Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Lotura hauskorra, egunero oinarriak jartzea eskatzen duena: Bikoteko bizitza

Pertsona bakoitza mundu bat da eta gure berezitasunak bikote harremanera eramaten ditugu: batzuei agintzea gustatzen zaie, baina beste zenbait esaneko eta konformistagoak izaten dira; batzuek nahiago izaten dute erabakitzea eta beste batzuek, berriz, erabakiak inork hartzea; batzuei ematea gustatzen zaie eta beste batzuk berriz inorengandik jasotzeko eginak direla dirudi; batzuek maitasun handiagoa behar izaten dute, eta beste zenbait larritu egiten da emozioak gainezka ikustean...

Bikotea ente berezia da, tradizio handikoa izan arren, ezustekoz betea eta bi kide desberdinek osatzen dutena.

  Gehienok ados gaude ez dagoela bikote bizitzaren arrakasta bermatuko duen formularik. Bikote bakoitzak bere arauak izaten ditu, normalean esplizitoki adierazi gabeak, baina harremanari bizirik (eta kasurik onenean orekaz) eusten lagunduko dutenak, irauten duen artean. Bikote bizitzan harmonia bilatzeko proposamen orokorrak jaso ditugu jarraian, bi abiapuntu hartuta: kideen eskubideen arteko berdintasuna eta denboran zehar harremana garatzeko dinamika aktibo, orekatu, partehartzaile eta egiazalea behar dela.

Efigenio Amezua sexologo eta bikote bizitzari buruzko teorizatzaile adituak honela definitzen du bikoteko harremana: komunikaziozko harremana, norbaitekin sentitu, norbaitekin komunikatu eta norbaitekin bizitza partekatzea oinarrian jarriko dituena. Azal ditzagun kontzeptu horiek.

Bidea elkarrekin egitea erabaki dugunez, bide horretan beste pertsonaren presentzia sentitzea, bere konpainia, eta baldintzarik gabeko laguntza sumatzea, bakoitzari dagokion zatia egiteko erantzukizuna kendu gabe. Keinuen eta hitzen bidez komunikatzea, gauzak hitzez era ireki eta positiboan adieraztea, solaskidearengan fedea eta konfiantza duenaren irekitasunez; eta gorputzaren bitartez, irekitasun, adiskidetasun eta laztanak elkarri ematea. Bizitza konpartitzea ez da gauzak, mesedeak edo betebeharrak trukatzea bakarrik. Konpartitzea norbere izatea ematea da, inplikaturik gaudela erakustea, norbere ahulezia modu irekian besteari eskaintzea, ulertu, onartu eta maitatuko gaituela seguru gaudelako.

Oreka eta kontsensuaren errutina

Bikotean oreka bilatzeko ahaleginean, saihestu beharreko guztia identifikatzera eta desadostasunak sortzen direnean egin beharreko guztia bilatzera jotzen dugu sarri. Komenigarria izango da eduki negatiboa dute isiluneak, ezkutuko haserreak eta gorroto pilatuak erabat baztertzea. Eta horien ordez, hitz egitea. Jar dezagun etengabeko elkarrizketa eta negoziaketarako bidea: kontsensua eta akordioak lortzeko bidea. Iritzi desberdinak dauzkagunean, aukera ona izaten da erabakiak txandakatzea: gaur zuk aukeratu zinean ikusi beharreko filma eta bihar nik erabakiko dut zein jatetxetara joan. Edo bakoitza bere aldetik joan, zergatik ez? Garrantzitsuena giro onari eustea da eta bidegabekeria eta irainak saihestea. Ez da desadostasun eta krisien beldurrik izan behar; aitzitik, saia gaitezen horiek harremana sendotzeko erabiltzen.

gaitasun ona edukitzeak arazo askotatik aterako gaitu. Eta ohitura kaltegarriak baztertzeaz ari garenez, inor errudun egiteko joera baztertzea izango da lehen lana. Utz diezaiogun beti erruduna bilatzen jarduteari eta azter dezagun gertatu den horretan bakoitzak zer erantzukizun duen. Eta zalantzarik txikienaren aurrean, galdetu.

Adierazi gabe gelditzen diren sentimenduei, isiltasun salatzaileei eta usteei leku egiteak mesfidantzak pilatu eta elkarrengandik aldentzea ekartzen dute, harremana pozoitu eta zaila izaten da gero horiek ahaztea. Galdera edo komentario bat garaiz egiteak eten egingo du antsietate eta ondoeza eta komunikazioa bideratzeko aukera izango da. Besterik da garrantzi handiko arazoak sortzen direnean (funtsezko gaietan desadostasun handiak izatea, bikotez kanpo beste harreman sentimental batzuk edukitzea, bion nortasun eta ohiturak bateraezinak izatea, bikoteko harremanean asperdura edo nekea sortzea...), neurri zorrotzagoak behar izaten dira eta horrek ez du zerikusirik gogoeta honetan esaten denarekin. Edozein modutan ere, proposamen hauek ere baliagarri dira salbuespenezko egoera edo egoera larriei aurre egiteko, harremanari kalte handiegirik egin aurretik.

Bikotean bizi izateak ez luke esan nahi izan behar neurririk gabe emateko eta trukean ezer ez espero izateko jarrera edukitzea. Hori engainu hutsa da, desorekak sortzen ditu eta lehenago edo geroago, ordaindu egiten dira. Bikotean, beste edozein harremanetan bezala, eman eta hartu egin behar da. Gaur nik eta bihar zuk. Alde batera eta bestera okertzen diren ontzi komunikatzaileak izan behar dugu, orekari eustea helburu izateko. Desberdintasunek zapalketa egoerak sor ditzakete eta horrek epe luzera ondoeza sortzen du, gutxienez alde bietako batean.

Bestea ezagutu egin behar da

Gure bikotekideak zer gustatzen zaigun eta zer eta nola nahi dugun jakitea komeni da. Gure kideak jakinean egon behar du zein une bizi dugun, beti ez baitugu gauza bera sentitzen, nahi izaten eta bizi izaten: gure bizitza etapaz osatua dago eta horietako bakoitzak bere berezitasunak izaten ditu. Oso desberdinak gara, zorionez, baina gauza asko partekatzen ditugu. Denoi gustatzen zaigu errespeta gaitzaten, maita gaitzaten, gure iritzia kontuan har dezaten, pertsona bezala garen guztia balora dezaten: langile, seme-alaba, guraso, maitale, lagun eta solaskide gisa.

Gorputza komunikatzaile handia da eta espresatzen utzi behar diogu. Bikotekidearekin elkarrizketa errazari eutsi nahi badiogu, gorputzen arteko harremanak (ez sexu harremana bakarrik, baita lazten, musu eta besarkadek ere) eguneroko kontua izan behar dute, eta biontzat atsegingarri. Bizitzako une, egoera eta garai bakoitzera egokitzen jakin beharko dugu. Gure harremanean ez daitezela falta izan horrelakoak, gure kodearen barruan goxotasuna, ilusioa eta gozamena bilatzen lagunduko digute eta.

"Bidea ibiliz egiten da" zioen kantak. Eguneroko bizitzan bide berean goazela sentitzen dugunean eraikitzen da bikotea, gorputzaren eta hitzaren bitartez komunikatuz eta baldintzarik gabe bizitza elkarrekin eginez. Geure kode propioa finkatu beharko dugu, komunikazioan, konfiantzan, errespetuan, maitasunean eta plazerrean oinarritua.

Bikoteko bizitza: zer ez den egin behar

  • Bikotekideak zer nahi eta behar dudan asmatu arte itxoin eta nire nahiak adierazi baino lehen berak aurrea hartuko duela, bere bizitza pertsonalari uko egin eta bizitzaren erdi-erdian ni jarriko nauela eta nire zoriona beragandik etorriko dela espero izatea.
  • Nire frustrazioen erantzule bikotekidea egitea, eta bikote bizitzatik lortzen dudana nire itxaropenarekin bat ez datorrelako eta nire bizitzan egin behar izan ditudan aldaketen errudun beste egitea.
  • Lehian aritzea: nor den gehiago edo gutxiago, hobea edo okerragoa, besteari nork ematen dion gehien edo gutxien, nor den hau, hura edo bestea, bikoteko harremanari bizirik eusteko gehien nork jartzen duen lehian aritzea.
  • Elkarrekin dugun proiektuarekiko leial ez izatea; baina ez beste pertsona batekin harreman sentimentala edo sexu-harremana izatea bakarrik, orokorrago baizik. Bikoteko harremanari kalterik ez egiteko, hartutako konpromisoari leial eutsi behar zaio, elkarrekin egindako proiektuari bizi berria emateko egunero-egunero lan egin, hasierako ilusio eta maitasuna handitzen saiatu; edo, gutxienez, bere horretan iraun dezan eta bizitza biontzat atsegina izan dadin ahalegindu.
  • Gutxiespenak, desadostasunak, haserreak, gaitzespenak, errespeturik eza eta etsipenak argitara atera eta era lasaian hitz egin beharrean, pilatzen uztea. - Besteaz zalantzak izatea. Konfiantzarik ezaren eraginez harremanean sortzen diren pitzadurak bikotearen hausturaren hasiera izaten dira sarritan. Zaila da, eta oso gogorra, konfiantzarik ematen ez digun norbait maitatzea.
  • Desadostasuna edo haserrea eragin dezaketen egoeren aurrean isiltasuna onartu edo bultzatzea. Har dezagun jarrera positiboa: egoera kritiko batek gauzak argitzen lagun dezake, konpromisoak eta akordioak hartzen. Isiltasuna amildegia da eta (hasieran lasaia eta eramangarria gertatu arren), hortik ez dator ezer.
  • Kexuak, beharrak eta nahiak argi eta garbi, labur eta zuzen adierazteari uko egitea. Planteatzen ditugun gauza guztietan aldaketa konkretuak negoziatzeko eta epe jakinak erabakitzeko gogo argia erakutsi behar dugu.
  • Bikotekidearekin hitz egitean kritika suntsitzailea baliatzea, ironiaz, trufa edo garrasika aritzea, bestea barregarri uztea, iraina edo mesprezua erabiltzea. Formak garrantzitsuak dira oso. Konfiantzak ez du zakarkeria, errespetu falta eta lotsagabekeria bihurtu behar. Eztabaidek ere nolabaiteko protokoloa izan dezaten zaindu behar dugu eta gainditu ezindako muga batzuk errespetatu. Edozer gauza esan daiteke bestearenganako gutxieneko zuzentasun eta errespetuz. Batak ez du bestea kentzen.
  • Gauzak espero genuen bezala atera ez direnean, besteari errua botatzea.
  • Sexu harremanak bigarren mailan uztea. Ezinbesteko dira elkarbizitzari, konfidentzialtasunari eta bikoteko harremanagatiko ilusioari eusteko. Horrelako harremanik ez izateak elikatu egiten du bikote harremaneko komunikazioarekiko ilusirik eza eta apatia. Horrekin batera datozen errutina eta inertziak irteerarik gabeko kalera eraman dezakete harremana.
  • Gauza praktikoak gaizki gestionatzea. Elkarrekin bizi izateak alderdi ukigarri, praktiko eta eguneroko asko ditu eta horiei buruz adostasunetara iritsi beharra dago. Etxeko lan, gastu eta familiako bestelako eginkizunei aurre egin beharra dago. Hitz egin beharko da eta gastuak, etxeko lanak, seme-alaben heziketa edo oporrak nola antolatu behar ditugun erabaki. Etengabeko negoziazioa izaten da onena, harremanaren garai bakoitzera egokitzeko.
  • Bikoteko kide naizelako bakarrik naizela uste izatea. Bikotea biren arteko kontua da, baina batura osatzen dute bi horiek. Horrenbestez, norberegandik hasten da harremana eta horregatik zaindu egin behar da norbere burua, alderdi fisikoa eta arimarena; nork bere buruari arreta eskaini eta bizitza egoera, esperientzia eta sentsazio berriekin aberastu; hori egiten dugun heinean, aberastasuna ekarriko dugu harremanera ere. Bakoitzak bere bizitza du eta batura osatzeko elkartzen diren bi bizitzaren adierazpena da bikotea, batak besteari aberastasuna ekartzeko sortua.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto