bereziki gustatu zaigun koru eta dantzarien zati bat amaitutakoan, txalo egin dezakezu; baina pasartea amaitutakoan beti, etenik eragin gabe. Norberak bakarrik txalo egin eta begiratuko diguten beldur bagara, segundo batzuetan itxaron eta besteek zer egiten duten ikustea izango da onena. Txalo jo nahi baduzu, besteak hasi eta gero egin. Eta ikusi edo entzundakoa atsegin ez baduzu, txistu egin, zorua hankaz jo edo nahi duzuna egin dezakezu, ez dago arazorik; baina neurriz eta artista eta ikusleekin errespetuz jokatzen saiatu beharko duzu.

Zenbat irauten du ikuskizunak? Opera laburrak eta luzeagoak izaten dira, baina atsedenen arabera ere izaten da eta sarritan eszenaratzearen eraginez eta obra berberean desberdintasun handiak izan daitezke. Pucciniren La Bohème bezalako obra labur batek ordu eta hiru laurden irauten du. Luzeenek, Wagner-enak, lau ordu ere iraun dezakete, baina gehienetan egokitu egiten dira, hiru ordu eta laurden baino luzeagoak izan ez daitezen. Ohar bat: operan sakratua da isiltasuna eta zenbait musikazalek zaratarik txikienarekin ere gogorarazi egingo dizute. Ez ahaztu. Eztul edo doministiku egin behar baduzu, eraman mukizapia edo eskua ahora edo sudurrera. Ez hitz egin eta larregi mugitu antzezpenean zehar, ingurukoak molestatuko dituzu eta. Kontu izan edozein zarata txikirekin ere (kontuz gozokien paperarekin ere) musika eta kantariak oso bolumen baxuan ari direnean.

Opera gozatzeko lehen urratsak nola eman? Gaur egun ez da zaila operara hurbiltzea, oso erraz aurkitzen baitira erreprodukzioak, bideoan (grabazioak aurkituko ditugu 3.000 pezetatik aurrera) eta disko konpaktuan (titulu asko 2.000 pezetatik behera). Gogora dezagun hasiera-hasieratik goza daitekeela opera, musika konposizioak oso ederrak baitira. Antzezpenean ongi pasatzeko ez da beharrezkoa opera, egilea, libretoa -argumentua- edo ekintza gertatzen deneko une historikoari buruzko liburuak irakurtzea, edo musikako ikasketak egitea, horrek guztiak opera hobeto ulertzeko eta gehiago gozatzeko prestatuko gaituen arren. Aholku bat: adituekin hitz egiten baduzu ez erori etsipenean, eurek beste opera bat ikusten baitute eta esperientziaren eraginez zuk ikusi eta ulertu duzunaz oso bestelako balorazioak egingo baitituzte. Harritu egingo zaituzte haien hitzek. Baina zuk zeurea: gozatu eta ikasi. Opera interesatzen zaizun probatzeko, hamabi izenburu gomendatzen dizkizugu, guztiak ere erraz daztatzekoak: Txirula magikoa (Mozart), Il barbiere di Siviglia (Rossini, La sonnambula (Bellini), L´elisir d´amore (Donizetti), Lucia di Lammermoor (Donizetti), Macbeth (Verdi), Rigoletto (Verdi), La Traviata (Verdi), Martha (Flotow), Carmen (Bizet), I pagliacci (Leoncavallo), eta La bohème (Puccini). Baina ez ahaztu opera antzerki-lana dela, komedia edo tragediazko argumentua garatzen duena. Hori dela eta, ezinbestekoa da aktoreek, kantariek eta koruek zer dioten ulertzea eta, beraz, libretoa izan beharko duzu, lehen emanaldietan behintzat. Erosten dituzun obrek libretorik ez badute, liburudendan eros dezakezu, azoka eta liburu zaharren azoketan bilatu edo ezagunenak (200 izenburu baino gehiago) helbide honetan aurkitu.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto