Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Haurdun dagoen emakumeak haurra eradoskitzeko aukeraz hausnarketa egiten duen gehientsuenetan, zalantzak izaten ditu: umeari kalitate oneko ama-esnea emango badio bere elikaduran nolako aldaketak sartu behar dituen, erditzearen ondoren bere bularrak gizaki berria mantentzeko adina esne sortuko duen eta antzekoak. Edoskitzaroan zuzen aritzeko informazio eta prestakuntza egokiez jantzirik egotearen ondorioz, amatasunaren berariazko izari horretaz amak oso oroitzapen ona izan lezakeen tamaina berean, baliteke tamalezkotzat jotzea ere, gerora. Horrenbestez, umea nola eradoskiko duen aurreikusteak eta ama-haurren premiak ahalik eta zehazkien ezagutzeak berebiziko garrantzia du eta, era berean, metodo naturalaren eta esne maternizatu izeneko horien (merkatuak amagandiko edoskitzeari eskaintzen dion alternatiba, alegia) abantaila eta eragozpenak zein diren jakitea komeni da.
Umearentzako elikagairik onena da, berak behar-beharrezkoak dituen osagai guztiak (proteinak, gantzak, karbohidratoak, bitaminak, mineralak eta ura) kopuru, proportzio eta kalitate egokietan edukitzeaz gainera, amaren esneak haurra infekzioetatik babesteko antigorputzak dauzkalako. Erditze ondorengo hiru-laugarren egunean agertzen zaio amari esnea. Agerraldi horren aurretik, amaren titiburuei ukitu krematsuko likido horista darie: horitza da hori, proteina, mineral eta bitamina ugari dauzkan gaia, umeari antigorputzak emango dizkiona. Ondoren, astebetez edo, "trantsizioko esnea" ekoizten du ama erditu berriak: horitza baino hits eta urtsuagoa, hark baino gantz, laktosa, bitamina hidrosolugarri eta kaloria gehiago dauzka oraingoak. Azkenik, jaiotzatik hiru-sei astebetera "esne helduaren" jariatzea normalizatuko da.
Edozein arrazoi dela medio (behar bezainbeste esnea egiterik ez, amaren gaixotasuna, laneko arazoengatiko edoskitzerik eza edo motibo pertsonalak, esate baterako), amak umeari titia eman ezin edo nahi ez duenean, edoskitze artifiziala praktikatzen da, esne egokituen biberoien bitartez.
Metodo horren aldeko apustua egiten duen emakumeak ez du zertan larriturik: esne horiek amarena bezain osoak ez izanik ere, elikagai ona dira, berez. Kasu batzuetan edoskitze mistoa egiteko erabakia hartuko du pediatrak, hau da, haurrari ama-esnea eta artifiziala ematea, batera. Horrela gertatzen da, adibidez, amaren esne-jariatzea urria denean: edoskaldi bakoitzean, umeak amaren esnea hartu ondoren neurria biberoi industrialarekin osatzen du. Lana dela bide, amarentzat umea maiztasun jakin batez eradoskitzea ezinezkoa gertatzea ere ohiko kontua da gure egunotan. Pediatrak, amaitzeko, batzuetan aholkatzen du bi eretako esneak tartekatzea, titia piskanaka kentzen hasteko.
Haurrentzako berariazko esneak dira ume jaio berriaren edo adin txikikoaren (1-3 urte) elikadura osatzeko ama-esnearen ordezkotzat onartzen diren bakarrak. Horrelako esne gehienen oinarria behi-esnea da eta berebiziko aldakuntzak eragiten zaizkio, ama-esnearen osakeraren paretsukoa izan dezan. Estatu espainiarrean, askoz ere jende gehiagok egin du edoskitze naturalaren alde, mendearen erdialdean jazo zen amagandiko edoskitzeari (justifikaziorik gabeko) ihes egite haren ondotik; izan ere, garai hartan jende askok uste izan zuen esne industrialak amarena baino egokiagoak zirela, nutrizioaren ikuspegitik. Egungo ezagutza zientifikoek ederki frogatu dute ordezkagarri hartu ohi diren esne industrialek ez dituzten ehun bat elementu dauzkala gizakiaren esneak, aurrenekoen osakera nutrizionala zuzen-zuzena izan arren.
Bai Europako hainbat erakundek (Gastroenterologia eta Nutriziorako Pediatriaren Europar Elkartea, adibidez) bai mundu zabalekoek (OMS edo Osasunaren Mundu-Erakundea, besteak beste), amagandiko edoskitzea areagotzeko egitarauak eratu dituzte, hurrengo arrazoietan oin harturik:
Umea eradoskitzeak ez dio amari inolako eragozpenik sortzen baina, inoiz edo behin, honelako arazoak sor diezazkioke:
Emakumearen bizitzan, haurraldia bera baino nekagarriago gertatzen da edoskaldia; honek dirauen artean amaren premia energetiko eta nutritiboak handiak dira, dudarik gabe (egunean beste 500 kaloria hartu behar ditu, esnea ekoiztea den ahalegin metabolikoa orekatzeko). Amak nozitzen dituen nutrizio-galerak berdintzeko sendabide bakarra baizik ez dago: haurraren edoskitzaroak irauten duen bitartean mantenduko den elikabide egokia. Horrek ez du esan nahi amak gehiegi jan behar duenik, oraingo dietak premia berrien araberakoa izan behar duela baizik. Horrekin erdietsiko da aldi horretan emakumea gizentzea (ohiko kontua da hori), haurraldian zehar harturiko okerreko elikabide-ohituren ondorioz.
Haurra eradoskitzen ari den amaren pisua maiztasun zehatz batekin kontrolatzea komeni da, eguneko kaloria kopurua gehitu edo urritu ahal izateko, amaren pisuak behera edo gora egin ahala. Nolanahi ere, edoskaldi horretan ez da ezarri behar kaloria gutxiegiko (egunean 1.500 kaloria baino gutxiago, adibidez) dieta gogorregirik, nutrizio-eskakizunak benetan handiak direlako. Beste aldetik, bularra ematen duen ama esnea ekoizteko haurraldian metaturiko gantz-erreserbetatik ari da gastatzen: pittinkako galera horrekin batera behar bezalako elikabidea jarraitzeak, haurraldian baino lehenago zuen pisua berreskuratzen lagunduko dio emakumeari. Elikabide hipokaloriko (kaloria urrikoa) zorrotza ezin zaio amari aholkatu, ekoizten duen esnearen kopurua horren ondorioz murriztu egin daitekeelako, ama-haurrak nutrizio-egoera okerrean ipinita.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
CONSUMER EROSKIn zure datuen pribatutasuna oso garrantzitsutzat jotzen dugu, lege oharra. © EROSKI Fundazioa