Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Espezieen bioaniztasuna: Bioaniztasuna hauskorra da; kontuz garapen jasangarriarekin

Nork ez du inoiz "bioaniztasuna" hitza entzun? Hedabideetan oso ohikoa da eta argitalpen espezializatuetan etengabe erabiltzen da. Lurraldeko bioaniztasunari eustearekin kezkatuta daudela adierazten dute politikariek beti eta ekologistek, berriz, behin eta berriz salatzen dute industria jarduerak edo hirigintzakoak bioaniztasuna galtzea eragiten dutela.

  Azter dezagun bioaniztasuna terminoaren jatorria. Edward Wilson biologo iparamerikarrak erabili zuen lehen aldiz 1988an, planetako gune jakin baten aberastasun biologikoa izendatzeko. Ordutik, hizkuntza guztietara egokitu da, bizitzaren aniztasuna aipatzeko eta horren barruan sartzen dira espezie bakoitzaren barruko, espezieen arteko eta ekosistemen aniztasuna.

Zientzilarien azken estimazioen arabera, 5 eta 30 milioi landare eta animalia espezie artean egon daitezke, baina 1.400.000 bizidun mota desberdin baino ez daude identifikaturik edo nolabaiteko deskripzioa eginda. Kalkuluen arabera, gainera, urtean 17.500 animalia- eta landare-espezie desagertzen dira Lurrean eta horietatik asko -akaso %50 baino gehiago, esaten denez- gizakiarentzat ezagunak izatera iritsi aurretik. Iragarpen txarrekin jarraituz, Ipar Ameriketako Ingurumen Agentziaren txosten baten arabera, epe luzerako egiten diren aurreikuspenek erakusten dutenez 2050. urtean gaur egun planetan dagoen ondare naturalaren ia %40k jasango du suntsipena.

Abusuari aurre egiteko ekintzak

Gizakia naturaz baliatu izan da beti, bizirik irauteko; baina orain arte sekula ez da paradoxa hau gertatu, naturarekin egiten diren gehiegikeriak direla eta naturaren babesa bermatzeko neurriak hartu behar izatea, alegia. Kutsadura eragiten duten enpresek eurek, ingurumenaren kalitatea zaintzeko sistemak diseinatzen dituzte; industria bultzatzea helburu duten politikek, aldi berean natura babesteko legeak errespetatzea bilatzen dutela ere esaten dute; eta bukatzeko, herritarrak ere, ingurumena hondatzen ari delako kezkaturik daudela esan arren, ahaztu egiten dute euren esku ere badagoela garapen jasangarriaren alde lan egitea. Mundua mundu denetik, prozesu naturala izan da aniztasun biologikoa eta bizitzaren hainbat eraren aniztasuna (adibidez, Iberiar penintsulan Altamirako haitzuloetako pinturek argi erakusten dute bisontea oso espezie arrunta zela duela 12.000 urte), baina naturak berez konpondu ezin dituen suntsipen mailak ekarri ditu industria aroak. Gizakiak naturari nola eraso egiten dion ikusteko oso adibide argigarria dira oihan tropikalak, planeta guztiko aniztasuna biologikorik handiena biltzen duten lekuak izan arren erabat suntsitzen ari baita gizakia azken hamarkada hauetan. 70eko hamarkadan, ordura arte beldurgarri eta ia eskuragaitz izan ziren baso horiek bizitzaren aldetik zuten aberastasun ikaragarriaz ohartzen hasi ziren zientzilariak, multinazionalak munduan beste inon sekula ez bezala oihan horiek suntsitzen eta bertako baliabide naturalak ustiatzen hasiak zirenean.

Nekazaritza eta osasunari lotutako arriskua

  Pentsa daitekeenaren aurka, nekazaritzako ustiapena izan da bioaniztasuna galtzen eraginik kaltegarriena izan duen faktorea. Baina bioaniztasunari eustea nekazaritzan eta elikaduran funtsezkoa izateaz gain (75.000 landare espezie jangarri inguru diren arren, gizakiak 3.000 baino ez ditu erabiltzen), osasuna, industria eta energiaren arloetan ere hala da. Osasunaren Mundu Erakundearen estimazioen arabera, planetako bizilagunen lau herenek landareak erabiltzen ditu gaixotasunak sendatzeko. Herrialderik aurreratuenetan landareetatik ateratako substantzietan oinarritzen dira botiken erdiaren printzipio aktiboak. Bioaniztasuna onuragarri da gizakiaren ongizaterako elikadura eta osasunaren ikuspuntutik; baina horrez gain, industriako hainbat eta hainbat produktu naturatik ateratzen dira: kolak, tinduak, paper-orea, erretxinak, argazkigintzarako pelikula, kontserbakariak edo ikatza, petrolioa eta beste hainbat erregai...; azken batean, milioika urtetako aniztasun biologikoa gorde duten baso sailen deskonposaketa organikoaren emaitza baino ez dira horiek guztiak. Iberiar Penintsulak Europa mendebaldeko aberastasun ekologiko handiena dauka, guztira 55.000 edo 60.000 landare eta faunako espezie inguru baititu. Kalkuluen arabera, 8.000 espezie handi daude, ugaztunen 100 espezie inguru, 460 hegaztienak, 43 narrastienak, 22 anfibioenak, 40.000 intsektuenak eta 5.000 tximeleta espezie. Baina munduko beste lekuetan gertatzen den moduan, gune askotako ekosistema mehatxupean bizi da.

Zer egin dezakegu bioaniztasuna babesteko?

Basoen alde

  • Paper birziklatua eta papera alde bietatik erabili eta kloroz zuritutako paperik ez kontsumitu. Paper birziklatua erabiltzea bultzatu eskolan, bulegoan, guraso elkartean, bizilagun edo kontsumitzaileen elkartean, GKEan,, sindikatuan....
  • Erabili eta botatzekoak diren paperezko gairik ez erabili, adibidez paperezko edalontzi eta plater, edontzi-azpiko, kafe-iragazki, zelofanezko poltsa eta antzekoak (erosketak egitean, etxetik eraman daitezke aurreko aldian ekarritako poltsa).
  • Saiatu enbalaje eta oparitarako paper larregi ez erabiltzen.
  • Fotokopiak eta paperak erabili berriro zikineko lanetarako.
  • Papera bildu eta edukinontzietara bota. Etxean ezezik, baita bulego, eskola eta lantegian ere. Kontuan izan behar da tetrabrika, faxaren paper termikoa eta argizaria edo plastikoa duen papera ez direla birziklagarriak.

Inguruneko bioaniztasunaren alde:

  • Ez erosi kloro edo bromozko gasa duten produkturik (CFC, HCFC, metil-cloroformo, metilo-bromuroa) ozonoa hondatzen baitute.
  • Hozkailu edo izozgailu berria erosi behar baduzu, ahal dela erosi greenfreeze teknologia darabilena.
  • Ez erabili aire egokiturik. Ingurugiroa guztiona da eta hori errespetatuz freskatzeko, sabaiko haizagailuak edo lurrinketa edo zurgapen bidezko sistemak erabil daitezke.
  • Etxeetan ez erabili apar sintetikozko isolatzailerik. Horien ordez isolatzaile naturalak erabil litezke: arlita, arliblock, perlita, mea-artilea, kortxoa, legarra.
  • Ur, nitrogeno, gas karboniko edo argoizko oinarria duten su-itzalgailuak erabili, bestelako gasa dutenak erabili beharrean.

Itsasoetako bioaniztasunaren alde:

  • Hautaketazko arteak baliatuz harrapatutako espezieak kontsumitu, eraso txikiagoa eragin eta gutxiago agortzen baitute itsasoa.
  • Eskatu informazioa espezie bakoitzarentzat ezarritako gutxieneko neurriaz. Legeak ezarritako neurria betetzen duen arrain freskoa kontsumitu. Ez erosi "arrain txikitxorik".
  • Erabili bezero izateak ematen dizun boterea arrain gazteegirik edo hautazkoak ez diren artean erabiliz harrapatutako espezierik sal ez dadin.

Faunaren bioaniztasunaren alde:

  • Ehiztari edo arrantzalea bazara, bete jarduera horiek arautzen dituen legeria.
  • Sasoiz kanpo ez ehizakirik jan, haztegiko espezieak ez badira behintzat.
  • Orekaren mugan dauden animaliekin (lanpernak...) arretaz jokatu.
  • Animalia dendetako edo bestelako bideetatik egiten diren animalia babestuen salmentak salatu.
  • Ez ukitu animalien ingurunea eta errespetatu zulo, habia, aska eta abarrak.
  • Errespetatu baso, zelai eta hondartzak eta ez utzi zaborrik edo han izan garela erakusten duen bestelako arrastorik.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto