Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Estazioek behar bezalako zerbitzu-kalitatea eskaintzen dute, baina pisten eskiagarritasuna hala-moduzkoa da sarritan
Estazioak (pistak kenduta) bisitari-bezeroei eskaintzen dizkien zerbitzuen kalitatean, ostera, eskiagarritasunean eta segurtasunean baino egoera hobea nabari da: bat da gainditzen ez duen bakarra, Valdesqui alegia, eta beste bat dago, Astun, emaitza eskasarekin (5,5 puntu). Gainerakoak ondo daude. Onenak honako hauek dira ordenari jarraiki: Alto Campoo, Sierra Nevada, La Molina eta Navacerrada; dena den, bai Baqueirak eta bai Formigalek bikainetik hurbil dagoen ongia lortu dute. Zehatzago esateko, orokorra den akats bakarra haurtzaindegiari dagokiona da; izan ere, haur oso txikiak edo eskiatu nahi ez dutenak dituzten gurasoentzat hain baliagarri den zerbitzu honek oso ordutegi estua eskaintzen du kasu askotan, eta gainera, erabiltzaile berezi hauentzat ez dago nahikoa toki. Bestalde, oso txartzat jo daiteke txartel-leihatiletako zerbitzua, eskiatzaileek forfaitak erosi nahi dituztenean sarritan jasaten dituzten pilaketa eta atzerapenen erantzulea. Atal honetan, La Molinak eta Navacerradak bakarrik gainditu dute azterketa. Antzeko zerbait gertatzen da estazioko komunen garbiketa eta zaintzari, monitoreen kopuruari (kasu askotan urria baita, zaleek dakiten bezala) eta ibilgailuak aparkatzen laguntzen duten langileei dagokionez ere. Zerbitzuaren kalitatearen alde esan behar da, Valdesquik izan ezik, beste guztiek dutela bezeroaren arretarako bulegoa eta eskiak konpontzeko tailerra. Gainera, guztiek alokatzen dute eskiatzeko materiala eta denek dute larrialdietarako azpiegitura onargarria: heliportua estazioan edo nahiko hurbil (eta, bestela, estazioan horretarako egokia den leku bat), osasun-sorospena eta megafonia-sistema.
Azterketan bildutako datu guztiak alderatu ondoren, esan daiteke Baqueira-Beret (4.900 pta. eguneko forfaita) eta Navacerrada (4.000 pta.) direla txosten honen hiru ataletan (eskiagarritasuna, estazioaren zerbitzuak eta pistetako segurtasuna) kalifikazio onak lortzeagatik beste bederatzi estazioen aldean nabarmendu direnak. Sierra Nevada ere (4.100 pta. eguneko forfaita) egon zitekeen beste bi estazioen parean, pistetako segurtasunean kale egin ez balu; izan ere, eskiagarritasun bikaina eta zerbitzuetan kalitate oso ona eskaintzen ditu.
Eski alpinoa arropa garestia eskatzen duen kirol teknikoa da. Zaila da asmatzea eta, beraz, onar ditzagun aholkuak.
Botak, finkagailudun oholak eta bastoiak erosi baino lehen, alokairuaren aukeran pentsatu behar dugu. Material garestia da (kalitate ertaineko ekipoak 55.000-65.000 pezeta balio dezake); horregatik, inbertsioa amortizatzera helduko garen pentsatu behar dugu. Eta erostea erabakiz gero, itxaron dezagun beherapenak edo eskaintza bereziak etorri arte. Merkatu hau oso aldakora da eta sarritan agertzen dira maukak.
Beste aukera bat: erabilitako materiala erostea; oso eskaintza interesgarriak daude. Ez da zaila egoera oneko materiala aurkitzea (bigarren eskuko gauzen dendetan, doako egunkarietan edo eskian espezializatutako dendetan), jatorrizko prezioaren %60an.
Hasberrientzat, haurrentzat eta noizean behin bakarrik eskiatzen duten familientzat ez dago zalantzarik: alokatzea da onena. Helduaren eguneko alokairua 2.200 pezetakoa izan daiteke ekipo osoa alokatuz gero, eta 1.800 pezetakoa haurraren kasuan. Botak bakarrik alokatzen badira, helduen eguneko kostua 1.000 pezetakoa da, eta oholak finkagailuekin eta bastoiekin bakarrik alokatzen badira 1.700-2.000 pezetakoa.
Eski-pistetan alokatzea hirian alokatzea baino merkeagoa eta erosoagoa da, nahiz eta hirian aukera hobeak dauden. Arazo bakarra egon daiteke: estazioan norberarentzako bota edo eski egokirik ez egotea.
Eskiatzeko arropa bereziari (anoraka, prakak, forru polarra...) eta osagarriei (eskularruak, eguzkitarako betaurrekoak...) dagokienez, urtean zenbat aldiz eskiatuko dugun pentsatzea komeni da horiek erosi baino lehen. Ez badugu asko eskiatu behar, arropa beste norbaiti eska diezaiokegu edo eguraldiak arropa oso berezia eskatzen ez duenean bakarrik eskiatu.
Estaziorainoko bidaia kotxez egin behar badugu, beste pertsona batzuekin batera joatea da onena; bestela, merkeena autobusa da. Ia hiri guztietan eskaintza asko egoten dira.
Ostatua: merkeena mendi-aterpeetara edo aterpetxeetara joatea da, baina ez dira oso erosoak. Beste aukera merke bat apartamentu partekatuak dira. Eski-estazioetatik hurbil hotelak edo pentsioak ere izaten dira, baina, eskaera handia denez, azkar ibili beharra dago denboraz erreserbatzeko.
Etxetik sakotea, gailetak, fruta eta edariak eramango ditugu, estazioan bertan bazkaltzeko. Bertako jatetxe eta tabernak garestiak dira.
Estazioa aukeratzeko, etxetik daukagun distantziari begiratu behar diogu (kontuz autobus, erregai eta autobideen kostuarekin), baita forfaitaren prezioari ere. Estazio batetik bestera 1.700 pezetako aldea egon daiteke egun bateko prezioan.
Bi egunetarako bagoaz, bi egunetarako bonua erostean forfaiterako deskontua ematen diguten begiratu. 500 pezetaraino aurrez dezakegu.
Monitoreak hartu nahi baditugu, galdetu nor den onena, didaktikoena eta atseginena. Antzeko maila duten hainbat pertsonaren artean ordaintzea da onena, merkeago ateratzen da eta merezi du.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa