Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Gizarte garatuetan demografiaren bereizgarrietako bat populazioa geroz eta zaharrago izatera iristea da. Fenomeno horren zergatiak bi eratakoak dira, batez ere: herrialde garatu guztietan bizitzeko itxaropena dezente luzatu da (estatu espainiarrean, adibidez, emakumeak batez beste ia 82 bizi dira orain eta gizonezkoak, berriz, 74tik gora) eta jaiotza-kopuruaren jaitsiera.
Orain arte eginiko aurreikuspenek Alzheimer kasuen sekulako biderkapena iragarri dute 2025 urterako, XX. mendeko seigarren hamarkadan sortu zen baby boom belaunaldiaren zahartzearen ondorioz: horrek gaitza ugaltzea ondorioztatuko du, gaixotasunaren eraginaren hazkuntza esponentziala baita. Horrela bada, 65 urtetik gora dementzien kopurua ikaragarri areagotzen da: bost urteko bakoitzean bikoiztu egiten da, zehazki. Adituen arabera, Estatu espainiarreko hiritarren %5-%10k (700.000 lagun, 65 urte baino gehiago dituztenak) nozitzen du dementzia-mota bat. Zaintzaile eta pazientearen arteko harremanetan ere badu gaixotasunak eraginik: diagnostikoa eman eta hortik aurreneko hilabeteetan ibilgailuak gidatzea eta dirua edo diru-dokumentuak maneiatzea debekatu egiten zaio pazienteari. Beste aldetik, bakarrik egon ez dadin ahalegindu behar da.
Gaixotasuna ulertzea kontu zaila dute senideek ikus daitekeen eragin fisikorik ez dagoelako baina aurreneko erreakzioetako bat "aurretiazko dolua" ohi da: ahaideentzat psikologikoki hil egin da gaixoa. Alzheimer gaitzaren ondoriozko heriotza-unea bereziki latza izaten da familiarentzat. Pazienteaz urtetan zehar arduratu den zaintzailearentzat nolabaiteko askapenik bada ere, sekulako hutsune emozionala ere sortzen du egoera berriak, azken hamar bat urtean beste pertsonaren ondoan eguneko 24 orduak eman dituztelako.
Arreta eskatzen duen pertsonaren ezkontideak hartu ohi du haren ardura (horrelaxe gertatzen da Alzheimer kasuen %60-%70ean). Asistentziaren premia emazteak baldin badu, ordea, egoera okertu, aldrebestu egiten da, Espainiako gizonezko zaharrak ez baititu erraz asumitzen zaintzaile lanak eta etxeko gizonaren eginkizunak. Ezkontidea ez denean, alabak aritu ohi dira zaintzaile lanetan. Horretarako, lana utzi eta, kasu asko-askotan, ezkontidearekin edo seme-alabekin zuten harremana ere baztertu egiten dute: honek, bistan da, familiaren desegituraketa ekartzen du behin baino gehiagotan.
Pazienteak garai batean babestuko lituzketen asistentzi zentroak sortzearen alde daude psikiatrak, senide zaintzaileek arnasa hartu ahal izan dezaten. Arazoa ez da hutsala, noski: horrelako pazienteez arduratzeak, azkenean, zaintzaile eta babesleengan estresa eta depresioak sortarazten ditu.
"Familiak hezi egin behar ditugu"
Doctor Peset Ospitaleko Geriatria Zerbitzuko José Mercé sendagilearen iritziz, zaharra etxean zaintzeak duen arazo larria familia heziketarik jaso gabea izatean datza. "Europako gizarterik zahartuena garen arren, inork ez digu irakatsi zaharrak nola tratatu behar diren. Osasun-alorreko profesionalak ez dira nahikoak eta gure zaharrak zaintzen irakasteko plan integrala antolatu beharko litzateke". Sendagile horren aburuz, zaharrak zaintzen ikasteak diru eta baliabideen aurrezkia ekarriko luke, ez jakitearen ondorioz, zeinahi ebentualitate jazorik, senideek berehala jotzen dutelako ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetara. Mercé doktorearentzat, aiton-amonen arazo larrienetako bat "izaeraren eta agintearen galera da, dagoeneko ez baitituzte beraiek arauak xedatzen; areago, seme-alabek agintzen dute beraiengan. Autonomiaren galera eta familia buruaren aldaketa ere gertatzen da: "Seme-alaba edo egoitzako zuzendaria da orain nagusia". Sendagileak uste du "zaharra bere etxean edo senideetakoren baten etxean bizi dadin erraztuko lukeen sistema bideratu beharko luke osasun-munduak". Menpetasun arineko pisu edo bloke babestuak sortzea da beste aukera bat. Zaharra egoitzara eramatea okerreko jokabidea da". Akatsezkotzat jokatzen du, era berean, eguneko zentroez gaur egiten den erabilera, "horiek eguneko ospitale bezala baliatu beharko liratekeelako, hau da, errehabilitazioan bereizitako unitate mediko-asistentzial gisa, alegia. Gaur egun ditugunak, oro har, zaharren haurtzaindegiak dira".
Zaharren instituzionalizazioa saihestu ahal izateko moduko neurriak bilatu eta zerbitzuak sortu dira azken urteotan. Familiari euskarri-sistemak emateko gero eta interes biziagoa agertzen dute gobernuek, zaharrak gune horretan zain ditzaten, instituzioetara jo gabe. Horregatik, familiaren etxean zaharren egonaldia luzatzeko helburuz, pertsona horiek zaintzeari beren denbora eskaintzen dieten pertsonei lagundu eta konpentsatzeko formulak sortzen ari dira orain eta menpekotasun-egoeran pertsona zaharrak bere kargura dituzten guztiei aplikatu beharreko ordain-neurriak onartuko dira aurki. Herrialde batzuetan, zaharrak zaindu nahi baina diru-sarrera urriak dituzten familientzako pizgarri ekonomiko gisako neurriak hartu dira, hala nola interes apaleko kredituak eta zergen beherapenak.
Nolanahi ere, familia gehientsuenek ez dute nahi edo ezin dute zaharraren zaintza den izugarrizko ardura bereganatzerik, are gutxiago asistentzia hori etengabekoa denean. Senideekin bizi nahi ez duten edadetuen edo pertsona zaharren zaintza inolako laguntzarik gabe asumitzeaz bestelako formula bat aukeratzen duten familiek badituzte hainbat irtenbide: eguneko zentroak (bertan, zaharrak eguna pasatzen du eta gauez etxera doa, ostera, lotara), egoitza publiko edo pribatuak, etxebizitza babestuak, zaharren egoitzak, tele asistentzia eta, azkenik, zaharraren etxean gazte bat (etxetik urrun dagoen ikasle bat, eskuarki) bizi izatea.
"Zaintzaileak zaintzen ditugu" bataiatu dute 1997 urtean Kataluniako Gurutze Gorriak eta Fundació La Caixa elkarteak bertako hiru hiriburutan martxan jarri zen programaren izena. Programa horren helburua, zerbitzu pribaturik ordaintzeko bezainbesteko diru-sarrerak ez dituzten baina zaharrez etxean etengabe arduratu behar diren familiei (emakumeei, batez ere, hauek eramaten baitute normalean arazoaren karga handiena) hilean asteburu baten atsedena ematea da. Orain arte, akordio horri esker Kataluniako 227 familiari atentzioa eman ahal izan zaie. Gurutze Gorriak pertsonala (terapeutak, erizainak, fisioterapeutak, famili langileak eta boluntarioak, psikologo baten koordinaziopean) ezarri eta ekimenaren jarraipena egiten du. La Caixa fundazioak, bere aldetik, proiektuaren kostua (75 milioi pezeta) bereganatua du. Programa horren baitan hainbat zerbitzu osagarri ere sartzen dira, hala nola laguntza teknikoak gaitz jakin batzuen kasuan, etxebizitzetan ke-detektagailuak edota tele asistentziako terminalak jartzea, esate baterako.
Valentziako Generalitat-eko Ongizate alorreko Consellería-k ere badu pertsona zaharrak zaintzen dituzten etxekoandreei laguntzeko plana, etxebizitzako egonaldia egoitzen alternatibatzat planteatzeko xedez. 1996 urtean jarri zen martxan eta, harrezkero, honelako laguntzak 29.124 pertsonak jaso dituzte, hau da, hilean 15.000 eta 30.000 pezeta bitartean, famili errentaren arabera. Erakundeak eginiko aurreikuspenen arabera, 2001 urtean 2.150 milioi pezeta bideratuko dira helburu horretara.
Beste hainbat gobernu autonomiko eta diputaziok ere agertu dute arazo honekiko sentiberatasun edo interesa, famili inguruan zaharra (arazo fisiko edo mentalak nozitzen baldin baditu, batik bat) zaintzeak eragiten dituen zama ekonomiko, sozial eta emozionalekin jabeturik. Bizkaiko Diputazioak, esate baterako, dementzia edo ezintasun fisikorik duten pertsona edadetuak eguneko zentroetan sar daitezen laguntzak ematen ditu: pertsona eta eguneko 6.000 eta 5.547 pezeta bitartekoak izaten dira, hain zuzen.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa