Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Lurrun-plantxa elektrikoak: Garesti izanagatik ez dute hobeki lisatzen

Potentzia ertaineko (1400-1750 watt) zortzi lurrun-plantxa elektriko aztertu dira oraingoan. Zortzi laginek antzeko prezioak dituzte, gorabehera txikiekin: 6.690 pezetatik (Moulinex Ocealys 250) 7.990 pezetaraino (Efesa Milenium). Bada, halaz ere, homogeneotasun horretan salbuespen bat: Jata Avant Garde lisaburdina 3.995 pezeta baizik ez da kostatzen.

  Azterketak eskaintzen dituen ondorioetatik bi nabarmenduko ditugu: batetik, segurtasun elektrikoari buruzko araua plantxa guztiek betetzen dute; bestetik, lagin batek (Rowenta Delphino: "erdipurdiko" kalifikazioa jaso zuenak) izan ezik, lisatze-proba praktikoa denek "ongi" notarekin gainditu zuten.

Bi ezaugarrik ezartzen dute lurrun-plantxa elektrikoen arteko aldea: lurruna aplikatzeko kalitatea -erregulagarria den ala ez eta erregulagarritasun hori zenbaterainokoa den, alegia- eta jaurtitzen duen lurrun-bolumena. Lurrunaren aplikazioan, garastaketan eta tanta-jarioaren kontrako sisteman, Moulinex, Philips eta Tefal nabarmentzen dira. Atal honetan laginik okerrena Rowenta lagina da, ondotik Jata eta Fagor datozkiola.

Beste alde batetik, lisaketaren kalitatea neurtzeko egin ziren saiakuntzek emaitza berdintsuak eskaini zituzten, bi lagin bakarrik nabarmendu zirelarik: Moulinex -hoberena izaki, "oso ongi" kalifikazioa irabazi baitzuen- eta Rowenta Delphino -denetan txarrena, "erdipurdiko" nota atera zuelako-. Laburbilduz, Rowenta markakoa (hainbat probatan suspentsoa eraman zuena) izan ezik, plantxa hauen kalitatea ona edo onargarria da. Zortzi plantxa hauen ezaugarriak (potentzia, hariaren luzera eta mugikortasuna, pisua, muturraren angelua...), prezioa eta egindako saiakuntzak (segurtasun elektrikoa, plantxa mugitzeko behar den indarra, lurrunaren aplikazioa, tanta-jarioaren aurkako sistema, plantxaren zolako tenperaturaren uniformetasuna eta lisaketaren ebaluazio praktikoa, alegia) kontuan izaki, kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena Moulinex Ocealys 250 laginak agertu zuen: bigarren merkeena izateaz gainera, lisaketa hoberena egin eta, gainera, lurrunaren aplikazioan, garastaketan eta muturra alderdi zailetara iristen nabarmendu zelako.

Gogoan hartzeko beste aukera bat Jata Avant Garden da: gainontzeko guztiek baino dezente prezio merkeago duelarik (3.995 pezeta baizik ez da kostatzen), ederki lisatzen du eta garastaketa txarra (arropa blai uzten du) eta hari laburregia bakarrik ditu akatsak.

Lurruna, funtsezko lagungarri

Lurrunari esker, honelako plantxak erabiltzean ez dugu garastailurik edo oihal pusketa hezerik baliatu behar, arropa nahi bezala lisatzeko. Jakina den bezala, arropa zenbat eta finagoa izan, orduan eta lurrun gutxiago behar da lisatzeko: horregatik komeni da lisaburdinak lurrunaren irteera erregulatuko duen aparailua izatea, lisatu behar den arropa-motaren arabera lurrun-bolumena egokitu ahal izateko. Aztertutako lagin guztiek dute lurruna erregulatzeko aparailua, aparteko lurrun-jariatzea emateko aukera ere eskaintzen dutelarik. Zortzi lisaburdina hauetako lurrun-aplikazioa erregulatzen duen sistemaren eraginkortasuna, posiziorik zabalenean lurrun-jariatzearen uniformetasuna eta aparteko jariatze-sistemaren eraginkortasuna laborategian egiaztatu ziren. Era berean, posizio horretan plantxari tantarik ba ote zerion ere begiratu zen eta, amaitzeko, lurrun-kontsumoa goreneko posizioan neurtu zen. Teknikarien iritziz, lurrun-aplikaziorik egokiena Moulinex laginak agertzen du. Gainontzekoek, Fagor markakoak izan ezik (aukeratutako posizioa zeinahi zelarik, jario berbera zuenez, "erdipurdiko" kalifikazioa baizik ez zuen eraman), atal honetan aprobatu egin zuten.

Oihal hezearen ordezkoa, ura lainoztatzen duen aparailua dauka plantxak. Garastatze-eginkizun horretan "oso ongi" notarekin Moulinex, Philips eta Tefal marketako lisaburdinak nabarmendu ziren; izan ere, horiexek dira azterturiko guztietan hiru hoberenak, oro har. Solac eta Fagor laginek "ongi" hutsa irabazi zuten eta Ufesa markakoak "erdipurdikoa" baizik ez zuen jaso. Garastatze horretan txarrenak Jata eta Rowenta izan ziren, arropa blai-blai eginik utzi zuten eta.

Bai lurruna, bai garastatu beharreko ura nolabaiteko estankotasunaz babestu beharra dago, arropa gehiegi busti ez dezaten. Helburu hori lortzeko, lisaburdinaren batek (azterketa honetako Fagor, Moulinex, Philips eta Ufesa, hain zuzen) tantarik ez jariatzeko sistema daukate. Horrelakoaren eraginkortasuna neurtzeko laborategian egin ziren saiakuntzek argi eta garbi frogatu zuten sistema hori nahikoa ez dela Rowenta laginean, Fagor markan (tantarik ez jariatzeko sistema daukan arren) eta Solac markakoan "erdipurdikoa" baizik ez izaki; gainontzeko guztietan, ordea, ona izan zen, Jata eta Tefal laginek sistema hori ez badaukate ere. Laburbilduz, lurruna aplikatzean, garastatzean eta tantarik ez jariatzeko sistemaren eraginkortasunean Moulinex, Philips eta Tefal nabarmentzen dira. Alderdi honetan plantxarik eskasena Rowenta da, atzetik Jata eta Fagor markakoak datozkiola.

Lisaketa erraza

Zimur aldrebesa plantxa astunak lehenago desagertzen du, aparailua irristarazteko erabiltzaileak ahalegin handiagoa egin behar badu ere. Azterturiko laginen pisuak gorabehera txikiak erakutsi zituen batetik bestera: 1,16 kilotik (Rowenta Delphino) 1,51 kiloraino (Solac Turbomax 400). Ikusi batera, bederen, erabiltzeko erosoago omen dira lisaburdina arinak, lanean baliatzeko indar edo ahalegin txikiagoa eskatzen dutelako astunek baino. Baina hipotesi hori ez zen goitik behera berretsi laborategian eginiko analisietan. Plantxak eragiteko behar den indarra antzekoa izan zen kasu gehienetan (4 eta 5,5 newtonen bitartekoa); orokortasun horretatik Tefal lagina salbuetsi beharra dago, bera izan baitzen irristatzeko indar gutxien eskatzen zuen lisaburdina: 3,4 newton baizik ez, astunenetako bat den arren (1,34 kilo baitu). Plantxa atzera eta aurrera mugitzeko behar den indarraren alderditik begiratuta, erabiltzailea asebetetzeko moduko erosotasuna hauteman zen lagin guztietan.

Beste alderdi batetik, teknikariek dioten legez, hari-luzagarria erabiltzeke arropa erosotasunez eta egokiro lisatzeko, plantxaren hariak gutxienez bi metroko luzera izatea komeni da. Jata Avantgarde eta Rowenta Delphino laginetan (biek ere 1,8 metrokoa daukatela) haria ez da nahi bezain luzea. Horietan luzeena Fagor markakoarena izan zen: 2,5 metroko haria. Era berean, lisaburdinaren haria norabide guztietara mugitu ahal izatea komeni den arren, Fagor eta Jata laginek bakarrik daukate 360 gradu bira daitekeen hari jirakaria. Gainerako laginek oszilagarria dutenez, 180 gradu baino gehiagorik ezin da biratu. Amaitzeko, botoi tarteko alderdiak behar bezain zehazki lisatzeari dagokionez, plantxa-muturraren diseinuak berebiziko garrantzia du. Denetan zorrotzena Moulinex markakoarena denez, lisatu beharreko alderdi aldrebesenetara iristeko unean plantxa hori da egokiena. Zerrendako beste muturrean daude Fagor, Solac eta Rowenta lisaburdinak: hauek dira zortzietan mutur kamutsenekoak.

Lisatu bai, baina erre gabe

Erabiltzaileak, konturatzeke, plantxa arroparen gainean une batez uztean erredurarik eragin ez dezan, beharrezkoa da lisaburdinaren zolak ez iristea tenperatura jakin batzuk: termostatoa behereneko posizioan dagoela, 110 gradu (zuntz sintetikoak lisatzeko egokia), 150 gradu tarteko posizioan (zeta eta artileari aplikatzeko) eta 200 gradu gorenekoan (kotoizko arropa egokitzen denean baliatu beharrekoa). Rowenta laginak bakarrik gainditu zuen behereneko posizioan aholkatzen den tenperatura, 116º C-tara heldu baitzen. Rowenta eta Tefal gehieneko tenperaturetatik gertu ibili ziren gainontzeko posizioetan; horregatik, seguru asko, aurkitu dira zuntz-hondakinak lagin horien zoletan, lisaketa-proba bukatu ondoren. Gainerako laginek gehieneko tenperaturetatik urrutiko balioak agertu zituztenez, emaitza onuragarriak eskaini zituztela esan daiteke. Nolanahi ere, lagin guztiek erdietsitako tenperatura nahikoa izan zen lisaketa zuzena egin ahal izateko.

Lurrun-lisaburdinen ezaugarri interesgarrietako beste bat, zola osoan gorabehera handirik gabeko tenperatura mantentzea da. Uniformetasunik egokiena Philips laginak agertu zuen ("oso ongi" kalifikazioa irabazi zuen bakarra, hain zuzen ere) eta txarrena, berriz, Rowenta markakoak ("gaizki" nota eraman zuen bakarra, bere aldetik). Fagor eta Moulinex modeloen zolako tenperaturen uniformetasuna "erdipurdikoa" baino ez zen izan. Ufesa, zertxobait hobea, "onargarri" agertu zen eta beste hirurak (Tefal, Solac eta Jata) "ongi" mailaraino igo ziren.

Amaitzeko esan dezagun plantxa guztiok denbora-tarte berdintsua behar dutela lortu nahi dugun tenperaturaraino berotzeko eta tarte hori egokia dela, kasu guztietan ere. Operatibo jartzeko denbora gutxien behar duena Jata Avant Garde da. minutua eta segundo bat; tarte luzeenaren premia duena, aitzitik, Fagor lagina: minutu eta erdia.

Denak dira seguruak

Etxetresna elektriko hauei dagozkien elektrizitate-alorreko segurtasun-baldintzak EN 55014, EN 61000-2-3 eta EN 60335-1 europar arauek xedatuak daude. Horiei esker egiazta daitezke talka elektrikoen aurreko babesa (deskarga elektrikoak sor ditzaketen atalekin erabiltzaileak zuzenean ukitzeko aukera edo arriskua), ihes-korrontea (hau da, aparailua zeharka lezakeen gehieneko korronte-intentsitatea neurtzen duena), zurruntasun dielektrikoa (isolamendua zehazteko beste neurri bat) eta beroaren eta suaren kontrako erresistentzia. Era berean, sarean konektaturik dauden beste aparailuetan plantxak interferentziarik eragiten ez duela egiaztatzeko, elkargarritasun elektromagnetikoko saiakuntzak ere egin ziren laboratorioan.

Araua lagin guzti-guztiek ederki betetzen dutenez, emaitzak onak direla aitortu behar da. Azpimarra dezagun hemen Fagor markako lisaburdinak segurantzia dezente areagotzen duen aparailua daukala: horri esker, plantxa toki beretik mugitu gabe minutu erdia egon ondoren, automatikoki desentxufatzen da. Potentziaz ari garela, zortzi modelo hauena aski berdintsua da: 1.400 watt ditu txikienak (Rowenta) eta 1.750 watt indartsuenak (Philips), bigarren posizioan. Lau laginek 1.600 watt dituzten bitartean, Solac 1.500 wattera iristen da, ozta-ozta iritsi ere.

Osagarriak ere, garrantzitsu

Azterturiko zortzi plantxa hauek haria biltzeko sistema, ur-depositua, lurrun-mekanismoa (erregulagarria, lurrunik gabe eta aparteko lurrun-bolumena), beroketa adierazten duen argia, garastagailu-lainoztakaria eta lisaburdina pausatzeko euskailua dauzkate. Osagarri hauez gainera lagin gehienek (ez daukatenak Philips eta Solac dira, bakarrik) kare-filtroa dute. Jata eta Ufesa markakoak izan ezik, bere burua garbitzeko sistemaz ere hornituta daude plantxa hauek.

Tantarik ez jariatzeko mekanismoa Fagor, Moulinex, Philips eta Ufesa marketako laginek baizik ez daukate. Eta, amaitzeko, Fagor laginak bakarrik eskaintzen du plantxa automatikoki deskonektatzeko aukera: konturatu ez izanarren edo bestelako zeinahi arrazoirengatik lisaburdina minutu erdiz toki berean utziz gero bere burua itzaliko du, ehunetan erredurarik edo ezbehar larriagorik gerta ez dadin. Zortzi plantxa hauek eskaintzen duten bermeak ordezko piezak eta eskulana hartzen ditu. Lagin gehientsuenek 12 hilekoa badute ere, Solac eta Ufesa markakoek osagaien bermealdi luzeagoa eskaintzen dute: 24 hilabeterainokoa, alegia. Berme-agiriak zuzenak dira, egokiak, Tefal laginari dagokiona izan ezik: honek ez du tokirik uzten bermearen titularra agertzeko. Lagin guztietako argibideak, azkenik, egokitzat hartu dira.

Betebeharrekoa den bezala, zortzi etxetresna elektriko hauetan agertzen dira fabrikatzailearen edo Europar Batasuneko inportatzailearen izen-helbideak. Bukatzeko, eskura ditugun zerbitzu teknikoen berri edo, arazo zein matxurarik gertatzekotan, kontsumitzailea atenditzeko telefono-zenbakia dakarte denek.

Lisaketa ebaluatzeko proba

Laborategian, UNE-EN 60311 arauan zehaztutakoaren arabera aurretiaz egokitutako kotoizko oihal batean, indar bera aplikatuz eta lisaburdina guztiek ur-karga berdina zutela, lisaketa-saiakuntza praktikoa egin zen. Emaitzak teknikariek balioetsi zituztelarik, hurrengo ondorioak azpimarratu ziren: jokamolderik egokiena, lisaketa errazen eta asebetetzekoena Moulinex Ocealys 250 laginak egin zuen. Rowenta (zerrendan hurrengoa izaki, "erdipurdiko" kalifikazioa lorturik) izan zen asebetetzeko emaitza lortu ez zuen lagin bakarra; gainontzekoek proba honetan "ongi" kalifikazioa atera zuten.

Gogoan izan dezagun azterketako Rowenta laginak hainbat akats zituela garastatze-sisteman, tantarik ez jariatzeko mekanismoan eta lisaburdinaren zolako tenperaturaren uniformetasunean. umeak ere esku har dezake jostagarria hautatzeko unean. Baina kontsumitzailea informatzeari, segurtasunari buruzko arauteria betetzeari buruzko irizpideak eta balorazio pedagogikoa konparatzen baldin badira jostailuaren prezioarekin, pilekin ez dabiltzan jostailuetan prezio-kalitate erlaziorik hoberena Distingo con el Tacto eta Mi Pequeño Pony dira. Elektrikoetan, ostera, La Pequeña Granja nabarmentzen da.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto