Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Txokolatezko bonboiak: Prezioak, zaporearekin eta kakao-edukiarekin zerikusirik ez, ia

Kiloko 1.730 pezeta (Zahor Capri) eta 3.510 pezetako (Lindt Bombon Selection) prezioa dutela, 350 gramotik 450 gramo bitarteko ontzian merkaturatzen diren txokolatezko bonboien zortzi lagin aztertu dira oraingoan. Hiru lagin bakarrik (Zahor, Merci eta Nestlé) kostatzen ziren 3.000 pezeta baino gutxiago, kiloko.

  Osakera berdintsua da denetan: biziki energetikoak dira denak (550 kaloria 100 gramoko, fruitu lehorrek bezala) eta dezente gantzatsuak (edukiaren %35-%40 gantza dute gehienek). Bonboi hauek esne-gantz gutxi daukate (%0,7 eta %5 bitarte), beren gantz gehientsua kakaoak baitu jatorburu. Nabarmen dezagun, landarezko koipea izan arren, gantz saturatu (osasunarentzat kaltegarriak, gogora dezagun) ugari dauzkala. Nolanahi ere, bonboiak inoiz edo behin kontsumitzen direnez, nutrizioari dagozkion gorabehera guztiak alboan uzten dira. Bitxitasun bat, bukatzeko: bonboiek esneak bezainbeste kaltzio aporta dezakete (120 miligramo ehun gramoko) eta daukaten kolesterol apurrak esne-gantzetan du jatorria.

Lagin guztiak egoera higieniko-sanitario zuzenean zeuden eta zuzenki etiketaturik merkaturatzen dira; dena den, daukaten txokolate-kopuruaz eta txokolate horren kakaoaren proportzioaz ere informatzea komeniko litzateke.

Arau-urraketa bakarra Trapa Bombonísimo laginak erakutsi zuen: adierazitakoa baino %7,8 txikiagoa zen bonboien pisua, hau da, legeriak onartzen duen %6ko pairamen hori baino handiagoa. Txokolatearen kalitatea adierazteko kontuan hartzen den irizpideetako bat kakao-kopurua izaten da, lehengai garestia baita. Lagin batetik bestera alde latzak zeudela ikusi eta, era berean, kakao-kopurua eta prezioaren arteko erlazio zuzenik ez dagoela egiaztatu zen: merkeenek (Zahor) zuten, hain zuzen ere, kakao gehien (%12 kakao desgantzatu, zeharka kalkulatua, txokolatearen berezko teobrominan oin harturik). Beste aldetik, Cadbury laginak zeukan kakao gutxien (%5), Zahor bonboien bi halako kosta arren. Beste zerbait ere frogatu zen, argi eta garbi: bonboien prezioa eta zapore-ezaugarrien artean ez dago erlazio zuzenik. Dastaketako toki hoberenean Lindt (3.510 pezeta kiloko, garestienak) agertu zen eta, ondoren, Merci (bigarren merkeenak). Atzetik datorkie Nestlé (2.850 pezeta kiloko, prezio ertainekoak, alegia) eta ondotik Zahor (denetan merkeenak) eta Cheverny (bigarren garestienak). Azpimarra dezagun dastaketan lagin denek puntuazio ona lortu zutela, kalifikazio txarrenekoak (Cadbury, garestienetako bat, hain zuzen) 6,2 puntu jaso baitzituen. Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Zahor laginak eskaintzen du: dastaketan ongi, kakao gehien daukana da eta, gainera, zortzietan merkeenak.

Txokolatea nola erdiesten den

  Txokolatea, Hegoamerikako Iparraldean jatorria duen kakao-arbolaren fruituak barruan daukan hazian oinarriturik ekoizten da. Kakao-zuhaizti aspaldikoenak Mexiko, Ekuador eta Venezuelan daude. Bertatik portugesek Afrika Mendebaldeko kostaldera eraman zuten (Ghana, Nigeria Kamerun) eta, geroago, Asia Hegoekialdeko uharteetan barrena hedatu zen (Sri Lanka, Java, Samoa...). Ingurugiro-eskakizun berezi eta zorrotzak dituenez (klima epel eta hezea baitu ezinbestekoa) ekuatore-eskualdeetan bakarrik hazten da kakaoa. Kakao-arbolaren bi aldakin edo barietate ezagutzen ditugu egun: kriolloa (Ekuador eta Venezuelako jatorrizko eskualdeetan lantzen dena, batik bat) eta kanpotarra. Orain bertan, munduan dagoen kakaoaren %90 kanpotarra da, adiera horretan. Kriolloa finagoa da, lurrin hobekoa baina (besteak beste, gaitzen aurrean sentsibleago gertatzen delako) kalitate handi-handiko txokolatea ekoizteko bakarrik baliatzen da.

Txokolatea ekoizteko, kakao arbolak ematen duen fruituaren barneko haziak hartzi behar dira, 2 egunetik 9 egunetaraino luza daitekeen prozesuan. Ondoren, hartzitako hazi horiek lehortu egingo dira (barneko hezetasuna %60koa bazen, %5-%7raino jaitsiko da horrela). Hazi lehortu horiek 130 graduko tenperaturan txigortuko direnez, orduan hasiko dira berezko lurrin gozoa jariatzen. Hurrengo pausuan, ekoizle bakoitzak bere formula eta zaletasunen arabera nahasiko ditu kakao-haziak, gustukoak dituen usain- eta zapore-ezaugarriak lortzeko, kafearekin egiten den bezalatsu. Haziek birrindutakoan, kakaoa ore fin bilakatuko da eta bertatik bereiziko dira kakao-gantza (haziaren koipea), batetik, eta kakao-orea, bestetik. Kakao-orea, kakao-gantza, azukrea eta esnea dira txokolate guztien oinarrizko osagaiak. Horrela bada, txokolate beltza osatzen dute kakao-oreak, kakao-gantzak eta azukreak. Orearen portzentajearen arabera txokolatea huts edo nahasiagoa izango da (kakaoak gutxienez %35a izan behar du, %70era arte). Esne-txokolateari esnekiak erantsi zaizkio eta bere osagaiak kakao-orea, kakao-gantza, azukrea eta esneki solidoak dira. Txokolate zuriak, aldiz, ez dauka kakao-gantzik, kakao-gantz, azukre eta esneki solidoz egina baita.

Zer da bonboia?

Itxura askotako eta barruan hainbat motatako betekia daukaten txokolatezko (gutxienez, %25a izan behar dute) produktuak dira bonboiak. Arrunt produktu energetikoak dira, ehun gramoko 550 kaloria inguru baitute (azterturiko laginetan, 519 kaloria ditu Cadbury-k eta ia 590 Lindt eta Nestlé-k); horrenbestez, fruitu lehorren mailan agertzen dira adiera honetan. Gantz-edukia ere handia dute: %28tik %40ra bitartean, horren erdia gantz saturatua baita. Esne-gantzik ere bada baina oso portzentaje xumean (lagin hauetan, %0,7 eta %5 bitartekoa): hauxe da bonboiak duen kolesterol-iturri bakarra eta bera ere kuantifikatu zuen gure azterketak: 100 gramoko 8 mg-tik (Uña) 24 mg-ra (Merci) zihoan kopuru hori. Balio hauek eta laginen esne-gantzetakoak (bonboietan, kolesterola aportatzen duen osagai bakarra horixe da, bera baita animali jatorridun gantza bakarra) bat datoz. Nolanahi ere, kolesterol-munta txikiak dira horiek. Uña (%0,7) eta Trapa (%1,7) laginen esne-gantzen balio apal-apal hori harrigarri samarra gertatu zen, bi laginetako osagai nagusietako bat esne-hautsa da eta ez marka batek ez besteak ere, ez dute iragartzen esne gaingabeturik darabiltenik.

Bonboi hauen gantzaren erdia saturatua da, esne-gantzaren edukia txikia den arren: kakaoaren gantza, izan ere, landarezko beste zenbaitena bezalaxe (palmistea, kokoa, palmondoa), osasunarentzat intsaturatuak bezain onuragarriak ez diren gantz-azido saturatu ugari dituelako. Bonboien osakera, beraz, ikuspegi horretatik ez da biziki osasuntsua (urdaiazpikoak intsaturatuak eta saturatuen arteko erlazio egokiagoa du). Kontsumitzailearen osasunean produktuak duen eraginaz ari garela, lagin batetik bestera alderik hauteman bazen ere, ez ziren oso nabarmenak izan. Gantz-azido intsaturatuak eta saturatuen arteko proportzioa 0,72tik (Cadbury, osasunarentzat kaltegarriena) 1,15era (Zahor: honek gantz saturatuen %42a zuen) zihoan.

Karbohidratoen edukia, berriz, %36 eta %47 bitartean zegoen, lagin gehienetakoa azukre arrunt edo sakarosa zelarik. Proteina-edukia, beste aldetik, ez da hutsaren hurrena: %5 eta %7,5 artean zegoela ageri zen azterketan. Bonboi barrubeteak dira hauek eta, osagaien zerrenda luzea denez, aldaketa horiek logikoak dira: ezin ondoriozta daiteke produktuaren kalitate hobe edo apalagorik proteina-edukia erreferentzia nagusi hartuta. Bonboi hauek, beste aldetik, hainbat bitamina eta mineralen iturri dira; horien artean kaltzioa (120 mg 100 gramoko, esneak bezainbestetsu), potasioa eta magnesioa. Bitaminetan, berriz, B2 dugu nabarmentzeko eta, hein txikiago batean, B1, niazina eta azido folikoa.

Txokolatearen beste elementuetako bat teobromina da: konposatu natural honek kafeinaren antzeko propietate suspergarriak ditu. Arestiko azterketa batzuek agertu dutenez, txokolateak dauzkan konposatu fenolikoek (ardo beltzak dauzkanen paretsukoak) "in vitro" frogatu dute gantzen desoxidatzaile direla, plaketen osaketari aurrea hartuz. Azterketa, dena den, datu epidemiologikoekin (ardo beltzari buruz daudenen mailakoak) osatu beharko da, laborategian hautemaniko eragin hori erabat egiaztatu ahal izateko.

Zenbat kakao daukate?

Kakao lehor desgantzatuaren portzentajea erabilitako kakao-kopuruaren gutxi gorabeherako adierazle da, txokolate-kopuruaren berri zehatzik ematen ez digun arren, kakao-proportzio deberdinak dauzkaten hainbat txokolate-mota erabil baitaitezke bonboigintzan. Arauak xedatua duena hau da: gutxien-gutxienez, txokolatezko bonboieen edukiaren %25 txokolatea izan behar du, nolako txokolatea izan daitekeen zehazten ez badu ere. Txokolate hutsak gutxienez %35eko kakao eduki behar duen bitartean, txokolate esnedunaren kasuan %25arekin aski da. Beraz, kakaoaren gutxieneko edukia (txokolate guztia esneduna balitz) %6,25 (hau da, %25aren %25) izan beharko lukeela kalkula daiteke. Den-dena txokolatea balitz, gutxieneko kakao-kopurua %8,75 (%35aren %25, alegia) izango litzateke. Teobrominan oin harturik egtiniko kalkuluen arabera, kakao gehien daukan lagina Zahor izan zen, edukiaren %12 kakao desgantzatua baitzuen. Cadbury izan zen kakao gutxienekoa, %5era ozta-ozta iritsi zelarik. Adierazitako kalkuluen arabera, Cadbury laginak duen proportzio hori eskas, urriegitzat jo dezakegu, bonboiei dagokienez arauak gutxieneko kakao-portzentajerik xedatua ez duen arren.

Etiketa ondo, baina...

Etiketan adierazi beharreko informazioa agertzen dute lagin guztiek baina, halaz ere, bonboien etiketatua dezente hobetuko luketen bi alderdi nabarmenduko ditugu hemen. Zortzi laginetatik bostek (Merci, Nestlé, Lindt, Uña, eta Trapa) bonboi-molde bakoitzaren ezaugarriak azaltzen dituztenez, kontsumitzaileari produktuaren osakera zein den jakinarazten diote, hala nola: praline-krema hur bikortu eta txokolate esnedun fina. Bi laginek (Merci eta Cadbury) zerbait garrantzitsuago agertzen dute: bonboiak dauzkan txokolatezko zatien kakao-edukia, hain zuzen. Badirudi beharrezkoa ez ezik ezinbestekoa izan beharko lukeela honelako produktuetan zenbat txokolate erabili den eta txokolate horrek zenbat kakao daukan, gutxien-gutxienez, adieraztea.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto