Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Eski estazioak: Kirola eta aisialdia bai, baina natura errespetatuz

Ingurumen gaietan, gero eta gehiago agertzen da elementu kontrajarrien arteko auziari buruzko eztabaida: baliabide naturalen kontserbazioa eta aurrerapena, irabazi ekonomikoak eta oreka jasangarria, marketinga eta ekologia, eta neguaren hasieran 2.000 metroko altuerara eramaten da auzi hori urtero, mendilerroen gailurrik altuenetara, leku horietan baitaude eraikita eski estazioak eta etorkizunekoak egiteko proiektuak.

  Urteak pasa ahala, industriaren ekimena gai izan da mendietan teleskiak, teleaulkiak, kabinak eta teleferikoak jartzeko, minutu gutxitan mila metroko desmaila gainditzeko gai diren tresnak eta eguraldiak laguntzen ez duelako elur gutxi dagoenean elurra "fabrikatzeko" gailuak ere asmatu dituzte. Modu berean, eski estazioetan edo inguruetan etxebizitza eta hotelen konplexu modernoak ere eraikitzen dira. Horrela, mendi gailurretara, berez birjina den gune natural batera eramaten da gizakien presentzia masiboak dakarren joan-etorria eta horren ondorio guztiak: etxebizitza berriak, ostatu eta dendak, argia, ura, errepideak eta antzeko azpiegiturak, atmosferaren kutsadura, hondakinak eta paisajeko inpaktua eta inpaktu sozio-kulturala... Aldizkari honek kontsultatu dituen elkarte ekologisten iritziz, kezkagarriena zera da: mendiak gune naturalak direla kontuan eduki gabe egiten direla ezarpen horiek eta eski estazioek aldaketa sakona eragiten dutela ekosisteman.

Gero eta kirol hedatuagoa

ATUDEM ATUDEMek (Eski Estazioen Elkarteak) dituen datuen arabera, Espainiako Estatuan 4 milioi eta erditik gora dira eskia praktikatzen dutenak eta negua iristen denean, Estatu osoko 28 eski estazioetako batera edo Andorra, Frantzia edo Italiako mendietako instalazioetara joateko erabiltzen dituzte atseden egunak.

Naturak era honetako teknologia, eraikuntza eta azpiegituren erasoa jasaten duenean, beharrezko dira ekintzak mendiko bizitzaren eta gertatzen den ustiapenaren arteko oreka zaintzeko; eta ez da ahaztu behar mendiko eskia (iraupenekoak eta zeharkaldikoak askoz ere eragin handiagoa dute naturarengan) familia askori jaten ematen dion negozioa dela eta horri esker, klima aldetik baldintza gogorrak bizi dituzten eskualdeek eta azpiegituretarako inbertsioak jasotzeko aukera gutxi dutenek, bitarteko bat aurkitu dutela bertako baliabideei probetxua atera eta jendeak lanpostu gehiago dagoen lekuetara alde egin ez dezan. Ingurune horietako abelazkuntza eta nekazaritzaren lekua kirol zurien industria gero eta garrantzitsuagoak hartu du, apurka-apurka.

Baina herrialde alpinoetan bezala, eskiaren jarduera ekonomikoa habitatean barneratzeko moduan diseinatzen da azken urteotan, mendiko herrien nortasuna eta nekazaritza eta abelazkuntzaren bizitza errespetatuz eta aisialdirako ustiapenaren gainetik bertako bizitzari lehentasuna emanez. Baina Espainian ekologistek behin eta berriz aldarrikatzen dute bailara zurien garapen turistikoak errespetatu egin behar duela, hasteko, mendien kontserbazioa eta enpresari zein legegileei dei egiten diete natura babesteko egitasmoak errespeta eta errespetaraz ditzaten.

Eskualde horientzat eski estazioen potentzial ekonomikoak esan nahi duenaz oharturik, ekologistek estrategia posibilista aldarrikatzen dute: "Hobetu, handitu baino lehen". Baina ekologisten eskaerak ez dira lur onean erori, denboraldi hasiera honetan eski estazioek egin duten publizitateak erakusten duenez: aulki gehiago, funikular gehiago, elurra egiteko kainoiak elikatzeko aintzira artifizial gehiago... Eta, beste aldetik, ez da ia berrikuntzarik izan, eskaintza alternatiborik eta ingurumen-inpaktuaren azterketarik, erremonte zaharkitu gutxi aldatu da...

Inpaktu nagusiak

Eski pistak prestatzeak, era guztietako azpiegiturak eta sarbideak egiteak eta apartamentuak, ostatuak eta dendak eraikitzeak ingurumen-inpaktu handia egiten du goi mendian eta hondamendi bihur litezkeen arriskuak eragiten ditu, naturan zein gizakiengan.

Eski estazioek eragiten dituzten inpaktuen artean, mendien erosioa da alderdi geomorfologikoen, landaretzaren eta paisajearen aldaketetan eraginik larriena duena. Halaber, lurzorua ezabatzeak landaretzan ere badu eragina, berez ere landaretzarentzat leku gogorra eta zaila izanik. Lur gaineko landaretza suntsitu eta mendi-hegalak aldatzean, zailago egiten da gainera uraren infiltrazioa eta horrela, epe luzera basamortu bihur liteke mendia. Efektu horiek larriago bihurtzen dira etengabeko lur mugimenduekin, horrelako ugari egiten baita betelanak egiteko, elur artifiziala lortzeko erabiltzen diren ureztaketa sistemak instalatzeko, eraikinak egiteko edo gauez elur-jauzien aurkako eztandak egiteko.

Natura defendatzen duten taldeek elurretako turismoa mendia babestuz egitea proposatzen dute. Horien ustez posible da kirol zurietan dirua eta denbora inbertitzen jarraitzea, baina irudimen handiagoz, era antolatuan eta jarduketa kontrastatuen bitartez egin behar da, legezko tramiterik saihestu gabe eta indarrean diren ingurumen eta hirigintza arloko araudiak errespetatuz.

Mikro hiriak eta zementua sakanetan

Gaur egun Espainiako estatuan dauden eski estazioak egin zirenean ez zen kontuan hartu leku bakoitzeko habitat naturala. Eta pentsatzekoa zenez, jatorrizko herri edo paisaje zenbait ia desertu egin dira, errepideek eta aparkalekutarako gune asfaltatuek jan dituztelako. Etxebizitza multzoek hartu dute haien lekua eta apurtu egiten dute mendialdeko bizitza tradizionalaren kontzeptua.

Hainbat kritikak dioenez, kasurik gehienean mendiko mikro hiri horiek ez dute saneamenduko azpiegiturarik eta estolderia, ur zikin eta gainerako hondakinak ibaietara joaten dira, jaiotzen diren lekutik oso hurbil. Eski estazioen aurkakoek gehitzen dutenez, gainera, horietan sortzen den aberastasuna hilabete gutxi batzuetakoa da eta bertakoen lanpostuak zerbitzu sektorera eta aldi baterako izatera mugatzen dira. Eta elurra urtzen denean, panorama etsigarria sortzen da: lasto-fardelak zigarro-mutxikinez estalita, mendian behera datozen zementuzko hoditeria handiak, ilargikoaren antzeko lursail handiak erremonteen dorrez zipriztindurik, etxebizitza hutsak, denda eta ostatu itxiak...

Horren guztiaren eraginez, mendi horietan udako turismoa ez da hain erakargarri izaten bisitariarentzat, mendiaz gozatu nahi duenak gizakiaren eragina hain handia eta erasokorra izan ez den lekuak aukeratzen baititu eta ihes egiten du eski estazioetatik, horiek leku hilaren itxura itsusia izaten baitute eta denbora gelditu egin dela ematen baitu, harik eta tenperaturak jaitsi eta elurra iritsi arte. Orduan bai, orduan leku eder eta bizigarri bihurtuko dira, eskiatzaileen amets.

Ekologisten aburuz, elurra nekazaritzarekin baterako jarduera gisa hartzea izango litzateke konponbidea; elurra mendiaren gainerako erabileretan barneraturiko baliabide osagarritzat hartzea.

Eskiatzaileak ez du zaratarik ateratzen eta atmosfera kutsatzen eta elurretan zehar ibiltzeak ez du energiarik kontsumitzen. Eta, gainera, ez dio paisajeari kalterik egiten eta ekosistema aldatzen. Mendiko eskiaren arazo nagusia (eski mota horixe egiten du kirol zuriak maite dituztenen gehiengoak) kirolzalea mendi gailurretaraino eramateko igogailu mekanikoen beharra da, gero handik eskien gainean jaitsi dadin. Horixe da eski estazio baten ingurumen-inpaktu ezinbestekoa eta ekologian eta paisajean duen ondorioa ahalik eta txikiena izan dadin, hainbat neurri har daiteke. Ikus ditzagun.

Dagoeneko funtzionatzen duten estazioetan

  • ibilgailu pribatuei pistarainoko sarbidea debekatzea. Aukera bezala, autobus zerbitzu eraginkor eta merke bat jartzea legoke.
  • kilometro eskiagarrien kopurua gehitzea, arraste mekanikorik gabeko gune birjinetan zehar eta eskiatzaileak autobusetan eramatea.
  • ahal den neurrian estazio horiek "laugarren belaunaldiko" estazio kontzeptura egokitzea.

"Laugarren belaunaldiko" estazioak

Ecologistas en Acción elkarteak eta Ecología y Desarrollo Fundazioak eski estazioak hobetzearen aldeko aukera egin dute -zerbitzuan, instalazioetan eta segurtasunean hobetu-, azalera handitzearen alde baino. Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan "laugarren belaunaldiko estazioak" baloratzen hasi dira. Horietan, mendi-aldearen ordenazioaren barruan sartzen dira elurretako kirolak eta kontzeptu berriak sortu dira, okupazio maila edo elur-estadio eta elur-parkeak besteak beste.

Erakunde ekologista horien esanetan, elurra nekazaritzari erantsiriko jardueratzat hartzea da gakoa, mendiaren gainerako erabileren osagarri eta bertan integraturiko baliabide gisa hartzea. Jarduera horretan udalaren enpresa misto gisa edo jabeen elkarte gisa parte hartuko lukete bertako bizilagunek; edo eski estazioak udalerriek susta ditzakete, bestela, baina beti ere hain okupazio intentsiboa ez izatearen aldeko jarrerarekin. Inbertsio horien onuradun eskualdeak berak izan behar luke. Horrela, eski estazioak kasu askotan diru publikoz egiten direnez, ustiapena kudeatzea bertako bizilagunen esku izatea bultzatu nahi da.

Bestalde, gero eta elur gutxiago egiten du eta, beraz, gaur egungo politikarekin jarraituz gero, estazioak gero eta altuera handiagoetan kokatuko lirateke, elurra izango dela bermatzeko. Gaur egun dauden estazioak handitzeak are eta eraso handiagoa eragingo lioke inguruari. Ahalik eta ingurumen-eragin txikiena izango duten estazioak diseinatzea litzateke kontua.

  • Estazioetan ez da etxebizitza eta hotelik eraikiko eta hotel txiki edo baserri-etxeetan inbertitzea bultzatuko da eta baita mendiaren barreneko herrietan jatetxe eta dendak irekitzea ere.
  • Altuera jakin batetik gora ez da aparkaleku handirik eraikiko eta autobus zerbitzu eraginkor eta on bat jarriko da erabiltzaileak eroso eta azkar arraste mekanikoetaraino eramateko.
  • Pistetan oinarrizko zerbitzuak dituzten etxolak baino ez dira eraikiko, komunak eta mediku zerbitzua esaterako. Ostatu eta bestelako zerbitzuak herrietan egingo dira, ez pistan. Ez da hain erosoa eta komertziala, baina naturak ere ezartzen ditu bere baldintzak.
  • Mendiko eskiari ezin zaizkio kendu dorre, aulki eta antzeko azpiegiturak, baina paisajeari ez zaio beste elementurik erantsi behar. Mendiari ere zor zaio errespetua: debekaturik dago pistak eraikitzeko mendi-lepoak leherraraztea eta elurra egiteko kainoietarako ura pilatzeko errekak desbideratzea.
  • Erremonteak iristen ez diren lekuan erreserba ekologikorako lekuak gordeko dira eta erabili gabe zainduko dira, bertako landaretza eta fauna inolako arazorik gabe haz dadin.
  • Kirol zuriko eskaintza zabal eta kalitatezkoa behar da, ingurumenari erasorik gutxien egiten dioten kirolak -iraupen eskia, zeharkaldikoa, eta erremonte, kable edo eraikin handirik behar ez duten beste kirol batzuk- bultzatuko dituena eta gaur egungo neguko turismoa giro horietara eramango duena.

Europan arreta berezia jartzen zaio gune mugatuaren kontzeptuari, erremonterik iristen ez den erreserba ekologikoentzat; horrela, aldaketarik gabe irauten du bertako faunak eta landaretzak eta naturaren babesa eta garapen sozioekonomikoa era orekatuan egiten da. Beste hitz batzuekin esanda, ingurumena babesteak lehentasuna du goi mendiaren turismo aukeren aldean. Horregatik, natura zaintzearen aldeko elkarteek beste neurri batzuen artean proposatzen dute eraikuntza lanak -eraikin eta aparkalekuak - 1.550 metroko altuerarik gora ez egitea eta ahal bada hurbileneko herrietan egitea.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto