Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Amarengandiko edoskitzea: Amaren elikadurak erabateko eragina du umearen edoskitzean

  Haurdun dagoen emakumeak haurra eradoskitzeko aukeraz hausnarketa egiten duen gehientsuenetan, zalantzak izaten ditu: umeari kalitate oneko ama-esnea emango badio bere elikaduran nolako aldaketak sartu behar dituen, erditzearen ondoren bere bularrak gizaki berria mantentzeko adina esne sortuko duen eta antzekoak. Edoskitzaroan zuzen aritzeko informazio eta prestakuntza egokiez jantzirik egotearen ondorioz, amatasunaren berariazko izari horretaz amak oso oroitzapen ona izan lezakeen tamaina berean, baliteke tamalezkotzat jotzea ere, gerora. Horrenbestez, umea nola eradoskiko duen aurreikusteak eta ama-haurren premiak ahalik eta zehazkien ezagutzeak berebiziko garrantzia du eta, era berean, metodo naturalaren eta esne maternizatu izeneko horien (merkatuak amagandiko edoskitzeari eskaintzen dion alternatiba, alegia) abantaila eta eragozpenak zein diren jakitea komeni da.

Amaren esnea, haurrarentzat hoberena

Umearentzako elikagairik onena da, berak behar-beharrezkoak dituen osagai guztiak (proteinak, gantzak, karbohidratoak, bitaminak, mineralak eta ura) kopuru, proportzio eta kalitate egokietan edukitzeaz gainera, amaren esneak haurra infekzioetatik babesteko antigorputzak dauzkalako. Erditze ondorengo hiru-laugarren egunean agertzen zaio amari esnea. Agerraldi horren aurretik, amaren titiburuei ukitu krematsuko likido horista darie: horitza da hori, proteina, mineral eta bitamina ugari dauzkan gaia, umeari antigorputzak emango dizkiona. Ondoren, astebetez edo, "trantsizioko esnea" ekoizten du ama erditu berriak: horitza baino hits eta urtsuagoa, hark baino gantz, laktosa, bitamina hidrosolugarri eta kaloria gehiago dauzka oraingoak. Azkenik, jaiotzatik hiru-sei astebetera "esne helduaren" jariatzea normalizatuko da.

Edoskitze artifiziala ere, aukera onargarria

Edozein arrazoi dela medio (behar bezainbeste esnea egiterik ez, amaren gaixotasuna, laneko arazoengatiko edoskitzerik eza edo motibo pertsonalak, esate baterako), amak umeari titia eman ezin edo nahi ez duenean, edoskitze artifiziala praktikatzen da, esne egokituen biberoien bitartez.

Metodo horren aldeko apustua egiten duen emakumeak ez du zertan larriturik: esne horiek amarena bezain osoak ez izanik ere, elikagai ona dira, berez. Kasu batzuetan edoskitze mistoa egiteko erabakia hartuko du pediatrak, hau da, haurrari ama-esnea eta artifiziala ematea, batera. Horrela gertatzen da, adibidez, amaren esne-jariatzea urria denean: edoskaldi bakoitzean, umeak amaren esnea hartu ondoren neurria biberoi industrialarekin osatzen du. Lana dela bide, amarentzat umea maiztasun jakin batez eradoskitzea ezinezkoa gertatzea ere ohiko kontua da gure egunotan. Pediatrak, amaitzeko, batzuetan aholkatzen du bi eretako esneak tartekatzea, titia piskanaka kentzen hasteko.

Haurrentzako berariazko esneak dira ume jaio berriaren edo adin txikikoaren (1-3 urte) elikadura osatzeko ama-esnearen ordezkotzat onartzen diren bakarrak. Horrelako esne gehienen oinarria behi-esnea da eta berebiziko aldakuntzak eragiten zaizkio, ama-esnearen osakeraren paretsukoa izan dezan. Estatu espainiarrean, askoz ere jende gehiagok egin du edoskitze naturalaren alde, mendearen erdialdean jazo zen amagandiko edoskitzeari (justifikaziorik gabeko) ihes egite haren ondotik; izan ere, garai hartan jende askok uste izan zuen esne industrialak amarena baino egokiagoak zirela, nutrizioaren ikuspegitik. Egungo ezagutza zientifikoek ederki frogatu dute ordezkagarri hartu ohi diren esne industrialek ez dituzten ehun bat elementu dauzkala gizakiaren esneak, aurrenekoen osakera nutrizionala zuzen-zuzena izan arren.

Amagandiko edoskitzearen onura zehatzak

Bai Europako hainbat erakundek (Gastroenterologia eta Nutriziorako Pediatriaren Europar Elkartea, adibidez) bai mundu zabalekoek (OMS edo Osasunaren Mundu-Erakundea, besteak beste), amagandiko edoskitzea areagotzeko egitarauak eratu dituzte, hurrengo arrazoietan oin harturik:

Haurrarentzako abantailak

  • Amarengandik bularreko haurrarengana igarotzen dira antigorputzak gizaki-esneari esker, infekzioei aurre egin ahal izateko. Bularra hartzen duen bitartean, asma edo ekzema bezalako alergiak, katarroak, belarriko infekzioak eta antzekoak harrapatzeko arrisku txikiagoa du umeak eta, modu horretan, txertoaren onurak jaso ditzake: amak hotzeria, larruazaleko eritasun edo beherakorik nozitzen badu, gaitzok ez dizkio iragango umeari esne bidez baina horrelakoei buru egiteko lagunduko dioten antigorputzak bai, aitzitik.
  • Berariazko elikagai horren nutrizio-osagaiak eradoskitzen ari den umearen unean uneko premiak (beti desberdinak, garapen-aldiaren arabera) asetzeko proportzio egokietan.
  • Amaren esnea prest dago nonahi, errazioa zuzena da beti, tenperatura egokienean zerbitzatzen da noiznahi eta haurrak erraz liseritzen du, arazorik gabe desegiten diren tamaina bereko pikor txikietan mamitzen delako. Horiez gainera, horrelako esnea hartzeko ez da inolako ontziren premiarik.
  • Ama-esnearen osakera haurraren adinarekin batera aldatuz doa eta horren nutrizio-eskakizunen garapenera egokitzen da beti. Horrela, bada, umeari jateko gogoaren arauketa xedatuko dio, haur-obesitate bilaka litekeen gehiegizko elikatzea galaraziz.
  • Amaren titiburutik umearen ahora zuzenean doanez, inongo maneiaketarik ez du nozitu behar eta, horrela, inguruneko germenen bidezko kutsadurarik ez da gertatzen.
  • Edoskitzea psikologikoki onuragarria du umeak, ama-haurraren arteko harreman afektiboa hobetu egiten duelako.

Amarentzako abantailak

  • Esnea emateari esker, amaren umetokia berehala ixten da eta, gainera, erditzearen ondoriozko odol-isurketa murriztu egiten da.
  • Edoskitzeak emakumearen gorputzean hormona bat sortarazten du: honek, folikulu-garapena eta obulazioa galarazteaz gainera, umetokia aurreko era eta tamainara ekartzen du ostera.
  • Bularra emateak lagundu egiten dio amari haurraldiaren aurretiko pisua berreskuratzen, aldi horretan gorputzean metaturiko gantza esnea ekoizteko energia bihurtzen delako.
  • Denbora aurrezteaz gainera, esne industriala erosi eta biberoiak prestatzeko lanik ez da egin behar.
  • Amaren esnea beti dago baliagarri. Doan.

Edoskitzeak amari ekar diezazkiokeen arazoak:

Umea eradoskitzeak ez dio amari inolako eragozpenik sortzen baina, inoiz edo behin, honelako arazoak sor diezazkioke:

  • Bular buxatu edo itxiak: esnea igotzean, baliteke bularra gogor egon eta deserosotasuna sentitzea. Ahal bezain maiz eman behar zaio bularra haurrari eta, edoskaldia hasi baino lehen, erauzgailu baten bitartez, esne pittin bat atera behar zaio titiari.
  • Titiburu handitu edo arrailduak: haurrak bularrera ahoa behar bezala egokitzen ez dionean, oso litekeena da edoskitzea amarentzat mingarri gertatzea, titiburuek arrailtzeko edota handitzeko joera hartzen dutelako. Txopera jarriz geroz, titiburua sendatu arte umea eradoski ahal izango du amak.
  • Kandidiasia: titiburuak handiturik, gorriturik edo azkuratan badaude, edo umea eradoskitzen ari den bitartean nahiz geroago min handia sentitzen baldin badu, baliteke amak edo umeak kandidiasia (kandida mikroorganismoaren bitarteko infekzioa) nozitzea. Horrelakoetan pediatrarengana joan eta tratamenduan jarri behar dira ama-umeak, pare bat astez. Infekzioa sendatu ondoren, bularra ematen segi ahal izango du amak.
  • Mastitia: bularrak gorri, bero eta handituta agertzen baldin badira, eta emakumea sukarrak badago, oso litekeena da infektaturik egotea. Jasateko gauza bada, umea eradoskitzen segi dezake amak baina, halaz ere, pediatrarengana lehenbailehen joatea komeni izaten da.

Eradoski bitartean, amak egunean beste 500 kaloria hartu behar

Emakumearen bizitzan, haurraldia bera baino nekagarriago gertatzen da edoskaldia; honek dirauen artean amaren premia energetiko eta nutritiboak handiak dira, dudarik gabe (egunean beste 500 kaloria hartu behar ditu, esnea ekoiztea den ahalegin metabolikoa orekatzeko). Amak nozitzen dituen nutrizio-galerak berdintzeko sendabide bakarra baizik ez dago: haurraren edoskitzaroak irauten duen bitartean mantenduko den elikabide egokia. Horrek ez du esan nahi amak gehiegi jan behar duenik, oraingo dietak premia berrien araberakoa izan behar duela baizik. Horrekin erdietsiko da aldi horretan emakumea gizentzea (ohiko kontua da hori), haurraldian zehar harturiko okerreko elikabide-ohituren ondorioz.

Haurra eradoskitzen ari den amaren pisua maiztasun zehatz batekin kontrolatzea komeni da, eguneko kaloria kopurua gehitu edo urritu ahal izateko, amaren pisuak behera edo gora egin ahala. Nolanahi ere, edoskaldi horretan ez da ezarri behar kaloria gutxiegiko (egunean 1.500 kaloria baino gutxiago, adibidez) dieta gogorregirik, nutrizio-eskakizunak benetan handiak direlako. Beste aldetik, bularra ematen duen ama esnea ekoizteko haurraldian metaturiko gantz-erreserbetatik ari da gastatzen: pittinkako galera horrekin batera behar bezalako elikabidea jarraitzeak, haurraldian baino lehenago zuen pisua berreskuratzen lagunduko dio emakumeari. Elikabide hipokaloriko (kaloria urrikoa) zorrotza ezin zaio amari aholkatu, ekoizten duen esnearen kopurua horren ondorioz murriztu egin daitekeelako, ama-haurrak nutrizio-egoera okerrean ipinita.

Ama bular-emailearen otordu egokia

  • Elikabidean ahalik eta osagai gehienak sartu behar dira, osoa eta orekatua izan dadin.
  • Ohiko egoeran baino bi aldiz handiagoak dira proteina-premiak. Horietako askok animali jatorrizkoak izan behar dute. Gantz gutxiko haragiek, hegaztiek, arrain zuri eta urdinak, arrautzek, esneak eta gantz gutxiko beste eratorri batzuek hartuko dute lehentasuna.
  • Karbohidrato konplexu ugari dauzkaten elikagaien kopurua ugaltzea: laboreak (ogia, arroza, oreak), patatak eta lekaleak.
  • Gantz-azido funtsezko ugari eta E bitamina asko daukaten gantzen (olioak, gurina, etab) kopurua ez aldatzea.
  • A, D, E, C, B1, B2 bitaminen eta azido folikoaren premiak handitu egin dira orain. Horregatik, B1 eta B2 bitamina ugari dauzkaten haragi eta esnekiez gainera, barazki eta fruta freskoak kontsumitu behar dira ezinbestez, beta-karotenoak, azido folikoa eta C bitamina aportatzen dituztelako. Egunean, C bitamina ugariko fruta-ale bat, gutxienez, hartzea aholkatzen da (zitrikoak, meloia, fruta tropikalak, marrubiak...).
  • Amak beharrezkoa duen esandako bitaminen eta zuntzaren ekarpena osatzeko, halaber, sarrerako janarien osagarri edo jakien laguntza gisa barazki egosiak hartzea komeni da.
  • Kaltzio-iturri behinena esnea izaki, mineral hori ama-esnearen ezinbesteko osagaia denez eta amaren desmineralizazioa galarazten duelako, egunean gutxienez hiru litro laurden esne eta bestelako esnekiak hartu behar ditu (edo, bestela, litro erdia esne eta gainera bestelako esneki batzuk, hala nola jogurra, mami edo gaztanbera, hartzi edo ondu gabeko gazta, esne-postreak, esnez eginiko krema eta pureak, gazta freskoa entsaladetan, bexamela, etab.).
  • Janarien prestaketan erabiltzen den esnea, ahal dela, gaingabetua izango da. Gosarikoa eta meriendakoa osoa edo erdigaingabetua izan daiteke, egiten duen A eta D bitaminen ekarpenagatik.
  • Likido-ekarpen ona bermatu beharra dago: zukuak, infusioak eta, batik bat, ura. Ama-esnearen edukia %85-%90ean ura da eta, halakotzat, berreskuratu beharra dago.
  • Edari alkoholdunak ez dira osasuntsuak, esnetako alkohol-kontzentrazioa amaren plasmatakoaren parekoa delako.
  • Edari bizigarrien (kafea, tea, kafeinadun freskagarriak, etab) kontsumoa apaltzea, tabakorik eta botika jakin batzuk ez hartzea komeni da, horien osagaiak odolera igarotzen direlako. Botiken prospektua arretaz irakurri behar da eta, nolanahi ere, hartu aurretik, sendagilearekin kontsultatzea.
  • Esneari tejo edo zapore txarrik eman diezaioketen janariak elikabidetik kanpo uztea: baratxuria, tipula, errefauak, esparragoak, aza, azalorea, bruselazak, hesteki nabarmenak eta espeziak, oro har.
  • Baliteke nerabezaroko amak, landarejaleak edo gaixotasun jakinen bat pairatu dutenek elikabide berezia hartu behar izatea. Hoberena, profesionalarengana joan eta haren aholkua betetzea.

Otordu gomendagarria:

  • Gosarian: laranja-zukua, baso bat esne erdi-gaingabetua eta hiru ogi-xerra xigortu, gurin eta marmeladarekin.
  • Gosari txikian: jogurra, sasoiko fruta-ale bat.
  • Bazkarian: platerkada eder bat entsalada, barazki eta patata egosiak, oilasko-xerra (120 g) piperrekin, 4 hatzeko lodierako ogi-xerra (40 g) eta sasoiko fruta.
  • Meriendan: baso bat esne erdi-gaingabetua eta 5 gaileta, "maria" motakoak.
  • Afarian: esne gaingabetuarekin prestaturiko porru eta patatadun krema, perretxiko eta ganbadun arrauzkia, ogi-xerra bat (40 g); postrerako, mamia, ezti eta intxaurrekin.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto