Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Saski-naski

Λ

Ibilgailuak konpontzeko tailerrak

  2000. urtean espainiar Estatuan 90.000 trafiko-istripu gertatu dira, bere biktima eta guzti. Joan den abendu honetako 15ean Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) argitara emaniko estatistikaren arabera, 3.466 ezbehar larri gertatu dira, guztira 4.050 pertsona hil direlarik, hau da, 1999an baino %9 gutxiago.

Kopurua, aurreragokoa bezain handia ez bada ere, larri-larria da oraino eta, ezbehar kopuru dramatiko hori zuritzeko edo, era askotako hamaikatxo arrazoi zein aitzakia adierazten diren arren, aditu guztiak bat datoz funtsezko puntu batean: automobila egoera zuzenean mantentzeak istripuen kopurua dezente murriz dezake. Are eta gehiago neguan, sasoi horretan kotxea egoera atmosferiko aldrebesean eramaten baitu gidariak: elurra, izotza, lainoa, euria... Hortaz, ibilgailuak konpondu eta mantentzeko automobila tailerrera eramatea ohitura izan beharko litzateke zeinahi gidarirentzat, istripuak aurreikusteko ez ezik, gidaritza seguruago eta erosoagoa erdiesteko ere. Dagoeneko ez dugu konponketak egiten dituzten tailerren beldur izan behar, profesionalak lanean hasi ahal izateko, bezeroaren adostasuna ezinbestekoa izango duelako: horrela bakarrik kobratuko zaigu eginiko lana. Kotxea lantegian utzi eta gastuaren azkeneko kostua, guztira, zenbat izango zain eta beldurrez egon behar genueneko garaia pasea dugu, zorionez: 1987 urteaz geroztik, baldintza jakin batzuk bete behar izaten dituzte tailerrek ere, kontsumitzailearen eskubideak bermatzeko.

Aurrekontua eskatzeko eskubidea zor zaio erabiltzaileari

Espainiar Estatuko erroldan 22 milioi ibilgailu daude izena emanik: horietatik, 22 milioitik gora turismo dira, automobilak alegia. Ez da harritzekoa, beraz, azalera osoan 51.203 konponketa-tailer zerbitzuan aritzea gaur egun, 180.000 pertsona zuzenean enplegaturik. Zerbitzu ona eta kontsumitzaileari eskubideak errespetatzen zaizkiola bermatzeko, aitzakiarik gabe eta zorrozki bete beharreko arau batzuk dituzte lantoki horiek. Tailer guztiek metalezko plaka urdin bereizgarri bat agertu behar dute, leku ikusgarrian: bertan, establezimendu horretan bezeroari nolako zerbitzuak egin dakizkiokeen azalduko da, ikurren bidez. Era berean, ohiko zerbitzu-ordutegiak eta prestazio berezienak ere agerian egon behar dute.

Ibilgailuaren konponketa onartu baino lehenago aurrekontua eskatzeko eskubidea dugu: dokumentu horrek 12 laneguneko indarraldia izango du eta jarraiko datuak agertuko ditu:

  • Erregistro Berezian tailerrak duen zenbakia, identifikazio fiskala eta helbidea.
  • Ibilgailuaren jabearen izen-helbideak.
  • Ibilgailuaren berri: marka, modeloa, ibilitako kilometro-kopurua eta matrikula.
  • Egin behar diren konponketak, eman beharreko bestelako prestazio guztiak, konpondu edo ordezkatzeko elementuak eta bezeroak ordaindu beharreko dirua, guztirako eta xehekapeneko prezioak adierazita.
  • Aurrekontuaren indarraldia (12 astegun, gutxienez).
  • Data eta sinadura ezartzeko tokia, erabiltzaileak aurrekontua onartzen badu.
  • Automobila konpondu baino lehenago aurrekontua egiteari erabiltzaileak uko egiten dionean, "Ez dut aurrekontua egiterik nahi" esakunea agertuko da, bezeroak idatzirik, bere sinadura eta guzti. Era berean, jartzen diren ordezko piezen jatorriaren agiri bidezko justifikazioa eta pieza horien prezioak erabiltzaileen eskura ipiniko ditu tailerrak. Aldatutako piezak bezeroari entregatu beharko dizkio eta, elementu erabiliak hautatzeko aukera dagoenean, horrela jardun ahal izateko erabiltzaileak aurretiaz bere adostasuna adierazi beharko du.

Hautemaniko matxura berriak ere bezeroari jakinarazi behar

Bezeroak aurrekontua onartu duelarik, kontratuaren dataren ondoan lantokiko arduradunak ere sinatu behar du dokumentua. Horrez gainera, konpondu ondoren, ibilgailua erabiltzaileari entregatu beharreko data ere agertuko da bertan eta, automobila tailerrean utzi behar denean, gordailuaren frogagiria emango zaio erabiltzaileari (eskuarki, aurrekontua bera da agiri hori). Beste aldetik, ibilgailua konpontzen ari den bitartean bestelako matxurarik hauteman balitz, tailerrak erabiltzaileari jakinarazi beharko lioke horren berri, matxura horren kostu erantsiarekin batera, eta ibilgailuaren jabeari onespena eman dezan eskatuko zaio, lanean segi eta matxura berriak ere konpondu ahal izateko. Horrek esan nahi du aurrekontu berria ere onartu beharra dagoela. Horrelakoetan ahozko kontratua baliodun izan liteke baina erabiltzaileak, dena den, formulario berria eskatzeko eskubide osoa du: hauxe da, nahiz deserosoagoa gertatu, betetzea aholkatzen den jardunbidea.

Tarifak, argi eta garbi

Tailer guztiek agerian erakutsi behar dute lanorduko (eskulanaren orduko prezioa 5.000 eta 6.000 pezeta bitartean dabil) eta zerbitzu jakinak (olio-aldaketa, pintxazoak, aldizkako azterketak, etab) ematearren aplikatzen dituzten tarifak. Era berean, ohiko lan-jardunaldiaz kanpo egin daitezkeen bestelako zerbitzuen prezioak ere adieraziko dituzte (garabi-zerbitzua, egonaldiko eguneko gastuak, etab). Prezio guztietan zerga edo kargei dagozkien kostuak zehaztu behar dira.

Erabiltzaileak kotxea jaso eta konponketa-gastuak ordaindutakoan, egindako lan guztiak agertuko dituen faktura emango zaio, lanorduen prezioak, ordezkaturiko pieza edo elementuenak (hauek bezeroak eskatu ahal izango ditu) eta erabilitako materialenak xehekapenez adierazita. Bidezkoa den bezala, bezeroak onarturiko aurrekontuaren araberakoa izango da faktura. Azkenik, eginiko konponketa guztiek hiru hilabeteko edo ibilitako 2.000 kilometroko bermea dute; dena den, ibilgailu industrialen kasuan bermeak lehenago iraungitzen dira: konponketa egin denetik 15 egunera (edo, aurrekoetan bezala, 2.000 kilometrora). Bermeak ez du baliorik izango ibilgailua beste norbaitek maneiatu badu.

Hautemaniko matxura berriak ere bezeroari jakinarazi behar

Matxura ohikoenak (istripu, lapurreta eta antzekoak bazterrean utzirik) sistema elektrikoan gertatzen dira; ondotik, ihes-hodi eta katalizagailuan jazotzen direnak datoz: tailerrera egiten diren bisita guztien %40 inguru arrazoi horien ondoriozkoak izaten dira. Kotxearen gidagailuko arazoak ere ohiko kontuak dira, gurpilen konbergentziakoak bezalaxe (azken hauek, matxuragatiko aurrekontuen %10 osatzen dute). Horren atzetik datoz suspentsio-kolonean eragindako kalteak (berezko higaduragatik edo espaloien kontra harturiko kolpe ugarien ondorez). Motoreko matxurak garestiago izaten dira eta osotasunaren %20ra iristen dira ozta-ozta: automobila abiatzeko ezintasunean edo elikadurako hutsegiteetan hautematen dira.

Hozte-sistema, injekzioa eta barne-ekipamendua (eserlekuak, aire egokitua, aginte-mahaia...) ere agertzen dira konpondu beharreko elementuen zerrendako lehen postuetan. Nolanahi ere, non eta istripuaren edo motoreko arazo larriaren ondoriozkoa ez den, ordezko piezarik kritikoena enbrage-kablea aldatu edo ordezkatzea da beti. Osagai sentibera eta konpontzen zaila denez, tarteka aldatu beharra dago, eskuarki gidariak ez baitu kotxea behar bezala gelditzen: enbragea gehiegitan darabil; jokaera horrek, aldi berean, balaztak (hauek ere aldizka aztertu behar dira, ibilgailuaren funtsezko elementuak baitira) ere dezente kontsumitzen ditu.

Automobilaren bizitza luzatu egiten da aholkatuak dauden aldizkako azterketak egiten bazaizkio. Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) gainditzea betebeharrekoa izatea erabiltzaileari lagungarri gertatzen zaio, kotxea behar bezalako egoeran manten dezan: urtero-urtero bi milioi ibilgailu baztertuta geratzen dira Estatu espainiarrean eta, horietatik, ehun bat milak ez du gainditzen bigarren saiakeran ere, hau da, aztertu eta konpondu ostean.

Neguan nola gidatu behar den

Haizeak, euriak, elurrak, izotzak eta lainoak gidatzea eragotzi egiten dutenez, horiek sortzen dituzten arriskuen aurrean erne egon behar dugu. Haizea maiz ez da atzematen, harik eta ibilgailua astindu eta bere bidetik ateratzen duen arte: horregatik komeni da bidertzeko garo eta gainerako landareen inklinazioa nolakoa eta norakoa den kontuan hartzea, hurrengo haize-erauntsiari aurrea har diezaiogun. Bi egoeratan jarri behar dugu berebiziko arreta: beste ibilgailu bat aurreratzean -bolumen handikoa baldin bada, bereziki- eta mendi, eraikin edo tunelek babesturiko leku batetik lau eta irekia den beste batera irtetean. Bi kasuetan ere bidezkoena abiadura murriztu, bolanteari gogor eutsi eta traiektoria piskanaka zuzenduz joatea da (bolanteari gogor eragingo bagenio, automobila zigi-zagaka has liteke eta). Motorea azelerazio-maila bizian mantentzea komeni da (abiadura txikiago batera jaitsita), motorearen indarrak traiektoria mantentzen lagun diezagun.

Euriaren eragina okerragoa da hasieran, batez ere. Aurreneko euri-tantoak erortzean, eguratseko hautsarekin eta asfaltoko gantzarekin nahasten da ura, lurzorua labain-labaina bihurtuz. Ondoren atxikipena handixeagoa da eta ibiltzea uniformeago bilakatzen da baina, lurzoruan ur asko baldin badago, baliteke gurpilak irristatzea (acquaplanning efektu ezaguna). Aurreko ibilgailuarekiko distantzia handitzea eta abiadura murriztea komeni da horrelakoetan, bihurguneetan batik bat, bertara iritsi aurretik kotxea mantsotzen ahaleginduz, bidea oraindik zuzen delarik. Bolanteari poliki-poliki eragingo diogu, labainketarik gerta ez dadin.

Elurretan ibiltzeari dagokionez, Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak zailtasuna lau mailatan sailkatu du, bakoitzari bere kolorea emanik.

Maila berdea arreta pizteko unea da, elurra hastean: autopista eta autobideetan orduko ehun kilometroko abiaduran joan daiteke, gehienez ere, eta gainontzeko bideetan, berriz, laurogei kilometrotan orduko; kamioiek eskuineko karriletik joan behar dute, gainerako ibilgailurik aurreratu gabe.

Maila horiak lurzorua hein batez elurrez estalia dagoela adierazten du: kamioiek eta ibilgailu artikulatuek debekatua dute zirkulatzea; turismo eta autobusen abiadura 60 kilometro orduko izan daiteke, gehienez ere; bihurguneetan eta tarte inklinatuetan abiadura txikiagoa izan behar du. Maniobrak, ahal dela, ez dira bat-batean egingo eta ibilgailu batetik besterako tartea handitu behar da. Eguraldiak okerrerako joera duela hautemanik, gurpilentzako kateak, arropa egokia, etab. ez baldin badauzkagu, hurrengo zerbitzugunean gelditu beharra dago.

Maila gorriakerrepidea erabat estalita dagoela adierazten du: egoera zail horretan, kateak jarrita edo kotxeak neumatiko bereziez hornituta dagoenean bakarrik ibil gaitezke, orduko 30 kilometroko abiaduran, gehienez ere. Ibilgailu artikulatuen, kamioien eta autobusen zirkulazioa galarazita dago; gainerako ibilgailuen gidariei bidaia geroratzea aholkatzen zaie; kateak ipini behar izatekotan, ibilgeturik gelditu aurretik egin beharra dago; ez geratu behin ere zirkulazioa eragotz dezakeen tokian; ez aurreratu mugitu ezinik dauden ibilgailuak, aurrera jarraitzeko segurantzarik ezean.

Maila beltzak elurrezko geruza lodia dela gaztigatzen du: hainbat zentimetroko elurrak errepidea estali du edo, izotz bihurturik, zirkulatzea ezinezkoa da, denbora-epe luze batez mugiezindurik geratzeko arriskua baitago. Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak adierazten dituen bideetatik joan eta beltz kolorearekin markatutakoetan ibiltzeari saihets egiten ahalegindu behar izaten da horrelakoetan. Geldiarazirik gertatzekotan, motorea itzali eta bertan gelditu behar dugu, ibilgailua abandonatu gabe, babestokirik gertu ez baldin badago. Ahal dela, elurra kentzen duten makinei traba egin gabe aparkatzen saiatu behar da.

Izotz edo jela dagoenean, garrantzitsuena lurzoruari atxikitzen jakitea da. Traidore da izotza, bere atxikipen-koefizientea hutsaren paretsukoa izaki: hortaz, leku laiotzetan eta erreka-bazterretan kontu handiz ibiltzea da egokiena. Izotz-plakak egon litezkeen errezeloak bazaude, mantsotu abiadura eta ipini motorea erregimen apalean (1.500 edo 2.500 bira minutuko) atxikipen sendoagoa lortzeko. Balazta xuabe-xuabe ukitu behar da, labainketan ez aritzeko.

Lainoa denean, guk ikustea eta beste gidariek gu ikustea da garrantzitsuena. Gurutzatzeko argiak pizturik eraman behar dira, luzeek lainotan errebotatzen dutelako. Egun argiz dugu baliagarrien lainotarako argiztapena (ikus gaitzaten, batik bat), argi horrek automobilak (kolore argikoak eta metalizatuak, bereziki) ia zeharo "ezabatzen", mimetizatzen dituelako. Lainoaren kontrako argi bereziak (aurrealdekoak) osagarri egokiak dira. Nahitaez eduki behar ditugun atzealdekoari esker, gure presentzia behar bezain laster hauteman dezakete gainerakoek. Baina gauez beste kotxe baten atzetik bagoaz, aurreko horren lainotarako argiak itsutzen gaituelarik, bistan da alferrikakoa dela argi-mota hori eta atzetik datorkigun ibilgailuko gidaria gureak itsutuko duela.

Kotxean noiznahi eraman beharrekoak

Behar bezala homologaturik dauden triangelu matxura-adierazleak ez ezik, jarraiko elementuak ere eraman behar dira automobilean:

  • Lanabesak: derrigorrez eskura eduki behar ditugun ordezko piezak aldatzeko behar diren guztiak. Gurpila aldatu behar badugu, esate baterako, kotxea altxatuko duen katua.
  • Ordezko piezak: gure ibilgailuak behar dituen lanpara-sorta (deskarga-lanparak izan ezik, biziki garestiak direlako).
  • Gurpilak: turismoek ordezko gurpila egoera onean eraman behar dute.
  • Dokumentazioa: autoan gaurkotuak eraman behar ditugu hurrengo agiriak: gidatzeko karneta, zirkulatzeko agiria, IATeko egiaztagiria eta aseguruko azken txartela. Jatorrizko agiriak eraman nahi ez direnean, aski da behar bezala egiaztaturiko horien fotokopia.

Derrigorrezko elementua ez bada ere, su-itzalgailua edukitzea aholkatzen da. Espaziorik ia okupatzen ez duten formatu txiki-txikikoak ere badira. Era berean, bidaiari ekin aurretik, depositua betetzea komeni izaten da neguan.

Neguan ez irristatzeko

Urte sasoi honetan lurzoruarekiko atxikipena ahulagoa izateak aholkatzen dio gidariari atxikipena sendotzen laguntzen duten kotxeko elementuak puntu-puntuan edukitzea, hala nola motelgailuak, neumatikoak, balaztak eta gidagailua.

  • Motelgailuak: hauen endakapen eta higadurak inguruko gidariengan itsualdiak sortzeaz gainera, gainerako piezen nekea areagotu eta higadura gehitu egiten du. Horrez gainera, bihurguneetan atxikimendua ahulago izatea ondorioztatu, lurzoru bustian derrapatzeko arriskua larriagotu, abiadura txikiagoa acquaplanning efektua gertatzea ahalbideratu eta ABS balaztak okerreko datuak jasotzea bideratzen du, gelditzeko distantzia laburtuz (elurretan, orduko 30 kilometroko abiaduran, %11 gehitzen da, adibidez).
  • Neumatikoak: lurrarekiko ukigunea da neumatikoa. Egiazta ezazu marradura behar bezain sakona den (legez, gutxienekoa 1,6 mm da), bustitako lurzoruetan automobila atxiki dadin funtsezkoa baita alderdi hau. Aztertu, halaber, kautxuaren egoera: ez du arraildura edo pitzadurarik agertu behar, ezta ebakirik ere. Begira ezazu neumatikoen presioa. Ikusketa hauek egitean, ez ahantzi ordezko gurpilarekin.
  • Balazta eta gidagailua: segurantzari dagokionez, funtsezkoak dira bi elementu hauek. Begira ezazu balazta-likidoaren maila, pastila edo zapatak. Neumatikoetan behar ez bezalako higadurarik, hotsik edo gidagailuan dardarizorik hauteman baduzu, eraman ibilgailua tailerrera.

Euriak nazkatu egiten du gidaria. Baina ez orduan bakarrik. Erauntsika ari badu eta asfaltoa behar bezain azkar irensteko gauza ez baldin bada edo lurzoruan gorabeherak baldin badaude, errepidean putzu txiki edo koxkorrak sor daitezke: gure automobilean horiek izango duten eragina aquaplanning izenaz ezagutzen dugu. Hitz gutxitan: abiadura jakin batean, neumatikoek duten marradurako ildaska horiek ez dira gauza lurra eta gurpilaren artean dagoen likido guztia irensteko; horrela, presiopeko ur-zorroa osatu eta horrek neumatikoa lurzorutik altxa egingo du. Beraz, ur-azalean ibiliko da autoa, planeatuz, nahi dugun bezala kontrolatzea ezinezkoa delako.

Horren ondorioz, ibilgailuaren norabidearen kontrola galdu egiten da eta, zenbaitetan, saiheska joaten da autoa. Irtenbiderik zuhurrena, gidagailuari sendo eustea da, traiektoria-desbideraketak ahal den neurrian zuzenduz, bat-batean azeleratu edo gelditu gabe, inolaz ere. Era berean, azeleragailua kontuz begiratu behar da: ezin zapal dezakegu une horretan, ezta hanka bertatik kendu ere, gurpilen biraketa errazteko eta derrapatzearen zergatia den masen transferentzia ekidingo duen abiadura uniformean eramateko. Aquaplanning efektua gerta ez dadin formularik onena, neumatikoen presioa eta marradura egoki zaintzea da eta, esan gabe doa, behar bezalako abiaduran ibiltzea.

Aquaplanning efektua

10.000 kilometrotik behin Olioa aldatzea (minerala baldin bada). Olio-filtroa. Aire-filtroa. Bidaiari-lekuko filtroa (urtero). Haizetako-garbigailuak (urtero). 15.000-20.000 kilometrotik behin Olioa (sintetikoa baldin bada). Erregaiaren filtroa (20.000 kilometroko bakoitzean eta, diesel baldin bada, 10.000 kilometrokoan). 40.000 kilometrotik behin Ur-ponpako uhala (tailerrarekin elkar harturik egiaztatzeko). Esku-balazta (tailerrarekin elkar harturik egiaztatzeko). Balazta-likidoa. Balazta-pastillak. Enbrageko likidoa. Hozte-sistemako likidoa (edo bi urtez behin). Bujiak (platinozkoak badira, 100.000 km.). Latigilloak aztertzea (30.000 km.). Zorroak aztertzea. 50.000 kilometro edo gehiago egin ondoren Neumatikoak (gehienez, 50.000 kilometro). Gidagailua lerrokatzea. Motelgailuak (50.000 kilometro). Ihes-tutua (80.000 kilometro). Balazta-diskoak (80.000 - 100.000 kilometro). Banatze-hedea (60.000 edo 70.000 kilometro). Airbag-ak (10 urtean behin).

Aholkatzen diren aldizkako azterketak. Irizpide orokorrak

10.000 kilometrotik behin Olioa aldatzea (minerala baldin bada). Olio-filtroa. Aire-filtroa. Bidaiari-lekuko filtroa (urtero). Haizetako-garbigailuak (urtero). 15.000-20.000 kilometrotik behin Olioa (sintetikoa baldin bada). Erregaiaren filtroa (20.000 kilometroko bakoitzean eta, diesel baldin bada, 10.000 kilometrokoan). 40.000 kilometrotik behin Ur-ponpako uhala (tailerrarekin elkar harturik egiaztatzeko). Esku-balazta (tailerrarekin elkar harturik egiaztatzeko). Balazta-likidoa. Balazta-pastillak. Enbrageko likidoa. Hozte-sistemako likidoa (edo bi urtez behin). Bujiak (platinozkoak badira, 100.000 km.). Latigilloak aztertzea (30.000 km.). Zorroak aztertzea. 50.000 kilometro edo gehiago egin ondoren Neumatikoak (gehienez, 50.000 kilometro). Gidagailua lerrokatzea. Motelgailuak (50.000 kilometro). Ihes-tutua (80.000 kilometro). Balazta-diskoak (80.000 - 100.000 kilometro). Banatze-hedea (60.000 edo 70.000 kilometro). Airbag-ak (10 urtean behin).



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto