Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Javier Armentia, astrofisikoa eta Iruñeko Planetarioko zuzendaria: "Kontsumitzaile elkarteek defendatu egin behar lituzkete igarle eta astrologoen iruzurra jasan dutenak "

Javier Armentia (Gasteiz) Iruñeko Planetariumeko zuzendaria da eta handik, hainbat hedabideren bidez ezagutzera ematen ditu bere ezagupen eta iritziak; noizean behin, gainera, zeruan zehar bide jakin bat eginez mugitzen den kometa bailitzan, hitzaldi eta telebistako solasaldietara joaten da.

Jendaurrean hitz egiten duenean edo prentsarako artikuluak idazten dituenean, argi erakusten du bere zientzilari izaera eta eszeptizismoa, zerbaitegatik baita Pentsamendu Kritikoa Aurreratzearen aldeko Elkarteko lehendakaria.

  Armentiarentzat funtsezkoa da zientzia zabaltzea, egiazko eta erabateko demokrazia lor dezagun: "adibidez, informaturik egon behar dugu jaki transgenikoez eta horri buruzko iritzi kritikoa izan".

Sasi-zientzien eta petrikilo, iragarle, astrologo eta telebistaren bidez gure etxean sartzen diren bestelako eroen etsai porrokatu eta nekaezintzat du bere burua elkarrizketatuak. Bere ustez, "zerbitzu horien erabiltzaileek kexua aurkeztu eta erantzukizunak eskatu behar lizkiekete iragarpenak huts egiten duenean". Milurteko honetako lehen egunetan hurbildu zen CONSUMER Planetariumera Javier Armentiarekin etorkizunaz hitz egitera; bisitariari joko handia ematen dion instalazio horretako zeru babeslearen azpian hitz egin genuen astrofisikoarekin.

Nola azaltzen zaio astrofisika ezer ez dakienari?

Oso gai zabala da, baina abantaila batetik abiatzen gara: jendeari deigarri egiten zaio zerua. Ez ditu izarrak ezagutzen, ikusten ez dituelako. Hirietan, zerua argitzen dugu kaleak argitu beharrean eta horrela, ikuskizun zoragarria galtzen dugu, oporretan naturan edo hondartzan gaudenean bakarrik gozatzen dugun ikuskizuna da. Zeruak gure jakinmina pizten du eta aldi berean, konplikatua dela iruditzen zaigu, baina ez da hainbeste. Pazientzia izan behar da, hiri handi bat lehen aldiz bisitatzen dugunean bezala. Zerua ulertzeko mapak, planisferioak edo entziklopedia tematikoak har ditzakegu gidari eta une bakoitzean ikusten duguna azalduko digute. Planetariumetan errazago ulertzen da, astronomia joko gisa edo ikus-entzunezko ikuskizun erraldoi gisa hartzen baita: gaua iristean, zerua eta bertako elementuak mugitzen ikus ditzakegu. Astrofisikaz ez dakitenentzat pentsaturik daude Planetariumak, gai horretako zaleentzat baino. Zaletasuna duenak edo adituak bestela ere izaten ditu eta bere tresnak, teleskopio handiak esaterako.

Gure buru gainean hainbeste satelite artifizial dabilenez, arriskutan ote gaude?

Ez dago arazorik, satelite horiek normalean urtu egingo bailirateke atmosfera zeharkatzean, izan ere 30.000 kilometro orduko inguruko abiadura dute. Hala ere, inoiz erortzen da zatiren bat. Skylab ontziak Australian erortzen utzi zuen bat eta Soyuz 7 delakoari, berriz, beste zati bat askatu zitzaion eta Andeetan erori zen. Otsailean Mir estazioa eraitsi behar dute, lehenago erortzen ez bada, eta Ozeano Barera zuzendu behar duten arren, aurreko kasu bietan bezala baliteke zatiren bat beste nonbait erortzea. Edozein modutan ere, uste dut lasai egon gaitezkeela.

Adituek zergatik ematen diete hainbesteko garrantzia eklipse eta kometei?

Fenomeno hauek aukera ematen digute zientzilari dibulgatzaileoi jendea gure jakintza eta zereginetara hurbiltzeko. Beste hainbeste gertatzen da hedabideek musikari baten mendeurrena ospatzen dutenean, horrek operaz hitz egiteko aukera ematen baitie, adibidez. Efemerideak aitzakia izaten dira zenbait gairi heltzeko. Eta izarren kontuez hitz egiteko edo jendea zerura begira jartzeko, zer hoberik eklipse baten erakarpena baino? Fenomeno horiek -planeten bat egiteak, kometak, eklipseak eta antzekoak- hondamendien iragarpen gisa hartzen ziren antzina baina gaur egun lasaitasunez begiratzen ditugu; badakigu mundua ez dela amaituko eta eklipseak eta antzeko gertaerak gorabehera, hondamendiak berdin-berdin izango direla.

Zientzia museoak eta planetariumak parke tematiko bihurtu behar ote ditugu jende gehiago joan dadin?

Leku mota hauek ez dira haurrentzat bakarrik eta gero eta gehiago, eduki zientifiko erakargarriak eskaintzen dituzte; ez dira konplikatu eta aspergarriak. Zientzia erretolika hutsa dela uste izatea da jendearen hutsegiterik handienetako bat. Alderantziz da, oso dibertigarria da eta ustekabeko izate hori erakusten saiatzen gara gu. Jendeak munduaren aurrean jakinminez joka dezan lortu nahi dugu eta ikusten duen guztiaz bere buruari galderak egitea. Azken batean, pertsona helduak aisialdi interaktiboagoaren bidez dibertitzea nahi genuke, jasotzen dutenaz galderak egin eta kritikatzeko gaitasuna emango diena. Zentro hauetako teknologiak aukera ematen du mezua ikaragarri apaintzeko: ikus-entzunezko handiak, mugitzen diren tresnak, laser izpiak... baina hori guztia alferrik litzateke garrantzitsuena falta izango balitz: kontatzeko historia liluragarririk ez bagenu.

Zu bezalako dibulgatzaileek zergatik egiten diezue eraso zientzia ezkutu, sasi-zientzia eta antzekoei?

Sasi-zientzien definizio gisa, esan genezake hedabideek saltzen diguten zerbait direla, batez ere telebistaren bidez iristen zaizkigula eta zientziaren aldetik erantzunik gabeko diren gaiez azalpena ematen saiatzen direla. Fenomeno parazientifikoak dira, hau da, zientziaz kanpo daudenak, baina ez dute lotsarik zientziaz jantzirik aurkezteko ere. Adibidez, beti dago tesi horiek babesten omen dituen unibertsitate ezagunen bat. Zientzia faltsuak dira (astrologia, plater hegalariak, adimenaren ezkutuko botereak...), eta zientzia gisa saltzen dituzte, zientzia ez izan arren. Zientzilarien lana ikerketak kritikatzea da eta zientzia faltsu horiek ez dute horrelakorik egiten.

Astrologiak badu oinarri zientifikorik? Zure ustez, zergatik dute hainbesterainoko arrakasta horoskopoek, tarotak edo igarleek?

Ez du inongo oinarririk. Gertatuko zaiguna iragartzeko beharraren barruan ulertu behar da astrologia eta ezaugarri hori ez da gizakiarena bakarrik. Badira animalia superstiziosoak, usoak besteak beste, onurarekin lotzen dituzten ekintzak behin eta berriz errepikatzen dituztenak, bat ere logikarik izan ez arren; animaliek hori egiten badute, nola ez dugu guk egingo? Gero eta aldakorrago den mundu honetan ibiltzeko eta mundua ulertzen lagunduko diguten zeinuak interpretatu nahi ditugu. Ikuspuntu horretatik, astrologiaren oinarria da zerua perfektua dela, harmoniaz betea..., gure etorkizuna nolakoa izango den iragarriko digun arbel antzekoa. Ikuspegi mitikoa da, gaur egun zentzugabea, baina inguruan eratu den negozioari esker irauten duena. Eta beste hainbeste tarota, eskuak irakurtzea edo beirazko bola; negozio handiak dira, baina bezeroak ezin du erreklamaziorik aurkeztu, kontratu edo fakturarik ezean ez baita ezer jasota geratzen. Nola erreklamatuko dut, ustezko senargai aberatsa hilabetean agertzen ez bada? Edo azti batek iragarri bezala gida baimena lehenengoan atera ez badut?

Zer egin behar du kontsumitzaileak gai esoterikoen eta mirarizko produktuen arrakasta handiaren aurrean?

Kontsumitzaile elkarteen eta botere publikoen eginkizuna funtsezkoa da. Merkatu batez hitz egiten ari gara, saltzen duen jendea eta erosten duena daude eta herritar gisa, funtzionatzen ez duten gauzen aurrean babesturik egoteko eskubidea dugu. Urtetan zehar, inolako minik arintzen ez zuten burko zerbikalak, eskumuturreko magnetikoak eta urarentzako iman erabat alferrikakoak saldu dizkigute, garesti saldu gainera, farmazietan ere. Kontsumitzaile elkarteek defenditu egin behar lituzkete igarleen, aura garbitzen dutenen eta antzekoen iruzurra jasan dutela sentitzen duten kontsumitzaileak eta ezertarako balio ez duten mirarizko produktuak erosi dituzten bezeroak. Hasteko, zerbitzu horien truke fakturak eskatzea komeni da, gutxienez Haziendan kotiza dezaten.

Zergatik sinesten ditugu hain erraz ustez atmosferatik zetozen izotz pusketa haiena eta antzeko gertaerak?

Harritu egiten naiz, baina honelako gertaera sinesgaitzak oraindik zurrunbiloa bezala sartzen dira gure bizitzan, batez ere telebistaren bitartez. Nire ustez, mundua den baino harrigarriago dela sinetsi nahi dugu, egunero gertatzen zaizkigun gauza aspergarrien aurrean. Zerutik eroritako frigolitoena bezalako fenomeno bat gertatzen denean, sekulako ikusmina sortzen da eta jende guztia sartzen da joko horretan. Gainera, eragin mimetikoa du eta jende asko hasten da fenomenoa ikusten. Objektu Hegalari Ezezagunekin bezala geratzen da: pertsona batek plater hegalari bat ikusten du eta astebetean, ehunka lagunek ikusiko dute. Izotzen kasuan, horietako banaka batzuk atmosferatik heldu zirela esan zuen ikerlari talde batek. Baina albiste horrek ez zuen lehen izotz pusken berriak adinako eraginik izan eta ezin izan da jendearen burutik kendu euri izoztu horrek izan zuen irudi paranormala. Albiste mota hori saldu egiten da eta jendeak irrika biziz kontsumitzen du. Jendea erakarri egiten du estralurtarrekin harremana izan duen emakumearen istorioak edo Ama Birjina ikusi eta gainera perlesia sendatuta geratu denaren kasuak, gertaera horiek sinesgarri izan ez arren. Aitzitik, azalpen zientifikoetarako denbora gehiago behar da eta telebista ez dago prest dibulgazio zorrotz eta zentzuzkoagoa egiteko. Audientzia lortzeko askoz ere eraginkorragoa da denbora-pasa edo Tamararen antzerki-taldea, behi eroen gaitza zer den eta medikuntzan dituen ondorioak azaltzea baino, dibulgazio-lana handia eskatzen duen gaia baita.

Zientziaren dibulgazioa zergatik da benetako demokraziaren eta gizateriaren etorkizunaren aldeko apustua?

Informazioaren gizarte batera bideraturik gaude eta gizarte honetan erabaki garrantzitsuak daude oraindik hartzeko zientziari dagokionez. Adibidez, ozono geruza eta munduaren berotze orokorra eta antzeko ingurugiro gaietan, erabakiak hartu beharra dago, luzamenduak ezarri, Rio edo Kyotokoa bezalako goi bilerak egin eta horrek guztiak zientziarekin du zerikusia. Zientziaren jakinduria norbaitek helarazi behar die era egokian herritarrei. Beste gai-sorta zabal bat ere badago, genetika, biomedikuntza, klonazioa... Geure buruari galdetu behar genioke erabaki politikoak hartzerakoan oinarri moral, erlijioso edo zientifikoekin hartzen ote diren. Hori guztia zer den jakin egin behar du jendeak eta zientziaren dibulgazioa hortxe sartzen da: herritarrek, eragiten dieten gaien inguruan iritzi oinarritua izan dezaten lortzea da.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto