Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
EROSKI CONSUMEReko kanalak
Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia
Denok ezagutzen dugu mundu guztiarentzat atsegina den norbait, beti tolerante agertzen dena eta pentsatzen duena inor mindu gabe esaten dakiena.
Gainera, ia denok miresten dugun pertsona hori zentzuduna izaten da, konbentzitzen dakiena eta limurtzailea baina, horregatik, ez da agintekerian erortzen eta ez ditu besteen iritzi edo emozioak gutxiesten.
Giza harremanetarako dohain berezia duten pertsona horiek inbidia ematen digute guztioi eta batzuetan euren modukoak izan nahi genuke, baina ez dakigu nola: motz geratu eta bigunegi jokatzen dugu, edo beste muturreraino joan eta gogorregi azaltzen gara. Zenbait pertsonak berezkoa du jendarterako gaitasuna eta inolako zailtasunik gabe baliatzen dute egunero. Baina horrek ez gaitu desanimatu behar, edozeinek ikas baitezake hobeto komunikatzen. Berriro ere, geure izateko modua guztiok hobe dezakegula esaten ari gara, geure nortasunari uko egin gabe; baina zalantzarik gabe, hori ere antzemango da besteekin erlazionatzeko eran egiten ditugun aldaketetan.
Abiapuntu gisa, esan dezagun gure buru-osasunak eta oreka pertsonalak zerikusi handia duela pertsonen arteko harremanak bizi izateko dugun moduarekin. Elkarbizitza eta besteekiko harremanean sentitzen duguna, atsegina edo amesgaiztoa izan liteke. Geure baitan izango da hori hein handi batean. Besteekin bizi izatea ikas daitekeen artea da, besteentzat atsegin izateko ez ezik, gizarteko integrazioa ongizate emozionalerako funtsezko faktorea delako ere. Harremanetarako trebeziak gizabanakoaren sentimendu, jarrera, desio eta eskubide jakin batzuk adierazten dituzten jokaera eta keinuak dira, beti besteekiko arazoak era egoki batean konponduz.
Trebezia horiek landu eta menperatzen baditugu, hobeto biziko gara familian, lagun artean eta maitasun harremanetan. Eta lagungarri izango zaizkigu lanpostua aurkitzeko, lanean nagusi eta lankideekin erlazionatzeko eta gure jarrera eta planteamenduak defendatzeko ere. Hona hemen harremanetarako trebezien zerrenda eta deskripzioa:
Has gaitezen aurpegiko espresiotik. Aurpegiak oinarrizko sei emozioak adierazten ditu: beldurra, amorrua, mesprezua, poza, tristura eta ustekabea. Eta aurpegiko hiru gunek adierazten dituzte emozio horiek: bekokiak, bekain eta begiek eta aurpegiaren beheko aldeak.
Hitz berberen bidez, intonazio desberdina erabiliz gero muturreko sentimenduak adieraz daitezke: ironia, gorrotoa, asaldura, ustekabea edo interesik eza. Hitz egiterakoan tonu hila erabiltzea lur jota dagoenaren edo depresioaren seinale izaten da. Denbora guztian tonu bera duen elkarrizketa monotono eta aspergarri gertatzen da eta interes gutxi pizten du. Elkarrizketan zehar ahotsaren modulazioak erabiltzen dituen pertsonak hobeto lortzen du mezua helaraztea eta hobeto komunikatzen du. Tonua, gehienetan oso gutxi zaintzen dugun arren, gure hitzen edukia bezain garrantzitsua izaten da askotan. Ahotsaren bolumen altuak segurtasuna eta egoera menperatzea adierazten du, baina ahotsa gehiegi altxatzen denean kontrako jarrera eragin dezake eta agresibitatea erakutsi. Bolumen apalak, berriz, ahulezia edo norbere buruarengan konfiantzarik eza adierazten du, baita konfidentzialtasuna eta hurbiltasuna ere.
Hitz jarioa eta erritmoa. Errepikapenak, esamoldeak edo hitz eta esaldi betegarriak edo duda-muda adierazten dutenak erabiltzeak segurtasunik eza, monotonia eta nahasmena eragin diezaiokete entzuten dagoenari. Harremanetako jokaeraren elementu horiek guztiak gizarterako tresnak dira eta, ongi erabilita, harremanetan eraginkorrago izaten laguntzen digute. Gizarte-trebeziak jokaera ikasiak izaten dira eta, horrenbestez, hobetu egin ditzakegu. Erraztu egiten dute beste pertsona batzuekiko harremana eta geu izaten laguntzen digute, geure eskubide eta berezitasunak aldarrikatzen lagundu, beste inorenak ukatu gabe. Komunikazioa eta beste pertsonekin ditugun arazoak konpontzen laguntzen digute eta horixe da onena. Besteekin bizi izaten jakitearen gakoa motz geratu edo mugak ez gainditzea da. Bi muturren arteko oreka da, asertibitate gisa ezagutzen dena: norbera izan eta sinesgarri gertatu, baina beste inorentzat eragozpen izan gabe, edo ez behar baino gehiago, behintzat. Konbentzitzen dakien pertsona, komunikazioan eraginkorra eta solaskideentzat atsegina dena, asertibotzat jo daiteke. Ikus dezagun zer den motz geratzea edo pasatzea.
Motz geratzea. Jarrera pasiboak. Sentitzen dena eta nork bere iritzia askatasunez adierazi ezina. Etengabe barkamena eskatzea. Nork bere beharrenganako errespeturik eza da. Pertsona pasiboa gatazkak saihesten saiatzen da, kosta ahala kosta. Horrela jokatzen duenak ez du ezer egiten bere arazoak uler daitezen eta azkenean bazterturik eta erreta sentitzen da, pilaturiko frustrazioen eraginez. Ingurukoentzat ere ez da erraza izaten pertsona pasiboak zer nahi duen asmatzea eta azkenean pertsona gogaikarritzat hartzen dute.
Neurriak gainditzea.Jokaera oldarkor eta desegokiak erabiltzen dira eta norbere eskubideak defendatzearren besterenak zapaldu. Jokaera oldarkor horien barruan izan daiteke bestea kontuan ez hartzea, irainak, mehatxuak eta zapalkuntza edo baita eraso fisikoak ere. Ironia eta mesprezuzko sarkasmoa ere ez dira falta izaten. Menperatzeko joera izaten da, besteari bere burua defendatzeko eta berdintasunez erantzuteko gaitasuna ukatzekoa. Ondorioak negatiboak izaten dira beti epe luzera, baita erasotzailearentzat ere, menpekoak lortu arren lagunik gabe geratuko baita azkenean.
Jokaera asertiboa izaten da gizarterako eraginkorrena, sentimendu, desio eta eskubideak argi eta garbi adieraztea esan nahi baitu, baina inori eraso egin barik. Norbere buruarenganako eta besteenganako errespetua adierazten du. Baina argitu dezagun asertiboa izateak ez duela esan nahi beste inorekin gatazkarik ez izatea, arazoak sortzen direnean gestionatzen jakitea baizik.
Oinarrizko trebeziak:
Trebezia landuagoak:
Sentimenduekin lotutako trebeziak:
Agresibitatea baino, aukeran, hobe da:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa