Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Zorabioa: Arrazoi ugari delako, diagnostikoa zailago

Zorabiatzea ohikoa izaten da eta seguruenik denoi gertatuko zitzaigun noizbait. Kasurik gehienetan garrantzirik gabeko gertaera izaten da, bat batean gertatu eta berez joaten dena. Baina beste kasu batzuetan iraun egiten du zorabio sentsazioak, errepikatu egiten da edo beste sintoma batzuekin batera agertzen da. Eta, kezkaturik, medikuarena joan ohi gara itxuraz garrantzirik gabekoa den gertaera honen arrazoia jakiteko, eguneroko bizitzan kaltea eragiten baitigu.

  Zorabioa deskribatzean hasten dira zailtasunak, era askotakoa izan daiteke eta. Batzuetan erraza izaten da sintomak zehatz azaltzea, desoreka, ahulezia eta nolabaiteko ondoeza sentitzen baititugu. Beste batzuetan zailagoa izaten da eta nahasmendua, burua hutsik sentitzea, bertigoa eta ezegonkortasuna aipatzen dira.

Zorabioa deitu ohi dugunaren sintomek eta hori eragiten duten arrazoiek labirinto korapilatsua osatzen dute, argitu eta diagnostiko zuzena egiteko zaila. Hiru koadro bereizi beharra dago, lehenik eta behin: konorte-galtzea, bertigoa eta konorte-galtze eta bertigorik gabeko zorabioa.

Konorte-galtzea

Konorte-galtze edo sinkopea, zorabialdi gisa ere ezagutzen dena, oso ohikoa izaten da, odol-zirkulazioaren uneko aldaketa batek eragiten du eta tentsio arterialaren erorketa iragankorra sortzen du. Pertsona zurbildu egiten da, konortea erabat gal dezake eta gehienetan erruz izerditzen da. Batzuetan bat-batean gertatzen da eta beste batzuetan ikusmena lausotu edo nahasmena sentitu ohi da. Hainbat arrazoi izan daiteke atzean: emozio handiak, estres handiko egoerak, gauza desatseginak ikustea, kolpetik altxatzea, ordu luzez zutik, eguzkitan edo oso giro kargatu eta beroetan egotea...

Konorte-galtze horiek izaten dira ohikoenak, ez dute inolako garrantzirik izaten eta mediku tratamendurik ere ez da behar izaten. Onera etortzeko aski izaten da etzan eta hankak gora jasotzea edo minutu batzuek burua hankartera makurtzea. Baina konortea galtzearen ondorioz pertsona lurrera erori bada, kolpean minik ez duela hartu egiaztatu behar da eta kolpe, ebaki, zauri edo bestelako lesiorik egin duen begiratu. Hala ere, honelako sinkope bat gaitz larriagoren baten agerpena ere izan liteke, bihotzeko gaitzen batena esaterako. Arritmiak, gidatzeko arazoak eta gaixotasun baskularrak izaten dira ohikoenak. Horregatik, zorabioa garrantzirik gabeko istripua edo gaitz larri baten sintoma izan daitekeela kontuan izanda, gertaera huskeria iruditu arren mediku-azterketa egitea komeni izaten da, batez ere bihotzeko patologiarik ez dela ziurtatzeko.

Bertigoa

Zorabioarekin batera inguruko guztia mugitu egiten dela eta biraka dabilela sentitzen denean, erortzera goazela edo oreka galtzen dugula sentitu eta goragalea, botatzeko gogoa eta izerdi hotza agertzen direnean, bertigo kasua izango da seguru asko; sentsazio desatsegin horrek segundo, minutu edo ordu batzuez iraun dezake. Arrazoi asko egon liteke bertigo horren atzean: ohikoena jarrera-bertigo paroxistiko onbera izaten da; gaitz onbera baina gogaikarria da, baina nolabaiteko larritasuna izan dezakeena. Burua mugitzean bertigo-krisia sortzen da eta segundo edo minutu batzuetan irauten du. Bertigoarekin batera angustia larria sentitu ohi da eta baliteke pertsona lurrera erortzea ere. Buruaren jarrera jakin batzuekin gertatzen dira krisiak. Bada botika bidezko tratamendu bat bertigo mota honentzat, baina errehabilatze bestibularra (orekaren organoa berrezteko buruarekin mugimendu bidezko ariketak egitea) sendagaiak hartzea baino eraginkorragoa da.

Neguan oso ohiko izaten dira infekzio birikoak; belarriari edo nerbio bestikularrari eragin diezaiokete eta bertigoak ere sor ditzakete, arnas aparatuko gaitzari lotuak. Iragankorrak eta gaitzik gabeak izaten dira eta ongi erantzuten dute medikuak jarritako tratamenduaren aurrean. Pertsona heldu eta nagusietan Meniére sindromeak ere eragin ohi du bertigoa; gaitz horren ezaugarri nagusia entzumen galera (hipoakusia), belarrietako zarata (akufenoak) eta bertigo-krisiak izaten dira. Halaber, garuneko hodietako istripuren bat (tronbosia, iskemia, enbolia) jasan duten adin handiko pertsonek bertigoak izan ditzakete.

Bertigoa tratatzeko aukera terapeutiko zabala dugu, baina erabat desagerraraztea ez da beti erraza izaten. Bertigo episodioa agertzen denean, mihaketa neurologikoa eta otorrinolaringologikoa egin behar zaio gaixoari, zergatiaren diagnostikoa egiteko lehen urrats gisa eta tratamendu egokia aurkitzeko.

Bestelako zorabioak

Sinkope eta bertigorik gabeko zorabioa ez da gehienetan larria izaten, baina oso zaila izaten da zergatia aurkitzea. Medikuen esperientziak dioenez, burua "hutsik" sentitzen duela esan ohi da, begiak lausoturik eta erortzeko edo konortea galtzeko zorian sentitzen dela, azken hori sekula gertatu ez arren. Gaixoari egiten zaizkion azterketetatik datu normalak ateratzen dira eta sintomen zergatia tentsio baxua, anemia, hipogluzemia edo tentsio arterial altua direla uste izaten da, baina oso gutxitan izaten dira horiek arrazoia.

Sinkoperik eta bertigorik gabeko zorabio sentsazioa oso ohikoa izaten da antsietate handia, estresa edo depresio koadro arinak edo subklinikoak (ia antzematen ez direnak) dituzten pertsonen artean eta somatizazioa adieraz dezakete, hau da, arazo psikologikoen agerpen fisikoa. Beste batzuetan, migraina, akidura, laneko estresa, insomnioa edo, (sarritan), ikusmeneko arazoak dituzten pertsonen artean. Arnasa azkarregi hartu eta arnasketan ohikoa baino aire gehiago mugitzen duten pertsonek izaten duten hiperbentilazioak ere sarritan eragiten du zorabio sentsazio hori. Minutuko gutxi gorabehera 15 bider arnasa hartzea izaten da normalena eta arnasketa bakoitzean mugitzen den aire kopurua, berriz, 0,5 litro inguru.

Gizakia zentzumenen bitartez erlazionatzen da bere inguruarekin; horrela, ikusmen, entzumen, usaimen eta gorputz guztian zehar hedaturik dauden hartzaileen bitartez informazioa jasotzen duten burmuineko zirkuitu biozibernetikoek ongi funtzionatzen badute, pertsonak oreka sentituko du. Behin eta berriz zorabioak dituen pertsonaren kasua arretaz aztertu behar du medikuak, horien zergatia aurkitu arte.

  • Sinkopea edo konortea galtzea dakarten zorabioetan kardiobaskularra izaten da arrazoia gehienetan (emozio handiak, eztulak, minak eta antzekoek eragindako erreflexu erako kasuetan izan ezik) eta azterketa kardiobaskularra egin behar izaten da horrelakoetan.
  • Bertigo-krisiak jasaten direnean ezinbestekoa da neurologia eta otorrinolaringologiako azterketa egitea. Gehienetan labirintoko patologia (erdiko belarrian dagoen orekaren organokoa) onbera izaten da, atsegina izan ez arren.
  • Zorabioarekin batera bertigo eta sinkoperik sentitzen ez bada eta bestelako gaitzik ez badago, arrazoi psikologikoa kontuan izan beharko da.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto