Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Kiloko 1.730 pezeta (Zahor Capri) eta 3.510 pezetako (Lindt Bombon Selection) prezioa dutela, 350 gramotik 450 gramo bitarteko ontzian merkaturatzen diren txokolatezko bonboien zortzi lagin aztertu dira oraingoan. Hiru lagin bakarrik (Zahor, Merci eta Nestlé) kostatzen ziren 3.000 pezeta baino gutxiago, kiloko.
Osakera berdintsua da denetan: biziki energetikoak dira denak (550 kaloria 100 gramoko, fruitu lehorrek bezala) eta dezente gantzatsuak (edukiaren %35-%40 gantza dute gehienek). Bonboi hauek esne-gantz gutxi daukate (%0,7 eta %5 bitarte), beren gantz gehientsua kakaoak baitu jatorburu. Nabarmen dezagun, landarezko koipea izan arren, gantz saturatu (osasunarentzat kaltegarriak, gogora dezagun) ugari dauzkala. Nolanahi ere, bonboiak inoiz edo behin kontsumitzen direnez, nutrizioari dagozkion gorabehera guztiak alboan uzten dira. Bitxitasun bat, bukatzeko: bonboiek esneak bezainbeste kaltzio aporta dezakete (120 miligramo ehun gramoko) eta daukaten kolesterol apurrak esne-gantzetan du jatorria.
Lagin guztiak egoera higieniko-sanitario zuzenean zeuden eta zuzenki etiketaturik merkaturatzen dira; dena den, daukaten txokolate-kopuruaz eta txokolate horren kakaoaren proportzioaz ere informatzea komeniko litzateke.
Arau-urraketa bakarra Trapa Bombonísimo laginak erakutsi zuen: adierazitakoa baino %7,8 txikiagoa zen bonboien pisua, hau da, legeriak onartzen duen %6ko pairamen hori baino handiagoa. Txokolatearen kalitatea adierazteko kontuan hartzen den irizpideetako bat kakao-kopurua izaten da, lehengai garestia baita. Lagin batetik bestera alde latzak zeudela ikusi eta, era berean, kakao-kopurua eta prezioaren arteko erlazio zuzenik ez dagoela egiaztatu zen: merkeenek (Zahor) zuten, hain zuzen ere, kakao gehien (%12 kakao desgantzatu, zeharka kalkulatua, txokolatearen berezko teobrominan oin harturik). Beste aldetik, Cadbury laginak zeukan kakao gutxien (%5), Zahor bonboien bi halako kosta arren. Beste zerbait ere frogatu zen, argi eta garbi: bonboien prezioa eta zapore-ezaugarrien artean ez dago erlazio zuzenik. Dastaketako toki hoberenean Lindt (3.510 pezeta kiloko, garestienak) agertu zen eta, ondoren, Merci (bigarren merkeenak). Atzetik datorkie Nestlé (2.850 pezeta kiloko, prezio ertainekoak, alegia) eta ondotik Zahor (denetan merkeenak) eta Cheverny (bigarren garestienak). Azpimarra dezagun dastaketan lagin denek puntuazio ona lortu zutela, kalifikazio txarrenekoak (Cadbury, garestienetako bat, hain zuzen) 6,2 puntu jaso baitzituen. Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Zahor laginak eskaintzen du: dastaketan ongi, kakao gehien daukana da eta, gainera, zortzietan merkeenak.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa