Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Abdelhamid Beyuki, ATIMEko (Espainiako Langile Etorkin Marokoarren Elkarteko) lehendakaria: "Oso zaila da sentimendu xenofoboei aurre egitea, piztu direnean"

Abdelhamid Beyuki Río Martil (Tetuan, Marokon) jaio zen baina 1984an geroztik Espainian dago, arrazoi politikoak tarteko bere jaioterritik alde egin behar izan zuenetik.

  Abdelhamid Beyuki Río Martil (Tetuan, Marokon) jaio zen baina 1984an geroztik Espainian dago, arrazoi politikoak tarteko bere jaioterritik alde egin behar izan zuenetik. ATIMEko (Espainiako Langile Etorkin Marokoarren Elkarteko) lehendakaria da, eta baita Inmigrazio Foroko lehendakari-orde ere.

Elkartearen Madrilgo bulego berrietan hartu gaitu Beyukik, etorkin askok paperak konpondu eta etorkizun hobearen bila sorterria utzirik etorkin gisa bizi duten egoerari buruz informazioa eskatzen duten lekuan. Mahaia paperez beteta dago eta haiek antolatu nahian ari da Beyuki: paperen artean mehatxuzko anonimoak ageri dira ("egunero jasotzen ditugu" diosku); jendilajea direla gogorarazten diete gorrotoz mehatxu horiek edo Marokorekiko arrantza-hitzarmeneko zailtasunen errudun egiten dituzte. Zuzenbidean lizentziatua, aldizkari eta egunkarietako artikulugilea eta arabierazko hainbat libururen egile da Beyuki.

Duela gutxi "La transición en Marruecos" idatzi du gaztelaniaz (VOSA argitaletxea). Kontrapuntu baikor gisa, "hedabideek Espainiako leku askotan etorkin eta bertakoen artean dagoen elkarbizitzako esperientzia zoragarria erakutsi dezaten" eskatzen du Beyukik.

Zer da ATIME?

Marokoko etorkinen elkarte bat da, 1989an sortua; sorreran etorkinen defentsarekin konprometituriko espainiarrak ere izan zituen partaide. Hasieran 20 lagun ginen, baina gaur egun 14.000 bazkide baino gehiago ditugu eta estatu guztian zehar 15 ordezkaritza. Inmigraziorako Europako Foroko eta Estatuko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Plataformako kide da ATIME eta erakunde aldarrikatzaile izatetik zerbitzu juridiko eta sozialak eskaintzera pasa gara (etxebizitzak bilatu, lana bilatu...). Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzat eta adingabeko etorkinentzat etxebizitza babestuak ditugu, adibidez. Horrekin batera, etorkinen interes politiko eta sozialak defendatzeko mobilizazioak eta aldarrikapenak egiten ditugu. Zuzendaritza batzordean bi espainiar daude, gure iritziz integrazioa alderantziz egin behar baita: Espainiako GKEek beren egituraren barruan etorkinak sartu beharrean -askotan apaingarri hutsa izaten baita hori- guk nahiago izaten dugu espainiarrak ATIMEn sartzea, gizarte honetako proiektu komun eta pluralean sinesten baitugu. Gainera, azpimarratu nahi nuke eskaintzen ditugun zerbitzuen herena ez dela marokoarrentzat izaten, Senegaldar, Ekuadortar, Dominikar eta abarrentzat baizik.

Nor duzue solaskide etorkinen arazoei aurre egiteko?

Administrazio publikoa, estatukoa eta erkidegoetako edo tokian tokikoa. Administrazio bakoitzak bere garrantzia dauka. Inmigrazio gaietarako legerian estatuko gobernua da solaskidea eta gai egunerokoagoetarako udalak edo entitate lokalak. Eta bide batez esanda, horiek gehiago inplikatu behar lukete inmigrazioarekin. Udalerriekiko harremana ez da ona, bitartekorik ezagatik eta arazoei aurre egiteko borondaterik ez dagoelako.

Zer harreman duzue sindikatu eta GKEekin?

Ni ondo konpontzen naiz -eta beti konpondu izan naiz ondo- bi sindikatu nagusiekin eta erakunde gisa aldarrikapen bateratuak egiten ditugu, Almeriako gertakarietan adibidez. Sindikatuak beren eginkizuna hartzera bultzatzen ditugu, ez hainbeste zerbitzuak eskaintzera, bai etorkinaren laneko aldarrikapenetan eta aldarrikapen sindikaletan. GKEekiko harremanetan denetik dago: oso ona batzuekin eta tirabiratsua besteekin. Harrerako zenbait GKEk, batzuetan, zerbitzuen hartzaile gisa tratatzen dute etorkina eta beren jarduera justifikatzeko bitarteko gisa. Beste batzuek emaitza bikainekin lan egiten dute. Baina zenbaitetan ez gaude konforme kolektibo gisa gu tratatzeko duten moduarekin: ez dugu eskubideen subjektu bakarrik izan nahi, eskubide eta betebeharren subjektu izan nahi dugu. Subjektu aktibo izan nahi dugu, ez pasibo; gizarte honetako kide izan nahi dugu, onerako eta txarrera. Batzuetan, fede onean eta elkartasunean oinarritutako laguntza hori karitate bihurtzen da eta hori ez zaigu bat ere gustatzen.

Pertsona batek zergatik erabakitzen du sorterria utzi eta emigratzea?

Prozesu mingarria da eta uste dut bizi izan dugun guztiok pentsatu izan dugula hasieran asmoa bertan behera uztea. Hainbat arrazoi dago sorterria uzteko: gosea eta miseriatik hasi eta askatasun goseraino. Hitz xumeetan, aberastasunean (ongizatean) eta aberastasunik ezean laburtzen da bizitza: gure herrialdeetara aberastasuna iristen ez bada (oso luze joko luke egoera horren zergatiak aztertzeak), dagoen lekura joan beharko dugu aberastasun bila. Alde egiten dugunean, gure ingurunetik indarrez atera gaituzten sentimendua izaten dugu, bizipen eta sentsazioz beteriko ingurunetik atera egin gaituztela, gure herrialdeetan (Kamerun, Senegal, Maroko...) osasun segurtasunik, gizarte segurtasunik, segurtasun politikorik... ez izan arren; baina hala ere haren mira dugu. Baina mingarriena gero iristen da: sorterrikoa ez zarela eta orain bizi zaren lekukoa ere sekula ez zarela izango konturatzea. Bizi guztian emigrante izango zara. Nik, neure sentitzen dut Espainiarekin zerikusirik duen guztia. Hemen egunero egiten ditudan gauzek bete egiten naute, haurtzaroko nire herriko oroitzapen guztiek bezala: usainak (portuko arrain usaina, laranjondo-lorearen usaina...), koloreak... hori guztia ere nire baitan dago.

Zer ikusten eta zer sentitzen du etorkin batek Europa zapaltzen duen unean?

Segun nora datorren. Saharatik beherako herrialdeetako norbait Marokora iristen denean, agian Marokoar batek Espainiara iristean sentitzen duen gauza bera sentituko du eta Espainiara iristean Estatu Batuetara iristean sumatzen dena sumatuko du. Segurtasunik eza sentitzen da, ikaragarria, sekulako babes falta. Lehen egunetan ez dira gauza gehienak ulertzen, kulturaren klabeak, ezta begiradak ere; izan ere, zenbait kulturak oso garaturik dugu begiratzeko modua eta Mendebaldean interpretazio okerrak eragin ditzake horrek. Sexu erasotzailetzat ere sala zaitzakete. Nire herrialdean gauza zoragarria da begirada, oso polita. Azken batean, gauza askorekin egiten da txoke eta hasieran etorkinaren bizitza estropezuz beteriko bidea izaten da etorkinaren bizitza, egokitzen den arte.

Desberdintasun handia antzematen duzu kultura, ekonomia eta gizarte aldetik?

Bai, banketxeekiko eguneroko harreman ekonomikoetan, edo azokan, desberdintasunak nabaritzen dira. Gure herrian, zoco edo azokan erosketaz egiteaz gain, gizarte harremanak izaten ditugu; goizeroko elkarrizketa izaten da. Espainian desberdinak dira harreman horiek eta hasiera-hasieratik antzematen da hori. Horrek ez du esan nahi etorkina bizimodu honetara egokitzen ez denik; egokitzen da. Hizkuntza ikasi aurretik barneratzen dira eguneroko harremanetako gauza horiek.

Espainian etorkinek sentitzen dute arrazakeria eta xenofobia?

Xenofobia gora doa eta horrek zerikusi handia du hedabideetatik ematen den informazioarekin. Gobernuak eta oposizioak emigrazio arloko politika justifikatzeko botatzen duten mezuarekin ere lotuta dago, adibidez oraingoa moduko Atzerritarren Lege gogorra onartu eta herritarrei Penintsularen hegoaldetik pateren olde handia datorrela buruan sartzen dietenean. Horren eraginez gizarteak baztertu egiten du sistematikoki etorkina. Hedabide batek Madrilen etorkinen auzo batean kriminaltasuna gehitu egin dela esaten duenean, epe luzera xenofobia sortzen da hiritarren artean. Sortzen direnean, oso zaila da sentimendu xenofobo horiei aurre egitea. Atzerritarren Legearen eztabaidan zehar ere kutsatu egin da iritzi publikoa. Espainiako hainbat lekutan etorkin eta bertakoen arteko elkarbizitzako esperientzia zoragarriak erakutsi behar lituzkete hedabideek. Hedabideetan inmigrazioari buruz dagoen informazio negatiboaren gehiegikeriari aurre egiteko era bat litzateke hori.

Etorkinen taldeak zergatik daude gaur egungo Atzerritar Legearen aurka?

Lege hori ez da erabat txarra, gutxitu egin baita hasierako erreforma maila, baina beste alderdi negatibo batzuei eutsi egiten zaie eta horrexegatik gaude legearen aurka. Alde batetik, oso erraza da etorkinak kanporatzea eta Administrazioaren esku uzten gaitu, lehen genuen babes judizialik gabe. Eta bestetik, era irregularrean lan egiten dutenei ez die eskubide sozial eta sindikalik aitortzen, sindikatuko kide egiteko eskubidea, manifestaziorakoa, grebarakoa eta abar besteak beste. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean eta Giza Eskubideen Europako Kartan jasota dauden arren.

Zer iritzi duzu etorkinen trafikoan aritzen diren mafien inguruan?

Horrelako erakunde delitugile eta klandestinoak badira eta guztiok ezagutzen ditugu. Jatorrizko herrialdean kartela besterik ez zaie falta: "Paterako txartelak salgai". Gure kalkuluen arabera, mafiak Europan 70.000 etorkin sartzea lortu badu, 20.000 milioi pezeta inguru lortu ditu. Negozioa oso garrantzitsua da, bertan behera uzteko. Bestalde, zaila da neurri polizialekin indargabetzen, mafien aurka egiteko horiek beharrezko izan arren. Baina Espainian ez da kontuan hartzen funtsezko gauza bat: erakunde horien bezero/biktimek ez dute mafiak desegin daitezen nahi, horiengana jotzen baitute itsasartea zeharkatu eta etorkizun hobearekin amets egiteko. Biktimak borreroaren beharra duen bitartean ez du sekula haren aurkako lekukotzarik egingo eta hori ulertzea kosta egiten zaio Espainia zein Marokoko poliziari. Gizarteko neurriak, heziketakoak eta informazio egokia behar dira eta mafietara jo beharrik izan ez dadin alternatibak eskaini.

Europako gizarteek mestizajera joko dute ala etniaren araberako auzoetan antolatuko dira, New Yorken bezala?

Mestizajea lortzeko inmigrazioa, partaidetza eta harrerako politika irekia behar da, elkarbizitzan oinarritutako kultura arteko gizartea sortzearen aldeko apustua egitea; horretarako programak garatu behar dira eskoletan, kalean eta bizitzako edozein esparrutan. Orduantxe bakarrik lortuko da mestizajea, gizarte batentzako positiboena. Herrialde bakoitzeko identitate eta kulturak ez dira liburu idatzi eta amaitua; arrazistek horrela pentsatzen dute: "gu horrelakoak gara eta kanpotik datoz, gu kutsatzera". Eta ez da komeni etorkinek hemen euren kultura inposatu nahi izatea ere, liburua zuri dagoelakoan. Ez, liburuaren zati bat idatzita dago jadanik. Beraz, ez bata eta ez bestea. Etorkinak lanaren edo jaiotze tasaren arazoa konpontzera datozen aldi baterako bidaiaritzat hartzen baldin badira, Gizarte Segurantza ordain diezagutela eta gero alde egin dezatela -eta beharrezko baldin bada kreditu txiki batzuk emango dizkiegu bueltako bidaiarako-, bada, politika hori bada, oker daude; ghettoz eta talde estankoz osaturiko gizartea sortuko da eta bakoitzak berea egingo du. Horrek ez dio inori mesederik egiten eta hori konpontzea arazo latza izango da. Politikoak garaiz daude, horrelakorik gerta ez dadin.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto