Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Nork ez du inoiz "bioaniztasuna" hitza entzun? Hedabideetan oso ohikoa da eta argitalpen espezializatuetan etengabe erabiltzen da. Lurraldeko bioaniztasunari eustearekin kezkatuta daudela adierazten dute politikariek beti eta ekologistek, berriz, behin eta berriz salatzen dute industria jarduerak edo hirigintzakoak bioaniztasuna galtzea eragiten dutela.
Azter dezagun bioaniztasuna terminoaren jatorria. Edward Wilson biologo iparamerikarrak erabili zuen lehen aldiz 1988an, planetako gune jakin baten aberastasun biologikoa izendatzeko. Ordutik, hizkuntza guztietara egokitu da, bizitzaren aniztasuna aipatzeko eta horren barruan sartzen dira espezie bakoitzaren barruko, espezieen arteko eta ekosistemen aniztasuna.
Zientzilarien azken estimazioen arabera, 5 eta 30 milioi landare eta animalia espezie artean egon daitezke, baina 1.400.000 bizidun mota desberdin baino ez daude identifikaturik edo nolabaiteko deskripzioa eginda. Kalkuluen arabera, gainera, urtean 17.500 animalia- eta landare-espezie desagertzen dira Lurrean eta horietatik asko -akaso %50 baino gehiago, esaten denez- gizakiarentzat ezagunak izatera iritsi aurretik. Iragarpen txarrekin jarraituz, Ipar Ameriketako Ingurumen Agentziaren txosten baten arabera, epe luzerako egiten diren aurreikuspenek erakusten dutenez 2050. urtean gaur egun planetan dagoen ondare naturalaren ia %40k jasango du suntsipena.
Gizakia naturaz baliatu izan da beti, bizirik irauteko; baina orain arte sekula ez da paradoxa hau gertatu, naturarekin egiten diren gehiegikeriak direla eta naturaren babesa bermatzeko neurriak hartu behar izatea, alegia. Kutsadura eragiten duten enpresek eurek, ingurumenaren kalitatea zaintzeko sistemak diseinatzen dituzte; industria bultzatzea helburu duten politikek, aldi berean natura babesteko legeak errespetatzea bilatzen dutela ere esaten dute; eta bukatzeko, herritarrak ere, ingurumena hondatzen ari delako kezkaturik daudela esan arren, ahaztu egiten dute euren esku ere badagoela garapen jasangarriaren alde lan egitea. Mundua mundu denetik, prozesu naturala izan da aniztasun biologikoa eta bizitzaren hainbat eraren aniztasuna (adibidez, Iberiar penintsulan Altamirako haitzuloetako pinturek argi erakusten dute bisontea oso espezie arrunta zela duela 12.000 urte), baina naturak berez konpondu ezin dituen suntsipen mailak ekarri ditu industria aroak. Gizakiak naturari nola eraso egiten dion ikusteko oso adibide argigarria dira oihan tropikalak, planeta guztiko aniztasuna biologikorik handiena biltzen duten lekuak izan arren erabat suntsitzen ari baita gizakia azken hamarkada hauetan. 70eko hamarkadan, ordura arte beldurgarri eta ia eskuragaitz izan ziren baso horiek bizitzaren aldetik zuten aberastasun ikaragarriaz ohartzen hasi ziren zientzilariak, multinazionalak munduan beste inon sekula ez bezala oihan horiek suntsitzen eta bertako baliabide naturalak ustiatzen hasiak zirenean.
Pentsa daitekeenaren aurka, nekazaritzako ustiapena izan da bioaniztasuna galtzen eraginik kaltegarriena izan duen faktorea. Baina bioaniztasunari eustea nekazaritzan eta elikaduran funtsezkoa izateaz gain (75.000 landare espezie jangarri inguru diren arren, gizakiak 3.000 baino ez ditu erabiltzen), osasuna, industria eta energiaren arloetan ere hala da. Osasunaren Mundu Erakundearen estimazioen arabera, planetako bizilagunen lau herenek landareak erabiltzen ditu gaixotasunak sendatzeko. Herrialderik aurreratuenetan landareetatik ateratako substantzietan oinarritzen dira botiken erdiaren printzipio aktiboak. Bioaniztasuna onuragarri da gizakiaren ongizaterako elikadura eta osasunaren ikuspuntutik; baina horrez gain, industriako hainbat eta hainbat produktu naturatik ateratzen dira: kolak, tinduak, paper-orea, erretxinak, argazkigintzarako pelikula, kontserbakariak edo ikatza, petrolioa eta beste hainbat erregai...; azken batean, milioika urtetako aniztasun biologikoa gorde duten baso sailen deskonposaketa organikoaren emaitza baino ez dira horiek guztiak. Iberiar Penintsulak Europa mendebaldeko aberastasun ekologiko handiena dauka, guztira 55.000 edo 60.000 landare eta faunako espezie inguru baititu. Kalkuluen arabera, 8.000 espezie handi daude, ugaztunen 100 espezie inguru, 460 hegaztienak, 43 narrastienak, 22 anfibioenak, 40.000 intsektuenak eta 5.000 tximeleta espezie. Baina munduko beste lekuetan gertatzen den moduan, gune askotako ekosistema mehatxupean bizi da.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa